SUFRITZEN
Antonio Arzak

J. R. Barojaren Semeen moldizkiran, 1898
armiarma.eus, 2015

 

                   Joxe ez zan hil Kuban: handik ekarria...

                   bizi da Mikelaren iloba maitia!

 

 

I

 

Urte bat igaro da, zer urte tristea...!

nonahi gerra, ikara, negar, nahigabea...!

Tristuretan igari bezela galdurik,

irten nitzan mendira: egun hura joanik

otaditik basora, sorora zelaitik,

batera eta bestera ezin asperturik,

hala nola txoriak kabia kendurik

dabiltzan inguruan atera nahi ezik,

kalera etortzeko ez neukan gogorik,

ez, nere Donostia maite detalarik!

Ez da neretzat egin urrezko kaiolik.

   Baina... mendian ere tristura barrendik!

Ez irrintzi, ez txistu, ez kantik inondik   

goizetik arratsera entzun gabetanik

kanposantu batean ustez arkiturik,

gorago joan nahi nuen harkaitz tontorretik,

bakar, zeruetara begiak jasorik,

nere euskal lurrari adio! esanik.           

   Ilundurikan hontan, ilargi betia

zetorren argitzera ni negon tokia:

zerua ageri zan izarrez jantzia,

arroka bazterretik zihoan ontzia

kantari zeramala marinel jendia.

Itsas bagaren hotsak, baketsu, geldia,

urrutira banatzen zuen logalia   

ta arbola zahar adarren azpian gordia

lotan bezela zegon Joxeren etxia.

 

II

 

Noan: pauso soinua alderaturikan,

txakurra hasi zan zangaz etxe barrendikan.

Atea jo nuen ta goiko leihotikan

azkar galdetu zuten zein edo nor nintzan.

—Joxeren galdez nator, idiki atia.

Eta txakurrak nere boza aditzia

eta bertatik oso isil gelditzia

bat izan zan guztia, zer harrigarria

urte beteren mugan ni ezagutzia!

   Mutil gazte lirain bat jatsirik atera,

sartuta galde nion —Morroia al zera?

—Bai jauna. —Eta Joxe? —Hobetoxeago.

—Hitz egin nahi nioke. —Bai, baina... lo dago.

—Utzi zakitza bada ta zoaz ohera,

ni sukaldera noa gaua pasatzera.

Ez da lehenbizikoa nere etorrera,

orain baino lehen nazu hemen izandua.

Ekatzu kriseilua, gabon mutikua.

Eta aurreraturik, alki zahar batean

laster eseri nintzan suaren ertzean,

kriseilua utzirik zintzilik iltzean.

Pinto txakurra jarri zan aldamenean,

eta han, baserriko isiltasunean

zerbaitek irakiten zidan bihotzean:       

Non dago, non, pakea lurraren gainean!

 

III

 

Joxe ezagutzeko neraman gogoa

haundia zan, ta kendu zidan oso loa.

   Oraindikan eguna argitu baino lehen,

bazebilen morroia behiak gobernatzen;

ni, sukalde txokotik, begira nengoen    

ta hasi ziranean txekorrak mugitzen,

oiloak atarira karakaz irtetzen

ta usoak ganbaratik airean han ta hemen,        

denok egun berria agurtzen genuen.

   —Eta Joxe? Ez al da oraindik esnatu?

   —Bai jauna, ta esan ere bart zer dan gertatu.

   Eta orduan bertan, aitaren besotik,

arrastaka bezela, eskaileretatik,

dator mutil luze bat, argal ta tristea,

atzo izandu zana alai eta ernea.

   Joxe!... Begira jarri ta negolarikan    

eskailera pasarik, alderatutzian,

—Berorri... izango da nitaz... hitz egina,

zion semeak doi-doi aditzeko dina.

—Zutaz?... Bai, ta zurekin egongo nitzake,

aspertzeko beldurrik baldin ez banuke.

—Ez jauna... Nere poza... geldi nahi baluke!

 

 

IV

 

Hasi ginan hizketan: bihotz eritikan      

kontu negargarriak han isuri ziran.       

O, bildu ahal banitu eta aditzera eman,

baina inola hark neri bezela nik esan!

   Mutil gizagaixoa! Kuban zebilela,

sutan sartzen omen zan tximista bezela,

beldurrikan behin ere izan ez zuela,

eta bere gogoan beti zituela

Inaxi andregaia ta amona Mikela!

   Eta bi izen hoiek esan ondorean       

eskua para zuen begien gainean.

   Soldadu mutil hura negarrez jartzeko

malkoak berak zeuden lotsaz irtetzeko!

Ta hitzik gabeko hizkuntz paregabekuan         

zer gauzak ote zeuzkan orduan buruan!)

   Goiz batean trenean omen zihoazen

eta burnibidean, puskatu zitezen,

dinamitazko mina jarria zegoen.

   Ez omen daki berak gero zer pasa zan:

kordegabeturikan, kontura zanean

zegon eritegiko ohe estu batean,

odola zeriola ahoa betean.

Geroztik ez da onik bere barrenean.

Hargatikan ez zuen kartarik bidaltzen.

Lagunak izkribitzen ikusten zituen…

—Zer nahi dek esatea? galdetzen zioten.

