Urr 23 17

Rosalia de Castroren
poesia kaiera

“Gaur egun ere poesia galegoz idazten jarraitzen bada, neurri batean bederen Rosalia de Castrori esker da”. Halaxe dakar Munduko Poesia Kaierak bilduman Rosalia de Castro poetaren hitzaurreak, eta  zuzen esana da Galiziako literaturan ezinbesteko erreferentzia denari buruz. Susa argitaletxeak kaleratzen duen bilduman galegotik eginikako lehen itzulpena, Koldo Izagirrek egina, emakumearen bizimodua, lurra, herriaren miseriak, amodiozko penak eta beste kantatu zituen poetaren lana daukazue euskaraz irakurgai.

Urr 22 17

Chuya Nakahararen
poema antologia

Japoniako XX. mendeko  poeta handietako bat ekarri digu euskarara Hiromi Yoshidak: Chuya Nakahara. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitaratu da, eta klasikoa eta modernoaren artean zubiak egiten asmatu zuen poeta dakarkigu.  Sinbolista frantsesak japonierara itzuli zituen, eta bere poesiagintzan txertatu Japoniako tradizio poetikoarekin konbinatuz. Gaur 80 urte hil zen Nakahara —30 urte zeuzkala— euskaraz irakur daiteke, hemen.

Urr 11 17

Itzulera, Martin Bidaurren lehen liburua

Itu bandako kidea da Martin Bidaur, eta Lekore literatur aldizkarian irakurtzen dizkiogu bere lanak. Urriaren 10ean lehendabiziko liburua aurkeztu du: Itzulera, haurtzarotik gaztarora egindako bidaia poetiko bat: Okzitaniatik Euskal Herrira, hemendik Parisera, eta handik itzulera. Esperientzia intimo baten kontaketa egiten du Martin Bidaurrek, biltzeko oroitzapenak, bisitatzeko berriz lekuak, ulertzeko iragan nolabait hautsia, nahiz eta jakinaren gainean egon ia dena aldatuta eta ezberdin kausituko duela. Nork bere burua onartzetik datorren identitate bilaketaren hasiera da poemetan ageri duena.

Urr 05 17

Jenisjoplin, Uxue Alberdiren nobela berria

Nagore Vargas du protagonista eta kontalaria Uxue Alberdiren nobela berriak; Jenisjoplin dauka izenburua, halaxe deitzen baitio bere aitak. Bihar, urriak 6, Donostian jendaurrean liburua aurkeztu aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Baldintza makurrei aurre eginez zaildutakoa da Nagore, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitua. Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko. 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia.

Ira 07 17

Txema Garcia-Vianaren Arkitektoa eleberria

Euskaltzaindia-BBKren eleberri saria lortuta 2006an, hurrengo urtean argitaratu zen Arkitektoa lana, Txema Garcia-Viana Kartxi idazlearen orain arteko azken lana. Ihesi (Susa, 1986) poemarioarekin abiatu zuen bere ibilbidea Kartxik, eta narratibara jo zuen, ipuin-bilduma eta eleberrietara. Nobela beltz edo thrillerrak dira harenak, intriga ardatz dutenak, eta halakoa da Arkitektoa ere, Erdi Aroan Donostiara Gaztelatik iritsitako arkitekto baten istorioaren bitartez orduko gizartearen hainbat borroka eta gatazka erakusten dizkiguna, hizkuntza gozo eta bizi batean emana. Osorik eskaintzen dizuegu.

Abu 06 17

Patxi Ezkiagaren poemak

Bi poema liburu dakartzagu aste honetan, biak ere Patxi Ezkiagarenak. Poeta zela Ezkiaga esan zion kritikari batek bere lehen liburua, Beldur naiz, plazaratu zuenean, garaiko modatik kanpo ibiliagatik ere (80ko urteak ziren, poeta gazte askoren agerpen garaiak), poeta, eta  poesian gehiago emango zuena. Eta eman du gehiago, bai horixe. Beldur naiz eta Aiodi herriko kantak bi lehen poemarioen ondotik, beste 15 plazaratu baititu Ezkiagak, gaurdanik irakurrita nabari denez, garapena izan duen ibilbide poetiko batean. Bere lehen biak irakur ditzakezue orain.

