SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Argitaragabea
armiarma.eus, 2021

 

 

Ezkutuan

 

      Berehala igarri nuen elkarrizketa ez zela erraza izango, kazetariak aipatu zuenetik duela gutxi itzulia zela Donostiara, urte asko Madrilen bizi izan ondoren; gizon altu eta sendoa zen, begi argikoa eta ondo jantzia, ni baino apur bat gazteagoa — kalkulatu nuen— . Euskal gatazkaren inguruko nire liburuaren harira egin zuen iruzkina, ipuin askotan aletzen ziren gertakariak ez zituela “zuzenean ezagutu” azaldu eta gero. Nire hipotesiak egin nituen, galdera nola formulatuko nion pentsatu bitartean: polizia edo guardia zibil baten semea ote? Iraultza-zergak estututako enpresario familia batena? Partidu konstituzionalista bateko tokiko buru batena? Berehala jakin nuen: aita Telefónicako langilea zuen, ingeniaria, eta laurogeiko hamarkadaren hasieran egin behar izan zuen hanka, familia guztiarekin batera, Komando Autonomo Antikapitalistetakoak enpresa horren Euskal Herriko ordezkarien aurkako atentatuak egiten hasi zirenean. Espero bezala, galderak berehala lerratu ziren ekidistantziaren arazoaren alorrera, idazlearen erantzukizun etikoarenera, biktimekiko begirunearenera. Patria atera zen hizpidera, Eusko Jaurlaritzaren Herenegun! unitate didaktikoa, euskal turismoaren berpizkundea. Ohi bezala, erantzun egokienak elkarrizketa amaitu eta lauzpabost ordutara bururatu zitzaizkidan.

         Ez nintzen ausartu bere bizitzaren zertzeladei buruz galdetzera. Traumatikoa izan al zen harentzat lekualdaketa? Zer utzi zuen atzean? Eskolako, auzoko lagun koadrila kutun bat? Lehenengo amodio bat? — Nerabe garaiko maitasunak dira, gutxi iraun edo erabateko porrota suertatu arren, gure memorian luzeen, arantzatsuen irauten dutenak— . Gorde ahal izan zuen, Madrilera joan ostean, garai hartako harremanik? Eskutitz bitartez, akaso? Donostiatik alde egitera behartu zutenean, ebatzi nuen, hamalau edo hamabost urte izango zituen. Ez nekien noiz itzulia zen Euskal Herrira: 2011 ostean, seguru, agian berrikiago, eta ezin jakin zer zela eta, zehazki, baina ez zeukan Madrileko azenturik batere: urte haiek guztiek ez zioten ezabatu guk erabat neutrotzat dugun baina hemengoa ez den orok euskal kutsuko gisa identifikatzen duen gaztelaniaren ebakera. Euskararik ez zekien batere, desenkusatu zen. “En el colegio nos enseñaron un poco, en aquella época. Pero no me acuerdo de nada”. Bere seme-alabei galdetzen zien orain, zerbait itzultzeko premia zeukanean. B ereduan ikasten zuten, antza.

         Halako batean — amaitzen ari ginen— , gizon bat hurbildu, nire liburuaren azala ikusi, mahai gainetik hartu eta gurekin hasi zen hizketan; kafetegi batean geunden elkarrizketa egiten, eta kazetariak pare bat aldiz egina zuen grabagailua itzaltzeko imintzioa, baina gehitzen nuen zerbaitek geldiarazten zuen azkeneko unean, eta ni gero eta beldurtuago nengoen, esaten nituenak ez zitzaizkidalako bereziki interesgarriak iruditzen. Eta ez nekielako nola islatuko zituen onduko zuen testuan, egia unibertsala eta jakina baita kazetariek beti hautatzen dituztela ergelen islatzen zaituzten zure esaldiak, elkarrizketa batean formulatutako guztien artean. Gizona ondoko mahaian egona zen eserita, eta tabernatik irtetera zihoala geratu zen, zutik, gure parean. Kazetaria eta bion adin bertsukoa zen, txikia; soinean eguraldiak eskatzen bide zuena baino arropa gutxiago zeramala iruditu zitzaidan.

         — ETAren inguruko liburu bat da? Zu al zara egilea? — galdetu zidan, gaztelaniaz.

         — Bai, euskal gatazkari buruzkoa — nik.

         — Nobela bat?

         — Ipuinak — erantzun zion, nire ordez, kazetariak.

         — Umeentzako ipuinak?

         — Ez, ez, helduentzat — nik, ahalik eta tonu neutroenean.

         — A, oso interesgarria — esan zuen, kontrazalari eta orrialdeei begiratu bat ematen zien bitartean.

