Aza
24
05
1961ean Egan aldizkarian lehen poemak argitaratua, 1967an kaleratutako lehen poema liburuak, Tamariza eta pikondoa izenekoak, baieztatu egin zuen kolore bereziko poesia zela Mikel Lasarena. Eta jarraitu du, kopuruz handi ez bada ere, sentsibilidade aparteko poesia lantzen. Egin dituen itzulpenei ere —Schwob, Sartre, Strindberg eta, batez ere, Rimbaud— badarien sentsibilitatea. Bere partikulartasunean, erreferentzia da Mikel Lasarena XX. mendeko poesigintzan, eta halaxe irakur daiteke Susak plazaratu zuen Poesia Kaieran. Hona hemen.
Aza
24
05
Klasikoen Gordailuak oraingoan sareratu duen liburu sortan Estebe Materre lehen idazle euskaldun berriak Saran ikasitako mintzaira txukunean eskainitako Dotrina kristiana (1623) datorkigu lehendabizi. Voltoire-n Dialogoak (1620), eguneroko gai premiatsuenen (eta, behingoz, ez erlijiosoen) inguruko elkarrizketak jasotzen dituena (Zer ari zara konpai, lo egiten duzu ala geldirik zaude?) dator ondoren. XVII. mendeko uholde ipartarraren azken zitu gisa, Arnauld François Maitie-ren Otoitzak (1676: 1874).
Horiekin batera, beste lau idazlan interesgarri ere agertu ditu Gordailuak: Martin Duhalderen Meditazioneak (1809), B. Joanategiren Sainduen Bizitzea (1890), Charles Bordesek Üskal Noelen Lilia (1897) liburuxka bildutako zubererazko abestiak, eta Joanes Haranederren Gudu izpirituala (1750: 1827), azken hau Scupoliren obra ospetsuaren itzulpena.
Aza
20
05
Bost urteko isilune luzearen ondoren kaleratu zuen Kristalezko bularrak narrazio bilduma Pablo Sastrek. Merezi izan zuen itxaroteak. Liburuko bederatzi ipuinetan, garaiko gizartearen erretratu gordina bururatu zuen Sastrek, egileak ohi duen moduan errealismorako joera hizkuntzan eta hizkeran uztartuz. Droga, zoratzea, ezkutuko lanak, zahartzaroa eta beste hainbat gairen inguruko puzle bortitza eta aldi berean samurra da 1990eko Kristalezko bularrak liburua orain sarean osorik irakur dezakezuna.
Aza
20
05
Tomas Kempiskoak (c. 1379-1471) idatzi zuen Imitatio Christi liburua “debozio modernoa” delakoaren laburbiltze garrantzitsuena suertatu zen, eta, aldi berean, hurrengo urteetan agertuko ziren erreformatzaile erlijiosoen zinezko egitaraua. Izan ere, aszetika liburu hau kristauen arimaren iparrorratz gisa hartu izan zen perfekziorako bidean. Eskolastika guztietatik urruti, liburu honek espiritualtasunean eta Kristoren imitazioan oinarritu nahi izan zuen bere proposamena. Berehala best-seller bilakaturik, ia lau mila edizio ezagutzeko tenorean dagoenean, euskaldunok ere ez dugu haren faltarik geure buruaren betegintzarre-ahaleginen lagungarri. Batez ere mugaz bestalde. Ildo horretan, gaurkoan Klasikoen Gordailuak eskaintzen duen Leon Leon hazpandarraren Jesu-Kristoren Imitazionea (1927) dugu moldaketa berriena eta berritzaileena (“Lan huntan hasi ginelarik, iduritu zaikun, orhe bera hartuz, zerbait pollitagorik egin zitakela”). Kronologikoki lehena, dena den, S. Pouvreau euskaldun berriaren eskutik etorri zitzaigun: Iesusen Imitazionea hain zuzen (XVII.mendearen erdialdean burutua, baina luzaroan argitaragabea). Harrezkero, Mixel Xurio azkaindarraren Jesu-Christoren Imitacionea (1720) eta Martin Maister-ek zubereraz eskaini Jesu-Kristen imitazionia (1757) dira azpimarragarrienak.
Aurrekoen osagarri, F.A. Hérouville apaiz frantsesak apailatutako liburuaren itzulpena da Alexander Mihura donibandarrak Andredena Mariaren Imitacionea, Jesus-Christoren Imitacionearen gañean moldatua izenarekin dakarkiguna (1778), oraingoan, izenburuak dioen bezala, Amabirjinaren antz-bidea proposatuz.
Amaitzeko, Saleseko San Frantziskoren “bizitze deboterako introdukzionea” edo Filothea ( 1664) da Bidarteko erretore S. Pouvreau-ren lan erraldoiaren beste ale adierazgarri bat bezala irakurle gosetuari eskaintzen zaiona. On egingo ahal dio!
