Duela
urtebete, Hizkuntzalaritza eta Semiotika Ikasketen Euskal Akademiaren artxiboetan
gordetzen diren Visitación Mª de Azkuena, apaiz, idazle eta euskal filologoaren
eskuizkribuak aztertzen ari nintzela, hasieran garrantzirik eman ez nion dokumentu
bat aurkitzeko zoriona izan nuen. Baina gaur zehatz-mehatz aipatuko dut Literatur
Kongresu honen aurrean, Herman Melvillek 1851n argitaratu zuen Moby Dick nobelaren
jatorriari buruzko hipotesi bat aurkezteko asmoz.
Hasieran Azkuenaren dokumentuekiko nire interesa, egile horrek euskaraz egindako
idatzien morfo-sintaxiaren inguruan egiten ari nintzen ikerketa-lanean oinarritzen
zen . Handik aste gutxira lan hura amaitu nuenean, nigan jakin-minaren txinparta
piztu zuen eskuizkribuaz oroitu nintzen. Dokumentua beste hogei bat euskarazko
poematxo eta abesti herrikoi biltzen dituen karpeta baten barruan dago, Azkuenak
berak argitaratu zituen gehienak, beste batzuekin batera, bere Euskal kantutegi
herrikoia liburuan .
Ez naiz musika eta poesia herrikoian aditua, baina ongi ezagutzen dut Azkuenak
argitaratutako guztia, beraz, inork ez beza ikus nire aurkikuntzan gaiari
buruzko ezagutza sakon batean oinarritutako trebetasun berezirik, ustekabearen
emaitza baizik. Une hartan batere erakargarria ez den kuestio batean nuen
arreta jarria, hain zuzen ere, Azkuenak nola transkribatzen zituen ahoskera
herrikoiaren -ds- eta -dz- soinuak, eta apaiz ikasiaren idazkera txukunari
esker nahiko azkar nindoan Izaldeako kostaldeko herri batzuetan eta besteetan
dokumentaturiko kantutegian aurrera, eta orduan topo egin nuen lehen irakurketan
ezagutu ez nuen balada hura. Une hartan beste zerbait gertatu zitzaidan deigarria,
aldamenean ohar txiki bat zuen, Azkuenaren eskuz idatzia, eta horrela zioen:
"Arrantzale zaar batengandik lekeition artua. Ez argitaratu. Sinestezina.
Faltsua. Ezta errikoa. Gaurko literatura ikasiaren eragina.H. M.".
Zenbait egun geroago egiaztatu ahal izan nuen halaxe zela. Hori izan zela
karpeta hartan zeuden abestietatik argitaratu ez zen bakarra. Azkuenak ez
zuen agerian nahiz estalian sexu kontuak edota elizaren inguruko kritikak
jasotzen zituzten abestiak zentsuratu eta baztertzeko inongo arazorik, eta
hori nahiko arrunta zen eusko abertzaletasunaren sortzaileen hurbileko argizari-jale
beatoen artean . Aurrerago ikusiko dugun bezala badira balada horretan halako
nihilismo bat eta sexuaren aipamen estaliren bat dituzten ahapaldiak, eta
hori nahikoa izango zen apaizak erabat zokoratzeko. Baina bere oharrak kontuan
izanda, bitxia gertatzen da balada arrazoi horiengatik ez baina faltsukeria
leporatuz eta itxuraz literatura garaikidearen eragina izateagatik baztertzea.
Azkuenak jasotako abesti guztiak biltzen dituzten hogeita bi karpetetan kasu
hau bakarra da. Hori dela eta, Azkuenak baztertzeko izan zituen eta azaldu
ez zituen arrazoiak arakatzea erabaki nuen, eta zein mekanismo zela eta lotzen
zuen abestiaren testua bere garaiko, hau da XX. mendeko eta XX.aren hasierako
narratibarekin.
Hasieran, beraz, literatura konparatzailezko lantxo bat egiteko asmoa nuen,
etnologiatik hurbilago pentsamendu zientifikoaren beste edozein adarretatik
baino eta, jakina, ia "literatura jasoaren" antipodetan. Ezerk ez zidan orduan
susmarazten zein aurkikuntza harrigarri egingo nituen edota zer nolako ezustekoak
eta aztarnak (ez dakit zein izen eman) aurkituko nituen. Tira, agian asko
izango da, agian ez da ezer izango. Zuen esku uzten dut hori erabakitzea,
nireak baino ezagutza askoz espezializatuagoak izanik zeuek erabakiko duzue
gai honi buruz zer pentsatu. Niri dagokidanez, ahal izan dudan tokiraino iritsi
naiz eta prest nago onartzeko, batere gorritu gabe, seguru asko urrutiegi
joan naizela datu urri eta ahuletan baizik oinarritzen ez zen nire intuizioari…
eta noizbait drama bat argitu ahal izatearen promesari jarraituz.
Ez dugu baladaren musika ezagutzen, jaso zuenak ez baitzuen musika idatzi,
eta horrela dio letrak kostaldeko bizkaiera zorrotzean:
(Leloa)
Esaustazue bai Anacabe, ero kapitan Acabe
Galdu nebazan ontzi-gixonak, osasune ta burue
Arrezkero naz gixon erdixe, gixon osatu bagie
Geroztik nabil lua galduta, nire askatasunan bille
Orregatikan nire galera billatzen dot etengabe.
