Mar
28
07
Juan Ignazio Uranga idazlea dakar aste honetan Klasikoen Gordailuak: bere antzerki-lanak, zehazki. 1863an Errenterian jaioa, Donostiako Lore Jokoetan 1887an saritutako Urtearen lau erak poemarekin plazaratu zen, eta olerkigintzan jarraitu zuen, baina bere literatur lan nagusiena antzerkigintzaren alorrean egin zuen. Hala antzeztokietan jokatutako lanak (Aritzaren zumo gozua, kasu), nola aldizkarietan —Euskal Erria-n eta Euskal Esnalea-n— argitaratutako bakarrizketak.
(gehiago…)
Mar
21
07
1937ko martxoaren 21ean argitaratu zen, orain 70 urte, Loretxo-ren 11. atala Eguna egunkarian. Loretxo, eleberri-edestia, Zarauzko gudari kementsuei gelgarri eta maitasunez eskainia, Mendi-Lautak idatzia. 11.a eta azkena izan zen atal hura, eta amaitu gabe gelditu zen eleberria. Txomin Arruti Mendi-Lauta idazleak Loretxo neskatila gaztea eta Jon euzko gudarosteko gudariaren arteko harremana kontatzen ziharduen, Espainiako 36ko gerra tarteko zela, hala fikzioan nola errealitatean. Eta kontakizuna eten egin behar izan zuen. Osorik eskaintzen dizkizuegu jarraitu ez eta bestela inoiz argitaratu ez diren Loretxo-ren hamaika atal horiek. (gehiago…)
Ots
28
07
Aste honetakoarekin bururatzen dugu Klasikoen Gordailuak Piarres Larzabalen lanei eskainitako tartea. Oraingoan, haren obran ospe txikiena duen zatia aurkezten dugu: prosa lanak. Oroitzapenak izenekoan, hil ostean argitaratutakoan, bizi izandako ugari kontatzen ditu: haurtzaroa, gerla, apaizgoa, errefuxiatuak…
Gainerako lanak bi titulutan bilduta daude:
Ipuin eta ixtorio, eta Hitzaldi eta mintzaldi. Guzti-guztiak, 1930ean hasi eta 1988ra bitarteko tarte luze bezain jorian idatzitakoak.
Ots
20
07
Iragan astean hasitako saioari jarraipena emanez, Piarres Larzabalen antzerki lanen bigarren eta azken multzoa aurkeztu du Klasikoen Gordailuak, 1960tik aurrera idatzitakoek osatzen dutena. Horien artean, gai historikoekin batera egunean eguneko gaiei heltzeko azaldu ohi zuen erabakimen sendoa garbi azaleratzen da. Paper mende (1964), Sarako lorea (1964), Senperen gertatua (1964), Lana eri (1965), Suedako neskatxa (1965), Basabeltz (c. 1966), Ihauteriak (c. 1966), Nor da hobenduna? (c. 1968), Ibañeta (1968), Matalas (1968), Roxali (1970), Angles ginelarik (1973), Otsoak artaldean (1973) eta Pastorala antzeko antzerkiak (1964-1974). Datorren astean, Larzabalen idazlanen bilketa bururatuko dugu, haren prosazko lanak sareratuz.
Ots
14
07
Euskal idazle erraldoia aurkezten du aste honetan Klasikoen Gordailuak: Piarres Larzabal. Euskal antzerkiak izan duen egile emankorrena, eta beharbada onena. Ahozko hizkera eta hizkuntza landua uztartzen maisu izan zen azkaindarra, eta pertsonaien eraikuntzan gutxi izango dira hura bezain iaioak. Haren antzerki lan guztietatik gorde ahal izan zirenak, berrogeita bi denera, Piarres Xarritonek bildu zituen, eta 1991tik aurrera lau liburuki marduletan argitaratu. Gaurko honetan, 1960ra bitartean idatzitakoak aurkezten ditugu: Nork hil du Oihanalde? (c. 1950), Xirristi-mirrixti (c. 1950), Etxahun (1951), Bordaxuri (1952), Portu Txoko (1954), Berterretx (c. 1955), Hila espos (c. 1955), Herriko botzak (1956), Hiru ziren (1957), Mugari tiro (1959) eta Antzerki laburrak (1934-1966). Pertsonaia historikoak, hauteskundeak, emigrazioa, kontrabandoa, gerra, familia barneko gorrotoa… gai eta korapilo ugari, badu non hautatua irakurleak. Datorren astean, 1960tik aurrera idatzitakoak dastatu ahal izango ditugu.
