Mendi-Lautaren Loretxo
1937ko martxoaren 21ean argitaratu zen, orain 70 urte, Loretxo-ren 11. atala Eguna egunkarian. Loretxo, eleberri-edestia, Zarauzko gudari kementsuei gelgarri eta maitasunez eskainia, Mendi-Lautak idatzia. 11.a eta azkena izan zen atal hura, eta amaitu gabe gelditu zen eleberria. Txomin Arruti Mendi-Lauta idazleak Loretxo neskatila gaztea eta Jon euzko gudarosteko gudariaren arteko harremana kontatzen ziharduen, Espainiako 36ko gerra tarteko zela, hala fikzioan nola errealitatean. Eta kontakizuna eten egin behar izan zuen. Osorik eskaintzen dizkizuegu jarraitu ez eta bestela inoiz argitaratu ez diren Loretxo-ren hamaika atal horiek.
1937ko irakurleentzat ez ziren berriak, dena den, ez Mendi-Lauta ezta Loretxo ere. 1897ko urtarrilaren 22an Zarautzen jaioa, euskalgintzaren alorrean ezaguna zen Txomin Arruti, Mendi-Lauta. Artikulu mordoxka bat argitaratu zituen Eguna egunkarian —30etik gora—, baina baita euskarazko beste hainbat agerkaritan ere, 1920ko hamarkadan hasita: Euskal Esnalea, Argia, Euzko Deya… Gehienbat artikulugintzan jardun bazuen ere, poemarik ere idatzi zuen, Egun ituna; Ekin, aizkide, Zubi-Ondo’ri; Il zan gure irakaslia; Nola maitatu; Seme maitia; Maite zaitut… eta ipuinik ere bai Xabiertxo: ipuya dirudin gertaera (Euskal Esnalea, 1928ko uztaila).
Idazlanez gain, bere jarduna ere ezaguna zen. Euskalzaleak elkarteko buru batzarreko kide, euskarazko egunkaria izan zen bere ekimen eta gogoetaren ardatz nagusietako bat. Lizardiren lagun eta lankide proiektu horretan, Mendi-Lautaren lana omen dago Lizardik egin zituen euskarazko egunkariaren inguruko proposamenen oinarrian. Argia aldizkariko taldekoekin batera, 1929an euskarazko egunkaria egiteko egindako saioan —1929ko ekainaren 9ko data daraman 0 zenbaki bat ere eman zuena— bultzagileetakoa izan zen.
Hiru hilabete lehenago, Baratza hazi beharrra izeneko artikuluan, euskarazko egunkariaren ametsa eta Mendi-Lautaz mintzo zen Lizardi. “Baina, euskal baratza hazi-beharraz gogoeta eginak, gereziak gerezia bezala, euskal egunkari ametsa dakargu. (…) Zertxo bi begietara ditut atzeko egunotan. Bata, zenbait idazki ‘Euskel Atala’-peko otarrera botea. Bestea, Mendi-Lautaren amets gozoak.” (1929-03-13).
Idazleaz gain, hemen aurkezten dugun Loretxo ere ezaguna zitzaiokeen 30etako euskal irakurleari. 5 urte lehenago, 1932ko martxoaren 12, 19 eta 27an, hiru zatitan, El Día egunkarian Loretxo eta Mirentxu izeneko narrazioa eman zuen argitara Mendi-Lautak (hau ere eskaintzen dizugu). Loretxo pertsonaia bera da, neskatila gaztea, familia karlista bateko alaba, baina egoera eta gertakizunak aldatu egin dira. 1932an Mirentxu da narrazioko beste pertsonaia nagusia, eta gaiak euskal abertzaletasunaren deskubrimendua eta amodio-minak. Zarautzen eta Tolosan gertatzen dira kontuok. 1937an, berriz, kostaldeko hiri bat dugu, Madrilgo aristokrazia uda igarotzera joaten dena, baina izena ez da ematen. Karlatar familiako alaba da Loretxo, maite ez duen Madrilgo senargaia du, konde baten semea, eta amodioa ardatz da, baina Mirentxu desagertu da eta Jon ageri da. Jon, neska abertzaletuko duena, euzko gudarosteko gudaria. 36ko gerra ere protagonista baita. Narrazioa bezala, Mendi-Lautaren beraren bizimodua eten zuen protagonista.
1937ko ekainera arte Hego Euskal Herrian izan zen —Eguna-n ekainaren 2an argitaratutako artikuluak Bilbon dagoela adierazten du—, baina erbesteko bidea hartu behar izan zuen Txomin Arrutik. Kanbon eta Donibane Lohizunen bizi izan zen zortzi urtez. 1945ean, azkenik, Zarautza itzuli eta lanean jarraitu zuen (altzari fabrika bateko gerentea izan zen, GipuzkoakoAltzarigileen elkarteko lehendakari). 1968ko apirilaren 22an hil zen.