Ira
22
05
Literaturaren Zubitegian, idazlez idazle antolaturiko gunean, idazle bakoitzaren bibliografiaz gain, berak idatzitakoez gain alegia, berari buruz idatzitakoak jasotzen ere lana egina dugu. Literaturaren historia-liburu eta entziklopedietan jasotakoak bilduak genituen orain arte, egile bakoitzari buruzko informazioa eskainiz. Bibliografia pasiboa deitu izan diogu Aipamenak izenburupean datorren sail honi. Eta oraintsu Literaturaren Zubitegian egindako azken eguneraketan emendatu egin dugu sail hau, hain zuzen. Hainbat idazleri buruz idatzi izan diren lanak bildu eta digitalizatu ditugu, baina ez historia-liburu eta entziklopedietan datozenak, beraiek idatzitako liburuen hitzaurre, hitzatze, sarrera eta aurkezpenetan baizik. Beraien lanari egindako hurbilpen zehatzetan. Aldizkaritan agertutako hainbat artikulu edo monografia ere ekarri dugu. Gabriel Arestiren liburuei eginiko sarrerak, Axularren edizioei eginiko hitzaurreak, Kirikiñoren aurkezpenak, Lizardiz eta bere lanez idatzitako artikuluak, Joxe Azurmendirenak, Ramon Saizarbitoriarenak, Bitoriano Gandiagarenak… Horiei denei, bestalde, Joxemiel Bidadorrek Euskaldunon Egunkaria-ko Nafarkaria gehigarrian bost urtez (1995-2000) euskal idazleez plazaratutako 115 artikulu erantsi dizkiogu.
Eta honenbestez, 1.800etik gora dira Literaturaren Zubitegian irakur daitezkeen aipamenak.
Ira
22
05
Asteburu honetan liburu-dendetan izango da Harkaitz Canoren liburu berria: Neguko zirkua. Hemeretzi kontakizunez sareztatua, datorren astean Donostian aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Aurrerapen gisa Ez zaie errazegi jarri behar ipuina eskaintzen dizugu, urtegi baten karietara, etxea urpean geratu baino lehen alde egin behar izan zuen batek kontatua: “Bere etxea urpean duenak, bere zati bat ere urpean du betirako, eta edonon dagoela ere, ur ilunei begira geratzen denean, behean zer altxor klase dagoen asmatzen saiatzen da“.
Ira
15
05
Harri eta Herri liburuari 1964an, argitaratu zenean, egindako kritikarekin —hitzaren esanahirik zorrotzenean— hasi gara Zeruko Argia aldizkariko literatur kritikak on-line jartzen. Kritika bat baino gehiago dira eta baita erantzunak ere, Gabriel Aresti bera tartean, aldizkarian plazaratu zirenak. Kritikez gain, autore berriei buruzko artikuluak ere bai. Kritiken Hemerotekan eta Literaturaren Zubitegian, autore bakoitzari dagokion orrian, paratu ditugu batak eta besteak. 1980 bitartean gure literaturan giltzarri izan diren hainbat liburu eta autoreren kritikak eta artikuluak, polemika eta guzti maiz: Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Rikardo Arregi, Xabier Lete, Joxe Azurmendi, Mikel Zarate, Joseba Zulaika, Patri Urkizu, Hartzabal, Anjel Lertxundi, Luis M. Mujika, Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Bernardo Atxaga… Beren lehen liburuarekin haietarik gehienak. Kritika sinatzen ere, berorien izenak aurkituko dituzu sarritan.
1980tik aurrera talde berri batek hartu zuen aldizkariaren lema, Argia bilakatu zen Zeruko Argia, baina kritika lanak eta literatur kezkak segitu zuten. 1980ko hamarkadan euskal liburuaren inguruan eta literatur aldizkarien leherketarekin nabarmendu ziren egileak, sendotzen joan zirenak eta berriak, eta beren lanak aurkituko dituzu. Eta, noski, 80ko hamarkadako erdialdetik harik eta 1997an literatur-kritikak argitaratzeari utzi zion arte, plazaratutako lan gehienak. Alegia, 1964-1997 bitarteko gure literaturaren errepasoa, kritikagintzaren arloari dagokionez.