Ots
06
07
2005ko apirilean abiarazi genuen Klasikoen Gordailua, euskal testu klasikoen gordailua gauzatzeko asmotan, eta urte biotan XX. mendea bitarteko testu klasiko ia guztien bilgunea bihurtzen ari da. Hasieran 205 liburu biltzen zituen, eta 2006ko abendurako 374ra emendatu da sareratutako liburuen kopurua.
Testu asko ezezagunak zaizkie irakurle arruntei, mordoxka bat ezin dira lortu liburutegietan ez baldin bada, eta asko liburutegi gehienetan ere ez daude, atalka plazaratu diren edo argitalpen bateraturik ezagutu ez duten testuak daude.
Klasikoen Corpusa deitzen dugun honen helburua, testu masa hori modu egituratuan eta etengabeko eguneratzean eskaintzea da, dagozkion kontsulta tresnekin batera.
Hauek dira Klasikoen Corpusa osatzen duen materialaren datu zehatzak, gaur egun:
- 374 liburu
- 10,4 milioi hitz
- 64,7 milioi karaktere
Klasikoen Corpusaren aurkezpenean Gotzon Aurrekoetxea irakasleak eskainitako berbaldia.
Ots
06
07
Klasikoen Gordailuak Corpus arakatzailea aurkeztuko du otsailaren 6an (asteartea) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Hizlariak: Mikel Elorza (armiarma.eus) eta Gotzon Aurrekoetxea, EHUko irakaslea.
Ots
01
07
Esan ohi da gure literaturan maiz aipatuak bezain ezezagunak diren idazleen zerrendan Joanes Etxeberri Ziburukoak hartzen duela lehen tokia. Arrazoiak, beste hainbatetan bezala, obrak eskuratzeko zailtasunarekin lotu izaten dira eskuarki. Horretaz oharturik, Klasikoen Gordailuak sarera igo nahi izan du oraingoan ziburutarraren liburuen artean eskuraezinena suertatzen zena, hots, Elizara erabiltzeko liburua (1636: 1665). Era honetan, gainera, XVII. mendeko idazle nagusienetako honen obra guztiak geratzen zaizkio eskuragarri irakurleari, lehendik Manual debozionezkoa (1627: 1669) eta Noelak (1631: 1665) baitzeuden Klasikoen Gordailuan.
Urt
26
07
Atariko intxaurpean utzi nahi izan zituen hezurrak Pedro Mari Otañok, baina ez zuen lortu. Ameriketako panpetan gelditu ziren, Rosarion hil zelarik, 1910eko maiatzaren 6an. 53 urte lehenago jaioa zen, 1857ko urtarrilaren 26an, Gipuzkoako Zizurkilen, duela 150 urte. Euskal herriminaren kantari handienetako bat, bertsolari sonatua zen Ameriketara lehen bidaia egin zuenerako. Hainbat lagun joan omen zitzaion itsasontzira agur egitera. Ozeanoa bost aldiz zeharkatua, eta gure literaturaren uretan ere halaxe ibili zen. Izan ere, bertsolaria da Otaño, baina bestelako porturik ere jotzen du, literatur arnasa handiko bertso-sorta eta olerkiak onduz: Limosnatxo bat, Ameriketako Panpetan, Txepetxa. Zazpiak bat poemarekin goiburu bat baino gehiago dena ere ehundu zuen. Buenos Aires-en 1900ean argitaratutako Alkar poema liburua jasoa geneukan Klasikoen Gordailuan, bere bertso eta olerkien antologia bat izan zena. Gainontzeko lanak erantsi dizkiogu. Zerbait olerki liburua, 1895ean Biktoriano Iraolaren irarkolan plazaratutakoa (gero ere argitara emango dituen Txepetxa, Limosnatxo bat badakartza). Bestalde, liburuetan plazaratutakoez gain, 38 bertso-sail, Antonio Zabalak bilduak. Horiekin batera, baina, opera bat ere bai, Artzai mutilla, 1900ean Bergarako Lopezenean argitaratua, Felix Ortiz y San Pelayoren musika daukana; eta Lora, ipuin kanta hiru egintzatan.
Urt
10
07
Orain arte ezagutu ditugun autore zenbaiten txatal piadosoak izan daitezkeen idazlantxoak osatzera dator Klasikoen Gordailuaren aste honetako eskaintza. L.L. Bonaparteren funtsetatik ateratakoak, gaurko emanaldian honako autoreak eta idazlanak aurki ditzake irakurleak Klasikoen Gordailuan, gehienak, adierazi bezala, liburu bibliko eta dotrinen itzulpen-moldaketak eta eliz gaien ingurukoak: J.B. Duvoisinen Beste zenbait itzulpen (1853-1864, 2004), E. Intxausperen Beste zenbait itzulpen (1857-1859, 2004), J. A. Uriarteren Beste zenbait itzulpen (1857-1866, 2004), P.P Hualderen Kristiaiñaren Doktrinaren Introduzionia (1866, 2004), eta, azkenik, Klaudio Otaegiren Beste zenbait itzulpen (1863-1867, 2004) eta Eguren Jaunaren Metodoa (c. 1867, 2004).
