Ots 10 08

Giuseppe Ungarettiren Poza

1888ko otsailaren 10ean, duela 120 urte, jaio zen Egiptoko Alejandrian Giuseppe Ungaretti idazle italiarra. I. Mundu Gerran borrokatua, 1910eko hamarkadan hasi zen poesia argitaratzen. Gabriele D’Annunzioren eraginik lehen poemetan igar baliteke ere, urrundu egin zen haren moldeetatik. Eta nabaritu ziren Parisko bidaiak: Bergson ezagutu zuen, Gillaume Apollinaire, Picasso, De Chirico eta 1910-20etako giroa, eta bere literatur lanean eragin handia izan zuen. Euskaraz irakur daiteke bere poesia, Eduardo Gil Berari esker. Poza obra esanguratsua euskaratu zuen eta Erein-ekin kaleratu 1992an. Osorik eskaintzen dizuegu.

1888ko otsailaren 10ean jaio zen Egiptoko Alejandrian Giuseppe Ungaretti —Alejandria, Paris bezala, maiz azalduko da bere obran—. Familia Italiara itzuli, Parisera bidaiatu eta I. Mundu Gerran borrokatu zen, eta hura amaitu eta poesia publikatzen hasi. Gabriele D’Annunzioren eraginik lehen poemetan sumatzen bada ere, urrundu egin zen haren moldeetatik. Eta eragina izan zuten Parisko bidaiek. Han Bergson ezagutu zuen, Gillaume Apollinaire, Picasso, De Chirico eta 1910-20etako giroa, bere literatur lanean eragin handia izan zuena.

Aldizkarietan eta irakasle lanean jarduna, idazle gisa oihartzuna lortu zuen arte ez zuen lan finkorik topatu, Erromako Unibertsitatean hain zuzen ere.

Brasilen ere irakasle jardun zuen urte batzuk lehenago —1936-1942—, baina Erromako lanari lotu zitzaion 1958ra arte.

1970eko ekainaren 2an hila, azken urteak bere iragabnaren berrirakurketa egiten eman zuen, bere literatur lanari dagokionez. Poesia espiritualago batera ere hurbildu zen azken urte hauetan, XX. mendeko Italiako mugimendu literario hainbaten ezagutzen izan zuenak, D’Annunziogandik hasi eta, abangoardietatik pasatuz, Montale eta Quasimodoren hermetismoraino.

Idazletzaz gain, itzultzaile ere jardun zuen, italieraz jarriz Shakespeareren poesia, Stephan Mallarmerena, Racineren antzerkia eta beste zenbait.

Nemesio Etxanizek jarri zuen euskaraz Ungarettiren poematxo bat 1995eko Egan 3/4 aldizkarian. Zenbaki horretan albistetxoa eman zuen italiarraz Naas maas atalean Aingeru Irigarai Apat Etxebarnek, honelaxe: ” (…) Lirikan dudarik gabe agertzen da Italiako poeta haundienetariko bat, bere Vita d’un uomo deritzaion izkribuarekin. Gizatasuna eta biotza erakusten ditu barnadanik Alessandria-ko izkribatzaileak, D’Annunzio anpuruts eta likits harek ez bezala. Bere obra larrienak Allegria, Sentimento del Tempo, eta Dolore dira (…)”. Horren karietara, Ernai poema euskaratu eta eman zuen zenbaki berean Etxanizek (Poza liburukoa da, hain zuzen, Gil Berak Beila izenburuz dakarrena).

Baina Poza-ren publikazioa da Ungaretti euskaraz irakurtzeko proportzioa eskaini zuena. Eduardo Gil Berak euskaratu zuen bere poemario esanguratsuetako bat (1923an argitaratua Poza izenez, lehenago atal batzuk Naufragoen poza izenarekin), eta Erein argitaletxearekin kaleratu, 1992. Hemen eskaintzen dizugu osorik.

Ungaretti sarean:

Agenda

Efemerideak

Kritikak