(Lehen
bertsoa)
Arrantza zaila urrutikua, baia jateko bearra
Itsasua da zabala eta, antxe galdu eitten gara
Gorputz zatixa faltata bere, osua dago arima
Berriz ikusi naiko neuke nik, zure aurpegi ederra
Itsasuan topadu baño len, berriz be pizti orrendua
(Bigarren bertsoa)
Ene anaixa eliza aurrian, badogu plaza barrixa
Aulki onetan jarrita, ama, dakusgu isla ederra
Aita, ontzixak eitten zenduezan len emen ondar gañian
Baia, maitia, ikusi nai dot nik zure begi garbixa
Berriro bere entzun baño len mamutzarraren marrua.
(Hirugarren bertsoa)
Itsasoko alkatia ta lurrekua dabiz auzixan
Gixonak eta emakumiak beren biarrak asiaz
Itsaso-ibaiak bat eitten dabe Isuntza zubi zarpian
Baia laztandu nai dot barriro nik zure ule argixa
Diabruagaz borroka egin baño len itsas andixan.
Zer dela eta pentsatu zuen Azkuenak abesti hau literatur garaikidearen eraginaren
pean idatzi zela? Zenbait alderdi izan ditzakegu kontuan. Alde batetik, halako
etsipen eta harrokeriazko jarrera bat, aldi berean eta erdibana zorigaitzaren
eta aukera librearen emaitza den -baina nolanahi dela ere Eliza katolikoaren
mende dauden herriko pentsamoldeetan hain erroturik dagoen Jainkoaren Probidentzia
arbitrarioarekin inolako zerikusirik ez duen- patu pertsonalaren aurrean,
eta, bestetik, "ongia"-ren eta "gaizkia"-ren arteko bereizketarik eza, gauza
bera balira bezala agertzen baitira "nire galera" eta "nire salbamena" indibidualistak,
ez da, ordea, gauza bera gertatzen gaizkia, pertsona maitatuaren aurpegiak,
begiradak eta ileak ordezturiko ongiari kontrajartzen zaionean. Balada lekeitiarrak
ez du, beraz, zerikusirik, Joannes Etcheverri Ziburukoak XVII. Mendearen hasieran
jaso zituen lapurtar arrantzaleek abestutako otoitzetan nabari diren tolesgabetasun
biluziarekin eta erlijiozko interpretazioarekin, baina XVIII. mendeko kantu
batzuetatik oso hurbil dago, eta bat dator zoritxarreko patua, ezintasuna,
balea deabruarekin parekatzea eta honen jabetzaren iluntasuna bezalako gaietan
.
Guztiarekin ere, nire ustez, arrazoi horien pisuaren ondoan abestiaren sorburu
izan zen nobela zehatza aurkitzeak (oker, nire aburuz, gero ikusiko den bezala)
izan zuen Azkuenarengan eraginik handiena. Azkuenak aipatzen ez duen arren
Moby Dick da berak buruan duen nobela eta badirudi hala adierazi nahi duela
bere oharra "H.M." inizialekin, Herman Melville egilearenekin amaituz. Pentsa
daiteke leloak nobelako Acab-engandik hain hurbil dagoen Acabe kapitain bat
aipatzea garrantzirik gabeko datua dela, baina abestiaren egilearen eta Melvilleren
pertsonaiaren arteko paralelotasun tragiko eta moralak ezin dakizkioke, besterik
gabe, ustekabeari egotzi; are gutxiago, oraindik, abestiaren leloa eta nobela
modu berberean eta ez-ohikoan hastea ere, egileak zuzenean irakurleari edota
entzuleari zuzentzen zaizkiela: nobelan, "Esaidazue Ismael. Orain urte asko,
ez dio axola zenbat…" abestian, "Esaustazue bai Anacabe, ero kapitan Acabe…".
Ustekabekoa? Sinesgaitza. Horrek guztiak, Azkuenaren arabera, indartu baizik
ez zukeen egingo gaiak iparrameriketako narratiba jasotik euskal kantutegi
herrikoiraino bidaiatu zuelako hipotesia.
Nola? Hemen zabaltzen diren aukerak hain dira ugariak, non Azkuena ez baitzen
bakar bat ere idatziz uztera ausartu. Gehienez ere zera dio, "sinestezina",
zertaz edo nortaz ari den argitu gabe: balada abestu zion marinel zaharraz?,
literatur edukiaz?, beste toki batzuetakoak ziren konpasak ezagutu zituen
musika laguntzaileaz? Ez dezagun ahaztu Azkuena Lekeitiokoa zela (1865ean
jaio zen) eta, beraz, ongi baino hobeto ezagutuko zituela bertako biztanle
gehienak , eta erraz bereiziko zuela zer zen jatorriz herrikoia eta zer zen
literatura jasoaren nahiz kanpokoaren ekarria. Beretzat, zorrotz, abestia
"ez da herrikoia". Agian, Azkuenarentzat ez ote zuen arrantzale zaharrak sinesgarritasunik
berak ezagutzen zuen arrazoi biografikoren batengatik?, neurriren batean arrantzale
zaharrak balada asmatu egin zuela pentsatu ote zuen, hari beste norbaitek
erakutsi ziolako aukera baztertuz?
