1886ko uztailaren 24an jaio zen Japoniako XX. mendeko idazle handienetarik bat, Junichiro Tanizaki. Antzerkia, saiakera, nobela, poesia, genero guztietan jardun zuen eta lan azpimarragarriak eman argitara (Gerizaren laudorioa, kasu). Tatuaia narrazioa ekarri zuen euskarara Koldo Izagirrek, japoniarraren narrazio bikain bat. Uztailaren 24 batez hil zen, bestalde, garaikide baina eremu kultural eta literario erabat desberdin batean jardun zuen Witold Gombrowicz. Ferdydurke maisulanaren zatitxo bat euskaratu zuen Joxerra Utretxek (Susa aldizkaria, 17, 1986), eta Poeten kontra artikuluaren atal bat Antton Juaristik (Literatur Gazeta, 7, 1987). Eta artikulua osotik, Poeten kontra, Patxi Salaberrik ekarri zigun, eta Egan aldizkarian argitara eman 2005ean. Bi mundu diferente, data batek elkartuta.
1985ko uztailaren 7ko ihesaldiak Sarri Sarri abestia ekarri zuen berarekin, Kortatu taldeak Toots & The Maytals taldearen Chatty Chattyabesti dantzagarriaren bertsioa egin zuenean. Kortatu taldearen abestia oso ezaguna bilakatu zen, eta 40 urte beranduago oraindik maiz entzuten da Euskal Herrian, eta gure mugetatik kanpo ere. Fermin Muguruzak bere azken biran ere kontzertu guztietan jo du.
Badago ordea, Iñaki Pikabea Pitiren omenez egindako bertsioa ere (Oreretako Zintzilik IrratikoHertziok saioko kideek sortutakoa):
XX. mendeko Ingalaterrako literaturako libururik gorenetarik bat dela deritzogu, halako oihartzunik izan ez badu ere, eta euskaraz irakur daiteke: gaurko egunez hildako Ford Madox Ford idazlearen Historiarik goibelena. Igela argitaletxeak kaleratu zuen, Xabier Olarrak euskaratua. Bikote biren harremanaren disekzio kirurgikoa, Markos Zapiainek dioenez, “Izenda liteke giza patuaren zitala, izenda liteke apalkiago tentelkeria: kontua da sarritan eman egiten zaigula gura duguna, eskura dugula asebeteko gintuzkeena, baina ihes egiten uzten dugula, bizitza latz bihurtuz.”
Ekainaren 25 batez hil zen, 1990ean, frankistek Lauaxeta fusilatu eta 53 urtera, Manuel de Pedrolo idazle katalana. Militante anarkista, 36ko gerran zenbait frontetan borrokatutakoa, frankismo garaian ekin zion idazketari, eta lan asko eman argitara, eleberriak eta antzerkiak batez ere, ez zentsurarekin arazorik izan gabe. Zientzia-fikzioaren alorreko obra aitzindaritzat jotzen da Bigarren jatorriko mekanoizkribua (Elkar, 1989), Jokin Lasak euskarari ekarri ziona. Lehenagotik irakur zitekeen, baina, euskaraz: 1969ko Egan aldizkarian Gizonak eta Ni antzezlana itzuli baitzuen Xalbador Garmendiak. Obra biak dauzkagu irakurgai.
Zorroza, mailuak, poesia, Bilbo, Arantzazu, aitaren etxea, egia… Gabriel Arestirekin lot genezakeen hitzen zerrenda oso luzea da. Egunotan asko jalgi zaizkigu atzera plazara, 50 urte baitira, ekainaren 5ean, hil zela. 1986an Susaargitaletxeak bere lanen bilduma egin zuenetik asko dira poetaz idatzi direnak, esan direnak, kantatu direnak, antzeztu direnak.
Beste asko oraindik ere esaten, kantatzen, antzezten ari direnak. Bere hitzak, eta berari buruzkoak. Haietako batzuk dakartzagu urteurren honen karietara. Juan San Martinen ediziopean, Agiriakizeneko liburua kaleratu zuen Gipuzkoako Aurrezki Kutxak 1978an. “Euskal poetak eta artistak Arestiren omenez” azpizenburua darama obrak, eta halaxe, garai hartako hainbat poeta eta artistaren obrak jasotzen ditu. Hona hemen osorik ikus- eta irakurgai, Arestiren omenez.
