bihotz bakartien kluba



Gure gaurko sexuari, haragiari, maitasunari, erotismoari eta enparauei buruzko hausnarketa poetiko hau hasi baino lehen, bihotz bakartien klubekook, XII. mendean Aymeric Picaud zeritzon koblakari probentzalari gure eskerrik beroenak eman gura dizkiogu. Izan ere, bera izan zen sasoi hartako euskaldunek larrua jotzeko eta beste hainbat lizunkeria eta zikinkeria praktikatzeko omen zituzten berri eman ziguna. Haren kantuengatik dakigu gure arbaso alu-jale eta txorta-zaleek hanka bikoak ezezik, lau hankakoak ere biziki estimatzen zituztena. Entzun bestela Peraltako markesari buruzko koplak dioena:

El marques de Peralta
detrás de la burra va. (bis)
Y va, y va,
la burra levanta el
Peralta le mete el nabo
ah, ah, ah



Kontuak atara! Delako Peraltako markesa, Jose Maria Escriva de Balaguer zen, duela gutxi santifikatua eta Opus Deiren sortzailea!!

Bueno, besterik gabe, has gaitezen gizakiongan berezkoa den sexuari buruz literaturak jaso dituen aitorpen, fantasia eta ezinen bilduma erotikoarekin.



Catulo erromatarraren poema honetako protagonista Rufok, arazo handiak zituen sexu-harremanak izateko, bere besapeetako kiratsak, beharrizan gehien zutenak ere uxatzen baitzituen.



Catulo

RUFO, EZ ZAITEZ HARRITU

Ez zaitez harritu Rufo, emakume batek ere
bere izter delikatuak zure azpian jarri nahi ez baditu, jantzi exotiko edo harribitxi garden batekin zirikatzen baduzu ere.
zure besapeetan aker basati bat bizi dela dioen
zurrumurru maltzur batek kalte egiten dizu, horren beldur dira denak
eta ez da arraroa
izan ere, neskatxa ederrek ez dute akerra ohelagun gisa nahi
Beraz, ken ezazu sudurrerako hain jasanezina den kirats hori edo
ez zaitez harritu
neskatxek zure ondotik hanka egiten badute.



Violeta Rangel heroinazalea, seropositiboa eta kalean bizi den neska andaluza da( edo zen, ez baitakigu bizirik dagoen) . Sexu usaina darien poemak idazten ditu eta honako honetan, gorputza alokatzen duten emakumeek izaten dituzten lan-harremanak, azaltzen ditu , gordintasunaren gordinean.


Violeta Rangel

Hortz lingirdatsuez jan nion buztana
oilasko frijituaren zaporea zuen, izozturik dagoenarena
Onartu nizkion pattarra, ardaia eta sudurretik sartzekoa,
Dena onartu nion, laxa zekion lortzearren
ez nuen besterik

Baina ez, ez zidan bere ilunbetako
merkatari gotorra laxatu



Egia esan, emagalduen eta gizonezkook fusila garbitzeko dugun ustezko beharrizanen artean, amodio-gorroto, kausa-ondorio harreman estua dago.
Hala azaltzen du Simon Gandarias Elantxobekoak, 1932an Boisen, Idahon, euskanglishean argiratu ziren bertso-paper hauetan. Bertsootako protagonista den damak, emagaldua baino, zakilak jezteko makina dirudi:


1932an Boiseko emagalduek bezeroak lortzeko arazorik ez bazuten ere, Violeta Rangelek dioena aintzat hartuta, Bartzelona postolinpikoan ez da horren erreza bezeroak bereganatzea. Globalizazioaren eragina, akaso.


Violeta Rangel

LIBURUAREN EGUNA

Madarikatua, amaituzak behingoz! Tira, mugi hadi!

Zigarro bat pizten eta leihora hurbitzen naiz

Aizak! Ez du papela bat edo goma bat izango?

Kalean giro bizia dago:
betiko hotza, betiko jendea
sosen bila
Madero batzuk barrez lehertzen ari dira,
pipa eskuetan,
paisa bat farola batekin txortan egitera behartzen dute

Telebistako tipak
lasaitu egiten nau
Liburuak, larrosak
Cervantes sariaren garrantzia
( aurten kubatar bati eman diote),
erregea, betiko moduan, jendea irriz agurtzen

Txarnego batek,
hurbildu, eta
asuntorik dagoen galdetzen du,
eta Palmirak,
aitzakia profitatuz,
pentsiora igotzen du. Txaloak.