Melvillek nobela 1851n argitaratu zuela kontuan izanda eta Azkuena gutxi gorabehera
1895-1915 bitartean aritu zela abestiak biltzen, ez dirudi epe hori nahikoa
denik kontatutako istorioa "herrikoitzeko", eta hori, nobela ia argitaratu
eta berehala lekeitiarren baten eskuetara iritsi zela suposatuz, eta horrek
are zailagoa egiten du prozesua. Arrantzale zaharrak Azkuenari kantatu zionean
eta honek balada jaso zuenean, demagun, 70 urte baldin bazituen, eta bilketa,
esate baterako, 1905 inguruan egin baldin bazen, horrek 50 urteko epe urria
uzten du literatur-bihurketarako. Laburregia. Gainera, arrantzale zaharrak
20 urte izango zituen jada, gutxienez, abestia sortu zenean, eta beraz, nola
sortu zen gogoratuko zen, eta jakina, egilearen izena eta sorrera-urtea esateko
gai izango zen. Baina Azkuenak "sinestezina" dio, hau da, arrantzale zaharrak
ez zituen sorrerari buruzko datu horiek eman, eta horrek seguru asko esan
nahi zuen ez zituela ezagutzen eta agian Azkuenari esan ziola txikitan ikasi
zuela bera baino zaharrago batengandik, eta hark, aldi berean, aurreko beste
batengandik ikasi zuela, eta abar, baina apaizak ez dio sinesten.
Zein pentsatu ote zuen Azkuenak izan zela bidea hain denbora laburrean nobelatik
baladara igarotzeko?, literatura ona gogoko zuen herriko maisu bat? , bertako
aristokrata ilustraturen bat? , Parisen banketxe garrantzitsua zuten Uribarren
familiaren edota Abaroa familiaren kideren bat? , eta, nolanahi dela ere,
zein hizkuntzatan iritsi zen Moby Dick-en lehen alea, ingelesez, frantsesez…?
. Baina, utz dezagun horrela, horiek ez baitira usteen inguruko susmoak baizik.
Guztia presatsuegia da egia izateko. Azkuenak gaiari buruzko bere iritzia
eman zuenetik ia ehun urte igaro direla, eta bere arrazoibideak zehazki ezagutu
gabe ere, bere hipotesia da benetan "sinestezina" gertatzen dena. Logikoena,
egiantzekoena gertatzen dena guztiz kontrakoa da, hain zuzen ere: abestia
Moby Dick-en argitalpena baino lehenagokoa dela. Beste inongo espekulaziorik
gabe. Lehenagokoa eta kito. Gero, beste datu batzuen berri izaten hasi nintzenean,
guztiz beste era bateko hipotesia hasi zen jaiotzen.
Begien bistakoa da abestiaren alde nabarienek erakarri zutela Azkuenaren arreta,
eta segidan, nobelatik eratorria zela pentsatzera igaro zela, besterik gabe,
arreta handiagoz aztertu izan balitu datatzearen inguruko argitasuna eman
izango zioten bertsoaren beste zati batzuk ahaztuz. Litekeena da Azkuena baladak
zituen alderdi historiko horiez ere ohartzea baina alde bat uztea nahiago
izatea, inolako oztoporik gabe, abestia baztertu ahal izateko. Baina litekeena
da, era berean, Azkuena ez ohartzea nik orain iruzkinduko ditudan abestiaren
alderdi hauez.
Bigarren estrofak "plaza barrixa" aipatzen du, Santa Maria elizaren inguruan
kokatua eta paseatzeko eta itsasoari begira egoteko aukera ematen duena, eta
horri esker 1865-86 inguruan koka dezakegu ante quam non, urte hartan urbanizatu
baitzen gaur egun udaletxearen eta elizaren artean dagoen plaza, Kioskoaren
Plaza esaten zaiona, gertakizun horri buruzko dokumentuak ugariak dira, izan
ere . Ahapaldiak aditzera ematen du obra publiko hori amaitu eta berehala
egin zela abestia, hori adierazten du, izan ere, "badogu plaza barrixa" esaldiak,
eta egileak lehen hor hondartza eta ontziolak zeudela gogoan izateak adierazten
du zein denbora gutxi zen toki horretatik jarduera hori desagertu zela. Hirugarren
bertsoak, bestalde, herriari zegozkien auziengatik etsaiturik zebiltzan itsasoko
alkate bat eta lurreko alkate bat aipatzen ditu. Horrek post quam non delakoa
1733. urtean finkatzeko balio du. Urte hartan bateratu ziren, izan ere, udal
agintari bakar batean Arrantzale-Kofradiaren burua eta itsasoko lanetan aritzen
ez ziren Lekeitioko bizilagunen burua, horrela, XV mendearen amaieratik zetorren
egoera bati, udal bakarrean bi errejidore izatearen egoera bitxiari amaiera
emanez .
Aurrekoa kontuan izanda, 1685-86an plaza amaitu zenetik, bi agintarien arteko
auziak oraindik konpondu gabe zeuden 1733 bitartean koka dezakegu baladaren
sorrera. Azkuenak suposatu zuen gutxi gorabeherako data baino 170-120 urte
lehenagoko datatze bat suposatzen du horrek.
Abestiak aipatzen dituen beste alderdi batzuk aztertuz eta leloaren edukiarekin
hasiz, lehenik eta behin aipatu behar da Anakabe abizen arrunta dela Lekeition,
Ondarroan eta inguruko herrietan. Laidako hondartzatik hurbil dagoen Ibarrangeluako
oinetxean dago bere jatorria, eta Erdi Arotik aurkitzen dira Lekeition abizen
hori daramaten bizilagunak. "Acabe" jatorrizko izenaren forma endekatua litzateke,
antza denez. Itsasoan gertatutako ezbehar bat aipatzen da, gainera, ontzia
eta eskifaia galdu ziren ezbehar bat, eta ezbeharraren arduradun izanik bizirik
atera zenaren gaixotasuna eta eromena. Zoritxar horrek obsesioa ekarri zuen,
"billatzen dot etengabe", eta helburua, erredentzioa iristea, "nire askatasuna",
zorigaitzaren bidez, "nire galera". "Gixon erdixe" izatearena, berriz, "osasune
ta burue" galdu izanaren errepikapena izan liteke, baina hala ez balitz, horrek
esan nahiko luke ezbeharraren ondorioz gorputz zatiren bat galdu zuela gainera
(fisikoki nahiz funtzionalki). Hori bera adierazten du, antza denez, lehen
bertsoaren hirugarren ahapaldiak gorputz zati baten gabezia gorabehera arimak
osorik jarraitzen duela dioenean.
Bertso guztiek bost ahapaldiko eskema bera dute. Bertso bakoitzeko azken bi
ahapaldiek amaiera antzeko bat osatzen dute, laugarren bertsoko maitea ondoan
izatearen, ikustearen, entzutearen eta ukitzearen atseginari, bosgarreneko
itsasoko izaki batekin elkartze beldurgarria kontrajartzen zaiola. Berez,
ahapaldi horiek leloaren laugarren eta bosgarren ahapaldien eskema errepikatzen
dute, maitea askatasuna delarik eta piztia izugarria, galera. Inon ez da esaten
zein animaliaz ari den zehazki, baina marruaren aipamenak eta, batez ere,
latinezko nahiz gaztelaniazko kultur hitz bat euskaratuz "orrendua" hitza
erabiltzeak ez du zalantza izpirik uzten: baleek marru egiten dute eta Lekeitioko
hiribilduko armarrian, arrantzale-txalupa baten ondoan eta txalupa bera bezain
handia den itsasoko animalia baten ondoan, latinezko esaldi bat dago: horrenda
cetae subjecit, hau da, "balea izugarriak suntsitzen ditu" Azken bertsoaren
azken ahapaldiak "deabrua"-rekin parekatzen du izaki hori, hots, gaitza berarekin.
Lehen bertsoa, bigarrena eta hirugarrena baino filosofikoagoa da nolabait,
eta bigarrena eta hirugarrena, berriz, deskriptiboagoak dira. Lehen bertsoan
beste kontrajartze batzuk aurki daitezke: itsasoa arriskutsua da eta hil egin
dezake, baina aldi berean, elikatu eta bizia sortzen du; ozeanoko zeruertzaren
zabaltasun garbia eta horren aurrean gizakiak duen nahaste-sentipena; edota
espiritualtasunaren betiereko osotasuna. Hemen interesgarria da "urrutikua"
hitza nabarmentzea, izan ere, arriskua non dagoen esan gabe ere garbi dago
ez dela itsasbazterreko arrantzaz ari, urrutian egiten den ur handitako arrantzaz
baizik. Non? Ezinezkoa da hori zehaztea, baina jakina da euskal arrantzale-abesti
batzuek "urruti" aditzondoa eta "Indiak" hau da, Ameriketako kontinentea lotzen
dituztela .
Bigarren bertsoak herriko plaza berria deskribatzen du, lehorreko bizimodu
atsegina aipatuz, familiarekin eta egonean, berriz ere itsasora itzuli beharraren
aurrean. Hirugarren ahapaldiak, berriz, sexu-aipamen bat egiten du agian,
gizonak eta emakumeak "beren biarrak asiaz" dabiltzala esan ondoren itsasoak
eta ibaiak nola bat egiten duten deskribatzen duenean. Datatzeari buruz aipatutako
susmoak berretsiz, "Isuntza(ko) zubi zarra"-k zurezko zubi zaharra izan behar
du nahitaez, eta ez 1772an Joseph Santos Calderón de la Barca-k eraiki eta
gaur egun oraindik ere zutik dagoen arku eder modernoa.
Abestia 1686 eta 1733 bitartean egina izan zela egiaztatzeak eta bere ahapaldien
edukiaren bitxitasunak igarkizun liluragarri baten aurrean jarri ninduen,
eta nire ahalbideen neurrian argitzeko asmoa hartu nuen. Abestiaren zati batek
egiazta daitezkeen gertakizun historikoak aipatzen ditu, herriaren aldaketa
fisikoei eta gatazka politikoei dagozkienak, zergatik ez pentsatu gainerakoa,
itsasoko ezbehar batekin loturiko zorigaitz pertsonala ere benetan gertatu
zela? Susmo horretatik abiatuta, nire asmoa baladak kontatzen zuen guztia
benetan gertatu zen egiaztatzea zen, eta horrek, abestian lehen pertsonan
hitz egiten zuen protagonistarekin hastea eskatzen zuen.
Lekeitioko Arrantzale-Kofradiako Agiritegiko liburuak aztertzean izan nuen
lehendabiziko sorpresa. Larruz estalitako zurezko estalkiz babestutako sei
liburuki zainduen bosgarrenean Pedro Anacabe delako bat aipatzen da, pinatza
batean (Santa Katalina izenekoa) lehendabiziko aldiz 1703an erroldatu zen
arrantzalea eta hala jarraitu zuen 1710. urtea arte, baina azken lau urteetan
tamaina handiagoa zuen patatx batean (Magdalenan) aritu zen. Hurrengo urtean
hamabi gizonen patroi gisa agertzen zen ketxemarin bat (Gure Ama Errosariokoa)
gobernatuz, eta hiru urte eman zituen bertan. 1714an ez zen Lekeitioko eskifaia
bakar baten partaide gisa agertzen, eta orduan pentsatu nuen agian urte horretan
hila zela. Garai hartan zein adin izan zezakeen ez nekienez, ezin nuen jakin
adineko pertsona zen ala ez. Ondorengo urteetako erregistroak arakatu nituen
eta haietan ere ez nuen bere izena aurkitu. Itxura guztien arabera desagertua
zen, Lekeition arrantzale gisa behintzat. Agian herritik alde egin eta beste
nonbaiten finkatu zen, agian lanbidea aldatu zuen, edota, seguruenik, hila
zen. Bide batez, ez zen Anacabe abizeneko beste inor 1670-1740 bitartean arrantzan
aritu.
1714 urteari zegokion liburukiaren 81. folioaren ertzean idatzitako ohar ñimiño
batek piztu zuen berriz ere bere pausoei jarraitu ahal izateko itxaropen izpi
bat. Horrela zioen: "Herri honetako patroi onenetarikoek ontzigile eta negozio-gizona
den Oletako don Manuel de Gárate jaunarekin egin dute kontratua". Zitekeena
zen Pedro de Anacabe "onenetarikoetakoa" izatea, baina, nola jakin? Egia dena
da, bere izena Arrantzale Kofradiaren liburuetan agertzen denetik aipatzeari
uzten zaion arte igarotzen diren hamabi urteetan etengabe egiten duela gora
(esan dezagun horrela, gaurko ikuspegitik begiratuta), ontzi txiki batetik
handiago batera, eta gero beste handiago batera, eta bere erantzukizuna ere
handituz joan zela, arrantzale soil izatetik patroi izateraino. Bere eginkizunetan
langile traketsa edota alferra izan balitz ez zuen halako ibilbidea egingo.
Hori uste izatekoa da behintzat.
Pedro Anacaberen biografia hobeto kokatu behar nuen eta Santa Maria parrokiako
Bataiatuen liburua aztertzea erabaki nuen noiz jaio zen jakiteko eta bataioko
erregistroak eskain zitzakeen bestelako datuen berri izateko. Erraza izan
zen bere sarrera aurkitzea: XVII. Mende osoan izen hori zuen bataiatutako
haur bakarra 1688ko ekainaren 3an jaio zen, "Areatzako ontziolan arotz lanetan
ibiltzen den Juanen eta Ana brodatzailearen semea, biak Atea auzokoak" . Horrek
esan nahi zuen Anacabe 15 urte zituela itsasoratu zela lehen aldiz eta 23
urterekin ontzi bat gobernatzeko eta eskifaia handi baten buru izateko eskarmentua
eta heldutasuna zuela. Onenetarikoa izan behar zuen, dudarik gabe.
Aurkikuntza horrek asaldatuta, Ezkonduen Liburura jo nuen, eta berriz ere,
Pedro de Anacabe aurkitu nuen, oraingoan 1718ko irailaren 5ean Maria de Aboitizekin
ezkontzeko, biek 30 urte zituztela. Erretoreak ezkonberrien helbide berria
idatzi zuen, gainera: "Beaskokalea, 12" . Aurkitzen ari nintzen guztiagatik
pozak zoratzen, Hilen Liburua kontsultatu nuen, itxaropen handirik gabe, baina
nire harridurarako aurkitu nuen Pedro de Anacabe 1769ko apirilaren 2an hil
zela, 81 urte zituela, Beaskokalearen 12ko bere etxean, "biriketakoak jota"
.
Galderak ezinbestekoak ziren: Zer gertatu zitzaion Anacaberi 1718-1769 bitarteko
urte luzeetan?, nola ziteken bere lanbidean hain hasiera ona izanda itsasoarekiko
harreman guztiak etetea, Lekeitiotik gutxienez, eta hala ere Lekeition bizitzen
jarraitzea?
Barkatu, kongresulari jaun-andreok, hemendik aurrera azalduko dizkizuedan
aipamenei hitzaldi zientifiko baterako batere egokia ez den deskripzio-kutsua
ematen baldin badiet, baina beste aurkikuntza bitxi batera eraman ninduen
gogoeta eta ekintzen prozesua azaldu nahi dizuet.
Bat-batean ohartu nintzen ordu arte ezerk ez zituela benetan Pedro de Anacabe
eta baladako pertsonaia lotzen. Bien artean zegoen lotura bakarra zera zen:
aldi batez itsasoko jardueretan ibili zen Anacabe delako bat Izaldea eskualdeko
hirian jaio eta bizi izan zen garaian egin zela abestia. Baina bere aita ontziolako
arotza izateak, hau da, ontzien eraikuntzan lan egiteak eta, gainera, Areatzako
ontziolan aritzeak, harreman zuzenean jartzen zuen abestiarekin, bigarren
bertsoaren hirugarren ahapaldiarekin, zehazki: "Aita, ontzixak eitten zenduezan
len emen are gañian", hau da: zuk eta beste arotz batzuek ondartzako arearen
gainean ontziak egiten zenituzten . Horren ondoren ez nuen duda izpirik ere:
Pedro de Anacabe izan zen Azkuenak zentsuratutako abestiaren egile edota eragile
zuzena.
Nire harridura are handiagoa izango zen handik gutxira. Ahal izan nuen bezain
laster Beaskokaleko 12. zenbakia zeraman etxera jo nuen. Badira zenbait hamarkada
eraikina hutsik dagoela, inoren arretarik gabe, eta inork ezer egiten ez baldin
badu, gainbehera etorriko da erremediorik gabe. Oraingoz, utzikeria-kutsu
nabarmena baldin badu ere, ezin ukatu ditu bere jatorri noblea eta zenbait
mendetako antzinatasuna. Eraikinaren harlanduzko aurrealdeak, bi solairutan
banaturiko errementaritza-lan fineko balkoiek, etxabeak eta habe egoki zizelkatuek
eutsitako erlaitz irtenak adierazten dute etxe hori jaso zuenak egoera ekonomiko
erosoa zuela. Estilo orokorrari begiratuta esan daiteke eraikina XVII. mendearen
lehen erdikoa dela. Beraz, Pedro eta bere emazte Ana han finkatu zirenean,
eraikinak mende bat zeraman dagoeneko zutik "beheko kalean" bere irudi ederra
eskainiz.
Ezin nueln ulertu nolaz erosi edota are alokatu ahal izan zuen Ateako auzoan
bizi zen eta ontzien eraikuntzan lan egiten zuen arotz baten semeak, portu
txiki bateko neurri ertaineko ontzi baten patroi izatera iritsi zenak horrelako
etxe bat hiribilduaren erdian. Txalupa txikietan egiten zen bisiguaren kostaldeko
kanpainak (itsasbazterreko arrantza) eta txalupa handiagoetan egiten zen bakailaoarenak
eta balearenak (ur handitako arrantza) ez zuten horrelako etxe bikainean bizitzeko
adineko aberastasunik sortzen, ontziaren jabe izan ezean behintzat. Pedro
de Anacabek 1714-1718 bitartean, herriko arrantzaleen taldea utzi ondoren
egin zuen lanak halako gastu handiari aurre egiteko adinako dirutza egiteko
aukera eman ote zion? Eta, hala izanez gero, zertan lan egin zuen eta non?
Atetzarra erdi zabalik zegoen, eta etxabeko zikina eta iluntasuna gorabehera,
barrura sartu nintzen. Linterna txiki baten laguntzaz goitik behera miatu
nuen etxea. Itxura guztien arabera eskaleak, igaroko gazteak, mozkorrak edota
okerragoak lo egin dute han sarritan, gelak eta hormak zikinduz, eta dauden
traste urriak txikituz. Bazter batean sua egin izanaren aztarnak daude. Egoera
nahiko txarra da, oro har. Itoginak ugariak dira teilatuan eta haizea aske
dabil oztoporik gabeko leihoei esker. Zurezko zorua ustelduta dago han-hemenka,
zartatuak ugariak dira hormetan eta hondamendi larria nabari da orokorrean.
Itxura guztien arabera, kanpoko hormak eta zeharkako habe handiak dira egoera
onean dauden bakarrak, oraingoz. Nolanahi ere, ohartu nintzen etxeak etxabea,
bi solairu eta teilatupea izan arren familia bakar batentzat egina zela: sukalde
bakarra, komun bakarra, kaletik sartzeko ate bakarra… Ganbaratik eta teilatuan
ahokaturiko leiho batetik portua ikusten da, apaizen kaia, San Nikolas uhartea,
Lea ibaiaren bokalea eta Karraspioko muturra, ipar-ekialdera itsasoa…
Leihotik kanpora atera nuen burua deskribatu berri dudan hiriko paisaia ikusteko,
eta berriz sartu eta jaisteko bira egitean, itsuturik gelditu nintzen bat-bateko
iluntasunaren eraginez. Geldirik egon nintzen une batez, begiak itxita, beste
pausorik eman baino lehen ilunantz hartara ohitzeko, ez nuen, izan ere, pauso
txar bat eman eta estropozo egin, edota taula hauskor bat zapaldu nahi. Betazalak
jaso nituenean, etxearen atzealdea osatzen zuen harrizko hormaren barrualdea
ikusi nuen aurrez aurre, eta han, armiarma-sareen eta hezetasun-orbanen artean
erdi ezkutaturik, era trakets baina argian zizelkaturik, ia metro zabal eta
beste hainbeste garai, zirkulu bat ikusi nuen: eskuineko erdian, beheko aldean,
ontzi bat urperatzen ari zen, eta goiko aldean, balea bat ezker alderantz
igerian; ezkerreko erdian elementu bat besterik ez zegoen, zango biluzi bat
eskuin aldera begira (zizelkaturiko marrazkiaren kopia bat egin dizuet). Badirudi
egileak, eskuineko zatia irudikatu eta marrazteko, Lekeitioko ezkutu ofizialaren
konposizio-eskema izan zuela gogoan: ezkutuan, balea arpoiaz jotzeko zorian
daude arrantzaleak, zizelkaturiko marrazkian ekintzaren hurrengo sekuentzia
ikusten da, baina ez piztia hilik eta arrantzaleak zoriontsu (emaitza ona),
ontzia hondoraturik eta arpoilariak uretan (amaiera txarra) baizik.
Marrazkiaren arrastoek adierazten zuten toki batzuetan harrian ia zentimetrorainoko
erretena egiteko gai zen zer gogor eta zorrotz batekin eginak zeudela. Behin
eta berriz igaro behar izan zuen hori egin zuenak puntzoia marrazkiaren arrastoetan
zehar. Emaitza baldarrak, trebezia artistiko urria adierazten zuen, baina
erabakitasun eta seta handia, gehiegizkoa, esango nuke nik. Irudi haren egileak
orduak eta orduak eman zituen zeregin horretan, baina, nork igaro ote zuen
hainbeste denbora ganbara ilun eta deseroso hartan sartuta halako lana burutzeko?
galdera egitearekin batera, ia dardaraz, erantzuna banekien susmoa baztertu
nuen.
