Duela urtebete doi, 2020eko urriaren 16an, etxeratze agindua indarrean jartzekoa zen arrats berean, Virginie Despentesek irakurraldia egin zuen Parisen, Gorputz iraultzaile baten sorkuntza izenekoa. Pandemiaren erdian, covidaren irakaspenez ari da, iraultzaren aldeko aldarri tinkoan. “Propaganda orok trabeskatzen nau, propaganda oro mintzo da ene ahotik. Ez dago deus inguratzen nauen kakaren eta nire artean“. Mikel Antzak euskarari ekarri dio hitzaldi hori, eta itzultzaileak berak bere ahotsez grabatua entzun ere egin daiteke testua.
Ikastetxe, euskaltegi, irakurle talde… bide oparoa egin du azken urte biotan Miñan nobelak, 2019an Ibrahima Baldek ahoz eta Amets Arzallus Antiak eskuz idatzia. Oraingoan, audioliburu formatuan ere gozatzen ahal da liburu hori, Arzallus Antiak berak grabatua.
Iragan asteburuan pasatu da aurtengo Literaturia, euskal letren plaza, Zarautzen. Sarrerako errezitala Lutxo Egiak egin zuen, Itzalak izenekoa. Ez alferrik, “Itzala, hitzaren ahala” zuen leloa aurtengo ekitaldiak. Aurrez aurre gozatu ahal izan genuen hura, orain gutienik testuz irakurtzen ahalko duzue.
Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen Manex Erdozaintzi-Etxartek, eta haren obran islatzen da, baina era berean bide liriko bat ere jorratu zuen, irakutzearen plazerak gidatuta. Bide horretan, arnas handiko poema luzea ondu zuen, Herri honen erraietan (Maiatz, 1985). Estiloz diskurtsiboa, gizarte libre baten nahia sumatzen du herriaren erraietan, eta poeta da erdi-minetan den populuaren emagina, Koldo Izagirrek haren antologiari egindako sarreran azaldu bezala. Osorik eskaintzen dizuegu.
2012ko ekainean sortu zen, lagun talde baten ekimenez, Edo! argitaletxea. Eta bost urtean 16 lan eman zituen argitara harpidedun eta lankideen borondatezko lanean oinarritutako argitaletxe honek, artea eta ilustrazioari lotutako hainbat lan tartean. Eta Karmele? izan zen argitara eman zutenetako lehenetakoa, Samara Veltek idatzitako antzezlana, eta Edotafioa azkena, 2017ko azaroan haien ibilbideari amaiera eman zion despedidako testua. Biak eskaintzen dizkizuegu.
Abuztuaren 29a bitarte, Kepa AkixoZigor eskultore eta argazkilariak “Egu iturria” izeneko erakusketa du Miarritzeko Bellevue jauregian. Hatsaren Poesia ekinaldiko ohiko kolaboratzailea, Miarritzeko erakusketan ere poema laburrak ez dira eskas. Baina obra moduan orain arte kaleratu duen behinekoena Zoro garaia izan zen, 1992an Maiatz argitaletxeak emana, orain osorik irakurtzeko moduan paratu dizueguna. Eskultorearen gisan ari zaigu poemotan ere Akixo, eleak zizelkatuz bezala.
Antzerkiaren harra barruan darama Gaizka Sarasolak, eta ez lo. Mairu antzerki tailerra eta urteotan egin duen lana da horren erakusgarri. Berriki Susa argitaletxearekin Ganbila bildumanZerrakuretan liburua publikatua, 2016an hiru testu bildu zituen Erleak, satorrak, beleak liburuan, edo! argitaletxearekin argitara emandakoa. Osorik eskaintzen dizkizuegun hiru teatro-testuotan —Urak ttiki dire, Lur azpikoak eta Talaka—, inguruan duen errealitatea gordin hartu zuen egileak, eta bufoiaren arimari fidel, itsusia edertu, antzerki bilakatuz. Gozatu.
Arantxa Moñuxen ideia batetik abiatuta, Higa Antzerki Taldeak 2010ean sortu zuen Espazio hutsak ikuskizuna (hastapenean izena “Ene poltsa handia eta biok” izan bazuen ere), Amaia Lasaren testuetan oinarrituta. Moñuxekin batera Kristina Ropero eta Maria Alonso aritu ziren antzezle lanetan, Mercedes Castañoren zuzendaritzapean eta Iñaki Santosen musikak lagundurik. Haiek jarri zieten ahotsa Lasaren testuei, gorputzak ere mintzo diren antzerki lanean. “Aurrez aurre, emakumeak protagonistak” jardunaldien barruan Tolosan egindako estreinaldi hartako bideoa eskaintzen dizuegu oraingoan.
Armiarma.eus berritu dugu, berritzen ari gara. Euskal idazleen aipuak irakurriko dituzu atariaren goikaldean, sartzen zaren aldiro bat. Modu ikusgarriagoan. Eta bilatzailea ere badu atari berrituak. Literaturaren Zubitegian, Euskarari ekarriak gunean, Kritiken hemerotekan eta Literatur Emailuetan egiten ditu bilaketak eta emaitza plazaratzen du ordenatuta. Izan idazle, izan kontzeptu; bilaketaren emaitzak literaturaren sarean murgiltzeko gonbidapena luzatuko dizu.
Mila aste igaro dira Literatur Emailuak albistegia bidaltzen hasi ginenetik. 20 urte Literatur Aldizkarien Gordailua martxan jarri genuela, eta apurka apurka –Literaturaren Zubitegia,Kritiken hemeroteka, Klasikoen Gordailua,Basque Poetry, liburu elektronikoak...- literaturaren sarean Armiarma.eus lekua egiten joan da. Armiarma.eusatariari itxura berri bat eman diogu, ematen ari gara. Egunero, aldi oro eduki berriak eskainiko ditu aurrerantzean. Euskal idazleen aipuak, literatur ekitaldien agenda, efemerideak, albisteak eta literaturaren sare honetan aurkitu daitezkeen edukiei loturak eskainiko dizkie, diseinu berri batekin.
Aste honetakoa literaturzaleei bidaltzen diegun 1000. Emailua izango da, liburu berri eta literatur edukiz betea. Mila esker mila asteotan, eta datozenetan ere laguntzeko prest agertu zareten guztioi.
Euskal literatura modernoko lehen aldizkaria Ustela dela esan liteke: Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek sortu eta osorik idatzia aurreneko zenbakia, 1975eko urtarrilean: Panpina Ustela. Beste bi zenbaki argitaratu ziren 1976an: Zorion Ustela eta Mermelada Ustela.
Erreferentea da Ismael Manterola Ispizua artearen azterketa eta dibulgazioan. EHUko irakaskuntza lanaz gain, urteak daramatza euskal prentsan arteari buruzko gogoeta eta artikuluak egiten. XX. mendeko euskal arteari begirada aspaldi jarria dio —baita XXI.ekoari ere—, eta zehazki artearen transmisioan izandako bihurguneei buruz edo! argitaletxearekin 2017an Maite ditu maite liburu inportantea argitara eman zuen. Osorik eskaintzen dizuegu orain.