SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Ipuin euskaldunak, Erein, 1999
armiarma.eus, 2021

 

 

Liburu dendarena

 

      Mertxerentzat, eta

      Herrikoiako guztientzat.

     

      Nire lehenengo hitzordua hantxe izan nuen. Neskatarako sekulako afizioa izanda ere, nire gaztaroan ez nuen arrakasta handiegirik lortu eta, zinez ahalegindu banintzen ere, ezezkoak eta mezprezuak — ai, nesken krudeltasuna!—  gogoratu nahi baino ugariagoak izan ziren. Unibertsitateko hirugarren urtea nuen, eta gogor ikastearen eta osteguneroko edanaldien plazerez aparte, ez nekien gauza handirik. Orduantxe harrapatu ninduen Cecik, otsaileko etsaminak eta gero, LRUren aurka protestatzeko antolatu genuen fakultateko itxialdian. Ceci errenteriarra zen, bizia, iskanbilatsua eta, egia esan, burutazio erotikoenetan ere ez nuen nire desioaren objektu bihurtu. Ordura arte, bederen: hura aldatzeaz ondo baino hobeto arduratu baitzen Ceci.

      Entzerrona politiko-erreibindikatibo bat lizunkeria mugagabeetarako eszenatokirik aproposena izan zitekeela pentsa dezakeenak, zer pentsa ere, Ceci eta bion ikasle-militantziaren printzipio zurrunen berri izan beharko luke. Edota, berrehun pertsonen aurrean ezer egiteak ematen zigun lotsa gaindiezinarena. Niri, behintzat, hala gertatzen zitzaidan: lehenengo aldia zen, eta formal famatxoa nuen, eta hura galtzeko asmo gutxi, artean behintzat. Beraz, eta harritzekoa bada ere, ez genuen elkar ukitu ere egin eta, begiak distiratsu, pankartak zirriborratzeari eta sukalde-txandei ekin genien kemen sublimatzailez.

      Hura bukatzen zenerako, hitzordua — benetako gure lehenengo hitzordua—  adostu genuen. Gauzak oso argi nituen: Kutxi kaleko liburu denda horretan izango zen. Lokala zatar samarra zen, hezea, txikia, ez zegoen aukera handirik eta, nolanahi ere, gu bezalako estudiante-tunanteok ez genuen liburu askorik erosteko adina diru. Baina liburu dendak bazuen girotxo berezia, bohemioa-edo, eta, garrantzizkoena, jazz musikak laztandutako tabernatxo modura funtzionatzen zuen soto iluna. Juanito Oyarzabal bera ere amiltzeko propio diseinaturiko eskailerak jaitsi ondoren, kez betetako cavara heldu, San Miguel bat eskatu — ez zuten besterik zerbitzatzen—  eta hango besaulki gorri potrosoetan eseriko ginen. Kontua lokalaren estiloa zen, ze bertan ezin zen irakurri, eta jazz musika, nola esango dizuet, ez dago nire zaletasun amorratuenen artean; egiten ari nintzen karrerak, ordea, aspaldi ohartarazi ninduen jazzaren kutsu intelektualaz. Gainera, liburu dendakoak ezagunak nituen eta, bezero eskasa banintzen ere, ondo tratatzen ninduten. Cecik, lekuari buruzko xehetasun batzuk argitzeko eskatu ondoren, baietz esan zidan, gogotsu: ez zuen liburu denda ezagutzen eta nire deskribapenak lekuaren xarma komunikatu ziolakoan nengoen. Harrituta utziko nuen.

