Abu
12
15
Abuztuaren 12an hirurogei urte dira Thomas Mann handia hil zela. Honen kariaz Das Eisenbahnunglück eskaintzen dizuegu, Burdinbideko istripua, 1909an argitaratu zuen lan laburretako bat. Gertakari xume horixe deskribatzen digu lehen pertsonan, istripu beldurgarri baina biktimarik gabeko bat. Narratzailearen ikuspuntua hotza da, objektiboa, eta irakurleari uzten dio ondorioak ateratzeko lana. Hala egin behar genuke guk ere, egia da, baina istripua dugula hizpide, makulu bana eskainiko diogu (ezker eta eskuin) geureari: ez uste narratzailea izugarri zintzo ari denik, izugarri gaizto baizik, eta egizue kontu trena izan litekeela gizartearen isla bere egituran eta bere zerbitzarietan (baita bere bidaiarietan ere… idazlea barne!). Barka ezazue.
Abu
11
15
Hartu ez nuen bidea ekarri zuen euskarara Joannes Jauregi itzultzaileak Robert Frost idazlearen The Road Not Taken poema. Literaturia asteburuan eskainitako bideoak Emailuetan eskaintzen ari gara astero, EIZIEk sarean paratu eta literaturzaleen artean hedatuz.
Abu
05
15
Eta todo asi sen, a isan diferente Hala Bedi irratian Manex Agirre eta Gaizka Amondarainek Celosamente gordea irratsaioa egiteari ekin ziotenean. Astero literatur gaiak, elkarrizketak, irakurraldiak musikarekin uztartuz, horrenbeste urtetan.
BAP! taldeak ezaguna egin zuen Susa aldizkarian kaleratutako testua, kantu bilakatuz Zuria beltzez diskoan. Gaizka Amondarain eta Manex Agirrek irratsaiorako izenburutzat hautatu zuten, eta lau haizetara hedatu Hala Bedi eta beste irrati batzuetako uhinetatik. Lantzean behin gainera, emankizun ikuskizunen bat ere egin zuten han hemenka, azkena Zarauzko Literaturian. Eta orain zortzi urteotako irratsaio guztiak Celosamente gordeak ditugu, edozein unetan hartu eta entzuteko moduan. Musika, zinema eta literatur erreferentzien altxor kutxa bat.
Abu
05
15
Sei urteko zela ama hil eta Donostiara ekarri zuten, aitaren gurasoenera, Juan Ezenarro. Ikasle ona eta pilotari bikaina azaldu zen. Antza denez, pilotaren ondorioz elbarritu zen lepahezurretik gaztetxoa zela. Irakurtzeari eman zion orduan, idazteari. Aitak Errenterian zeukan tailerrean ikasi zuen gero Irunen bizimodua ateratzearren baliatutako espartingintza. Hainbat olerki publikatu zituen 1910 eta 1920ko hamarraldiko aldizkarietan. Hendaiara jo zuen frankistek Irun hartu zutelarik, eta bost urte eman zituen bere gain zabaldu zuen saltegiari esker, naziek zein frankistek baimena eman zioten arte Irunera itzultzeko. Bitartean, olerkigintzan segitu zuen Txori-Txiki izenarekin sinaturiko aldarri abertzale eta sentimentaletan. Baina olerkia barik, Ezenarrok hitz lauz egin zuen lan bakanetakoa eskaintzen dizuegu, Patxi Harro ipuina, izan behar zukeen pilotari profesionalaren munduan oinarritua jokoaz, emakumeaz, familiaz, euskaltasunaz ehundutako koadro morala. Idazlearen ezaugarriak zuzen islatzen dituelakoan.
Abu
04
15
Charles Bukowskiren Dinosauria, We (Borno into this) poema eskaintzen dugu aste honetan euskarari ekarrietakoen artean. Roberto Serrano eta Ekaterina Kiselek Dinosauroak gu (honetara jaioak gara) itzuli zutena Literaturia jaialdian.
