Zeruko Argia eta Argia aldizkarietako 635 literatur kritika
Harri eta Herri liburuari 1964an, argitaratu zenean, egindako kritikarekin —hitzaren esanahirik zorrotzenean— hasi gara Zeruko Argia aldizkariko literatur kritikak on-line jartzen. Kritika bat baino gehiago dira eta baita erantzunak ere, Gabriel Aresti bera tartean, aldizkarian plazaratu zirenak. Kritikez gain, autore berriei buruzko artikuluak ere bai. Kritiken Hemerotekan eta Literaturaren Zubitegian, autore bakoitzari dagokion orrian, paratu ditugu batak eta besteak. 1980 bitartean gure literaturan giltzarri izan diren hainbat liburu eta autoreren kritikak eta artikuluak, polemika eta guzti maiz: Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Rikardo Arregi, Xabier Lete, Joxe Azurmendi, Mikel Zarate, Joseba Zulaika, Patri Urkizu, Hartzabal, Anjel Lertxundi, Luis M. Mujika, Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Bernardo Atxaga… Beren lehen liburuarekin haietarik gehienak. Kritika sinatzen ere, berorien izenak aurkituko dituzu sarritan.
1980tik aurrera talde berri batek hartu zuen aldizkariaren lema, Argia bilakatu zen Zeruko Argia, baina kritika lanak eta literatur kezkak segitu zuten. 1980ko hamarkadan euskal liburuaren inguruan eta literatur aldizkarien leherketarekin nabarmendu ziren egileak, sendotzen joan zirenak eta berriak, eta beren lanak aurkituko dituzu. Eta, noski, 80ko hamarkadako erdialdetik harik eta 1997an literatur-kritikak argitaratzeari utzi zion arte, plazaratutako lan gehienak. Alegia, 1964-1997 bitarteko gure literaturaren errepasoa, kritikagintzaren arloari dagokionez.
Argitaletxeen bilakaera ere ikus daiteke: Itxaropena, Kriselu, Gero, Lur, Jakin, Hordago, Ustela ageriko dira 60 eta 70etan, eta gerora haiei batuko Elkar, Erein, Susa, Baroja, Maiatz, Labayru, Pamiela, Alberdania eta beste hainbat…
Literaturaren Zubitegian eta Kritiken Hemerotekan irakur daitezke Zeruko Argian eta Argian argitaratu ziren 635 kritika.