Aza
17
05
XX. mendeko euskal literaturako ahots berezi eta indartsua da Juan Mari Lekuonarena. 1966ko Mindura gaur eta 1973ko Muga beroak liburuek bide pertsonala jorratzen zihoan poeta erakutsi ziguten. Bide propio hori unibertso poetiko baten eraikitzea bihurtu zen Ilargiaren eskolan (Erein, 1983) eta Mimodramak eta ikonoak (Erein, 1990) poemarioekin. Lekuonaren poemekin osatutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumako koadernoa osorik dakarkizuegu.
Aza
03
05
Izuen gordelekuetan barrena (BAK, 1981) eta Marinel zaharrak (Elkar, 1987) poemarioen ondoren, 1991n Susa argitaletxearekin kaleratutako Gartzelako poemak liburuan beste jauzi bat eman zuen Sarrionandiak. Izenburuak berak adierazten digunez, espetxean egindako poemak dira, baina ez espetxekoak soilik, borrokakoak, bizitzakoak, sorterrikoak… Hementxe daukazu osorik.
Urr
27
05
Oro har, baztertuxe dugu Klasikoen Gordailutik zinez eta minez idatzia ez den literatura. Euskal letretan ez da falta ahozko esparruaren eta idatzizkoaren arteko zubian dantzan dabilenik, besteak beste, kantatzeko bertsoak eta koplak ehuntzeaz gain, idatzi ere egin izan duelako delako autore mota horrek. Ildo horretan, eta noraino diren koplari huts eta noraino olerkigile ez jakin arren, Klasikoen Gordailuak Ipar Euskal Herriko otar horretatik jaso ditu oraingoan eta sarean eskaini kopla eta kantu eskutada zenbait. Jean Baptiste Elizanbururen (1828-1891) Koplak dira ospetsuenak, baina ez horregatik Otxalderenak (1814-1897), edota, hirugarren Jean Baptiste bat jartzearren, Larralderenak (1804-1870). Era berean, nork ez ditu oroitzen Piarres Ibarrarten (1838-1919) Koplak (“Nahi zaituzte aurtiki eta khendu bizia./ Bainan Eskualdunak zor du xutik atxikitzea…“), Beñat Mardorenak (XVIII-XIX) (“Ni deitzen nük Beñat Mardo Barkoxe Baxabilako“) edota, izenburu berberarekin jarraitzeko, Jean Robinenak (1758-1821) (“Zer egin zare koplari zaharra, / Gure andderen xaxari suharra, / Zure antzearen eta donuaren/ Behar handi ginduke, hemen gaude eske,/ Hel bada arren“). Bestalde, eta kalitate-mailatik batere jaitsi gabe, kopuruz naroagoak dira Jose Mendiageren (1845-1937) eskutik iritsi zaizkigun Kantak eta baita Salvat Monhoren (1749-1821) Olerkiak ere..
Urr
27
05
“Damian Arruti krimena dagoen tokian da beti, edo… bera dagoen tokian egiten da krimena beti?” zalantza egin zuen Harkaitz Canok Hasier Etxeberriaren Mutuaren hitzak nobela berria aurkeztean. “Berdin dio, hori ez baita nobeletan garrantzitsua izaten, baizik eta horrek zer kontarazten duen eta nola egiten duen ihes eta ihes pertsonaiak, azken ihesaren amaierara iristea atzeratzeko, norberaren burua ispilu aurrean ikustea saihesteko“. Asteazkenean bertan aurkeztutako Mutuaren hitzak sarean ere irakur dezakezu osorik.
Urr
20
05
Duela 150 urte, 1855ean, kaleratu zuen lehen aldiz Walt Whitmanek Leaves of Grass (Belar-hostoak), bere lanik handiena. Edizioz edizio poemak eransten joan zitzaion, eta harekin osatu AEBetako poesigintzan zutabe den lanetako bat. Hala edukiz nola estiloz ordura arteko tradizioarekin hautsi zuena. Walt Whitmanen poemak euskaraz argitaratu dira, denak ere Belar-hostoak obrakoak. Bingen Ametzagak euskaratu zuen poemarik ezagunenetako bat, Oh Captain!, My Captain!, Abraham Lincolni eskainitakoen sailean dagoena. 1959an Olertin kaleratu zen Whitmanen poematxo bat, Onezkoak egin izenburuaz. 80etan, azkenik, Hotsizki aldizkarirako labur bat euskaratu zuen Aitor Aranak, eta Hegatsen poema luzea Maite Gonzalez Esnalek. Hemen dauzkazu Belar-hostoak.
Urr
20
05
1987an kaleratu zuen Koldo Izagirrek Mendekuak narrazio liburua, Susa argitaletxearekin. Hiru urte lehenago Euzkadi merezi zuten (Hordago, 1984) argitaratua, Mendekuak ipuin liburuan berriro ere erakutsi zuen narraziorako trebezia. Estiloa eta erritmoak menderatuz, eta bere obran giltzarria den mundu erreferentzial oso aberatsa eraikiz. Osorik dago sarean.
