SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, Elkar, 2018
armiarma.eus, 2021

 

 

Erdizka esnatzen hasi denean

 

      Karmele Etxaberentzat

     

     Erdizka esnatzen hasi denean haren bularraren gainean lo geratua zela ohartu da Iñaki, eta harritu da Maiderrek protestatu ez izanaz; oraindik lo dago, ezkerreko belarriaren azpian sumatzen duen arnasaldiaren gorabeherak erakusten duen bezala. Bera eroso dago, ordea: Maiderren bihotzaren taupada arinak entzun ahal ditu — ala beraren odolaren barne-zirkulazioaren oihartzuna besterik ez da? Neskaren bihotza belarritik urrutiago egon beharko litzatekeela pentsatzen du une batez— , eta begi ertzetik besapeko ile beltz kizkurren kimua dakusa, hainbeste gustatzen zaiona: eskarola txiki bat bezain tentea eta trinkoa dirudi, duela gutxira arte maiz depilatutako txokoa indar betean berreskuratzen ariko balitz legez. Desodorantearekin nahastutako usain mina iristen zaio, orobat, handik, eta hori ere oso atsegin duela aitortu behar dio bere buruari.

     Halako batean, bere sakelakoak jo du, eta ikuspegi guztia desegin da supituki: bibrazio moduan jarrita zeukan arren, durduzatuta altxatu du burua, eta Maiderren gorputza ere mugitzen hasi da, nagi antzean, izerdiz blaitutako izara zimurtuz.

     Gauak ez du batere freskatu.

     Ohe ertzean eseri da, nahasi samar oraindik. Ez du gogoan non utzi zuen telefonoa. Jakaren poltsikoan, baina non dago jaka? Aulkian zintzilik, Maiderrek mesanotxe gisa erabiltzen duen eserleku txikiaren bizkarraldean txukun ipinita: besoa luzatu baino ez. Baina zalantza egiten du. Smartphoneak dardarka jarraitzen du, hertsagarriago agian.

     — Ez duzu hartu behar? — Maiderrek, ohearen beste hemisferiotik.

     — Ordu hauetan?

     — Hain zuzen ere.

     — Eta Alba bada?

     — Zer kontatu diozu gaurkoan?

     — Lankideekin nindoala Errioxako bodega batera. Haro inguruko landetxe batean geratu behar genuela lotan.

     — Erantzun, badaezpada.

     Telefonoa isildu egin da bat-batean. Orduan atera du Iñakik jakaren poltsikotik, eta zerbait tekleatu du bertan.

      — Uxue da…

     — Zure alaba?

     — Ez dut ulertzen… Zer demontre ari da ordu hauetan…? Albari dagokio ardura… Bazekiten ni kanpoan nengoela…

     — Dei egiozu.

     Iñakiren hatzak telefonoaren pantaila gainean dabiltza irristaka.

     — Laugarren deia da denbora gutxian… Ez ditut aurrekoak entzun, antza…

     — Dei egiozu, gizona.

     — Ari naiz. Ari naiz.

     Baina inork ez du hartzen beste aldetik, seinaleak jotzen badu ere.

     — San Ignazio auzoko festetara joatekoa zela uste dut… Nik ez nion baimenik eman nahi, baina Albak…

     — Probatu berriro.

     — Ez du erantzuten. Zergatik ez dio Albari deitu…?

     — Begiratu Whatsappean.

     Iñakik aplikazioa irekitzen du. Ez zaio Whatsappa gustatzen, bere hatz potoloekin askotan ez du teklatuarekin asmatzen, zuzentzaileak akats irrigarriak eginarazten dizkio mezuetan, eta bera amorratu egiten da, zuzen idaztea gustatzen zaiolako. Maiderrek asko erabiltzen du, gehiegi bere gusturako. Adin kontuak, pentsatzen du Iñakik. Izan ere, amoranteak trufa egin ohi dio bere erantzunen lehortasunagatik. Eta bien arteko mezu-kateak maiz ezabatu behar izaten ditu, badaezpada ere.

     Arnas faltan geratu da istant batez. “Aitaaa, erantzun mesedez”, dio Uxueren lehendabiziko mezuak, jaso duen aurreneko deitik segundo batzuetara idatzitakoak. “Bortxatu egin naute”, bigarrenak. “Aitaa, erantzun deia”, hirugarrenak. “Ibarrekolandako komisariarako bidean noa”, laugarren eta azkenak.

