Abu 12 25

Mary Shelley Frankenstein Lekeition

Mary Shelleyren Frankenstein hizketagai izango dute abuztuaren 12an (asteartea) 19:00ean Lekeitioko udako irakurle taldean.
lekeitio

Abu 12 25

Donald Justiceren mendeurrena

Mundu anglo-saxoitik kanpo hain ezaguna ez bada ere, oihartzun handiko poeta izan da XX. mendean Donald Justice. Hainbat sari eta errekonozimendu jasoa, kritikak laudatua, abuztuaren 12an mendea bete da haren jaiotzarena. Bi poema irakur dakizkioke euskaraz, duela jada 45 urte, Xaguxarra aldizkari gogoangarrian Andolin Eguzkitzak euskaratuak.

donald

Abu 12 25

Thomas Mann euskaraz

Alemaniako idazle handietarik bat, gaur egungo narratiba nekez uler liteke Thomas Mann-en ekarpena aintzat hartu gabe. Mendi magikoa, Doktor Faustus, Buddenbrooktarrak… izenburu  erreferentziazkoak dira literatura unibertsalaren ondarean. Baita Herioa Venezian, euskaraz irakur litekeena, Xabier Mendigurenek itzulia. Koldo Izagirrek ere Burdinbideko istripua narrazioa ekarri zigun. Abuztuaren 12an hil zen, duela 70 urte, idazle alemaniarra.

mann

Abu 06 25

Japoniako ahotsak

Goizeko 08:15 ziren, duela 80 urte, 1945eko abuztuaren 6an, AEBetako Armadak bonba atomikoa Hiroshiman jaurti zuela. Hiru egun geroago Nagasaki joko zuen eztanda nuklearrak. Suntsipen erabatekoa eta 200.000tik gora hildako, leherketarekin erdia baino gehiago, radiazioaren ondorioz besteak, eta urte askotako osasun alorreko ondorioak. Euskarara ekarritako autore japoniarrak hainbat dira, narrazioak eta poemak, eta urteurrenaren harira horietako zenbait gogorarazi nahi izan ditugu: Chuya Nakahara, Ineko Sata, Takiji Kobayashi, Shuntaro Tanikawa, Sakutaro Hawigara.

nagasaki

Abu 04 25

Ipuin unibertsalak

150 urte, abuztuaren 4an, Hans Christian Andersen danimarkarra hil zela. Jatorri apalekoa, eleberriak, antzerkiak eta poema bildumak argitaratu zituen, baina 156 ipuinengatik da mundu osoan ezaguna, horietako asko antzezlan, ballet eta filmen oinarri izan direnak. Enperadorearen jantzi berria, Ahatekume itsusia, Berunezko soldadu irmoa edo Sirenatxoa, ondare unibertsaleko ondasun dira dagoeneko. Horiek eta beste batzuk irakur ditzakezu Hemeretzi ipuin bilduman. Literatura Unibertsala sailean 1997an argitaratua, Martxel Eguen izenpean itzultzale talde batek euskarari ekarriak.
hans

 

Abu 03 25

Yolanda Arrieta Etxe bat norberarena Elizondoko IV. liburu azokan

IV. liburu azoka antolatu du aurten ere Elizondon Txokoto ostatuak abuztuaren 3an (igandea).
Yolanda Arrietak Etxe bat norberarena liburua aurkeztuko du 12:30ean azokan bertan.
elizondo_azoka

Uzt 29 25

Triste dago Paniceiros

Hirurogei urte zituela hil da, 2025eko uztailaren 29an, Xuan Bello idazle asturiarra. Hestoria Universal de Paniceiros narratiba-liburu apartak oihartzun handia eman bazion ere, batez ere poeta gisa literatur bide luzea egina zen, ordurako, Xuan Bello.  Asturierazko literaturaren erreferente nagusia, berritzaile eta sustatzailea, txikitik eraikitako balio unibertsal bat galdu du literaturak. Hiru poema irakur daitezke euskaraz, Gerardo Markuletak itzuliak, Hegats aldizkarian 1994an kaleratu zirenak, hemen dakartzagunak.

xuanbello

Uzt 29 25

Joseba Sarrionandia eta bere literatur lanak Zarautzen

Joseba Sarrionandiaren obrari buruz solasean arituko dira uztailaren 29an (asteartea) 19:00etan Zarauzko Hiruputzu gaztetxean. Uhera irakurle taldea.
sarrizarautz