Urr
13
05
Gabriel Arestiren heriotzaren 25 urteurrenean, 2000. urtean, plazaratu zuen Angel Zelaietak Gabriel Aresti (biografia), Susa argitaletxearekin. Arestiren laguna, Angel Zelaietak 1976 eta 1977an argitaratua zuen, bi liburukitan, Gabriel Aresti (Haranburu editorea). Baina 2000.ean ez zuen lehen egindako lana berrargitaratu, Arestiren biografia berriro osatu baizik, lehengo materialak eta berriak, eta distantziak emandako esperientzia baliatuz. 1933ko urriaren 14an jaiotako Gabriel Arestiren biografia daukazu osorik.
Urr
13
05
Oraingo honetan literaturaren esparrua gainditzen duten lanekin aberastera dator Klasikoen Gordailua. Nekazariei zuzendutakoak dira, esaterako, Arnaud Abadiak Eskualduna aldizkarian argitaratutako jakingarriak: Laborarier (1887-1903) eta Jean Baptista Althaberen idazlanak, hots, Ziberuko botanika edo lantharen jakitatia (1900) eta Hunkailü berrien enthelegia Ziberuko laborarier (1904) .
Era berean, interes etnografiko handia erakusten du Federiko Garraldaren Aurrendako dostatzia (1926) lanak, Zaraitzuko haur-jolasak agertzen baitira bertako euskaran aurkeztuak.
Hainbat alderditan gaurkotasunik galdu ez duten Jose Agerre, Gurbindoren Kazetari lanak (1930-1936) datoz gero, eta, paperon literatur ukitua nabarmenagoa izan dadin, A. Tapia Perurena iruindarrak (1899-1957) azken hogeita hamar urtetan aldizkari zenbaitetan argitaratu zituen Olerki-lan guztiak (1925-1956) eskaintzen ditu Gordailuak ondoren.
Azkenik, euskaldunok ere zerurako bidea argiago izan dezagun, Asteteren katiximaren egokitzapen interesgarria erantsi zaio irakurleari, Damaso Legazek burutua Kristauaren ikasbidea (1880).
Urr
06
05
1992koa da Mariaren mendea narrazio liburua, baina ordurako bide luzea egina zuen Pablo Sastrek euskal literaturan. Mugarria kaleratu zuenetik (Elkar, 1982), narrazio eta eleberrien eremuan jarduna da, bere tokia egina, ordurako beste zortzi liburu plazaratua. Eta segitu du, idazle dela erakutsiz. Bi narraziok osatua, ofizioa ikasitako baten emaitza dugu Mariaren mendea (Susa, 1992), bi istorio indartsuz eta ongi idatzitakoz osatua. Osorik irakur dezakezu.
Ira
29
05
Anemometroa kaleratu zuenean (Susa, 1998) ahots berezi bat erakutsi zuen Igor Estankonak, mundu ikuskera propioa. Poesian jarraitu du lanean, bere burua egiten eta hori ezagun du Tundran, Jaka bekari esker 2002an kaleratutako liburuan. 2004an ere kaleratu du poema-libururik, Kutxa Fundazioarekin argitaratutako Ehiza eta nekea. Tundra liburua eskaintzen dizugu osorik.
Ira
29
05
Euskal Literatura Klasikoaren corpusa osatzeko xede aratzaz ez hain aspaldi ekindakoari segida ematera dator gaurkoan Klasikoen Gordailua, izan ere, gure letretan argi propioz nabarmendu diren bost autoreren idazlan berriak eskaintzen baititu dagoeneko amaraunean.
XVIII. eta XIX. mendeetako euskal letren suspertzaile izan zen Manuel (Garagorri) Larramendiren luma zorrotz-ironikoak sortutako Euskal testuak (1729-1766) aurkituko ditu sare-itsasturiak lehendabizi. Andoaindarraren kemenaren itzalpean zaletu zen Sebastian Mendibururen Jesusen bihotzaren debozioa (1747) (baita bigarren edizioan harekin batera argitaraturako Kongregazioko Reglak ere) eta Igande eta festegunetarako irakurraldiak (ca. 1775) ere eskura izango ditu gero liburutegi birtualeko saguak, prosa garai eta distiratsuan burutuak. Egungo prosatik hurbilago, Agirre Asteasukoaren Erakusaldiak izeneko obra mardularen 2. eta 3. liburukiak (1803-1823 bitartean idatziak) gorde-zabaltzen ditu halaber Gordailuak bere baitan.
Intsentsu-usaina zertxobait idargetzeko, Joanes Etxeberri “Sarakoa”ren 1718ko Lau-Urduri gomendiozko karta, edo guthuna duzu irakurgai, eta Joan Bautista Gamiz jesuita lego arabarraren (1696-1773) amodiozko “dabilcenchoac” (= “seguidillas”) eta bertsoak, Euskal Olerkiak estekaren atzean.