Ots 21 08

Bertsolariaren jokoa eta jolasa, Joseba Zulaika

Baroja argitaletxearen 1980etako euskarazko bilduma Interneten jartzeko asmoz joan den astean hasitako ekimenari segida emanez, 1985ean kaleratutako saio bat dakargu. Bertsolaritzaren teorizazioan “urak biltzeko asmoz” eta Euskal Herriko bertsolari txapelketen inguruan sortutako eztabaidaren zurrunbiloan, bertsolaritzari eta txapelketari buruzko gogoeta egin zuen Joseba Zulaikak Bertsolariaren jokoa eta jolasa liburuan. Bertsogintza, beronen neurtzea, jokoa, jolasa… gogoetagai hartu zituen antropologoak.

Ots 19 08

Erlojuen mekanika Donostian

Jose Luis Otamendik Erlojuen mekanika poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo du otsailaren 19an (asteartea) 19:30ean Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Beñat Sarasolak elkarrizketa egingo dio ondoren.

Ots 15 08

Erlojuen mekanika Iruñean

Jose Luis Otamendik Erlojuen mekanika poema liburu berriaz jardungo du otsailaren 15ean (ostirala) 20:00etan Iruñeko La Hormiga Atomica liburu-dendan (Curia kalea 4).

Ots 15 08

Leon Tolstoi-ren Alegiak

Koro Baroja, Mikel Azurmendi eta Napoleon Olasoloren ekimenez, euskarazko bilduma bat argitaratzeari lotu zitzaion Baroja argitaletxea 1985ean. Bost urtez 40 liburu plazaratu zituzten, eta euskarazko jatorrizkoekin batera, garrantzi handia izan zuten itzulpenek, literatura unibertsaleko hainbat izen ezagun eta ez hain ezagun euskaratuz. Lehen urte hartan itzulitako bat Leon Tolstoi izan zen. Idazle errusiarraren Alegiak jarri zuen euskaraz Bittor Madinak, hainbat narrazio laburtxoz, alegi generoko testuz, osatutako liburua plazaratuz. Hemen duzu osorik.

Ots 15 08

Euskal Herri imajinario baten alde, Santi Leone

Santi Leonek Euskal Herri imajinario baten alde saiakera berria aurkeztuko du otsailaren 15ean (ostirala) 11:30ean Iruñeko Elkar dendan.

Ots 10 08

Giuseppe Ungarettiren Poza

1888ko otsailaren 10ean, duela 120 urte, jaio zen Egiptoko Alejandrian Giuseppe Ungaretti idazle italiarra. I. Mundu Gerran borrokatua, 1910eko hamarkadan hasi zen poesia argitaratzen. Gabriele D’Annunzioren eraginik lehen poemetan igar baliteke ere, urrundu egin zen haren moldeetatik. Eta nabaritu ziren Parisko bidaiak: Bergson ezagutu zuen, Gillaume Apollinaire, Picasso, De Chirico eta 1910-20etako giroa, eta bere literatur lanean eragin handia izan zuen. Euskaraz irakur daiteke bere poesia, Eduardo Gil Berari esker. Poza obra esanguratsua euskaratu zuen eta Erein-ekin kaleratu 1992an. Osorik eskaintzen dizuegu. (gehiago…)

Ots 07 08

Curros Enriquez
hil zela 100 urte

Duela 100 urte, 1908ko otsailaren 7an, hil zen Manuel Curros Enriquez poeta galiziarra, Habanan. XIX. mendeko idazle galiziarren artean handietako bat, ideia errepublikar eta galegisten arteko trantsizioan bizi izan zen. A Virxe do cristal eta batez ere Aires da miña terra poemarioekin arrakasta eta baita polemika bizi izandakoa, 1888an argitaratu zuen O Divino Sainete liburua, zatia euskaratuta duen bakarra. Gabriel Arestik, Jostirudi Jainkotarra izenez, Sarrera eta I. Kantua euskaratu zituen —obrak zortzi kantu ditu—, orain hemen eskaintzen dizkizugunak. (gehiago…)