Nakba eguna da maiatzaren 15a Palestinan, 1948an Isralen Estatuaren sorrera dela-eta haiek euren lurretatik ofizialki bota zituztenekoa. Ehunka milaka lagunek Palestinako beren lur eta etxeak utzi zituztenekoa. Zenbat kanporatze, zenbat hildako, ordudanik. Gazarako kanporatze erraldoi berri baten planak burutzen ari dela Israelgo Estatua, Joseba Sarrionandiak 1991n Elkar etxeko Hezurrezko xirulak liburuan Palestinar burrrukakoak izeneko sailean euskaratutako sei poema dakartzagu. Duela lau urte, Gazako orduko bonbardaketen harira, 2012an Hedoi Etxartek euskaratu eta argitara emandako 20 poema eskaini genituen.
Lerro hauek idazten ari naizenean, oraino, egiteke dago Itxaropena editorialaren historia. Batzuetan inprimategi gisa, beste batzuetan argitaletxe gisa egin du lan Itxaropenak. Bera izan da orduko euskaltzaleentzat arnasbide ia bakarra, batez ere 1952an «Kuliska Sorta» bilduma sortu zuenetik.
Horrela idatzi zuen Joan Mari Torrealdaik Artaziak Euskal liburuak eta Francoren zentsura liburuan, Itxaropena argitaletxe eta inprimategiari eskainitako kapituluan.
Kuliska Sorta
1952ko urtarrilean, Kuliska Sorta bilduma abiatu zuen Itxaropena argitaletxeak Zarautzen, Patxi Unzurrunzaga editore zuela. 1952tik 1973ra argiratutako liburu guztien zerrenda eman genuen Kuliska Sortaren 50. urteurrenean, Emailuotan.
2025eko udaberrian itxita
Aspaldi honetan inprimategi bezala lanean gogotsu aritu dira Itxaropenan. Euskal literaturari zerbitzu ugari eskainiz, eta inprimatu duten azken euskal liburua George Orwell idazlearen Lur jota Parisen eta Londresen izan da, Igela argitaletxeak plazaratu duena.
Susa literaturaargitaletxeak ere hainbat liburu argitaratu ditu urteotan Zarautzen, eta harreman polita izan du argitaletxe izandako inprimategi historikoarekin. Atsekabez idazten dugu bere itxieraren berria, orain arte euskal literaturari egindako ekarpena nabarmenduz, eta garai bateko liburu saila gogora ekarriz. Eskerrik asko guztiagatik.
1975eko apirilaren 30ean, duela 50 urte, Saigon menpean hartu zuen Vietnamgo Armadak, eta amaitu zen Vietnamgo Gerra. Bigarrena, etsai nagusi Hego Vietnamgo armada eta AEBak izan zituena. Lehenaren, frantsesen aurkako Independentziako gerraren segida izan zen. Independentzia prozesuan eta gerrotan Vietnamgo buruzagi nagusia izandako Ho Chi Minh-en Gartzelako egunkariaeuskaratu zuen Iñaki Aramaiok; baina lider komunistak ez zuen gerraren amaiera ikusi, 1969an zendua baitzen. Lubaki desberdinetatik gerra ezagutu zuten poeta bi ere irakur daitezke euskaraz, dena den. Huy Can idazle eta politikariaren zortzi poema euskaratu zituen Luzien Etxezaharretak (otsailean paratu genituen online), eta duela bost urte argitara eman genituen AEBekin soldadu (beste izen batekin) ibilitako Yusef Komunyakaa poetaren hamabi poema Vietnamgo, Jose Luis Otamendik euskarari ekarriak. Maiatzaren lehenaren bezpera gorriz tindatzeko.
Buenosairestar baten heriotza albiste nagusi den apirilaren 26 honetan, Gernikako bonben oihartzuna hondoko musika dugula, beste buesnosairestar baten jaiotza gogoratu nahi dugu (125 urte jaio zela), Roberto Artl idazlearena. Kazetaria, ipuingilea, haren prosak eragin handia izan du Argentinako idazle askorengan. Begirada aparta zuen, hala paisaia geografikoei nola humanoei erreparatzeko, eta umore fin batez ekartzen zuen idatzietara. 36ko Espainiako gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago ibilia zen Euskal Herrian, eta El Mundo egunkarian argitaratutako kronikekin Aguafuertes deitutako bilduma osatu zuen. Iñigo Aranbarrik haietako hiru euskaratu zituen. Horiez gain, euskaraz haren narrazio bi ere irakur daitezke: Armiarmarako Iñigo Roquek euskarari ekarritako Piztiak; eta Konkorduna ipuina, Gillermo Etxeberriak euskaratu eta Egan aldizkariaren 2017ko 1-2 zenbakian argitaratua.
