Mar 09 22

Urteurren periferikoak

Duela 20 urte, martxoaren 9an hil zen Carlos Casares idazle eta kazetari galiziarra. Ramon Piñeiroren eskutik galegismoan murgildua, Bilbora erbesteratu zen Galizian irakasle jardutea debekatu ziotelarik, 70etan. Haren ipuin bat, Idazle didaktiko bat, euskaratu zuen Koldo Izagirrek. Francoren diktadurapean bizitzeko arazo gutxiago izan zituen Josep Plak, katalanezko prosaren maisuetako batek. 125 urte beteko zituzkeen martxoaren 8an. Quadern gris-eko pasarte bat euskaratu eta Literatur Gazeta-n eman zuen argitara Ibon Sarasolak. Testu biak dauzkazue irakurgai.

Mar 05 22

Pasolinik 100 urte

Zinemagilea, idazlea, poeta… sortze lanarekin bezainbat haren inguruan sortzen zen pasioarekin lotzen da Pier Paolo Pasolini. Artearen zirrikituak bezala bizitzaren ertzak miatu zalea, martxoaren 5ean 100 urte jaio zela Bolonian. 1975ean aurkitu zuten haren gorpua Ostian, gogor kolpatua. Bien bitartean, literatura, zinema, bizitzaren mugak. Euskarara hainbat poema itzuli zaizkio: 1996an bost poema Bego Montoriok Susa aldizkarian; Joserra Utretxek Amen balada 1992an, Mazantini aldizkarian; Armiarman prosazko testu bat, Ile luzearen aurka, Koldo Izagirrek 2015ean, eta bi urtera Iñigo Aranbarrik sei ataleko Gramsciren errautsak poema. Denak online irakurgai. Alberdania etxeak ere Josu Zabaletak euskaraturik eleberria argitaratu zuen, Gauza baten ametsa.

Mar 03 22

Italiako ahaireak

Mendea beteko zukeen Beppe Fenogliok martxoaren 1ean, baina askoz lehenago, 40 urte zituela hil zen. Italiako gerraosteko literatur mugimendu oparoaren baitan jardun zuen, haren izenak hainbesteko oihartzunik ez badu ere.

Ipuingile handia, bera hil ostean argitaratutako Il partigiano Johnny eleberria du lanik ezagunena. Josu Zabaletak euskaratu zuen Kontu pribatu bat nobela, eta Katakrak argitaletxeak plazara eman; haien webgunean irakur daiteke osorik. Partisanoekin gerra, Turingo kultura giroa… arras bestelako bizimodua eramanda Fenogliok 10 urte bete zituen egun berean zendu zen, ospitale psikiatriko batean —haietan pasatu zuen bere bizitzaren zati handiena—Dino Campana poeta. Novecento mugimenduko ordezkaria, haren lau poema euskaratu zituen Tere Irastortzak eta Pamiela aldizkarian argitara eman 1986an.

Mar 01 22

Itzuliz usu mundua Gutun Zuria letren nazioarteko jaialdia Bilbon

Gutun Zuria Bilboko letren nazioarteko jaialdia. Aurten itzulpengintza izango da jaialdiaren ardatza, eta mundua bera itzultzeaz arituko dira besteak beste. Itzuliz usu mundua izenburuko aurtengo ekitaldietan euskal idazle anitz izango ditu Gutun Zuria jaialdiak parte hartzaileen artean: Unai Elorriaga, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe, Beñat Sarasola eta Kirmen Uribe besteak beste.

(gehiago…)

Ots 28 22

Preso langileei letrazko omenaldia

1937 eta 1958 bitarteko urteetan Gernika eta Bermeo arteko trenbidea berreraiki zuten lan bortxatuetara zigortutako presoek, gerra galdu eta esklabotza-egoeran lan egitera behartuak. Omenaldi instituzionala jaso dute joan den aste honetan. Literaturan omenaldia Edorta Jimenezek egin zien, 1993an Susa argitaletxearekin kaleratutako Azken fusila eleberri bikainean.  Osorik irakurgai dagoena, garai ilun eta gogor hartan murgil egin dezakezue Onofre pertsonaia ahantzezinaren uberan.