Uzt
30
15
Berrogeita hamar urte, zuzen, Japoniako idazlerik handien eta ugarienetakoa hau hil zela: ipuina, nobela, antzerkia, saiakera (Gerizaren laudorioa ospetsua), zinemarako gidoiak… eta itzulpenak. Tanizakik mendebaldeko ereduak jarraitu zituen gaztetan, ezohiko gaiak eta probokazio bitxiak landuz. Baina 1923an Tokio birrindu zuen lurrikararen ondotik, Kansai eskualdera lekututa, bertako tradiziotik hasi zen elikatzen gaztetan zekarren sen ausarta galdu gabe. Sustraitasun honek ez zuen eraman abertzalekerian barrena, guztiz hotz eta urrun agertu zen 1937-1941 tartean herritarrek garatu zuten sukarraldi gerlazalearekiko. Tabu erotikoen apurtzaile, hainbatetan izan zituen arazoak zentsurarekin. Haren heriotzaren urteurrenean, Tatuaia ipuina dakarkigu, euskaraturik.
Uzt
29
15
“Makina zoriontsuak, uda gau bat fabrikan” errezitaldia egingo dute uztailaren 29an (asteazkena) 22:00etan Azpeitiko Sanagustinen.
Uzt
28
15
Astero bezala, azpititulatutako poesia errezitaldia dakargu Literatur Emailuetara. Alan Seeger idazlearen I have a rendez-vous with death lana oraingoan, Joannes Jauregik Hitzordua dut heriorekin izenburupean euskarari ekarria.
Hau ere, Eiziek sarean paratutakoa .
Uzt
26
15
Donostiako familia burges ezagunenetako seme, Antonio Arzakek erraz egin zezakeen bidea aferetan edo politikan. Horrelakoetara gabe, kulturatik hartu zuen eta, ondorioz, idazle bihurtu. Hogei urtez izan zen Euskal-Erria aldizkariko zuzendari, eta hainbat artikulu idatzi zuen: euskara, kristautasuna, foruak, bakea… Literaturan, bertsozko dramak ditu aipagarri: Maritxo (1893), Zerura (1894), Joxe (1897), Sufritzen (1898), Amona (1900). Gure poesiagintzaren jarraitzaile eta kritikari zintzoa izan genuen Santi Onaindiak “luma errazekoa” eta “olerkari biguna” izan zela diosku. Iritziaren zuzena froga genezake zortziko txikiaren 7/6 lerro biak Iparraldeko moldean lerro bakarrera ekarrita eskaintzen dizkizuegun Maritxo eta Sufritzen irakurriz.
Uzt
22
15
Galiziako porrot domestikoetatik Singapurreko eraztun galduetara, Errumaniako garrasietan barrena, poesiak bidea egiten du. Leire Bilbao poeta eta, oraingo honetan itzultzaileak hiru poeta dakarzkigu, XXI. mendeko poesigintzaren hiru erakusgarri. Marilar Aleixandre galiziarraren zazpi poema; Cosmin Perta errumaniarraren sei poema, eta Alvin Pang singapurtarraren beste sei. Hiru ahots diferente, hiru ahots oso indartsu.
Uzt
21
15
Gwendolyn Brooks idazlearen We real cool poema euskarari ekarri zuten Amaia Arakistain eta Uxue Agirrek 2015eko Literaturian burututako poesia azpititulatzeko tailerrean, Demasak gu izenburuarekin Eiziek sarean paratuta bezala.
Uzt
19
15
“Erractus” performancea eskainiko dute Jule Goikoetxeak, Danele Sarriugartek eta Kattalin Minerrek uztailaren 19an (igandea) 17:00etan Natxituko bolatokian.
Uzt
19
15
Antonio Casado da Rocharen, Tere Irastortzaren, Mikel Antzaren eta Joan Mari Irigoienen poemen errezitaldiak izango dira uztailaren 19an (igandea) 12:15ean Eako Moilan. Musika: Beñat Barandiaran.
Uzt
19
15
Miren Agur Meabek “Nire arestiar lauburuak” hitzaldia egingo du uztailaren 19an (igandea) 11:00etan Eako Eskolondon.
Uzt
18
15
“Kafkaren aulkia” ikuskizuna eskainiko dute Itxaro Bordak, Uxue Alberdik, Andoni Egañak eta Pello Ramirezek uztailaren 18an (larunbata) 19:30ean Eako Eskolondon.