Gaur lako gauek
urdaila zabaltzen didate



Orain arte, baina, gizon eta emakumeen artekoez aritu gara. Baina zer dago emakumeen artekoez, gizonen artekoez, emakumeen eta txakurren artekoez, gizon zaharren eta mutil gazteen artekoez?

Giorgio Baffo , XVIII mendeko poeta veneziarrak, Casanovaren tutorea izan zenak, aukerak ez galtzeko gonbitea egiten digu. Hori bai, beti ere ezkutuan.


Giorgio Baffo

Matias Lupok esana

Aizu Balbo, Luporen iritzi suhar baten barri eman behar dizut.
Halaxe esan zuen:

"Sarritan ene buztanak hasperen egiten du
sutsuki, alu baten desiran.
Beste askotan, ostera,gizonezko baten izterrek
ikaratzen dute ene buztan goxoa.
Baina ene grina ezta egundo
jendez beteriko plaza batean
emagaldu batez gozatzera ausartu.
Jazinto ederrari ere ez nioke atzetik emango
jendaurrean izango balitz.
Elenarekin ere ez nuke txortan egingo
beste norbaitekin partekatu beharko banu."

Beraz, zuk, Balbo,
egiozu korapiloa zure zapiari,
dasta itzazu uzki-zuloak eta andereen gonapeko leuntasunak.
Baina, beti ere, gordean.






Konstantinos Petros Kavafis, Alejandriakoa izan zen, Grekoa. Poema honetan, Itaca famatuan bizitza eta itsasoarekin egin legez, sexuaren itsaso zurrunbilotsua zeharkatzeko era bat baino gehiago daudela iradokitzen digu.


Kavafis

IRAKURTZEKO ETORRI ZEN

Irakurtzeko etorri zen mutila. Zabalik daude
bi edo hiru liburu; historialariak eta poetak.
Baina hamar minutuz irakurri dituenerako
alboan utzi. Etzangu gainean
Lotan da orain. Maite ditu oso liburuak
-baina 23 urte ditu, eta ederra da;
eta arrastion amodioak zeharkatu du
haren haragi liluragarria, haren ahoa.
Haren soinaren edertasun hutsean barna
Igaro da gozamenaren sukarra
Inungo damurik gabe atsegin horren eragatik...




Sexu harremanetan haragia eta arraina maite zituen beste poetetako bat Allen Ginsberg izan zen. Poema honetan mutil gazte batekin narrutan egin ondoren, zera galdetzen dio bere buruari: Ederra naizelako ala ospetsua naizelako egin ote du txortan nirekin?


Allen Ginsberg

OSTEKO PENTSAMENDUAK


berak titiburua musukatzean
ukondoaren hazurra dardar sentitu nuen
bere ezpainek nire sabela ikutzean
belarriraino kili kilia igo zitzaidan
zakilburua mihira eroaterakoan
dardakada batek esfinterra estutu zuen, gozamena
guntzurrunak dantzan

eta ahh!! Sakon eta sarkorra arnastu nuen

ispiluari so
bizar gris eta argitsua orrazten

akaso begi bizkorrokaz
gazteentzako erakargarri oraino


Magia txarra, edo holango zeozer
Magia alua ziurrenik



Uruguaiko Cristina Peri Rossik ere, sexu berekoen zein ezberdinetakoen arteko harremanak defenditzen zituen. Poema honetan, zerbait gehiago izan daitekeenaren hasiera proposatzen digu:


Cristina Peri Rossi

GAU HURA

Elkar ezagutu genuen gauean
ni galtzen hasi nintzen
Poxpoluak eztanda egin eta
atzamarrak erre zizkidan
alkondara ardoarekin zikindu nuen
zein egunetan eta zein hilabetetan
bizi ginen ahaztu nuen.

Horrenbesteko aztoramena
desira ikaragarria
besterik ez zitekeen izan.