     Nola hala azaldu dio kontua Maiderri, totelka. Sorgortuta dago, oraindik erdi lo jarraituko balu bezala. Mekanikoki, aulkitxoaren parean egoki tolestuta utzi dituen arropak hartu eta janzten hasi da, baina operazioaren erdian eten bat egin du, Uxueri atzera deitzeko. Berriz ere, dei-seinalea baino ez zaio iristen entzungailuaren beste aldetik. Alkandora ipintzeari ekin dio beste behin, baldar.

     Maider guztiz jantzita dago ordurako.

     — Albari deitu beharko zenioke.

     — Albari…? Ezta pentsatu ere…

     — Ez izan baboa, Iñaki. Ziurrenik ez dizu erantzungo, Uxuek zuri hots egiteak erakusten duen bezala. Baina dei hori egin, egin behar duzu.

     Maiderrek aurreikusi bezala, Iñakiren emaztearen telefonoa ere mutu dago.

— Segi saiatzen Uxuerekin kontaktuan jartzen, eta abia gaitezen. Zure autoan joango gara? Edo nirean nahiago? Ez bazara gidatzeko gai sentitzen, ni prest nago.

     — Ez dakit ideia ona den… Gainera, nora…

     — Benga, Iñaki. Badakigu nora doan. Nik lagunduko zaitut.

     Eta gizona kaleko aterantz bultzatu du.

     — Baina nik Errioxan egon beharko nuke, berez… Nola…

     Maiderrek ez du azkeneko iruzkin hori erantzuteko

     lanik hartu.

     — Lortu beharko genuke, ahal dela, komisariara iritsi baino lehenago aurkitzea. Aurrena ospitale batera eraman behar dugu, bertan artatu dezaten, eta ondoren denuntzia ipini. Bidal iezaiozu hori Whatsappez, edo esaiozu, berarekin hitz egiten lortzen baduzu. Eta iritsi bada, itxaroteko komisariaren atarian.

     — Baina… zergatik…? Ez da hobe Ertzaintzak…?

     — Ertzainek goitik behera kakaztuko dute: ez dakite neska bortxatuekin aritzen. Eta kasurik onenean, ez dute ondo egingo, frogak alferrik galduko dituzte. Sinets iezadazu: protokoloa hobekien kontrolatzen dutenak larrialdietako medikuak dira. Basurtura eraman dezakegu, edo, agian hobeto, Deustuko anbulatoriora.

     Etxe parean aparkatuta zegoen Maiderren Škoda zaharrean sartu dira arrapaladan, emakumea gidari. Iñakik ez du eragozpenik ipini.

     — Segi saiatzen. Erantzuten al dizu…?

     Gizonak ezezkoa egin du buruarekin. Maiderrek autoa martxan jarri eta maldan behera abiatu dira bizkor. Kalea hutsik dago guztiz.

     — Nola dakizu hori guztia…?

     — Zer guztia?

     — Protokoloarena, hobe dela lehenengo ospitalera joatea…

     — Ni ere bortxatu ninduten.

     — Zu…? Noiz…?

     — Batxilergoko bigarren kurtsoan. Tira, selektibitate ostean izan zen, uda hasieran. Parranda egitetik nentorren. Gure etxeko atarian. Okerrena da tipoari neuk utzi niola sartzen, ateari eusteko eskatu zidalarik.

     — Zergatik ez didazu inoiz kontatu?

     — Ez didazulako galdetu. Gainera, gizonezkoek ez duzue halakoez hitz egin nahi, berez.

     — Ez ezazu orokortu, Maider.

     — Ez dut zurekin eztabaidatzen hasteko asmorik, Iñaki. Ez orain, behintzat.

     Kale-argiek zerrenda distiratsu hotz bat osatzen dute autoaren alboko leihatila bietan.

     — Dena dela, lasaitu zaitez, Iñaki. Badakit orain bost axola izango zaizula esango dizudana, baina sinets iezadazu: bortxaketa bat gainditu daiteke. Uxue onik aterako da. Ikusiko duzu.

     Momentu horretan telefonoak jo du.

     — Uxue al da?

     — Ez: Alba.

     — Erantzun, Iñaki. Benga.

     Hatza pantaila gainetik mugitu eta belarrira eraman du aparatua, azkenean. Komunikazioa ondo finkatu aurretik, taupada arin batzuk entzun ditu. Eta orain ziur dago lehengoak ez zirela Maiderren bihotzarenak, bere odolaren barne-zirkulazioaren oihartzunarenak baizik.

 

SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, Elkar, 2018
armiarma.eus, 2021