MARITXO
Antonio Arzak

J. R. Barojaren Semeen moldizkiran, 1893
armiarma.eus, 2015

 

I

 

   Oiartzundik Iruna baino harontzago…          

baserri zahar eder bat ezkutuan dago:

aurrean intxaur, gaztain, piko zuri asko,

paretetatik mahatsa eta huntza dario.

   Ehizean nebilen ta txaratik gora

txakurrak zaunka eginik irten zan leihora

aiton buruzuri bat, zimur ta polita,

ezpainetan zuela ketan bere pipa.

   Ni ikusirik jatsi zan ate ondora

ta galdeturik nora nindoan handikan,

erantzun nionean euskara zaharrian

bertatik lagun ginan, t’ hasirik hizketan

bertso bat edo beste tartez botarikan

aurrera pasatzeko laster esan zidan.

Ez zuen nahi inora joatea handikan.

 

II

 

   Berehala deiturik famili guztia,

etorri ziran seme eta iloba taldia

eta hauen artean parerik gabia

neskatxa bat, Maritxo, zer txoragarria!...

   Igerririk aitonak nere iritzia,

nahi ezik bota zuen barrendik antsia,

eta joan ziranean itxirik atia,

honela mintzatu zan agure tristia:

   —Aingeruek ekarri dute gaur honera,

lehen lehenago guztia poza zan etxera;

pobre baina kontentu gauean ohera,

egunaz lan eginda beti joanak gera.

   Orain…  ai! ikusi du nere familia

ikusi du Maritxo iloba neria

neskatxa langilea, txukun ta garbia

ta gure Jaungoikoak dohainez jantzia…

oxala baldin balitz zakar, itsusia!

   —O, ez, ez!—Bai jauna, bai, gure izatia

da gauza guztien gain etxeko pakia.

Nahi genuke, badaki, Maritxo ezkontzia,

senargaia bilatu degu egokia,

diru asko duena da pelotaria;

eta neskatxak ezetz… zer erokeria!

   Berak maite duena da arrantzalia,

estropada denetan berdinik gabia,

mutil prestua, baina… arlote, pobria.

Zer deizkio? Ez al da hau erokeria?...

   —Barka bezait, aitona, horlako auzia

ez da neretzat erraz erabakitzia:

berandua da eta txakurrak bildurik

abia behar nuke oraintxe hemendik.

   —Nahi duen arte bada, badaki bidea,

atsegin izango det berriz ikustea.

—Mila esker, ta orain geldi bitez ondo,

ni etxera orduko iluna da oso.

 

 

III

 

   Lau urte pasa dira geroztik munduan,

dohakabe tristeak nere inguruan,

txakurrikan ez daukat gehiago onduan

eskopetak hor zaizkit herdoitu zokuan

nere lurretik ere izan naiz kanpuan,

baina han ere neukan Maritxo goguan.

   Horla bada, neguko egun beltz batian,

irten nitzan etxetik ia goiz-sentian,

brumak harturik zeuzkan mendiak azpian

bakarrik entzuten zan zozoa sasian,

lehenaz esnatzen dana txorien artian.

   Baserri zahar hartara ailegaturikan

ez zan inor ageri eta atea jorikan

emakume bat irten zan sukaldetikan

ta alderatu zanean ezaguturikan…

zer esan ez nekien ez neukan hitzikan:

Maritxo zan!... painuelo beltx bat lepotikan

horia eta flakoa gaitzak harturikan

inon ere ez zeukan lehengo itxurikan!...

   Boina eta abarkakin nitzan ni jantzia

gainera berriz neukan bizarra utzia

ta ez ezaguturik batere ordia

egin nion etxeko gizonen galdia,

orduan ikusirik beso bat mehe... mia...

sinalatzen zidala txarako bidia.