Hain ikaragarria
ezen, heuk ere
ezin dunan bete





Erotismoak izan ditzakeen zoko ilunak zenbatezinak dira. Gu berotzen gaituenak, beste batzuei nazka eman diezaieke. Arthur Rimbaudek, poesia modernoaren aitatzat dugunak, nahikoa bizitza eta fantasia sexual nazkagarriak zituen. Hona bestela, komuneko lanak egiteak ematen zion gozamenaren adibidea:


Rimbaud

BOKALEAK

A beltz, E zuri, I gorri, U musker, O more:
Esanen dut inoiz zuen sortze izkutua:
A, kirats ankerren inguruan burrundari
euli disdiranteen korset beltz iletsua,

itzal golko; E denda eta lurrunen leinuru,
glaziar fierren orratz, errege zuri, unbel dardarati.
I purpura, odol zipriztin, ezpain ederren irri
suminaldi edo hildurazko mozkorraldietan.

U, ziklo, itsaso berdeen bibrazio jainkotiarra,
kabalez betetako bazkalekuen bakea, alkimiak
bekoki garai jakinzaleetan markatu zimurren bakea.

O, ikara estrainioz beteriko turuta txit ozena
mundu eta aingeruez zaharkatu isiltasunak.



Ez dago ukatzerik, gutako askori, idazteko inspirazioa, komuneko lanak egiten ari garela etortzen zaigula. Ez dago tabernetako komunik ez aterik, sormen poetiko ordainezinen ale hauen antzekoak jasotzen ez dituenik


bihotz bakartien komuneko graffitiak




Izan ere, poesia sortzeko grina edozein lekutan pizten da. Batzuentzat, kaka bera ere inspirazio iturri bihurtzen da, beste batzuentzat ordea, Boris Vianentzat legez…


Boris Vian

LEHENENGO AMODIOA

Gizonak emakumea maite duenean
lehenik eta behin, altzoan esertzen du,
jantzia igotzen dio kontuz kontuz
bere frakak ez urratzeko
oihalak oihala urratu ez dezan.

Berehala, mihiarekin,
anginetako ebakuntza duen egiaztatuko du,
kutsakorra bailitzateke bestela

Ondoren, eskuak lanean jarri eta
ahalik eta urrunen doa
eta tupustean
odolez zikindutako sagutxo baten
buztantxoa ukitzen du
eta haritxotik tira egiten du,
samurki
tampaxa irentsi arte.




Ez zaiteztela Boris Vianen maitasun menstrualekin ikaratu, akaso txantxetan ari zen. Ala ez?
Gure ustez benetan ari zena Santa Teresa zen eta monja edo lekaimea izateko, badirudi zerutik gora berotzen zela!



Santa Teresa de Jesus


Jada, oso-osorik emana naiz
eta hainbestekoa da nire zoria
ezen neure maitea niretzat den
eta ni neure maitearentzat

Ehiztari samurrak
tiro egin eta eri laga ninduen
maitasunaren besoetan
arima aske geratu zitzaidan
eta, biziberriturik
horrela ulertu dut
nire maitea neuretzat dela
eta ni neure maitearentzat

Amodioz loratutako
gezi batez ninduen zauritu
eta arimak bat egin zuen
bere hartzailearekin

Jada ez dut beste maitasunik
neure Jainkoari emana naiz
eta neure maitea neuretzat da
eta ni neure maitearentzat.





Batzuk , Santa Teresak legez, Jainkoa desiratzen bazuten, beste batzuek, Cesar Vallejo poeta peruarra kasu, alu gozo eta gaziak zituzten kantagai:


Cesar Vallejo

ZURE SEXUA DUT GOGOAN

Zure sexua dut gogoan,
bihotza sinplifikatu eta zure sexua dut gogoan
egunaren hankatarte helduaren aurrean
zorionaren ernamuina ukitzen dut, sasoiko dago,
eta garunean endekatu den
antzinako sentimendu bat
hiltzen da.

Zure sexua dut gogoan,
Itzalaren sabela baino
ugalkor eta harmoniatsua den
ildaska horretan,
Heriotzak Jainkoarenak
erditzen baditu ere.
O ene gogoa,
edonon eta edonoiz
aske gozatzen duten
basati horiek ditut gogoan

O arrastirietako galbide eztia
O abarrots ixila


Alixistorraba
Zatia ala osotasuna? Alua edo zakila desiratzen dugunean, zer desiratzen dugu benetan? Roque Daltonek " Zure biluztasuna maite dut " dioenean zer esan nahi du?


