Ots
16
07
Hogeita bederatzi idazlek eta itzultzailek “Utikan Euskadi Sariak” izeneko agiria kaleratu dute gaur, sari horietan parte hartzeari uko eginez, “hala lehiatzaile gisa nola epaimahaiko gisa”. Bertan salatzen da sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea, eta literaturaren kontzeptu murritz bat hedatzen dutela iritzi publikoan eta irakurlegoan. Agiria osorik irakurtzeko, edota atxikimenduak helarazteko: www.utikan.com.
Eka
15
06
Urte bitan ia 30 emanaldi eskaini ostean, Bihotz Bakartien Klubaren Arrakalak ikuskizuna azkenburura dator. Ekainaren 15ean (osteguna) hondarrekoa izango da Zaldibarreko eskolan, iluntzeko 20:00etatik aurrera. CDa ere grabatu dute ibilbide luzearen ospakizun, eta berorren edukia dasta dezakezu orain Interneten. Audioaz gain, animaziozko laburmetraiak eta beste zenbait testu osagarri topatuko dituzu orrialde horretan.
Aza
03
05
Presoen aldeko poesia irakurraldia burutu zen iragan urriaren 28an Donostiako Lugaritz kultur etxean. Bertan bildutako kulturgileek, azken urteetan espetxean sortutako testuak irakurri zituzten jendaurrean. Hona batu ditugu ekitaldiko testu guztiak, irakurri ziren ordenean emanak.
Api
07
05
EH! Literaldia 2005 antolatu dute liburuaren egunaren karietara Sant Jordi eguna ere ospatzen dute Bartzelonako euskal etxekoek. Jon Elordik emango duen literaturari buruzko ikastaroaz gain, zenbait poesia emanaldi eta liburu aurkezpen bat ere izango dira Bartzelonan. Xabi Bordak Birika zatiak liburuan oinarritutako errezitala egingo du apirilaren 15ean (ostirala) 20:00etan. Poemekin batera Aitor Bengoetxea Ondarruk prestatutako bideoa emango dute. Bartzelonako emanaldi honen karietara, Bordaren 8 poema katalanez jarri ditugu Susaren webgunean.
Kirmen Uribe bere aldetik apirilaren 22an (ostirala) 22:00etan izango da Euskal Etxean poemak errezitatzen.
Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak Plouen Mentides liburua aurkeztuko du apirilaren 23an (larunbata), Lorea Agirrek idatzitako Euria ari du Egunkariaren itxieraren kronikaren katalanezko itzulpena.
Mar
24
05
Aberri Egunarekin suertatu da aurten martxoaren 27a, Antzerkiaren Nazioarteko eguna, mundu osoan ospatzen duguna. Aurten Ariane Mnouchkine Théâtre du Soleil konpainiako kideari egokitu zaio nazioarteko manifestua idaztea. Gurean Harkaitz Canok euskaratu eta Literatur Emailuaren bitartez hedatzen dugu. Aspaldiko urteotan, Susa argitaletxeak manifestuak euskaratu eta sarean eskuragai jarri ditu.
Mar
17
05
Andolin Eguzkitza idazlea eta euskaldun berriak oro har omentzen ditu Korrikaren 14. edizio honek. Edorta Jimenezek proposatuta, liburua eraman ohi du hamaika korrikalarik lekukoaren ondoan. Susa argitaletxeak ere bere liburuak eskaini dizkie korrikalariei, eta horrela Santurtziko hainbat lekuko aldaketetan Andolin Eguzkitzaren Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki liburua banatuko du korrikalarien artean. Bilboko azken 30 kilometroetan ere Andolinen liburu bana eroan ahal izango dute korrikalariek. Bizkaiko azken kilometroetan, idazle bakoitzaren herrian, bertako idazle baten liburu bana izango da lekuko aldaketaren txandan, Durangon, Iurretan, Lekeition, Ondarroan, Arratzun, Gernikan, Mundakan, Barakaldon, Getxon, Mungian, Larrabetzun, Bilbon… Korrika amaitu ostean irakurtzeko liburuak denak.
Urt
27
05
Lau poeta katalan (Marc Granell, Marta Pessarrodona, Josep Palau i Fabre eta Gemma Gorga) eta lau euskaldun (Jean Louis Davant, Tere Irastortza, Arantxa Urretabizkaia eta Felipe Juaristi) errezitalak ematen arituko dira datozen egunetan Idazle Elkarteak antolatutako Pirinioak Pirineus ekimenean. Saiook, urtarrilaren 27an (osteguna) 19:00etan Andoainen, urtarrilaren 28an (ostirala) 19:00etan Altsasun, urtarrilaren 29an (larunbata) 19:00etan Bilboko Kalderapekon eta urtarrilaren 30ean (igandea) 19:00etan berriz ere Andoaingo Bastero kulturgunean.
Abe
16
04
Bihotz Bakartien Klubak azken saioa egingo du abenduaren 16an (osteguna) 20:00etan Durangoko Plateruena kafe antzokian Sarri gure artean errezitaldiarekin. Duela lau urte, Lagun Izoztua liburua argitaratu zenean, hitzaldi baten aitzakian egindako Joseba Sarrionandiaren testu irakurketa batetik sortu zen Bihotz Bakartien Kluba, geroztik makina bat saio egin ditu gaztetxe, areto eta kultur gunetan. Poeta hilen kluba eta Zakil alu hori! ikuskizunak antolatu ostean, orain bide berrietan murgildu da; Arrakalak muntaiarekin. Besteak beste; musika, animazioak eta poemen irakurketa egiten da Arrakalak lan honetan.
