SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Argitaragabea
armiarma.eus, 2021

 

 

Ganbaran

 

      Zer edo zer ikusi duela iruditu zaio mutilari, errainu transluzido bat edo, eta pixka bat izutu da.

      «Ondo estali al dun leihoa?». «Bai, lasai, Albal paperarekin. Ez dik argi izpi txikiena ere ateratzen uzten; aurreko egunean konprobatu nian, patiotik».

         Neska atzera itzuli da zoru gainean ipinita daukaten koltxoira, eta mutilaren besoen artean bildu da. Urduri nabaritu du, baina.

      «Egon trankil, gizona. Gurasoak ez dituk ia igotzen hona. Eta aita, inor baino gutxiago. Soilik maletak hartu behar direnean eta horrela…». «Batzuetan etortzen ditun, beraz». «Lehen, bisitan joaten gintzaizkionean, bai. Ama. Baina orain ezta hori ere. Ez gaitiztek harrapatuko, lasai. Eta harrapatuko bagintuzte, gainera, zer? Hamasei urte ditiagu jada». «Ia hamasei». «Berdin ziok». «Argi zagon hire gurasoak eta nireak ez direla pasta berekoak».

      Isilune labur bat.

      «Eta… zer moduz darama hire aitak itzulera?». «Ez duk beti samurra, baina ondo egokitu dela esango nikek». «Gauza bat aitortu behar dinat. Baina ez haserretu». «Bazakiat zer den». «Bai?». «Ez hintzela harrera omenaldira etorri». «Nola dakin?». «Ez hindudalako ikusi. Eta lehengo egunean, eskolan, biktimaren testigantza entzun genuenean, egin hituen iruzkinengatik». «Eta ez zain inporta?». «Ez. Gainera, oraindik ez gintuan elkarrekin ateratzen ari». «Oso isilik egon hintzen, saioan zehar…»

      Neskak ez du ezer erantzun.

      «Gauza batek inpresionatu nindinan: biktimak esan zuenean oraindik ez dakitela nor izan zunan bere senarraren hiltzailea. Eta, ez haserretu, baina…». «Gure aita izan zitekeela pentsatu huen». «Ez, ez hori…».

      Etenaldia luzexeagoa izan da oraingoan.

      «Ba, kasualitatez, baina asmatu duk: bera izan zuan». «Zer?». «Gure aita. Gizon haren hiltzailea». «Baina, nola dakin…? Horretaz hitz…?». «Ezta pentsatu ere! Aitak ez dik horretaz txintik kontatzen». «Orduan?». «Hildakoak berak esan zidaan». «Baina…». «Hemen instalatu duk. Ganbaran. Bere izpiritua, edo dena delakoa». «Baina…». «Horregatik ez duk igotzen hona, aita. Mamua bai jaisten duk, noizean behin, eta orduan jasan behar dik, derrigorrez». «Baina…». «O, ez zaiok beldurrik izan behar. Ez duk astuna, gainera. Begira, hor zagok». «Joder, Ane… Abisatzea huen…». «Esan diat ba hau etxeko leku ziurrena dela…».

      Figura zeharrargitsua koltxoi aldera hurbildu da, igerian bezala.

      «Ulertzen duk zergatik ez nuen ezer komentatu, eskolan? Gure aitak soberan ordaindu dik egindakoa. Eta ordaintzen jarraitzen dik».

 

SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Argitaragabea
armiarma.eus, 2021