Roque Dalton


BILUZIK

Zure biluztasuna maite dut
biluzik, poroetatik edaten nauzulako
uraren antzera bere hormetan murgiltzen naizenean.
zure biluztasunaren beroak muga guztiak urtzen ditu
ate guztiak zabaltzen dizkit, asma zaitzadan
bere galderak eta urteak zugan pausatuko dituen
ume galduaren eran, eskutik oratzen dit.

xurgatzen dudan zure azal gazi-gozoa da
nire unibertsoa, elikatzen nauen sinesbidea,
desioek itzalen alboan adausi egiten didatenean,
itsu nagoenean, argia ematen didan kriseilu usaintsua.

begiak itxita biluzten zarenean
ene mihiaren auzoko kopa batean zaude
beharrezkoa den ogia lez, ene eskuetan zaude
bere itzala baino zentzudunagoa den
ene gorputzaren azpian zaude
Hiltzen zaren egunean biluzik ehortziko zaitut
lurrean garbi heda zaitezen
bideetan zure azala muxuka dezadan
erreketan zure ile barreiatuak korapila ditzadan

Hiltzen zaren egunean biluzik ehortziko zaitut
nire hankartean berriro jaio zinenean legez.






Poetak itzelak dira. Eztiak eulia bezala erakartzen duten hitz gozo eta samurrak idazteko gai dira… edota aizkora baten labankadak izan daitezkeen eleak.
Entzun bestela Charles Bukowskik darabilena:


Charles Bukowski


DUTXA

Gero gustuko izaten dugu dutxa hartzea
( gustuko dut ura beroago berak baino)
eta beti izaten du aurpegia leun eta baketsu
eta berak garbitzen nau lehenbizi
zabaldu egiten dit xaboia potroetatik
altxatu egiten ditu potroak
estutu egiten ditu,
gero zakila garbitzen dit
" aizak, gogor daukak oraindio gauza hau!"
gero horko beheko iletxoak ikuzi,
sabela, bizkarra, sama, hankak,
nik irri irri irri,
eta gero nik egiten diot garbiketa…
lehenbizi alua,
atzean paratzen naiz,
neure zakila beraren ipurdi-masailen artean
goxokiro xaboitzen ditut aluko iletxoak,
higidura xuabe batez ibiltzen naiz bertan garbiketetan,
beharrezkoa baino gehiago luzatzen naiz agian,
gero hanken atzealdea garbitu, ipurdia,
bizkarra, sama, jirarazi egiten dut, muxukatzen dut,
xaboitu bularrak eta ikuzi, eta sabela ere bai, sama,
hanken aurrealdea, orkatilak, oinak,
eta gero alua, beste behin, zortea ekartzeko…
beste muxu bat, eta bera irteten da lehenbizi,
sikatu eta batzuetan kantari ibiltzen da
ni barruan nagoela
ura beroago jartzen dut
goxamen hartuz amodioaren mirariak dituen
bolada onekin
eta gero kanpoan naiz…
normalean arratsalde apala izaten da, lasaia,
eta jantziaz batera komentatzen dugu
zer beste egin genezakeen,
ordea, elkarrekin egoteak gehiena konpontzen du,
are gehiago, den-dena konpontzen du
izan ere, gauzok konpondurik dauden artean
emakume baten eta gizon baten historian,
diferentea da bakoitzarentzat
hobea eta okerragoa bakoitzarentzat…
niretzat, sekulakoa da, gogoratzeko beste,
armaden martxa
eta kaleetan barrena dabiltzan zaldiak pasata
eta pasata ere min eta porrot eta zoritxar oroitzapenak:
Linda, hik ekarri didan hau guztia,
hirekin batera eramaten badun
polliki eta xuabe eraman
ametsetan hiltzen banengo bezala eraman
bizirik hiltzen egon ordez, amen.



Mendeetan zehar , erligio katolikoaren eraginez, euskal literatura basamortu zeharkaezina izan zen sexuei buruzko aipamenentzat eta Etxeparek eginak ur gutxiko oasia . Jon Mirande izan zen haragikeriak libururatu zituen lehen euskal idazle garaikidea, eta eskerrak.