Aza
11
04
Azaroaren 15a (astelehena) Idazle presoen nazioarteko eguna dela eta, Durangon bi ekitaldi burutuko dira. Ataramiñek aurtengo liburua aurkeztuko du eta ostean idazle presoen inguruko poesia eta testu errezital bat antolatu du Euskal Pen Klubak. Presoen testuak irakurtzen izango dira Paddy Rekalde, Laura Mintegi, Lutxo Egia, Asier Serrano eta Eider Rodriguez. Ekitaldiok Plateruena Kafe Antzokian burutuko dira arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Kataluniako Pen Klubaren webgunean idazle presoen inguruko informazio eta ekimen ugari topatu ditugu. Nazioartekok Pen Klubak ere batzorde berezia du idazle presoen gaia lantzeko, eta bere azken txostenetako batean Euskaldunon Egunkaria itxi ostean bizitako egoera aztertzen dute.
Aza
04
04
75 urte betetzearekin batera, omenaldiz omenaldi ibili da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, azken liburua kaleratu zuenean lehenbizi eta Koldo Mitxelena Kulturunean antolatutakoak ostean. Azken ekitaldi hauen karietara, webgune itzela paratu diote Interneten. Bere biografia, berari buruzko testuak, ohar bibliografikoak, bere lanen zati eta iruzkinak, idazle eta pentsalariari buruzko azterketak, elkarrizketak… denetarik batu dute bertan.
Ira
02
04
Irailaren 27an 75 urte beteko ditu Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik. Bere ibilbide literario, pentsamenduzkoa, politikoa eta beste aztertuko dituzte Donostian astebetez. Irailaren 3an (ostirala) eguerdiko 12:00etan Euskararen aldeko borrokan bere azken liburua aurkeztu ostean, irailaren 7an (asteartea) 19:30etan “Literatura eta pentsamenduzko ibilbideaz” arituko dira Markos Zapiain eta Koldo Izagirre. Hurrengo egunetan berriz, “Politikazko ibilbidea” eta “Hizkuntza gaietako ibilbidea” aztertuko dituzte. 8an (asteazkena). Aste honetako ekitaldi guztiak Donostiako Udal Liburutegiko sotoan izango dira. Argitaldaria: Elkar.
Abu
05
04
Uztailaren 25ean (nesken egüna) lehen aldiz eta agorrilaren 1ean gero (igandea), aurten ere bitan jokatu dute pastorala Maulen. Jean Louis Davantek Antso Azkarraren milurtekoa hartu du gaitzat idatzi pastoralean. Berria egunkariak gune berezia atondu du pastoralaren karietarat, eta bertan afitxa ikusi, pastoralaren inguruan idatzi albisteak irakurri, edota pastoralaren testu osoa ere irakur daiteke. Lehen peredikütik, 12garren kantara, guztira 23 jelkaldik osatzen du Antso Azkarra pastorala.
Uzt
15
04
Uztailean urtero Kale Antzerki jaialdia egiten da Lekeition. Aurtean, besteak beste Anacabe kapitainaren balada bakarrizketa aurkeztu zuten uztailaren 9an. Javier Gonzalez de Duranak idatzi eta Mari Jose Kerejetak euskaratutako lanaren antzezpena Ramon Castrok egin zuen, Karlos Paneraren zuzendaritzapean. Testu osoa eskaintzen dizugu aste honetan.
Eka
10
04
Iruñeko erregearen koroaketaren milurtekoan Hasier Etxeberriak idatzitako Antso Erregea hamalau ekitaldiko antzezlana duzu hemen, Eugenio Arraizaren histori-edukiez eta Ramon Albisturren dramaturgiaz atondua. Ekainaren 12an (larunbata) jokatuko dute, gaueko 22:00etan, Hondarribiko harresietan: 40 jokolari, 4 musikari, 2 kantari eta Narbartenea abesbatzarekin. Antso Erregea antzezlanaren liburuxka estreinaldiaren sarrerarekin banatuko dute, espainolezko eta frantsesezko itzulpenekin.
maiatza
27
04
Maiatzaren 25ean (asteartea) bete ziren 50 urte Robert Capa argazkilaria hil zela. Gerra batean argazkiak ateratzen hil ere. Egunotan, Edorta Jimenez idazleak hainbat hitzaldi eman ditu, Robert Capa eta David Seymour Chim argazkilarien lanen ingurukoak –Kilkerren hotsak liburuan agertzen dira argazkilariok ere-.
Hitzaldietako bat Larrabetzun eman zuen, eta Linterna Gorria aldizkarian Argazki bete berba ekimena atondu dute. Capa eta Chimen bosna argazkiri testua jarriko diote irakurleek eta testuok aldizkari digitalean argitaratuko dira ostean. 1937ko gerran ateratako argazkiak dira denak, tartean Euskal Herrian egindako zenbait foto.