      Iritsi zen eguna. Liburu dendako atean bertan elkartzekotan geratu ginen, eta eskutik helduta barrura sartu. Paper bustiaren usaina zerion lekuari. Denda estua zen eta paretak arropa zuritzen zizun karez margoturik zeuden. Forma eta jatorri ezberdinetako apaletan, ez hainbeste liburu. Lokalaren ertz ilunenean, emakume nagusi baten irudia, elikadura osasuntsuari buruzko liburu horietako bat irakurtzen; betazalak pixka bat altxatuz agurtu gintuen, irakurtzeari utzi gabe. Ceciri aldez aurretik azaldu nion bezala, liburuen artean osteratxo bat eman genuen, tabernatxora jaitsi aurreko derrigorrezko errito legez. Ia ezer erosteko sosik ez banuen ere, liburuei begiratzea beti gustatu zait eta, alde horretatik, Kutxiko liburu denda, txikia izanik ere, atsegina zitzaidan. Han zeuden Latinoamerikako autoreak, Borges, Cortázar, Galeano, Monterroso, Vargas Llosa; haratago marxismo eta ezkertzaletasunaren ingurukoak, Manifestua, Iraultza eta Estatua, Rosa Luxenburg, Gramsci, Ivan Illich; hantxe euskal literaturaren bitxi urriak. Miresmenez ukitzen nien bizkarra, noizean behin bat atera eta aurkibideaz jabetzen saiatzen nintzen, dirua nuenerako-edo. Irteterakoan Ceciri lehenengo oparia egitea erabaki nuen, hain garestia ez zen Bruguerako El barón rampante. Izugarri maite nuen liburu hura.

      Bueltatxoa hasperen amestiar batekin amaitu eta sotora jaitsi ginen; garagardoak eskatu eta izkina batean eseri ginen; bozgorailuetatik Blue Moon kantaren konpasak heltzen zitzaizkigun. Dena perfektua zen. Cecik alde guztietara begiratzen zuen, haluzinaturik. Inoiz baino desiragarriagoa iruditu zitzaidan, belaunetaraino luzatzen zitzaion jertse moreak gorputza ia osoki estaltzen bazion ere. Denbora luze batez so geratu nintzaion, zerbezaren zaporea emeki dastatuz. Ceci. Bera ere, lekuaren magia ezkutuaz oharturik, liluratua zegoen, eta sentimendu biziz begiratzen zidan. Zurrutada batzuk geroago — ordurako denboraren nozioa erabat galduta nuen—  erasotzea erabaki nuen. Cecik, emeki, maitagarriro, besarkada baztertu zidan. «Denbora asko daramagu hemen, ezta?», xuxurlatu zidan, «Beste norabait joan gaitezke. Zer egingo diogu — gehitu zuen— , jazza ez dut bereziki gustuko».

      Ezta nik ere, baina ez nuen ezer ulertzen. Atera aurretik gerritik heltzeko keinua egin nion, baina ni baino bizkorragoa izan zen eta eskailerak igotzen hasi zen. Atzetik joan nintzaion, arnasestuka. Goiko solairura heldu ginenean liburu dendatik beste osteratxo bat eman genezakeela proposatu nion, baina ez zidan kasurik egin eta aterantz abiatu zen. Ni denda barrura sartu nintzen eta, han eserita zegoen andrea berriro agurtu ondoren, Calvinoren liburuaren bila abiatu nintzen. Beti gertatu ohi den bezala, ez zegoen jadanik: beste bezero batek eramango zuen sotoan ginen bitartean. Haserre, beste liburu — merke—  bat bilatzen saiatu nintzen, Cecik merezi zuen ala ez deliberatu gabe, eta azkenean liburu dendetan beti egon ohi den horietako bat erosi nion, Kafkaren Metamorfosia. Klasiko bat. Opari-paperaz biltzeko eskatu nion.

     
Ceci izkinan zegoen nire zain, urduri. Goibel, taberna hautatzeko eskatu nion. Alde zaharraren beste puntaraino eraman ninduen, eta bidea hitzik gurutzatu gabe egin genuen. Gero eta amorratuago nengoen. Bodegoian bi zurito eskatu eta mahai batean eseri ginen. Galdezka hasi behar nintzaion, baina ez nuen astirik izan. Jertse morearen azpitik liburu bat, bi, hiru, lau atera zituen, tamaina guztietakoak, eta mahai gainean kokatu zituen, harro-harro. Ezin nuen sinetsi: liburu denda batean lapurtzea, non eta liburu denda horretan… «Baina, ez jarri aurpegi hori, motel! Total, tontakeria bat da. Gainera — eta eztiki bota zidan honako hau, nire laztura handituz, eskua igurzten zidan bitartean— , bat zuretzat hartu dut. Zuretzat bakarrik, laztana».

      Arroparen auskalo zein tolesetik bosgarren bat atera zuen. Calvinoren El barón rampante.

 

SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Ipuin euskaldunak, Erein, 1999
armiarma.eus, 2021