Argitaletxeen bilakaera ere ikus daiteke: Itxaropena, Kriselu, Gero, Lur, Jakin, Hordago, Ustela ageriko dira 60 eta 70etan, eta gerora haiei batuko Elkar, Erein, Susa, Baroja, Maiatz, Labayru, Pamiela, Alberdania eta beste hainbat…
Literaturaren Zubitegian eta Kritiken Hemerotekan irakur daitezke Zeruko Argian eta Argian argitaratu ziren 635 kritika.
Ira
15
05
2002an plazaratu zuen Susa argitaletxeak Deserriko karrikak, Mikel Ibargurenen bigarren poemarioa. Hemen gauak lau ertz ditu (hau ere osorik dago Interneten) lehen liburua (Susa, 1999) bezala, bigarren honetan ere autorearen bizi-esperientziak zedarritutako esparruan osatua da liburua. Deserrian, herrian bizi arren. Osorik irakur dezakezu.
Ira
15
05
1905eko irailaren 16an jaio zen Pragan, orain 100 urte, Vladimir Holan, txekierak XX. mendean izan duen poetarik handienetako bat. Duela 25 urte hil zen, 1980ko martxoaren 31n. Sinbolisten eraginpean idazten hasia, poesi liburu asko argitartu zituen, baina hala ere 1949an, bere lana aintzat ez hartzearekin eta orduko kultura giroarekin gogaituta, Kampako bere etxean bere burua ixtea erabaki zuen. Eta halaxe jardun, etxean, gizartetik bakartuta, hil zen arte, nahiz eta 60ko hamarkadatik aurrera izena eta sariak jasotzen hasi zen. Heriotza, hain zuzen ere, eta itxaropena, patua… ohiko gai unibertsalak dira Holanek poemetan darabiltzanak.
Euskarara Joseba Sarrionandiak itzuli zituen bere bost poema, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan (Pamiela, 1985) kaleratuak (beste bat ere badakar liburuak, titulua ez bestea txekieraz datorrena). Hementxe dauzkazu.
Ira
08
05
Bileterik gabe (Susa, 1985) izan zen Jon Aranok argitara emandako lehen poema liburua, eta bost urte geroago Malezia sorta kaleratu zuen, Susa argitaletxearekin. Tartean idatzi asko, poema anitz literatur aldizkarietan, eta ahots partikular bat. Zuzena, gordina, lirikoa ere bai, ozen bezala isil ere mintzo dena, idazle bat osatzen duena. Hona hemen Malezia sorta.
Ira
08
05
Euskaraz.net atariak bi antzezlan jarri ditu sarean, Martzelino Soroa antzerkigile donostiarraren Gorgonioren estuasunak eta Jose Elizondok 1912an argitara emandako Alkate ona, ondoren Ebaristo Bustintza Kirikiñok, bizkaieraz Txomin arrayo izenarekin argitaratu zuena.
Ira
01
05
Jonas Poisson (Susa, 1986) liburuarekin jotako kolpeak segida izan zuen Dordokak eta Elurrak (Susa, 1989) poemarioarekin. Harrien lauhazka bikainarekin 1998an biribildua. Mundu sinboliko oso bat eta ahots indartsua erakutsi zigun Iñigo Aranbarrik, hitzez hitz eraikita dauden poemen bitartez. Aranbarri gaur egungo euskal literaturako ezinbesteko erreferentzia da. Hemen duzue osorik Dordokak eta Elurrak.
Ira
01
05
Euskaraz.netek beste lau testu gehitu dizkio Liburu digitalak bildumari: Gregorio Mujikak 1919an idatzitako Utzi beharko atal bateko barre antzerkia; Antonio Amundarainen Lore bat lohitan, Iztundek 1929an Donostian antzeztua, eta Zirt edo zart antzerki lanak; eta Dionisio Azkue Dunixik 1929an eman zuen Atzoko Donostia hitzaldia.