Jon Mirande

OIAIONE

Gelan sartu ginenean
gauerditan, ilunean
munduan egin zan mutu
zuten izarrek kantatu
biok etzan ginenenean

Oianone! Oianone!
gau hunetan zaitut ene
larru lehun eta zuri,
bular samur, sabel guri,
nire neska Oianone

ezti bakanez betea
zure matxantto maitea
urtzen zan ene ahora
zabalik lore antzora
eta gozokiz bete

Ezpain likits, esku lizun,
atseginetan jakintsun
bularretik belaunera
haragi biok ikara
jauzten zaitut, neska lizun!

Suge laztana nekatu
zan, ordea… loak hartu…
ezti loreetan etzanda
atseden hartzen ari da,
gaixoa baita nekatu.

Ene maitea, moxu bat
has dezantzat beste hainbat!
Sugea baitatza lotan
indarren bihurtzekotan
Oi! emaiozu moxu bat…



Pako Aristiren poema honetan, Jon Miranderen " Haur Besoetakoa" lanaren zantzo argiak aurki ditzakegu .Mirandek berak zioen legez, poema hau ume bizkorretatik eta heldu tenteletatik salbu gorde behar da:


Pako Aristi

ESKOLAKO LANAK TABERNETAN

Eskolako lanak tabernetan
egiten dituzten neskatxak
gustatzen zaizkit,
burua makurtzen dute liburuetara,
ordua begiratu,
komunera jaikitzen jertseari tiraka,
tititxo gozoak nabarmentzen zaizkie,
edozein zakil bufandaz inguratuko
luketen alutxoak,
beren gorputzetako orri bakan eta leunetan.




Batek daki Aristiren poema horretako neskatilek zelan amaituko duten. Agian, Bertolt Brechten poema honetako protagonistaren antzera… mozkorrik


Bertold Brecht


Edaten duenean, edozeinekin oheratzen da
edaten ez duenean, ez du inor ohean uzten
eta zera dio: gizon bakarra behar dut
eta gizon hori, Neu naiz. Zeinen ederra!!
Baina edaten duenean, edozenekin oheratzen da
eta nik, tamalez, ezin dut ezer egin

ez dezala inork pentsa
behin bereganatuagatik
betiko bereganatuko duenik
aitzitik, gogaitu egingo da
eta edaten duenean, edozeinekin oheratzen da

Berak dioen lez, ez naiz harrizkoa
Jainkoari eskerrak, hain da osasuntsua…!

Gauza bakar batek amorratzen nau:
Gustuko duen inor ikusten badu
berehala, edaten hasten da
eta edaten duenean
edozeinekin oheratzen da




Denak du bere bukaera; bizitza bera ere amaitu egiten da. Eta sexua.
Hil osteko bizitzarik egongo ote da? Hala bada, sexua ere beharko dugu, bizitza, sexurik gabe, oso aspergarria baita. Eta ez badago, lur azpian baino, hobe eternitatea Giorgio Bafok poema honetan aipatzen digun hasiera guztien hasieran pasa:



Giorgio Bafo


ALU BATEAN LUR EMATEA NAHI NUKE

Nire esku balego,
hiltzen naizenean ene hilobia
aukeratu ahal banu…

derradan non litzatekeen egoki:

Ez dut lur azpira itzuli nahi

ez dut larre zabalean hezurgabetu gura
ez ibar, ez baso, ez baratzean,
ez ibaiean, itsasoan edo kairen batean,
ez dut etxalde batera presaz biltzerik gura
ez kanpandorrean ezta hortzemugaren magaletan
ez dut harrizko irudirik ez mausoleorik nahi

Hiltzen naizenean
alu batean lur ematea nahi dut





Ziurrenik, poetak etzuen bere nahia bete, baina ez gaitezen horregatik penatu. Akaso egia da, apaizek ihauteriak amaitzean errautsak jarri eta esaten dutena:
" Polvus eris et in polvus reverteris" . Ia ba, ekin larrua ahalik eta gehien jotzeari, edozein lekutan, edozein unetan, edozeinekin, bizitza uste baino laburragoa baita.



Hau bai humorea ta inungo minik ez
bustena gogor eta non bigundurik ez

Ahalegintzen gerade ondo eragiñez
Halan da guztiz ere makaldutzerik ez

Baina halantxe bere ipurdi gainean
mosua emongo notsan bertan, bertan, bertan.

Baina halantxe bere ipurdi gainean,
mosua emongo notsan tortola erdian.





















 

 

 

 

bihotzbakartienkluba@yahoo.com