Ots 07 08

Oxobi hil zela 50 urte

Hiriburun 1958ko otsailaren 7an hil zen Jules Moulier olerkaria, Koldo Mitxelenaren ustez alegilari onena euskaraz. Bidarrain 1888an jaio zen eta bizi-etxeko izena hartu zuen literaturarako: Oxobi. Eskualduna astekarian plazaratu zituen lehen idazlanak 1911n, eta Gure Herria hilabetekaria zuzendu zuen 1921etik aitzina. Lau liburu argitaratu zituen bizi zelarik, laurak Baionan: Boz-oihu! Deiadar! Nigar! 1913an, Alegiak 1926an, Heiatik zerura 1935ean eta Haur elhe haurrentzat 1944an. Oxobi hil ostean Jean Haritxelharrek Lan orhoitgarri zonbait liburua agertu zuen 1966an, Klasikoen Gordailuan jasoa.

Ots 04 08

Ragga-ragga dator gaua

Duela urte eta erdi argitaratu zuen Paddy Rekaldek bigarren nobela: Ragga-ragga dator gaua (Susa, 2006), ostiral sargori bateko kontu saminak. Eleberriaren testu osoa eskaintzen dizugu orain. Uriarte boxeolari ohia du protagonista, aitaren hiletara Coruñatik Bilbora itzuli dena. Estilo zuzen eta talkariz, injustiziaren kronika bat egiten du Paddyk, mendekuaren gakoa estututa.

Urt 30 08

Antzararen bidea Santutxun

Jokin Muñozek idatzitako Antzararen bidea nobela izango dute hizketagai urtarrilaren 30ean (asteazkena) 20:00etan Santutxuko Irakurlearen tartean. Uxue Alberdik gidaturik.

Urt 30 08

Zubigilea Basaurin

Lutxo Egiaren Zubigilea nobela eta Harkaitz Zubiriren Zakur kale narrazio liburua mintzagai izango dituzte urtarrilaren 30ean (asteazkena) 19:30ean Basauriko Euskarabila elkartean.

Urt 29 08

Antzerti aldizkaria Armiarman

Xabier Lizardik jarri zion izena: Antzerti. Ixaka Lopez Mendizabalek moldiztegia eta babesa. Eta gogoa eta gidaritza Antonio Maria Labaienek. Eta halaxe, 1932ko urtarrilean hasita, 1936ra bitartean, 54 zenbaki (hainbat bikoitzak) plazaratu zituen Antzerti aldizkariak, euskal antzerkigintzaren erreferentzia ezinbesteko bilakatuz. 46 obra bildu zituen, antzerki lanak, bakarrizketak, hizketaldiak. Euskarazko jatorrizkoak gehienak, baina baita euskaratuak ere. Eta garai hartako izen ezagunak: Toribio Altzaga, Xabier Lizardi, Andoni Arozena, Antonio M. Labaien, Tene Mujika, Joseba Zubimendi, Jose Markiegi…

Artean Antonio M. Labaien bera aurkezpena egitera animatu zela, 1982an berpiztu zen Antzerti aldizkaria, Eusko Jaurlaritzako Antzerti Eskolaren babespean oraingoan. Eta 1985 bitartean beste 29 zenbaki kaleratu, 30 antzerki lan zekartzala, euskal autore klasiko eta berriez gain, euskarara ekarriz literatura unibertsaleko hainbat egile: Carlo Goldoni, Jean-Paul Sartre, William Shakespeare, Dario Fo, August Strindberg. Armiarmara ekarri dugu Antzerti aldizkaria, eta osorik eskaintzen dizkizugu zenbaki guztiak, beren obra, albiste, iragarki eta komentarioekin, eta baita kaleratutako ale guztien irudi faksimile banarekin.

Urt 29 08

Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia Arrasaten

Mark Haddon idazlearen Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia liburua izango dute hizketagai urtarrilaren 29an (asteartea) 18:30ean Arrasateko KulturAten Iban Zalduak gidaturik.

Urt 28 08

Haragia Donostian

Eider Rodriguezen Haragia narrazio liburua izango dute hizketagai urtarrilaren 28an (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan (Udal Liburutegiko Sotoan), Xabier Gantzarainek gidaturik.

Urt 24 08

Mugarri estaliak Iruñean

Castillo Suarezen Mugarri estaliak poema liburuan oinarritutako ikuskizuna eskainiko dute urtarrilaren 24an (osteguna) 20:00etan Iruñeko Erraldoien Txokoan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak