Sustraiak
han dituenak
Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak
ez bada abaildu eta oholetan
Ez du niniak begia uzten
ez bada erroi edo arrubioen mokoetan
Nekez uzten du gezalak itsasoa
ez hareharriak basamortua
Ez du liliak udaberria uzten
ez elurrak zuritasuna
Bere sorterria nekez uzten du
sustraiak han dituenak
Kristal garbitzailea
Hiriko etxe handi batean andamioa
andamio gainean kristal garbitzailea
Lehioaren barrukaldean andere bat negarrez
badirudi kristal garbitzaileak
painua kristalean pasatzean
lehunki lehortzen dituela
anderearen malkoak
Ainhoari gutunak: 21.gutuna. Ispiluaren ipuina
Ipuin portuges bat kondatuko dizut. Portugesa diot baina ez dakit non
entzuna dudan, Portugalen ez bada, Portugaleten, edo beste porturen batean…
Bazen gizon bat, bada, ziutate hurrinera bidaian zihoana, eta abiatu orduko,
emazteari galdetu dio ea zer nahi duen handik ekartzea. Emazteak besoa
luzatu eta zerurantz seinalatu zuen: ilargia.
Ziutate hartan gizonak, bere betebehar guziak eginda gero, emaztearen
eskaria oroitu zuen eta, bat-batean, hara non erreparatzen duen denda
aurrekalde batean ispilu bat, eta ispiluan ilargia. Ispilu hori erosi
eta kontent etxeruntz itzuli zen.
Bere emaztea, oparia jaso, begiratu, eta berehala negarrez lehertzen hasi
zen. Esaten omen zuen:
- Jadanik ez nau maite, ziutatetik beste andere bat ekarri du.
Emaztearen amak, alabagana hurbildu, eta, beste andere hori ea nor zen
galdetu zion. Eta ispilua so eginda honela esan omen zion alabari:
- Ez arduratu neska, andere hori zu baino zaharragoa eta itsusiagoa da.
Proposamen poetikoa
Halabeharra krudela izan zen gurekin
poeta bihurtu gintuenean.
Poesia ez da futuroz kargaturiko arma bat,
beste Gabriel harek nahi zukeenez.
Futuroa gainera -izan gaitezen serioak-
polbora bustia da
Ez dut gure fatu tristea zaildu nahi,
ofizio lagunok,
baina,
hitz eder eta ez hain eder izkiriatu dugu,
ia denok egin dugu letraren bat kantari famatu batentzat,
denoi itzuli digute testuren bat antologiaren baterako,
ia denok idatzi dugu enkarguz gidoi bat,
ia denoi eman digute sariren bat lausengu eta guzti,
denok dugu gure latifundioa edo minifundioa egunkarietan,
oroimen belak hazi eta
mintzaira kaskabelak jo ditugu,
eta, orain,
lore jokoen ondoren,
zer iruditzen zaizue poesia egiten hasten bagara?
Ez diren gauzak
Litezkeen gauzarik ederrenak
ez dira
mezurik sakonenak
ez dira oraindik esan
herrialde gehienak
herrialde ezezagunak dira
ez den zenbat gauza
ez den zenbat jende den munduan
ez den herrialdean sortu ginen
eta geu ere, esan gabe doa,
ez garena gara
dena gabezia, dena atzetasuna,
dena bitartea, dena hutsaldia,
dena aldartea, dena lekutasuna
eta egiteko gehienak egiteke ditugu
poemarik behinenak izkiriatzeke daude
ez diren gauzak ere badira
bizitza, ez diren gauzez osatzen delako.
II.galdera
Presoa zelda bazterrean
bakarrik mintzatzen bezala
baina ez
armiarma bati galdetzen dio
noiz arte?
armiarma, berehala,
zintzilikatu eta haria luzatzen jeisten da
eta badirudi hari luze hori dela
armiarmaren erantzuna
III.galdera
Leihoaren zirrikitutik haizea sartzen.
Zigor zeldan bakarrik dagoen presoaren erlojua
gelditu egin da.
Denboraren barea!
Leiho alboan hari soil bat
haizearen gora beheraka mogitzen.
Presoak hariari ea ordua dakien
galdetu dio
eta hariak, goruntz beherunzka eginez
badirudi baietz, baietz, baietz
Erantzuten duela.
Miopea
Miopea zen, oso begilaburra, bi eskuetako hatzekin zenbatzeko lain dioptria
zuen, eta puntu bat susmatu zuen airean heltzen. Oso begitxatxua zen,
bere begiak euri butzu bi ziren arratsalde goibelean, eta gainera, kalera
irtetean betaurrekoak etxean utzi zituen, ahaztuta. Ez zuen ondo ikusten
baina puntu ilun hura zer ote zen jakinmina piztu zitzaion. Begiak biribiltzeraino
zabaldu zituen, jakinminaren minez. Bista lausoegia zuen, ordea, puntu
beltza zehazki identifikatzeko. Puntua mugitzen ari zen, eta beraganantz
hain zuzen. Lepoa luzatu zuen, zera hobeto ikusteko, eta egia zen, beltzunea
airean zehar abiantzadan hurbiltzen ari zela.
Azkenean ikusi zuen: bala bat.
Baina ohartu zenerako berandu zen, ordurako bere begietatik hamar zentrimetora
zegoen bala hura, eta berak, apartatu eta bala sahiesten ahalegindu beharrean,
arinkeria itzelarekin, kalibrea irakurri nahi izan zuen.
Balak egoera hori profitatu zuen begitxatxuaren bekokiraino iristeko eta
-euli zulogina bailitzan-, burezur barrura sartzeko.
Hemen gaude eta jarraitzeko asmoarekin
Igual hasieran bertan ekibokatu ginen
mundura euskaldun sortzean.
Gero ez genuen independentzia eta iraultzaren burrukatik
apartatzen jakin.
Eman dezagun: esna,
kantu bat abestu genion
gure aberriaren sehaska hutsari
eta goiz batez El Puerto de Santa Mariako
gartzelan esnatu ginen.
Zorionez edo zorigaitzez,
anitz euskaldun ekibokatu ekarri gintuzten
espainiako azken ipurdi honetan
bizi edo hiltzera
bizi, ozta ozta gainbizi gara, hestu. Larri, ia mirariz.
eta bizitza ez da guretzat
lehen zen bezalakoa
harrezkero egundo izango
begirale uniformatuek ehortziko gaituzte
zulorik hurrin eta ilunenean,
idazkari ordainduek borratuko dituzte
gure urratsak.
Baina ekibokatuaren ohitura eta ausardiarekin
zin egin dezakegu:
Maite genuen gauzengatik erori ginen preso
baina gure maitasuna
oraindik
ez dago preso
Hitzen ondoeza
Putza:
Harrigarria da gero, batzuri, globoa inflatzeko putz egitean, burua desinflatzen
zaiela
Patioa:
Euskal Herria preso zegoen frankismopean. Frankismotik demokraziara gauzak
aldatu egin ziren, zeldako atea ireki zen. Eta demokrazia espainolak Euskal
Herria libre utzi zuen, gartzelako patioan
Artea:
Arteak ez du bizitzeko ematen. Arteak ezkurrak ematen ditu.
Zapata emiliano
Bederatzi urteko haurra, bere begi ilunak zabal-zabalik:
- zergatik egiten duzu negar, aita?
- Ugazabek lursoroak kendu dizkigutelako
- Eta zergatik utzi diezu kentzen?
- Boteretsuak direlako
- Ba handitzen naizenean, joango naiz eta kendutako lur guztiok itzultzeko
eskatuko diet
Abertzaleak:
Euskal Herrian politikazko gauzak hain daude ilun eta euskaldunak beren
herriaren independentziari ala dependentziari buruz hain sinesgaitz eta
zalantzan ze, ematen du inor abertzalea denean " aber…" sarritan esaten
duelako dela.
Mandoa:
Ejerzito espainoleko buruzagia
Tarzan:
Apartheid ondoko harremanak:
- Ni Tarzan, zu Nelson Mandela
Jabetza:
Obreroak, obreroen obra obreroena dela hasi ziren esaten lantegian, jabetzaren
logika nahaspilatuz.
Jabetza lapurreta dela ere esaten zen. Lurra laborariena dela hasi zen
zabaltzen baserrietan.
Ugazaba aberatsek ez zuten logika errebeldearen aurkako argudiorik,harik
eta apeza - arima trafikante ezaguna- pulpitotik mintzatu zen arte:
- Obra obreroena dela? Soroa baserritarrarena dela? Baina, arraultza oiloarena
da, ala?
Kiromantzidxa
Ekarrixu hoan eskumako eskue,
Amen iñok eztotzu ainke eingo ta.
Onantzatxuau baña,
Ikumille eess,
Sabaldu eskue
Ta luzetu atzamarrok
Es billurtu.
Beittu, eingu sure bisimorue,
Aber:
Ensegida esangotzut.
Dana lanbrotute ikustotpaña
Estakipa estakipa…
Au etxate bape gustetan eee…
Or tiro artien saus
Itzelezko miñekin ikusten saittut
Ortxe, urrin orretan,
Gusteu bapez
Ta bestior, kartzelako soruen esaus ba?!
Setan sabix ba gisajuori?
Maittasunek, danak urriñek,
Soridxonak, danak laburrek
Lagunek asko ta asko ildde jooosaus
Beti burusbera saus ta
Ser ein eteosu orrenbeste sufrikaridxo ereiteko?
Ta errematerako, datosen egunepe,
Geruau ta txarrauek.
Igarri esin dduana da, segaitik.
Apur bat alperra baña
Sentzudune, sintzue,
Jentiek maitte saittu
Baña larrei sufridu bikosu.
Arrasia sakone bat dekosu suk nunun
Baña esineike igarri seiñ ddan.
Gobernue
Bere indder gustidxekin dator seure kontra
Polisidxak, juesak, bankeruek, danak seure atzetik
Kontuek atara!
Sein ete da ba, sure erru larridxori?
Orraikiño, nungotarra sara baña…
Ara ba,… karo!... Esara ba euskaldune!
Euskaldun jaidxo eskero
Esta arritzekue gero, suerte eskasa bisitzie
Euskaldune saaaratarra ixetie,
Indidxue ixetie
Ero baltza ixetielakue da.
Eneuke egon gure seure kolkuen.
Esattes gelditu egundo losorruen,
Deskantzu barik ibili bikosu
Baña..esaiesala egundo arrapau ustebakuen
Se, edonun eta edonos
Akabauko saittue,
Ondo aittuostesu?
Eta horrenbestegas, kitto nire esatekuek,
Berreun pesta baño es,
Ondo merkie eee?
Kalean dabidxen presidxuekaz konparetan bosu,
Semapida ba, bizitzeko?!
Dana dala,
Nik soritxarrari deskuentue eittotzet,
Ta ain melankoliko gerau esaittesen
Kafe bat atarakotzut
Keie daridxola,
Kanpoko lanbroartera urtedxeran
Urdaille sikiera epela eruen deixun
Eta kontus ibli ortisier se
Ixen be,
Ondo sorue da mundu au bisi gariena!
Soldado hilaren ama
Goizean jaso du gutuna
Michel Iriart soldaduaren amak
Semeak kasernatik izkiriatua,
Eta ireki orduko
Auzokoei erakutsi die.
Gero, sukaldera sartu
Eta irakurri du:
" Gerla maniobratan ari gara
gure etsaiena ere
geuk egiten dugu
eta, badirudi,
ez dugula eguberriotan
etxera joaterik ukanen,
bidal iezadazuz gaztainak,
mosuak, Michel".
Amak orain
Gutuneko beste paper zatia ireki ,eta,
Letra ezagutu gabe,
Soegin du:
" Gutun hori eman zidan bart Michelek,
goizaldean hil da,
lagun paregabea zen gu guztiontzat,
doluminak, Jean Larrieu".
Ama, malkoak dukatu,
Bigarren papera amantalpean gorde,
Eta kalera doa semearen gutuna auzokoei irakurtzera
… eta gaztainak erostera.
Izena
Mariasun eta izarlokak
Arrats batez izeba Mariasunek esan zuen:
" izarloka bat ikusten baduzue, desira bat pentsatu eta konplituko zaizue"
Eta gau haretan ohetik ihes egin genuen, eta gau osoa izarlokaren zain
pasatu genuen, begiak ortze zohardira zabal zabalik.
Eta halako batez, izarretarik bat mogitzen ikusi nuen gau ortzearen alde
batetik bestera. Eta izarloka hura begiratuala ene desira ahalik eta argien
eta sakonen pentsatu nuen. Eta uste dut denok ikusi genuela izarloka eta
denok hausnartu genuela bakoitzak bere nahia. Eta inori ez zitzaion nahia
bete.
"Baina gure desirak ez dira kunplitu?!" esan genion biharamunean gure
izebari. Berak gogoeta egin zuen, goizeko zeru izarrik gabeari begira,
eta ez zuen deus esan.
Bere alboan Jenfri Bogar zegoen, eta ez zuen sekula hhitz egiten - ingelesez
besterik ez zekiela uste genuen guk- baina isil une haietan, espainetatik
xigarro motza soltau gabe, erdi esan zuen:
- Izarloka eta satelite artifizialak bereizten ikasi behar duzue oraindik".
Conversation
in Reno
Etxahun: Hi, hi ez haiz ba, Josemariren semea?
Gorka:what?
Etxahun: Josemariren semea haiz?
Gorka: what?
Etxahun: Ea hi haizen Josemariren semea…
Gorka: I`m sorry, i don`t understand
Etxahun: Baina hi haiz Josemari Etxarrikoaren semea, ez?
Gorka: What?
Etxahun: Elkarrekin heldu ginen honantz, duela hogei urte ez dudala ikusi
hire aita…
Gorka: what?
Etxahun: zer guat eta zer guat! Josemarik etzakik inglesik eta!
Gorka: No basque, no basque
Etxahun: Nobask, nobask! Ba hoa porculotik hartzera!
Biluzteko orduan
Ohe bazterrean besarkatu ginenean
maitasun poema bat eskatu zidan.
Izterrak ene giltzurrinen inguruan
estutu zituenean
maitasun poema bat eskatu zidan, berriro.
Zer egin? Poeta ofizioa ez da erreza,
Rainer Maria Rilkek
poesia odolezko izerdia dela esaten zuen.
Zertarako ekarri izua eta ikara
izara artera…
Larruak ematen duenarekin aski da,
eta dena dela
larrua jotzeko ez da derrigorrez giro
hain poetikorik behar.
Biluzten bagara errezagoa da.
Heriotza
Nik badakit abereak zelan hiltzen diren,
Batzuk silioka hasten dira
Bizitza hatsetatik galtzean
Eta begiak zabaltzen zaizkie
Elezaharretako tristura guzia baino tristeagoa den begiradarekin.
badakit zelan nagusitzen den heriotza
lekukoa izan naizelako
eta ez da gero zeremonia ederra.
Nik bertatik bertara ikusia dut
lagun bat hiltzen,
begiak zabal-zabalik,
mundua begiratzen jarraitu nahi bailuen,
eta irribarrerako keinuarekin geratzen
baina ez zen irribarre keinua.
Lekuan egotea ere ez zen batere samurra izan,
hilaren izena paper batetan
izkiriatzeko eskatu ziguten
eta une haietan ez genuen inon aurkitu
tintadun boligraforik.
Eta hondamendi guzien exenploa bailitzen
beilatu genuen gorpua ordu erdiz.
Heriotza ez da ederra eta ez da sekula izango.
Bizitza heldu da eta zure begiak ditu
Bizitza heldu da eta zeure begiak ditu.
Euskal arazoak irauten du
eta Europakoak
eta Ameriketakoak
eta Afrikan bada arazo pilo bat
eta Ozeanian bi bakarrik,
bata bestea baino garrantzitsuagoak.
Baina garrantziak ez du garrantzirik orain
larruak dirauen artean.
Ez diezagutela jaurti gerla kronikarik
( nahikoa da geure gela kronika)
ez Kimikaren behin betirako pott egitearen albistea…
Munduko arazorik larriena zara,
fisika guzien gainetik eta kimika guzien azpitik ,
bataila guzien ama.
Eta publikoki aitortu dut guzi hau,
amodioa ez delako
(baten batek uste duenez)
bi edo hiruren gauza,
amodioa denon arazoa da.
Poesiaren gauza galdua
Ene aberri eta sasoiko poetok
mundua ahoskatzeko maneran
partaide garelarik,
zuekin batera aurkitu nahi nuke
gure hitzen zentzu eder galdua.
Nork daki okerreko eskaileratik igon ez garen honaino.
Gure lur okupatuari, gure arbaso zakarrei,
gure hizkuntza baztertuari erreparatzen badiogu
badirudi ez dugula ez aberri, ez sasoi, ez mintzaira,
ez kantarik, geuk asmatuko duguna baizik.
Auskalo norena den errua,
agian geure da, eta urrutirago joan gabe
geure buruaren aurka ekin beharko dugu.
gure bakardadea baino zabalagoak gara
eta leiho ttipirik ez,
zabal dezagun leihoa horma baino zabalago:
Kanta dezagun sehaska kanta bat!
Ganbarako botila hutsak zaborretara
Eta lore eta ilargi eta ispilu eta begi
eta amets eta izar eta bihotz dekoratiboak
eta amour eta tujourslako errimak zaborretara.
Astin dezagun hautsa doministikunera arte.
Altxa dezagun maldarik malda
gure gogoaren bandera baldartua.
Kanta diezaiogun sehaska kanta bat gure aberriari.
Poesiak ez du deus aldatzen,
ez inor fanatiko bihurtzen
baina ekin dezagun harik eta
gure aberri eta sasoiaren tankerako hitzak aurkitu arte,
munduarekin, mendearekin, jendearekin nahasteko modukoak.
Poesia egitea ez da gauza itzela,
lengoaia ber egitearen joko hutsala,
gogoeta harilkatzeko manera emendatzea,
obra inperfektoa gehienik,
baina eman dezagun
limonada prestatzea bezain
ekintza humano eta duina dela.
Kanta diezaiogun sehaska kanta bat
gure aberriaren sehaska hutsari.
Haize gorria
Zatoz haize gorria
gure herrialdera
eguzkia paisaiaren ortzemugara eramatera,
zatoz hostoak lehortzera
gorostiak handitu eta lehertzera
intzirika.
Zatoz haize zoroa
guardasolak okertzera
teilak mogitzera arranoa bezala
hegalak zabal zabalik
ez zaitez ederra izan, ez abila
izan zaitez dorpea.
Zatoz,
erauz itzazu jaun andereen maskarak
galeraz itzazu hegaberak zeruetan
zatoz errime
munduko gauzek beren moldea zein den ahantz dezaten,
sosegu zuri guziak lohitzera.
Erdu indarrez
zuhaitz zaharren adarrek, eroturik,
gure etxeetako ateak hauts ditzaten.
|