Ots 22 26

Edorta Matauko itzultzaileak agur

Aspaldiko laguna genuen Susa literatura argitaletxean Edorta Matauko, itzultzailea eta irakaslea; Susako bazkidea gainera. Asteon utzi gaitu, berak sarritan euskarara ekarritako Stefan Zweig idazlea hil zen egun berean gainera, otsailaren 22an.

matauko_knorr
Gasteizen 1950ean sortua, gazterik iraultzaren aldeko jardun militantean aritua, itzultzaile eta irakasle ezagutu dugu gehienok gerora, Donostian lekuturik. Euskarari ekarriak atarian ikusi daitezke, Mataukok Susa aldizkarian lehenbizi – John Updike, Samuel Becket– eta Susa argitaletxeko liburu gisa gero – Harry Crews idazlearen Autoa, Leviatana Joseph Rothena, Alex La Gumaren Kafea biderako, Bake zibila itzulpen bilduman publikatutakoa.
Baina, Stefan Zweig da ziurrenik Mataukok euskarara gehien ekarri duen idazlea, Gizadiaren oren gorenak, Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan eta Emakume ezezagun baten gutuna argitaratu baititu azken urteotan. Atsegina bezain fina euskararako itzulpenetan, hutsunea laga du Edorta Mataukok gure artean. Katakrak argitaletxeak plazaratutako Gizadiaren oren gorenak itzulpeneko kapitulu parea eskaintzen dizkizugu bere omenez.
matauko

Agenda

Efemerideak

Kritikak