Nire hitzaldiaren puntu honetara iritsirik, litekeena da zuetako askok uste
izatea orain iragarriko dudala nire ustez Moby Dick nobela Lekeition lurperatutako
istorio batean oinarrituta dagoela, eta mende askoz ahantzirik egon ondoren,
ustekabean orain aipatzen ari naizen aztarna xume hauek agertu direla. Ez
naiz hain inozoa. Guztiok dakigu Melvillek kontatutako balea zuriaren istorioa
benetako gertakizun batekin loturik dagoela, Iparrameriketako Nantucket uharteko
Essex izeneko baleontzia 1820ko azaroaren 20an Hego Pazifikoan urperatu zeneko
gertakizunarekin, hain zuzen ere. Nahiko jakina da Melvillek Nantucket-eko
ohiturak eta jendea erabili zituela eta katxalote batek Essex ontziari egindako
erasoa, bere epopeia idazteko, gorengo eszena bereziki, itsasoko zorigaitz
haren alde ikaragarriena baztertuz, hau da, eskifaiako hogei gizonak ia ehun
egunez egon zirela itsaso zabalean, otsailaren 23a arte, itsasoz lau mila
eta bostehun milia baino gehiago egin ondoren, eta bizirik atera zirenak hildako
lagunak jan zituztelako iraun zutela bizirik. Melville bera, gaztetan baleontzi
batean lan egina zen, 1840an itsasoratu zen lehendabiziko aldiz Nantucket-en,
eta itsasoari eta balearen arrantzari buruz zekiena erabili zuen bere istorioaren
sinesgarritasunari eusteko. Are odisearen protagonista batzuk zuzenean ezagutzeko
aukera izan zuen.
Pedro de Anacaberen istorio zatiak ezagutu ondoren, Owen Chasek, erasotako
ontziaren ofizial nagusiak idatzitako 128 orrialdeak irakurri nituen; izenburu
honekin argitaratu ziren Narrative of the Most Extraordinary and Distressing
Shipwreck of the Whale-ship "Essex", of Nantucket (New York, 1821); Thomas
Heffernan-en Stove by a Whale: Owen Chase and the "Essex" (Hannover-Londres,
1981) eta Henry Carlisle-ren The Jonah Man (New York, 1984) ikerketa berriagoetan
ere murgildu nintzen. Era berean, Essex ontziko itsasmutilaren, Thomas Nickerson-en
kontakizuna ere ezagutu ahal izan dut, duela gutxi aurkitu eta argitaratu
baita izenburu honekin: The Loss of the Ship "Essex" Sunk by a Whale and the
Ordeal of the Crew in Open Boats (Nantucket, 1984).
Zoritxarrez, kontakizun eta ikerketa horietako bakar batek ere ez du Acabe
kapitainik nahiz Pedro de Anacabe delakorik aipatzen, eta ezta berriz ere
arretaz irakurri nuen Melville beraren nobelak ere. Hala ere, aitortu behar
dut liburu horien guztien orrialde bakoitzean eta aztertu nituen beste askotan,
ez nuela azkenean guztia (Lekeitio, balearen arrantza eta Melvilleren istorioa)
lotuko zuen xehetasun txiki bat aurkituko nuen itxaropenik galtzen.
Atlantikoaren bi aldeetako zatien artean lotura bat aurkitzeko itxaropena
erabat galdua nuela, Markus Rediker-en saiakera bat ikuskatu nuen Between
the Devil and the Deep Blue Sea: Merchant Seamen, Pirates, and the Anglo-American
Maritime World, 1700-1750 , eta itsasoko abestien eranskinean egungo Kanadako
uretan gertatutako baleontzi baten hondoratze tragikoa kontatzen duen kantu
bat aurkitu nuen. Ontzia Enmanuel Garat delako batena zen eta eskifaia-kide
guztiak hil ziren, kapitaina izan ezik, baina hau erotu egin zen. Pertsona
bera ote ziren Enmanuel Garat hau, ontzi-jabea eta Manuel de Gárate, "Oletako
ontzigile eta negozio-gizona", zeinarentzat hasi baitzen Anacabe, Lekeitioko
"patroi onenetarikoa" lanean 1714an? Hori ote zen lotura?
Zenbait aste eman nituen Oletako Protokoloen Agiritegian sartuta Manuel de
Gárateri buruzko dokumentazio bila. Merkataritzan eta nabigazio munduan pertsona
garrantzitsua baldin bazen, bere izenak kontratu, ziurtagiri, erosketa eta
salmenta askotan agertu beharko zuen… XVII. Mendearen lehen erdi aldean Oletan
finkaturiko notarioek idatzitako paper-sorta ugariri kendu nion hautsa. Eta,
egia, Gárate sarritan agertzen zen garrantzi handiagoko edo txikiagoko paperetan,
ez, ordea, Anacabe. Azkenean, iraunkortasunak bere saria izan zuen eta dokumentu
bat aurkitu nuen (1717ko maiatzaren 15ekoa) zeinaren bidez Gáratek Anacaberen
zerbitzuak kontratatzen baitzituen salgaiak Bordelera garraiatzeko, jatorrizko
portua eta gaiak zeintzuk ziren zehaztu gabe. Horri atxikirik Bordelen jaulkitako
epai-ziurtagiri bat dago (1718ko urtarrilaren 4koa), zeinetan Anacaberen "dit
Capitaine Acabe ou Acab selon l'appelle son équipage" errugabetasuna ziurtatzen
baita, Gárateren ontziak (itxuraz "pour la chasse et le commerce de le cachalot
dans la Nouvelle France" ) kontratatzen zituzten Bordeleko trafikanteen ustezko
zerbitzura, Afrikako itsas ertzetik Ipar Amerikakoetaraino esklaboak garraiatu
izanaren delituari zegokionez.