Baina... beraren penak ez ziran azaltzen,

baizik, maitagarriro, barrenen gelditzen.

   Horla eri zegola, non jakiten duen

nere bertsoen berri: egunen batian,

norbaitek utzi zizkan ohearen gainian,

ta hala non ekaitz beltza alderatutzian,

hegazti gaixoa dan gordetzen sasian,

hala sartu omen zan maindire tartian

irakurri ondoren hiltzeko zorian!

   Batere zizpururik botatzen bazuen,

inork entzun gabea betiko zan galtzen  

baldin ez bazan behintzat lurretik goratzen,

ta Inaxiren oinetan zeruan banatzen....!

 

V

 

   Inaxi...! Beltxarana omen zan gaixua,

neskatxa nahigarria eta aingerua,

mendian jaio, hazi eta bizitakua,

bildotsek alaiturik bere ingurua!

   Kubara joan baino lehen San Juan arratsian,

bertsoak bota zizkan borda atarian

lizar adar berdeak jarririk atian,

ta gero... krabelinak eskuen artian!

   Eta non uzten degu amona Mikela!

Larogei urtekoa, gainera itsua,

Joxeren arrebari emanik eskua

ta utzirikan bere sukalde txokua,

han atera omen zan pozikan bidera

Joxe zetorrenian Kubatik etxera,

eta... nabaiturikan boza mudatua,

laztantzen zuen estu Joxe... izandua!

Azala eta hezurra hutsik bihurtua         

ondoren gelditurik hain nahigabetua,

non, harturikan bere errosariua,

errezatzen bezela hasirikan zion:

—Non... da... nere Joxe... non…

Amona tristia!

lau egunean hil zan errukigarria!

 

VI

 

Aski da, aski, Joxe, ni orain banua,

ez zera izango nitaz sekula ahaztua,

laster etorriko naiz berriz ikustera.       

—O, jauna, ez bedi joan, ez nau ikusiko,

zergatikan... ez naizan luzaro... biziko!

Jesus!, nere barrengo tristura eta mina!

Ez naiz... inola ere Inaxiren... dina!

Hark merezia zuen beretzat zerua,

baina ni... izandu naiz bihurri, gaiztua!...

Jauna!... Hemen hainbeste sufritu ondoren....

orain hil ta... ez dakit nora joango naizen!

   Eta hitz lehor hoiek esanaz batera

izerdia zerion tantoka lurrera!

   —Uste dezu Inaxik ahaztu zaituela?

Ez al zaitu zerutik deitutzen bezela?     

   Ta kolkotik kutun bat atera eta zuzen

bere ezpainetara eramaten zuen...

Inaxik, joan zanean emana baitzuen!

   Zeruan dago ere amona Mikela!

A!, sinista nazazu maite zaituztela

ta zugatik Jaunari eskatzen daudela!

   Lasai zaitea, Joxe, ez dudarik izan,

dezun bihotz ederra Jainkoari eman,

nahi badu sendatuko zaitu oraindikan  

ta bestela zerura joatekoa zera

zure maitearekin beti bizitzera!

— Nondik datorkit... neri... horren poz... haundia!

— Zer uste dezu bada? Zure suertia

dala gerra eta gaitzen mende bizitzia

ta esperantzik gabe azkenik hiltzia?

Ez, Joxe! zain daukazu mundu bat hobia!

 

VII

 

Eguna igarorik, biharamunean,

jarri nintzan goizetik etxera bidean.

   Goiko ermitatxoan erromeria zan:

han bere inguruan dabil gazteria

hala non lorez lore baratzan erlia,

ta neskatxa asko triste, beltzez jantzirikan,

anai ta senargaiak gerran galdurikan!

   Gizon zaharrak bildurik meza ondorean,

hasi ziran hizketan haritz baten pean:

nekazari kontuak ahazturik zeuzkaten,

ez zuten lehenagoko jardunik egiten,

baizik batak bestea galdezka zoratzen

soldaduen berririk izan ote zuen.

   T’arboletik zetozen hostoak erortzen,

nere iritzirako, zerbait erantzuten!...

   Ez zan ez danbolinik ta ez aurreskurik,

ta netorren dolorez emanaz pausuak,

irakurtzen bezela mendi eta itsasuak,

liburu guztietan nitaz hautatuak,

nere oroitzen kutxa amoriozkuak!

 

VIII

 

Orduaren atzetik ordua zihoan 

ta mutil hura neukan gau eta egun gogoan,

jakindu nuen arte, mandatari batez,

handik laster hil zala soseguz ta pozez,

enkargaturik neri gero esateko,

ta Inaxiren ondoan lurperatutzeko.

   A!, ikusten det orain bere baserria,

beste etxe askoren ispilu garbia:

hutsa, indar gabea eta negargarria,

kanpotik ta barrendik arantzaz josia,

hemendikan entzunik mina eta luzia

ataritik datorren txakurren antsia…     

 

IX

 

Aurtengo Gabonean sukalde txokua

hotz-hotza arkitzen da, nere Jaungoikua,

tristeak poztutzeko Belenen jaiua…

Zer litzake mundua kendurik zerua!

 

SUFRITZEN
Antonio Arzak

J. R. Barojaren Semeen moldizkiran, 1898
armiarma.eus, 2015