      Liburua atzera mahaian ipini eta gehitu zuen:

      — Badakizue? Nik uste dut gauza bi desberdindu behar direla kontu triste honetan guztian. Zeren eta gauza bat izan zen terrorismoa, eta beste bat terrorea.

      Guk ez genuen ezer erantzun, eta gizona isilunea berariaz luzatzen ari zela iruditu zitzaidan; kazetariak grabagailua mahaiaren gure aldera amiñi bat bultzatu zuela ikusi nuen begi ertzetik.

      — Eta terrorismoa, ETAk egiten zuena, oso beldurgarria zen, lazgarria benetan. Baina terrorea agian ez zen horren ikusgarria, eta etengabe bizi genuen kalean, eguneroko bizitzan. Gure gurasoak, adibidez, Extremadurakoak ziren, eta ni, urtetan, ez nintzen ausartu esatera nongoak ziren, nongoak ginen, “mantxurriano!” deituko zidaten beldur.

      — Hori hala da — gehitu zuen kazetariak, eta nik baiezkoa egin nuen buruarekin.

      — Eta ni betidanik izan naiz Real Madriden zalea — jarraitu zuen gizonak, gero eta animatuago— . Baina ez naiz aldarrikatzera ausartu duela gutxira arte, beldurragatik. Gustura ipiniko nukeen Real Madriden posterra nire harategian, adibidez. Posterra, edo bandera bat. Baina ausartu ez, garai hartan. Dendan presoen aldeko zozketen txartelak saltzeari uko egitera ausartzen ez nintzen bezala. Gure auzoa…

      — Orain ipini al duzu posterra? — galdetu nion.

      — Ez. Duela urte batzuk itxi behar izan nuen denda. Krisiarekin, badakizue… Baina orain ez dut ezkutatzen — jaka finaren goiko botoi-zuloetako batean Real Madriden pin bat zeraman itsatsita, eta erakutsi zigun.

      — Nik uste dut ona dela hitz egitea, beldurragatik edo bestelako arrazoiengatik ezkutuan egon diren istorioak eta sentipenak ateratzea. Hori literaturan idatz daitekeena baino inportanteagoa iruditzen zait — saiatu nintzen, aurreko elkarrizketetatik erdi entsaiatua nekarren argudioa berrerabiliz.

      — Zuek uste duzue — esku hartu zuen kazetariak—  Euskadin errelato partekatu batera iritsiko garela, jasan dugun biolentziaren kontuari dagokionean?

      Harakin ohiak ez zuen erantzun, baiespen keinu bat egiten zuela begitandu zitzaidan arren.

      — Ados nago, horretara heldu beharko ginateke — nik— . Baina ez naiz horregatik optimista, zaila izango da. Gerra Zibilaren edo frankismoaren kontakizun adosturik ez badugu, ez dakit zer dela eta egingo dugun hobeto oraingoan. Izateagatik, hemen ez daukagu ezta Bigarren Karlistadaren errelato bateraturik ere, beraz… — erantsi nuen, boutade moduan.

      — Bueno, bueno — moztu ninduen gizonak— , agian gehiegi hitz egiten ari da Francoz eta Gerra Zibilaz azken aldi honetan, ez duzue uste? Erorien Haraneko kontu hori guztia: utz dezatela morroiaren hilotza bakean, diot nik. Diktadore nazkagarri bat, bale, baina, izan ere, nori axola zaio Franco jada? Gobernuko inutil horiei. Haiek mantentzen dute Franco bizirik, egin beharrekoa ez egiteko. Zauriak berriro irekitzea behar dugun azkeneko gauza da, uneotan. Zenbat urte igaro dira honez gero? Eta beti matraka berarekin…

      Klik bat entzun nuen nire sorbalda gainetik. Apustu egingo nuke kazetaria izan zela, grabagailua itzaltzean.

      Nik zerbait gehitu behar nuen puntu horretan. Senideak arroila ezezagunetan lurperatuta dauzkaten herritarren eskubideei buruz, adibidez. Urteetako isiltasunari buruz. Guztia galdu zutenei buruz, betiko erbesteratu behar izan zutenei buruz. Edo familietan kontatutako erdizkako egiei edo, zuzenean, gezurrei buruz. Baina, ohikoa den legez, erantzun egokienak hiruron arteko elkarrizketa amaitu eta lauzpabost ordutara bururatu zitzaizkidan.

      Bien bitartean, gizonak agur esan zigun — “Erosi egingo dut liburua!”, gehitu zuen, gezurretan, ia ziur nago— , eta, handik gutxira, tribialtasun batzuk trukatu eta kontsumitutakoa ordaindu ondoren, gauza bera egin zuen kazetariak. Ahul eman genion bostekoa elkarri.

         Elkarrizketa argitara eman dute jada, baina ez dut oraindik adorerik bildu irakurtzeko.

 

SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Argitaragabea
armiarma.eus, 2021