Aza
15
07
Salvador Puig Antich 25 urteko anarkista kataluniarra garrotez exekutatu zuten 1974ko martxoaren 2an. Heriotza krudel hura gogoan, Erramun Landak Harresi ostean pareta izeneko grabatu erakusketa egin du Bartzelonako MX Espai galerian 2007ko urrian, Koldo Izagirrek propio idatzitako hamar poemez edertua. Landak lanerako asmatutako zirriborroez eta Izagirreren ahotsaz baliaturik sortu du bideo hau Nora Ancarola artistak. Izagirreren poemen audioak banaka ere badituzu jarraian:
(gehiago…)
Aza
14
07
Xabier Mendigurenek Elvis jaio zen urtean narrazioa aurkeztuko du azaroaren 14an (ostirala) 11:00etan Donostiako Elkar megadendan. Argitaldaria: Elkar.
Aza
14
07
Charles Bukowskiren Satanen seme liburua aurkeztuko du Mikel Olano itzultzaileak azaroaren 14an (asteazkena) 11:00etan Donostiako Elkar Megadendan. Argitaldaria: Elkar.
Aza
13
07
Aurten 50 urte dira Leturiaren egunkari ezkutua argitaratu zela. Harrezkero zazpi eleberri plazaratu ditu Txillardegik, azkena Labartzari agur. Idazlearen nobeletako gaiak eta obsesioak aztertu ditu Markos Zapiainek saiakera honetan. Baina bereziki ziminoak, Peru Leartzako eta Haizeaz bestaldetik obretan atentzioa eman baitiote; eta berdin Txillardegiren lehendabiziko ipuinak, Orangutanen ugartea, Egan aldizkarian agertu zenak, hau ere duela 50 urte. Markos Zapiainen ustez, “Txillardegiri beti izan zaio kezka-bide, eta liluratu egin du, gizakiaren eta ziminoaren arteko muga lausoak, eta nahasketak”. Txillardegi eta ziminoa azaroaren 20an (asteartea) 12:00etan aurkeztuko du Susa argitaldariak Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.
Aza
08
07
Lutxo Egiak Zubigilea nobela berria aurkeztuko du azaroaren 8an (osteguna) 11:00etan Donostiako Elkar megadendan. Argitaldaria: Susa.
Aza
08
07
Literatur aldizkarietan hainbat olerki argitaratua —osorik irakur daitekeen Jatorriaren errotik (1986) liburuan bilduak asko—, eleberri bat ere ondu zuen Martin Ugarte Saletxe legazpiarrak, aste honetan Klasikoen Gordailuak dakartzana: On egiñaren obariak (Kuliska Sorta, 1972). Narrazio kostunbrista, Arraintxo sasi-medikuaren bizitza du kontagai, autoreak dioskunez herri pertsonaia xeheetara joanda handikiak utzita. Euskara oso bizian idatzia, ikuspegi moralista ere ez du ments. 1973an saritu eta Jakin Liburu Sortak argitaratua da, berriz, Ekaitza, Jose Maria Satrustegiren eleberria. Udargi herrian girotutako istorio baten bitartez garaiko parabola osatu zuen Satrustegik, urtaroei dagozkien lau ataletan banatuz nobela, iruzkingile batek ederki zehaztu zuenez: “Udaberria, nekazarien giroko azken hamabost urteotako aldaketa. Uda, industriak erakarri duen aldakuntza, Udazkena, erlijioaren krisia, eta Negua, ideologiarena”. Osorik eskaintzen dizkizugu biak.
Aza
06
07
Bilboko Zorrotzaurre auzunean operazio urbanistiko erraldoia abiatu dute eta urte gutxi barru irla bihurtuko da. Bilboko Manhattan txikia deitzen diote dagoeneko Zorrotzaurreri, eta hara begira daude udala, banketxeak, eraikuntza enpresak. Lutxo Egiaren nobela berriak Zorrotzaurren lan egitekotan dauden arkitekto eta zubigileak ditu protagonista. Munduan ezaguna egin den Enzo Padovano arkitektoarekin zubi bat egin nahi du Andres Peruarenak kosta ahala kosta, bere bizitzako lanik behinena delakoan. Zubigilea nobelako lehen bi kapituluak eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa.
Urr
31
07
Itxaro Bordak Jalgi hadi plazara nobelari buruz egingo du berba urriaren 31n (asteazkena) 20:00etan Santutxuko Irakurlearen tartean. Aurkezleak: Katixa Agirre eta Uxue Alberdi.
Urr
31
07
1950eko hamarkadako bi lan gehitu ditugu aste honetan Klasikoen Gordailura: Julene Azpeitiaren Amandriaren altzoan eta Jose Manuel Estonbaren Izartxo. Eleberria da Estonba apaiz irundarraren lana. II. gizaldian kokatua, Izartxo neskak, Erko bikoteak eta Basurdi kontrarioak osatutako triangeluaren istorioa, iraganeko paisaje erromantiko batean —sorginak, basoko animaliak…— jokatzen da eleberri kostunbrista. Kuliska Sortak eman zuen argitara 1959an. Aurrekoa bezala gipuzkeraz idatzia, ipuinak dira Julene Azpeitiak Amandriaren altzoan bildutakoak. Herri tradizioko ipuinak, haurrentzakoak, hezkuntza alorrean egindako lanagatik ezaguna den idazle zumaiarrarena. Maistra izateaz gain, ordea, idazle ere izan zen Azpeitia, eta horren erakusle dira Euzkadi egunkariko euskarazko orrian eta hainbat aldizkaritan argitaratutako ipuin eta idazgaiak. Bere lehen liburu honetan herri tradizioko ipuinen bidetik jo bazuen ere, haurrentzako ipuinak diren heinean ekarpena ere egin zuten garai horietan denaren premian zegoen euskal literaturarentzat. 1961ean argitaratu zen Kuliska Sortan, Euskaltzaindiaren saria 1954an jaso zuen lanak. Hemen dituzue biak.
Urr
30
07
Gaurko Bilboren kronika 24 ordutan, horixe erakutsi zigun Urtzi Urrutikoetxeak Auzoak kontakizunetan 2005ean. Orain liburua osorik eskaintzen dizugu, eta aldi berean liburuko sei atal alemanera itzulirik. Stadtviertel (Symphonie einer Stadt) izenburua eman dio Gabriele Schwabek.
Urr
30
07
Anjel Lertxundiren Ihes betea mintzagai izango dute urriaren 30ean (asteartea) 18:30ean Arrasateko Literatura solasaldietan. Kulturate
Urr
29
07
Pablo Sastreren Gauzen presentzia liburua izango dute mintzagai urriaren 29an (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan (Udal Liburutegiko Sotoan), Xabier Gantzarainek gidaturik.
Urr
27
07
Itxaro Bordak Noiztenka poema liburu berria aurkeztuko du urriaren 27an (larunbata) 15:00etan Donapaleuko Maison pour tous etxean. Argitaldaria: Maiatz.
Urr
27
07
Mixel Tikoipek Hotz-bero ipuin liburua aurkeztuko du urriaren 27an (larunbata) 15:00etan Donapaleuko Maison pour tous etxean. Argitaldaria: Maiatz.
Urr
26
07
Mikel Peruarenaren poemez eta Txus Aranbururen musikaz Edan ase arte errezitaldia izango da urriaren 26an (ostirala) 22:30ean Ereñozuko Ur-Mia elkartean.