45 urte bete dira apirilaren 15ean Jean-Paul Sartre idazle eta filosofoa hil zela. XX. mendeko pentsalari handietarik bat, bere pentsamenduak bere garaiko eta ondorengo korronte filosofiko eta sozio-politikoetan eragin itzela izan zuen. Jaiotzaren mendeurrenaren karietara, euskaraz irakur zitezkeen bere zenbait lan bildu genituen: Paretaren kontra, Mikel Lasak euskaratua, Txillardegiren hitzaurrea duena (Kriselu, 1983); Nekrassov antzezlana, Xabier Olarrak euskarari ekarria (Antzerti, 1985) eta Burgosko Auzia liburuan (Gallimard, 1971) Sartrek eginiko Hitzaurrea, Markos Zapiainek itzulia. Horrez gain, filosofo eta idazle frantsesari buruz idatzitako lau artikulu, lau egile esanguratsurenak: Beltza, Gabriel Aresti, Eusebio Erkiaga eta Markos Zapiain.
21 urte joan dira Joan Perez Lazarragakoaren eskuizkribua aurkeztu zitzaigunetik. Deskubrimendu liluragarria, euskal literaturari izen berri eta indartsu bat ekarri zion. 1605ekoapirilaren 11 batez hildako Lazagarrako jaunaren eskutik iritsi zitzaizkigun testu eta poemek beste ikuspuntu bat ere erantsi zioten ponte-usain handixkoa izan duen gure literaturaren historiari. Koldo Mitxelena Kulturuneak guztion eskura, sarean jarri zuen testuaren faksimilea, eta Armiarmak haren transkripzioa ere eskaini zuen.
Jerry eta Sammy posta bulegora sartu dira libra baten bila. Horixe da Libra bat kobratu nahi dut (1939) antzezlanaren abiapuntua. Familia eta giro oso apal eta txirokoa, Irlandaren independentziaren aldeko borrokarekin engaiatua (Herritarren Armadako idazkari nagusi izan zen), 1917tik aurrera idazletzari ere lotu zitzaion Sean O’Casey, eta Irlandako langile klaseari buruz antzezlanik idatzi zuen lehen autorea izan zen. Zubizabal aldizkariak argitaratu zuen, euskaraz, 1880ko martxoaren 30 batez jaiotako idazle dublindarraren pieza.
AEBetako hegoaldeko giroa, harreman bortizkeriazkoak, espiritualtasuna, emakumearen leku eta ezlekuak, umorea maisuki baliatu zituen Flannery O’Connor idazleak. Gazte hil eta obra laburra badu ere (eleberri bi eta bi ipuin bilduma), XX. mendeko AEBetako narratzaile handietarik bat da, unibertso oso bat erakutsi ziguna bere lan labur baina aberatsean. Baroja etxeak 1985ean O’Connorren bi ipuin argitara eman zituen Jende ona nekez da aurkitzen liburuan (izen bereko narrazioa eta Agian zeure bizitza da salbatzen ari zarena), Mikel Azurmendiren itzulpenean. 2009an, berriz, Ez da erraza gizon on bat aurkitzen ipuin-liburu osoa euskaratu zuen Itziar Otegik, eta Literatura Unibertsaleko bilduman kaleratu. Bilduma honetako Gezurretako negroa ipuina ere eskaintzen dizuegu martxoaren 25ean Flannery O’Conorren jaiotzaren mendeurrena bete dela.
1921: Goizeko 9:30etan hasita, dadaistek epaiketa-parodia egin zioten Maurice Barres-i, Serpente kaleko areto batean. Breton epaile-inkisidorea izan zen, Aragon eta Soupault defendatzaileak, Tzara eta Ungaretti lekukoak... eta Prevertek egin zuen berbaldi laburrena: "Gora Frantzia eta patata frijituak!"