Abe
30
06
Abenduaren 28an hil zen Jose Maria Etxaburu Kamiñazpi, 93 urte zituela. Hogei urte zituela, herriko berriak idazten hasi zen Ekin aldizkarian eta, ondoren, Euzkadi egunkarian kolaboratu zuen. Gerra amaitu ostean, 1957an, Zeruko Argia aldizkarian hasi zen. Goiz Argi, Karmel, Anaitasuna, Jakin eta El Bidasoa aldizkarietan ere argitaratu zituen bere lanak. Haren liburu sonatuena 1936tik 1940ra bizitakoen oroitzapenak bildu zituen Neure lau urteko ibillerak da. 1963an idatzia, 1989ra arte ez zen argitaratu Auspoa sailaren baitan. Berau osorik irakurtzeko aukera eskaintzen dizugu.
Abe
21
06
Orain arte XIX. mendearen erdi aldean L. L. Bonaparteren enkarguz burututako Biblien itzulpen garrantzitsuenen artean Duvoisinena bakarrik eskaini izan bada ere, gaurkoan haren parekoa den beste bertsio bat jarri nahi du Klasikoen Gordailuak sarean. Hona hemen, bada, J. Antonio Uriarte bizkaitarraren gipuzkerazko lan erraldoia dastatzeko zerukoa bezain bide zuzena: Biblia (1), Biblia (2), eta Biblia (3) (1858-1859, 2004).
Abe
06
06
Ezohiko eskaintza honetan Klasikoen Gordailuak Antonio Maria Labaien idazle emankorraren teatro-lanak jarri nahi ditu sare-ibiltarien eskutan. Komediak, drama historikoak, bakarrizketak…, tolosarraren idazlanak beti dira interesgarri. Hona hemen haietako hemeretzi: Txinparta buruzagi (1921), Ostegun gizena (1930), Euskal-eguna (1931), Maya (1932), Mateo Txistu (1932), Iparragirre (1933), Galtzaundi (1935), Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti… (1935) , Iruñxeme (1935), Muga (1954) , Lurrikara (1955) , Jostuna (1956) , Petrikillo (1956), Jokua ez da errenta (1960), Malentxo alargun (1962), Domenjon de Andia (1965), Kalifornia ku-ku (1967) , Pestaburu (1967), Agarren seme… Ismael (1970). Labaien gerraurreko eta gerraosteko literatura lotzen duen egileetarik jo daitekeen neurrian, aukera hau baliatu nahi dugu hemendik aurrera Klasikoen Gordailuak 1937az geroztikako lanak sareratzen hasiko dela iragartzeko.
Aza
23
06
Juan Antonio Mogelen idazlanei berriro ere helduz, Klasikoen Gordailuak hiru izenburu berri dakartza oraingoan. Ipuinak bezala identifikatu bildumak eibartarraren alegia edo fabula ezagun guztiak (laurogeita zortzi, orotara) biltzen ditu bere baitan, hitz lauz zein hitz lotuz idatzi-moldatuak. Mogelengan ohikoegia ez bada ere, haren Konfesio ta komunioko sakramentuen gañean erakasteak (1800) izeneko liburua gipuzkeraz idatzia dago eta alderdi guztietatik biziki interesgarria den “Erakurle euskaldunari itz-aurrekoa” darama hasierako orrialdeetan. Gaurko eskaintzarekin amaitzeko, Paskalen Gogamenak (1899) edo direnak (hamabost baino ez, eta ez frantsesak idatzitako interesgarrienak, tamalez) luzatzen dizkigu eibartarrak bizkaieraz.
Aza
06
06
Duela urtebete hasi ginen Klasikoen Gordailuan liburuak PDF formatuan eskaintzen, fotokonposizio gutxieneko bat eginda, inprimatu nahi duenak irakurgai atseginagoa izan dezan. 2006ko urtarrilean lehen liburu saila eman genuen modu horretara, 171 bat, eta oraingoan beste 117 gehiago sareratu ditugu. Une honetan 30 liburu gelditzen dira PDF bertsiorik gabe, baina urtea amaitu baino lehen, horiek ere izango dira eskura. Datorren urtetik aurrera, sareratu berriko liburu guztiek izango dute PDF bertsioa. (gehiago…)