Uzt 13 17

Joxe Austin Arrietaren Orbaibar

Eleberri eta itzulpen lan oihartzun handikoak eginagatik ere, bere idazle ibilbidearen hasieratik poesia landu izan du Joxe Austin Arrietak, bere obraren parte garrantzitsua dela. 1983an Arrotzarena liburuarekin plazaratu eta beste hainbat eman zituen argitara, eta isilaldi luzea egin zuen 2003az geroztik, 2016an Estalien gradora eman duen arte. Poesiarekiko jarrera apalez, poesiari omenaldia egingo balio bezala, lanketa formal handikoa da bere poesiagintza, eta baliabide linguistiko eta erreferentzial anitzek osatua. 2003an kaleratu zuen Orbaibar horren adibide, orain osorik irakur dezakezuena.

Uzt 06 17

Mirari Garcia de Cortazarren Itzaleko hitzak

Nitasunetik idatzita egonagatik ere, hainbat poemaren hartzailea zu da. Poemena eta hitzena: “Nik idazten ditudan hitzak / nireak ez direlako / beste baten bihotzak / beretzen dituelako”. Hitzak ni horrengandik datozenak, ni horrek kanpoan ikusten duenari, bizi dituen hainbat momenturi kantatzen diona. “Poema bat orduan / pentsatu nuen / nahi nuela zuretzat / baina ez zegoen / nire baitan / zuretzako poemarik” idazten du Mirari Gacia de Cortazarrek Itzaleko hitzak poema-liburuan (BBK/Euskaltzaindia, 1995), baina agerikoa da poemak badituela, poemario hori osatzen dutenak, besteak beste. Lehenengo horren ondotik, gainera beste hiru ere kaleratu zituen. Osorik eskaintzen dizkizuegu lehen hitzok.

Eka 29 17

Josetxo Azkonaren Artius

Korrok aldizkarian egin zituen lehen agerpenak Josetxo Azkonak, itzulpenekin, poemekin, narrazio bat edo besterekin. 80ko hamarkadan. 90ekoan poeta ezagutu dugu. 1995eko Felipe Arrese Beitia poesia saria irabazi zuen Artius lanarekin, eta geroztik beste lau poema liburu kaleratu ditu, azkena duela hiru urte. Poema labur eta luzeagoak konbinatuz, gaietan ere intimoa bezala publikoa landuz, bere liburuetan gerora landu duen bidea jorratzeari ekin zion Artius-en. Orain osorik eskaintzen dizuegu.

maiatza 30 17

Monique Wittigen artikuluak

Lisipe bildumak hirugarren liburua argitaratu berri du, Monique Wittig (1935-2003) idazle feministak 1992an argitaratutako saiakera sorta bat: Pentsamendu heterozuzena (The Straight Mind and Other Essays), sarean osorik eskaintzen dizuguna. Teoria politikoak eta praktika sozial-pertsonalak bat egiten duten tokian, hortxe dabil Wittig; militantziaren eta aktibismoaren parte bat dira haren artikuluak. Gaztigatzen digu, erregimen politiko eta ekonomiko bat dela heterosexualitatea. Emakumea, mito gisa; Heterosexualitatea, sistema gisa; biak suntsitu nahi ditu. Ez du planteatzen sistema honetan boterea gizonen eskuetatik emakumeenetara pasatzea, ezta boterea banatzea ere, baizik eta sistema bera suntsitzea.

Api 26 17

Herioren hegala (literatura bonbapean)

Iñigo Aranbarri idazleak hitzaldi berezia prestatu zuen 2012an Durangon burutu zen Literatura Eskolarako. Eta hitzaldia liburu bezala argitaratu zen gero. Isiltasunari ostutako testuak aipatzen ditu berak. Bonbapean sortutako literatura batzen du testuak. Munduan izan diren Durango eta Gernika ezberdinak.
Zenbat poema idatzi zen Groznin azken bonba jausi artean? Eta ondoren? Bakar bat ere ez?
Eta Bagdaden? Eta Basoran? Eta Falujan?
Herioren hegala (literatura bonbapean) sarean jarri dugu Gernika bonbapean utzi zuteneko 80. urteurren honetan.