Hala ere, beste dokumentu multzo baten aurkikuntza izan zen nire ikerketetan
egin nuen aurkikuntza handiena. Lehendabizikoa 1720ko ekainaren 25ekoa zen,
Gáratek Oletako bankari bati jarri zion auzia, izan ere, poliza bidez salgai
bat Oletaraino garraiatzea aseguratu zuen, eta itsasoko istripu bat zela medio
salgai hori inoiz ez zen bere helmugara iritsi. Ontziaren kapitaina, Pedro
de Anacabe zen berriz ere. Esku-hartze garrantzitsua izan zuen epaian, eta
bere aitorpena azal berezia eta izenburu nabarmena daramatzan dokumentu batean
gordetzen da. Zoritxarrez, paper-sorta oso egoera txarrean aurkitzen da: goiko
aldean jana, hezetasun-orbanez josia eta, are okerragoa dena, hain zuzen ere
Anacaberen aitorpena hasten den tokian orrialdeak bereizi eta irakurtzea eragozten
duen eran zaperotua eta gogortua. Paper-sortaren jabe den erakundeari eskatu
diot esku har dezala liburu horren zaharberritze eta birgaitze prozesuan,
eta erantzun didate hiru urte beharko dituztela gutxienez egoera onean uzteko.
Adiskideok, lau urte barru egingo duzuen Literatura Kongresuan berriz hemen
izatea espero dut aitorpen horren edukia irakurri ondoren atera ditudan ondorioak
kontatzeko. Hona izenburua, eta honekin amaituko dut: San Nikolas ontziaren
zoritxar lazgarriaren kontakizuna, Pedro de Anacabe kapitainak kontatua; nola
hondoratu zen indar ezezagun batek iraulita Labrador itsasoan, nola hil ziren
eskifaia-kide guztiak, eta nola bizi izan zen aitorlea lau hilabetez uharte
izoztu batean. Gertakizun dramatikoen eta ondorio tamalgarrien kontakizun
zehatza.
Herman Melville-ren nobelari dagokionez, gaurkoz eta aipatutako dokumentuak
zerbait argitu arte, zera bakarrik esan dezaket, egile iparramerikarrak Moby
Dick idatzi aurretik entzun eta ezagutu ahal izan zituen istorio eta kondaira
guztien artean, Essex-en gertakizunak zeudela dudarik gabe, baina, horren
antzeko beste gertakizun askori buruzko kontakizunek ere eragina izango zutela
nobelaren azken itxuran, oso sarritan gertatuko baitziren horrelakoak, gero
gehienak ahaztu baldin badira ere. Eta litekeena da xehetasun zehatzak handik
eta hemendik hartu izana. Nik esan dezakedan gauza bakarra da ezagutu zituen
istorio guztien artean Lekeitioko bale-arrantzale batena zegoela, bizitzak
ustekabeko bideetatik -beretzat, tamalez, zoritxarrekoetatik- eraman zuena.
Agustín Gorrondatxena Murgialdai
Ikertzailea
Oleta, 1999ko maiatzak 23.
Adiskide agurgarriak: txostengile ohi batek, Gorrondatxena jaunak, XVIII Literatur
Kongresu honen antolatzaileei bidalitako ohartxo bat irakurri nahi dizuet.
Orain hiru urte harriturik utzi gintuen guztiok Herman Melville-ren Moby Dick-en
iturri posible bati buruzko bere ikerketa liluragarriarekin. Hona oharrak
zer dioen:
"Kongresukide agurgarriak: Tamalez jakinarazi behar dizuet San Nikolas ontziaren
zoritxar lazgarriaren kontakizuna… zeukan paper-sorta, orduan irakurtezina
zena, eta zaharberritu ondoren zer zioen jakinaraziko nizuela agindu nizuena,
erabat hondatu eta suntsitu dela zaharberritze prozesuan. Guztiz atsekabeturik
nago. Damu dut denbora honetan zuek horrelako amaiera baten zain eduki izana.
Damu dut oso gu guztiongatik, baina Pedro de Anacaberengatik bereziki, berari
gertatutakoak jakinkizun geratuko baitira gure itsasoko historian eta literatura
unibertsalaren historian. Beste hainbeste gauza bezala, inondik ere. Agur
bero bat eta mila esker zuen arreta adeitsuagatik.
Agustín Gorrondatxena Murgialdai
Ikertzailea
Oleta, 2002ko maiatzak 29.
Testuak:
Javier Gonzalez de Durana
Itzulpena: Maria Jose Kerejeta
Irakurle antzeztua: Ramon Castro
Ideiaren suspertzailea eta zuzendari artistikoa: Karlos Panera
Ekoizlea: Imanol Agirre
Lekeitiko Kale Antzerki Jaialdiaren
ekoizpen propioa, 2004ko uztailaren 9an Konpainial eleizan jokatua.