Ira
01
05
1990eko abenduaren 6an 1. zenbakia kaleratu eta 2003ko otsailaren 20an bortxaz itxi zuten arte, Euskaldunon Egunkariak euskal literaturen segimendua egin eta liburuen kritikak plazaratu zituen. Inoiz kritikaren bat idatzitakoez gain, liburuen kritika idaztea hainbatek zeregin finkotzat izan zuen: Amaia Iturbide, Ana Urkiza, Anjel Zelaieta, Edorta Jimenez, Jose Jabier Fernandez, Joxe Beristain, Juan Luis Zabala, Karlos Linazasoro, Karlos Zabala, Markos Zapiain, Miel Anjel Elustondo, Mikel Aldalur, Xabier Aldai. Eta noski, 90eko hamarkadako euskal literaturako liburu esanguratsu denei buruzko kritikarik agertu zen. Lehenengo laurak, adibidez, 1990eko abenduari dagozkionak, hauexek dituzu: Edorta Jimenezen Atoiuntzia, Imanol Irigoienen Argiaren barne-distantziak, Patxi Ezkiagaren Baladak eta Pablo Sastreren Kristalezko bularrak.
Literaturaren Zubitegian eta Kritiken Hemerotekan irakur daitezke Egunkarian argitaratu ziren 415 kritika. Literaturaren Zubitegian honenbestez 2.000tik gora dira jarri ditugun kritikak. Bestalde, eta azken eguneraketak egin eta gero, 719 dira webgunean dauden idazleak. Horietarik ia 300ek badute beren liburu baten kritikaren bat.
Abu
25
05
Hemezortzi urte zeuzkan eta esateko gauzak eta haiek esateko grina eta modua. Hartara, indarrez kaleratu zuen Xabier Aldaik Bala zeru urdina poemarioa, 1993an, Susa argitaletxearekin. Lubaki Bandako kide zen, eta hain zuzen bera izan zen talde hartan liburua argitaratzen lehena. Zazpi urteko isilune baten ondotik, 2000. urtean narrazio liburua kaleratu zuen, Bazterrekoak. Osorik daukazue Bala zeru urdina.
Abu
25
05
El Diario Vasco egunkariaren DVZabalik euskarazko gehigarrian hasia lehenagotik, 1992ko udazkenaz geroztik gaur arte jardun du —eta segitzen du— Felipe Juaristik liburuen kritikak egiten, euskarazko liburuen kritiken ardurarekin. Armiarma webgunean jarri ditugu El Diario Vasco egunkarian 1992tik 2001era bitartean argitaratutako 245 kritika, eta dagoeneko 1.300etik gora dira Literaturaren Zubitegian jasotako kritikak. Kritiken hemerotekara ere bildu ditugu.
Abu
18
05
1955eko abuztuaren 12an zendu zen Thomas Mann, Alemaniako literaturak XX. mendean ezagututako idazle handienetako bat. II. Mundu Gerrara bitarteko gizarte alemaniarra erretratatu zuen bere eleberrietan, estilo aldetik ere ekarpenak eginez eleberrigintzari. 1929an Nobel saria jaso zuen. Buddenbroktarrak, Mendi magikoa eta Fausto doktorea dira bere lanik esanguratsuenak, euskaraz dagoen bakarrarekin batera: Herioa Venezian. Literatura Unibertsala bildumaren baitan kaleratu zen, Ibaizabal etxearekin, 1992an, Xabier Mendigurenek euskaratua. Osorik eskaintzen dizuegu.
Abu
18
05
188 kritika gehiago ditu Literaturaren Zubitegiak, eta dagoeneko 1.000tik gora dira gunean dauden kritikak. Eguneraketa El Correo Español egunkariko kritikak gehituz egin dugu, 1996tik 2001 bat bitartean Javier Rojok idatzi dituen kritikak hain zuzen ere (2001etik gaur artekoak lehendik bazeuden). Literaturaren Zubitegian liburu bakoitzari eransteaz gain, Kritiken Hemerotekan ere jarri ditugu. Bertantxe ikus dezakezu zein diren iruzkindutako liburuak.
Abu
11
05
Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin nobela jarri dute irakurgai euskaraz.net gunean. 1915ean Oiartzunen jaioa Donostiako Udaleko langilea izan zen urtetan, eleberrian bertan kontatzen digun eran. 1964ko Agora saria jaso zuen nobelan haurtzaroko eta gerra garaiko kontu lazgarrien berri ematen du Salaberriak euskara bizi ederrean. Beste bi liburu ere eman zituen argitara Auspoa liburutegian: bertso jarriak biltzen dituen Nere soroko emaitzak, eta Sagardotegiak, Donostia inguruko sagardotegi ezagunen berri ematen duena.