Api 19 17

Juan Luis Zabalaren 23 ipuin berri

Ospa, azken ipuinak eman dio izenburua Juan Luis Zabalaren liburu berriari. Apirilaren 20an Susa argitaletxearen eskutik aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu osorik. Wim Wenders zinegileak telefonoz deitu dio; Bob Dylanen kantu bat entzutean hunkitu egin da; Mikel Laboa hil dela jakin du autobuseko irratiaren bidez; Eduardo Txillidaren eskultura famatua rotaflexarekin apurtzea erabaki du… kontakizun hauetako pertsonaiaren bat ezagutuko duzu ziur aski. Ez dago narrazio guztiak batzen dituen gai bakarra, nahiz eta denen artean baden ahaidetasuna: ezinegonak iheserako gogoa edo premia pizten du pertsonaia gehienengan, baina ihesa batzuetan ezinezkoa da, ezustekoen iturri ere bai inoiz.

Api 14 17

Anastasio Albisuren
nobela poliziakoa

Apirilak 14 dituela bete dira hogei urte Anastasio Albisu hil zela. Saturraranera umetan, gero Gasteizera, apaiztearren: hemen aurkitu bide zuen euskaraz idazteko giroa, Manuel Lekuona irakasleak sortutako zirkuluan. Antzerkirako lanak egin zituen bereziki. Hegoaldean garaikide izan zituen idazle gehienen ibilbidea dugu Anastasio Albisurena: diktadurak ekarritako isildu beharra urte luzez, eta berriro idazteko eta aldizkarietan argitaratzeko aukerak azaldutakoan berrogei urte lehenagoko koordenadetatik ezin irtena. Anakronikoak gertatu zitzaizkigun gaiez, estiloz eta hizkeraz idazle apurtu haiek. Ipuin eta antzerki laburrez gain, badu Albisuk arnasa luzeagoko lan bat, tituluan Nemesio Etxanizen Katuin zuloa (1927) akordura ekartzen duen Erreka zuloan (1956) izenekoa, gure “mendiko literatura beltz arrosarioduna” esan genezakeen multzo txikian kokatzen ahal duguna: gorpu bat, baserritarrak, lekaimeak, fedegaldu damutua, kontrabandistak, erretore jaun eta jabea… Horixe aste honetan.

Api 11 17

Ixaka Lopez Mendizabalen Erleak

Euskaltzalea, politikoa, idazlea, argitaratzailea… ekintzailea izan zen, izan zenez, Ixaka Lopez Mendizabal. Eusebio Lopez inprimatzaile lodosar-tolosarraren semea, haren segidan jardun zuen Tolosan argitaratzaile lanetan, euskalgintzan eta politikagintzan (alkate, EBBko kide) 36ko Gerrak Argentinara bidali zuen arte. Tolosako plazan erre zioten liburutegia, baina ez zion etsi, eta Ekin argitaletxea sortu zuen Buenos Airesen. Inprimatzaile-editorea, idazten ere jardun zuen, bokazio pedagogikoz batez ere, Xabiertxo liburua horren isla. Dibulgatzailea, 1932an erlegintzari buruz emandako hitzaldia liburuxka bihurtua zuen 1933an, Erleak: beren bizitza eta ohiturak, haren heriotzaren urteurrenean osorik eskaintzen duguna.

Api 04 17

Martxel Mariskalen poemak: Azken zakatzak

Apirilaren 6an Donostian Azken zakatzak liburu berria jendaurrean aurkeztu aurretik, Martxel Mariskalek sarean eskaini du osorik. Beti Mugan, Lisabö eta beste musika talde batzuentzat idatzitako kantuetatik ezagutzen genuen Martxelen ahotsa. Liburu honen konposizio barrenkorrak zabaldu egin du bere indar espresiboaren sakontasuna, arnas luzekoa eta oparoa, lanketa gaitz baten emaitza trinkoa. Itsasoa eta oinazea, bi horiek dira Mariskalen lehendabiziko poema liburuak dakartzan gai askoren artean nabarmenak: bizi baldintza zailen aurreko ahaleginak eta nekeak, edertasunaren aurreko atsegina eta ikara.

Agenda

Efemerideak

Kritikak