 

IV

 

O, Jaungoikoa! han zer gertatze' ote zan

pentsatzen jarri nitzan neraman bidean,

ta ala geldi-geldi, nihoan, nihoan…

ikusi nuen arte azpiko aldean

aiton gizagaixoa harizti batean,

eseria zegola orbelen gainean.

   Bertaraturik, zorrotz begiratzen zidan,

ta... ez nau ezagutzen? esan nionian,

hasi zan berehala altxatu nahian,

baina nik harturikan besoen artian

egin nuen zegola geldi-geldirikan.

   Libratxo bat tabako nuen morralian,

oilagor, hegabera ta eperren tokian

beretzat eramana. Hartu ondorian,

pipa bete eta gero piztu zuenian,

galdeturik zer nola ziran aspaldian…

malko bat han zihoan bere matrailian!

   Handik pixka batera, mintzo itzalian,

zion aiton gaxoak:

—Ameriketara zan pelotaria joan,

ta izkribitzen zigun esanaz kartetan

dirua irabazten zegola beti han

erosiko zuela etortzen zanian

gure baserri zaharra zernahi preziotan

ta laster hemen zala sarturik ontzian.

   Hontan geunden, ta orain bi urte dirala

goiz alde batean zan altxa bendabala:

haizearen burrunda ta turmoi soinua

izugarriak ziran, gure teilatua

arbolak estaldua, gainera sendua

gelditu zan gehiena azpiz goratua,

ez da izan ekaitz bat hain purrakatua.

   Goiza bazihoan ta, eguerdi aldera,

itsu gizagaixoa biolin jotzera.

Askotan ohi bezela sartu zan honera,

talo puska bat zion eraman atera

iloba gazteenak, ta sartu zanian....

—Ontzia galdu dala Jaizkibel atzian,

eta errezatzeko itsuak esan dit.

Jira bat egin zidan barrenak bertatik.

   Bazkaltzeko bildurik geunden sukaldean

ta geren alkietan jarri ginanean

errezatu genuen,

zerbait ere prestatzen Maritxo zebilen

ta bestela bezela nion begiratzen

ikusi nuen arte isil, nola zuen

mantalaren ertzakin negarra txukatzen.

Zer ote zion bere bihotzak esaten...!

  Hala, gure bazkari legea eginik,

altxa nitzan mahaietik eta ezin egonik,

guardasol ta txamarra gelatik harturik

irten nitzan etxetik zerbait jakin nahirik.

   Hondarrabiko plazan sartzen nitzanian,

jende guztia biltzen zan pila batian:

bi arrantzale zeuden pilaren erdian,

zetozen galdurikan itsas zabalian

irakiten zebiltzan bagen aparrian

beren lagun maiteak ontzi puska artian.

   Maritxoren maitea ere han omen zan,

ta  bazekien ondo zer asmotan ginan!  

   Pelotaria berriz Amerikatikan

zori gaiztoz zetorren ontzi hartan bertan:

arkitu omen ziran biak ohol batean:

arrantzale nobleak atera nahiean

bertatik eutsi zion, ta ia irtenik,

mendia bezelako bagak atxiturik

ez da gehiago izan haien aztarrenik…!

   —Arrantzalearena bezin ederrikan

ez du Jainkoak egin beste bihotzikan!

   —Ez...! Maritxok geroztik goiko leihotikan

beti dauzka begiak itsaso aldian,

eskapulario bat bere kolkotikan

atera eta jarririk ezpainen gainian...!

  Eta ilobak zetozen beheko zelaiera,

aitona maiteari maldan laguntzera,

baina nere besotik igo zan etxera,

ni abiaturikan Donosti aldera.

 

V

 

Kea dirudiela denbora dihua   

ta bizi da oraindik Maritxo gaixua!

Bizi?... Bai! hala nola lore ihartua.

Nork daki zenbat diran horla... Hau mundua!

 

MARITXO
Antonio Arzak

J. R. Barojaren Semeen moldizkiran, 1893
armiarma.eus, 2015