SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, Elkar, 2018
armiarma.eus, 2021

 

 

Babes eskaera

 

      Hasieran inork ez zuen jakin nola iritsi ziren: espaziontziak ikusezintasun mekanismoren bat eduki behar zuela zabaldu zen, besteak beste. Estralurtarrak humanoideak ziren, kolore ezberdinetakoak baina gurea baino azal distiratsuagokoak, izerdi moduko batek etengabe bustita izango balute legez; hori eta sudur eza alde batera utzita, beste guztian oso antzekoak ziruditen: bi beso, bi hanka, bi begi, gizakion altuera berdintsua. Argazkiak bizkor hasi ziren korritzen sarean.

      Errefuxiatu talde baten ordezkari gisa aurkeztu ziren. Kree eta Skrull inperioen arteko gerra galaktikotik ihesi zetozela. Babesa eskatzen ziotela Lurraren gobernuari. Norbaitek azaldu zien Lurrak ez zeukala gobernu bateraturik eta, pixkanaka, kate burokratikoan gora egin behar izan zuten, pausatu ziren udalerriko alkatetzatik, probintzia-, eskualde- eta herrialde-gobernuetatik igaroz, Nazio Batuen Erakunderaino, zeina, azken batean, daukagun nazioarteko gobernu baten antzekoena baita. Bitartean, albistea zabaldu zen, bolbora bezain bizkor, komunikabide eta sare sozialetan zehar. Hori, eta eguzki sistemaren mugetan itxaroten bide zuten errefuxiatuen kopuruaren inguruko zurrumurrua: bostehun eta hamabi milioi, gutxi gorabehera. Estralurtar gaixoen aldeko hasierako jarrera, inkesten arabera, okertzen joan zen hurrengo egunetan. Manifestazio jendetsuak izan ziren Parisen, Lagosen, Miamin eta Mumbain, besteak beste. Alienigenen ordezkaritzako partaideak, beren protokolozko tuniketan bildurik, begitartea sorgor itxaroten ari ziren NBEren New  Yorkeko egoitzan.

      Segurtasun Batzordeak presio ikaragarriak jaso zituen herrialdeen ordezkarien aldetik babes eskaera atzera bota zezan, edo hori esan zuten bere bozeramaileek, behintzat, erabakia ezagutzera eman zutenean. Ezezkoa izan zen, zer esanik ez. Lurrak ezin zuen halako errefuxiatu kopuru erraldoia onartu, bere orekak arriskuan ipini gabe, eta ez zen errefuxiatuen kuotak banatzeko gutxieneko akordiorik egon gobernuen artean.

      Estralurtarrek ez zuten protestarik egin. NBEko ordezkariak agurtu, beren berezko tamainara itzuli — azaldu zutenez, gure altuerara egokitutako beren gorputzen proiekzioak erabili bazituzten, gizakiokin maila berean aritzekoizan zen— , eta bistatik desagertu ziren: infinitesimalak ziren. Espaziontzi miniaturazkoa hartu — ikusezina hura ere—  eta beren kideen enkontrura abiatu ziren, eguzki sistemaren mugetara, babesleku bila jarraitzeko.

      Ikerlari batzuen kalkuluen arabera, 550 metro karratuko azalera nahikoa zatekeen estralurtarren populazio guztia biltzeko. Beste batzuen arabera, kartoizko kaxa handi samar batekin sobera zegokeen. Ez dugu sekula jakingo, inork ez baitzuen egin haien benetako tamainaren neurketa zehatzik.

 

SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, Elkar, 2018
armiarma.eus, 2021