Uzt 25 25

Vladimir Vysotskiren bi kantu eta abesti bat

45 urte, 2025eko uztailaren 25ean, Vladimir Vysotski aktore, kantari eta poeta errusiarra hil zela. Erregimen sobietarrarekiko kritikoa, boterearekiko liskarrak ez zuen galarazi arrakasta oso handia izatea Errusian, artean SESB zen herrian. Annie Etxeberrik bi kantu euskaratu zituen eta Maiatz aldizkarian eman argitara 2001ean, hemen dakartzagunak. 2021ean atzera iritsi zen gure belarrietara Vysotski, Ruper Ordorikaren Amour et Toujours diskoan Vladimirrena (Koni) abestia haren gainean izatea.

Uzt 24 25

Bi mundu diferente

1886ko uztailaren 24an jaio zen Japoniako XX. mendeko idazle handienetarik bat, Junichiro Tanizaki. Antzerkia, saiakera, nobela, poesia, genero guztietan jardun zuen eta lan azpimarragarriak eman argitara (Gerizaren laudorioa, kasu). Tatuaia narrazioa ekarri zuen euskarara Koldo Izagirrek, japoniarraren narrazio bikain bat. Uztailaren 24 batez hil zen, bestalde, garaikide baina eremu kultural eta literario erabat desberdin batean jardun zuen Witold Gombrowicz. Ferdydurke maisulanaren zatitxo bat euskaratu zuen Joxerra Utretxek (Susa aldizkaria, 17, 1986), eta Poeten kontra artikuluaren atal bat Antton Juaristik (Literatur Gazeta, 7, 1987). Eta artikulua osotik, Poeten kontra, Patxi Salaberrik ekarri zigun, eta Egan aldizkarian argitara eman 2005ean. Bi mundu diferente, data batek elkartuta.

Uzt 20 25

Mohammed El Kurd idazlearen poemak Palestinaren aldeko errezitalean Azpeitian

Mohammed El Kurd idazlearen poemak irakurriko dituzte Palestinaren aldeko errezitalean uztailaren 20an (igandea) 12:00etan Azpeitiko San Agustin kulturgunean.
azpeitia_palestina

Uzt 15 25

Juliana Leveille-Trudel Nirliit Lekeition

Juliana Leveille-Trudel idazlearen Nirliit liburuari buruz arituko dira uztailaren  15an (asteartea) 19:00ean Lekeitoko udako irakurle taldean.
lekeitio

Uzt 11 25

Hitz berdeak zazpi poema, entzuteko moduan

hitzberdeak
Duela hamar egun hildako Joxe Azurmendik poema liburu bakarra argitaratu zuen, aski gazte zelarik: Hitz berdeak. Oraingo honetan, hango zazpi poema entzun ahal izango dituzue, Jose Luis Otamendiren ahotsean.

Antipoesia

Poesia biografikoak (1)

Poesia biografikoak (2)

Poesia biografikoak (3)

Maite dut nik mundua

Aita salbatu zidanari

Otoitza

Uzt 07 25

Piti, Piti! ere entzuten da

1985ko uztailaren 7ko ihesaldiak Sarri Sarri abestia ekarri zuen berarekin, Kortatu taldeak Toots & The Maytals taldearen Chatty Chatty abesti dantzagarriaren bertsioa egin zuenean. Kortatu taldearen abestia oso ezaguna bilakatu zen, eta 40 urte beranduago oraindik maiz entzuten da Euskal Herrian, eta gure mugetatik kanpo ere. Fermin Muguruzak bere azken biran ere kontzertu guztietan jo du.
Badago ordea, Iñaki Pikabea Pitiren omenez egindako bertsioa ere (Oreretako Zintzilik Irratiko Hertziok saioko kideek sortutakoa):

pitietasarri

Uzt 07 25

Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia

Gaurko egunez, duela 40 urte, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuten Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionandia presoek. Efemeride hori dela eta, ganbila.eus atariak Mikel Antzak idatzi eta 2020an taularatu zen irakurketa dramatizatuaren testua eman du argitara: Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia.

pessoakSarri

Agenda

Efemerideak

Kritikak