Ots 26 22

Vercorsen Itsasoaren isiltasuna

1902ko otsailaren 26an, jaio zen Jean Bruller Vercors idazlea. Editions de Minuiten sortzaile, erresistente eta kultura alorreko langile, idazlearen heriotzaren 25. urteurrenaren harira  Ibon Sarasolak euskaratu zuen haren lanik ezagunena, aurten 80 urte argitaratu zen Itsasoaren isiltasuna, online irakurgai dagoena. Euskaraz bi bertsio dituen obra, Booktegi egitasmoan  goza liteke Josu Zabaletak egindako itzulpena.

Ots 24 22

Abelin Linazisoro hil da

2022ko otsailaren 23an zendu da Abelin Linazisoro idazle, euskaltzale eta aktorea. Frankismo garaitik engaiatua herrigintzarekin, torturak jasandakoa, bereziki euskarararen eta bestelako zenbait konpromisoren aldeko militantea izana da. Hiru lan eman zituen argitara bere idazle ibilbidean: Axun eleberria (Susa, 1995), orainean eta iraganean txirikordatzen den maitasun-istorioa; 2001ean Iraganean galdua, Txalaparta argitaletxearekin, maitasun istorioa hau ere, bi ekintzaileren arteko harreman ezinezkoa. Eta lau urte geroago eman zuen plazara azken lana, Aitortza (Txalaparta, 2005). Hil delarik, Linazisororen lehen bi lanak eskaintzen ditugu irakurgai.

Ots 23 22

Marijane Minaberriren oroiz

2017ko otsailaren 23an hil zen Marijane Minaberri. 60etan hasia ipuin eta poemak euskal aldizkarietan argitaratzen, antzerkigintza ere landutakoa, haren lanak mugarri dira haur eta gazte literaturan. Irakurleek ez ezik, kantariek ere jo zuten Minaberriren lanetara. Duela 5 urte zendutako idazlearen lanak irakurgai dituzu: Haur antzerki, Itxulingo Anderea, Mari Gorri eta Xoria Kantari.

Ots 18 22

Idazleak, emakumezkoak, beltzak

Emakumeen eskubideen aldarrikapena eta egoeraren salaketa, bereziki emakume beltzen defentsa eta zapalkuntza-egoeraren salaketa, eskubide zibilen aldeko borroka… zenbait eremuk batzen ditu Audre Lorde eta Toni Morrisonen bizitza eta jarduera. Nagusiki poesia eta saiakeraren bitartez lehena; eleberrien bitartez bigarrena. Borroka eremuez gain, beste puntu bat ere bazuten partekatzekoa: hiru urteko aldearekin, otsailaren 18 batez jaio ziren biak, 1934an eta 1931n, hurrenez hurren. Lorderen poema antologia euskaratu zuen Danele Sarriugartek, eta Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman argitara eman (baita lehenago Elearazi egitasmoan ere testu bat, Nagusiaren tresnek ez dute sekula eraitsiko nagusiaren etxea), biak ere online irakurgai daude. Nobel saria jasotako Morrisonen Maitea eleberria euskaratu zuen Anton Garikanok (Elkar-Alberdania, 2004), eta lehenago Itziar Iriondok Gaueko hitzak narrazioa, Milabidai bilduman plazaratua, hau ere oniine irakur dezakezuna.

Ots 18 22

Wislawa Szymborskaren hitzak

1996ko Nobel saria jaso zuenean poetaren lanbideaz eta bere jardunean “ez dakit” hitz xumeek duten garrantziaz jardun zuen Wislawa Szymborskak, horietatik abiatuta eraiki duen munduaz. Josu Jimenez Maiak hitzaldia euskaratu eta Maiatz aldizkariko 67. zenbakian eskaini zigun… 38 poemarekin batera. Poeta poloniarra hil dela 10 urte bete dira otsailean, eta hemen eskaintzen dizkizugu denak.

