Literatur Emailuak

 

 

Klasikoen Corpusaren aurkezpenean

 

G. Aurrekoetxea

2007-02-06

 

        Nire lanbidean ezagutu nuen «Klasikoen gordailua». Unibertsitateko irakasle nintzen jada eta Euskal Filologia ikasketetako «Euskal Testuak» irakasgaiko irakasle-erdi (beste irakasle batekin partekatzen bainuen eta irakasgaia). Anartean lehorra zen jakintza arlo hau edozer bilatu behar zenean, nahiz hasia zen OEH argitaratzen (1987-2005), baina oso ona izan arren, ez zen nahikoa euskal testu zahar edo klasikoek gordetzen duten aberastasun osoaz jabetzeko.

        Horregatik jotzen nuen sasoi hartan www.ehu.es/gordailua helbidean kokatuta zegoen gordailura. Bai webgunean bertan bilaketak egiteko, bai ordenagailura jaitsi eta modu lokalean egiteko. Orduan jakin nuen Gordailuko arduraduna lankide, sailkide eta (beste hark esaten zuen moduan) hala ere lagun nuen Patxi Salaberri zela.

        Harrezkero sarri egin dugu berba Gordailuaren alderdi desberdinez, Unibertsitateak izoztu aurretik, izotzaldiko fase desberdinetan eta nola ez glaziazioa pasatu ondorengo SUSAren bidez bizi duen loraldian.

        Eta poztu egin nintzen Patxik buruan zeukan proiektu bihurtutako ideia hark jarraipena izango zuelako. Eta ez lagun baten ideia ederra zelako, eta poztekoa izaten da halakoa gertatzen denean, euskara langaitzat dugun askorentzat behar-beharrezkoa delako baino.

        Pozago oraindik, udaberrian loreak bezala, perretxikoen antzera Armiarman petalo berriz hornitzen hasi zelako; ematen zuen, orobat, lorezainek ere denbora gehiago eskaintzen ziotela baratzari: batean testu berri bat, bestean corpus arakatzailea...

        Eta han daukat nire ordenagailuko «Gogokoen»en 3. postuan kokaturik, 3000 hiztegia, COSER, VARCOM PROIEKTUA, COD proiektua, Linguistic List, Linguistic Atlas Projects... eta antzeko helbideen ondo-ondoan.

        Unibertsitatean «Euskal Testuak» irakasgaian urtero ikasleentzako prestatzen dugun koadernotxoan (zeinetan agertzen den eskolarako behar den materiala) ere bere lekutxoa dauka http://klasikoak.armiarma.eus helbideak, aurretik zeukana eguneratu ostean.

        Eta ez da ikasturterik pasatzen ikasleei helbideari bisitatxo bat egiteko gomendio sutsua egin gabe. Haatik ez dakit arrakastarik izaten dudan edo kasurik egiten didaten. Baina kasurik egiten ez didanak berak galtzen du, bere kaltetan diharduelako.

        Nik neuk, esan bezala, sarri egiten dut osteratxoren bat armiarmaren saretik. Dela halako idazlearen testurik dagoen, dela hitz konkretu baten edo berba jakin baten maiztasunen bila, dela gramatikako ezaugarri baten atzean. Horretarako tresna azkarra da «Corpus arakatzailea». Oso lagungarria edozein gauza bilatu nahi denerako.

        Ni batetik informatika kontuetan autodidakta naizenez, alegia ez jakintza handikoa, eta bestetik astirik ez dudanez izaten «laguntzak» kontsultatzeko, inoizka halako itaunak egiten dizkiot nire buruari: eskaintzen diren baliabide guztiak erabiltzen ote ditut?

        Kasu honetan ostera, ziur nago eskaintzen diren baliabide guztiak ez ditudala erabiltzen. Kasurako «Corpus arakatzailea»n agertzen diren «distantzia»k zertarako diren oraindik ez dut ikasi.

        Baina, aldiz, bila daiteke hitzaren bukaera jakin bat, inon agertzen ez bada ere izartxoa erabiliz. Hala jakin dut, bildua den corpusean *gaitza hitz oso edo atzizki bezala gipuzkeraz 384 aldiz eta 103 liburutan agertzen dela.

        Corpus osoa, zein liburuka jaisteko aukera eskaintzen du, gainera. Ez da ohikoa eskuzabaltasun hau eta corpusen erabileraz elkarrizketa aberatsera eman gaitzake. Zuok garbi duela ematen du: corpusak denontzat zabalik eskaini behar dira. Beste batzuk zorrotzago edo zurrunago jokatzea nahi dute.