SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Argitaragabea
armiarma.eus, 2021

 

 

Sekretua

 

      Isiltasun-tartea, ondoren, ez da luzeegia izan; nahikoa, ordea, esanguratsua suertatzeko. Danik hautsi du: «Gauza bat komentatu behar dizut». «Ui, ui, ui», erantzun du Eduk, ohearen beste aldetik. «Badakizu nik nahiago dudala gure artean sekreturik ez egotea», jarraitu du Danik. «Eta zuk nire iritzia alderantzizkoa dela guztiz: gauza batzuk hobe dela hitzez sekula ez adieraztea. Edonola ere, zein esanguratsua: ezin zenidan esan dena delakoa larrutan egin aurretik?». Danik ez du barre egin Eduren iruzkinaren aurrean. «Zenbat aldiz errepikatu behar dizut ez zaidala espresio hori gustatzen, nahiago dudala ‘maitasuna egin’. Edo ‘amodioa’». «Ez al zeunden zu zintzotasun erradikalaren alde ba? Nire ustez larrutan egiten dugu, Dani, ez besterik». Edurengana izaren mugimendu leun baten hotsa baino ez da heldu, erantzun gisa. «Benga, Dani, ez haserretu». «Ez naiz haserretu». «Ba orduan esaidazu hori». «Zer?». «Komentatu behar zenidana, gizona». «Ez da horren inportantea». «Bota. Edozertarako prest nago». «Guztia txantxetan hartzen duzu, Edu». «Ez da egia. Laztana». Dani bere aldera jiratzen sentitu du orduan. «Ba horixe. Hauteskundeetan EAJri eman niola botoa, azkenean». «A». «‘A’: hori da bururatzen zaizun guztia?». «Ez dakit. Azken finean, beti irabazten dute; nonbaitetik atera behar dira boto horiek guztiak». «Ez didazu nire motiboez galdetu behar, behintzat?». «Tematzen bazara…». «Zurekin alferrik da».

         Hurrengo isiltasun-tartea luzexeagoa izan da. Bere ohituren kontra, Edu Danirengana hurbildu, eta atzetik besarkatu du. «Amaiak badaki?». «Nire emazteak? Bozkarena? Ezta pentsatu ere».

 

SEKULA KONTATU BEHAR EZ NIZKIZUN GAUZAK
Iban Zaldua

Argitaragabea
armiarma.eus, 2021