Ots 11 22

Bost izpi “proletario”

XX. mende hasieran AEBetan izan zuen indarrik “literatura proletarioa” izendatu zen mugimenduak, zenbait egile eta intelektual erakarri zituena. Haien emaitzaren “izpi” batzuk bildu nahi izan ditu Ekida egitasmoak, eta euskarara ekarri ditu bost poema, Carl Sandburg, Michael Gold, Stanley Burnshaw eta Joy Davidmanenak. Hementxe irakur ditzakezu.

Ots 10 22

Oparia

The Velvet Underground taldearen 1968ko White ight/White Heat diskoan argitaratu zen Oparia, Lou Reed-ek idatzitako ipuina, John Calek errezitatua. Xabier Montoiak ekarri du euskarara istorioa, eta Booktegi-n irakur daiteke. Eta irakurtzeaz gain, entzun ere egin daiteke, Amaia Lainontzik irakurria; Nagore Legarretarenak dira irudiak eta Montoiak berak eta Javi Pezek jarri diote musika.

Ots 03 22

Sortzeko suak

Sukaldeko Solasaldiak jardunaldien baitan, Uxue Alberdik Hizkuntza gutxitu batean kozinatzea hitzaldia prestatu eta zerbitzatu zuen 2021eko irailaren 28an,  munduko bost hizkuntza zailenen artean omen dagoen mintzaira honetan sortzen dutenek ere ez daukatela erraza erakutsiz, lapiko eta su artean ondutako mintzaldi batean, entzuleei oso plater ederra eskainiz. Irakurtzeaz gain, solasaldiaren bideoa ere ikusgai dago.

Urt 26 22

(H)ilbeltza lehertzera doa

Ilbeltzarekin lehertu da euskal nobela beltzaren astea Baztanen. Urtero bezala, hitzaldiak,
Koldo Bigurirekin solasean hasi zuten astea, eta itzultzaileak (H)ilbeltza bekarekin euskarari ekarritako Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte aurkeztu zuen.
Ilbeltzaren 26an (asteazkena) Euskal gaizkileak podcasta aurkeztuko da, Ainize Madariagak Marga Andurain abenturaren gurpilean solasaldia eskainiko du ilbeltzaren 28an (ortzirala) eta Itxaro Borda Euri zitalari esker nobela aurkezten arituko da Ane Gartziarekin batera.

(H)ilbeltza iragarkia

Urtero egiten duten gisan, Bira produkzioak ekoiztetxeko lagunek trilogiarekin amaitu eta Orson Wells zinegilearen Touch of Evil filmeko irudiak gogora ekarriz ikusentzunezko polita gauzatu dute.

Urt 25 22

Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena kontatu digu Miren Agur Meabek

Emakumeei eta fikzioari buruz jarduteko eskaera bati jarraiki idatzi zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakera. Emakumeen genero-rolak aztertu zituen bertan, idazleak, sortzaileak eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Antzeko eskaera egin zioten Hea kultur elkartekoek Miren Agur Meaberi. Eta aurreko larunbatean, eta idazleak Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldia prestatu zuen, beren beregi. Zaldiarri bilduman argitaratu dute antolatzaileek, eta gaur Virginia Woolf idazlea omentzeko xedez, osorik dakargu sarera.

140 urte Virginia Woolf jaio zela

Urtarrilaren 25ean 140 urte bete dira Virginia Woolf jaio zela, eta parada egokia da liburu horixe, Gela bat norberarena, gogora ekartzeko, Maria Colerak itzulpena egin eta Consonnik argitara emana, eta baita Woolfen euskarazko beste hiru lan ere, denak osorik irakur daitezkeenak: Dalloway anderea (Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratua, edo! argitaletxea, 2014), Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea (Ana I. Moralesek euskaratua, edo!, 2014) eta Farorantz (Anton Garikanok euskaratua, Ibaizabal, 1993).

Agenda

Efemerideak

Kritikak