Urr
18
05
Mende bat lehen iraultza saiotik. Urria: Iraultzarena, 1917koa. Hainbatek abestu zioten iraultzari orduan. Gero ere ez gutxik. Batzuk ezagunak; Anna Ajmatova, Boris Pasternak, Osip Mandelstam, Marina Tsvietaieva, Vladimir Maiakovski, Sergei Esenin horien artean. Ezezagunak gehiago izan ziren. Asko anonimoak. Iraultzaren, horrek sortutako esperantzaren, Aberri Gudaren kronika egiten saiatuko gara hurrengo lerrootan, poemetan oinarrituta. Gero etorri ziren porrota eta gainbehera.
Urr
13
05
Oraingo honetan literaturaren esparrua gainditzen duten lanekin aberastera dator Klasikoen Gordailua. Nekazariei zuzendutakoak dira, esaterako, Arnaud Abadiak Eskualduna aldizkarian argitaratutako jakingarriak: Laborarier (1887-1903) eta Jean Baptista Althaberen idazlanak, hots, Ziberuko botanika edo lantharen jakitatia (1900) eta Hunkailü berrien enthelegia Ziberuko laborarier (1904) .
Era berean, interes etnografiko handia erakusten du Federiko Garraldaren Aurrendako dostatzia (1926) lanak, Zaraitzuko haur-jolasak agertzen baitira bertako euskaran aurkeztuak.
Hainbat alderditan gaurkotasunik galdu ez duten Jose Agerre, Gurbindoren Kazetari lanak (1930-1936) datoz gero, eta, paperon literatur ukitua nabarmenagoa izan dadin, A. Tapia Perurena iruindarrak (1899-1957) azken hogeita hamar urtetan aldizkari zenbaitetan argitaratu zituen Olerki-lan guztiak (1925-1956) eskaintzen ditu Gordailuak ondoren.
Azkenik, euskaldunok ere zerurako bidea argiago izan dezagun, Asteteren katiximaren egokitzapen interesgarria erantsi zaio irakurleari, Damaso Legazek burutua Kristauaren ikasbidea (1880).
Urr
13
05
Gabriel Arestiren heriotzaren 25 urteurrenean, 2000. urtean, plazaratu zuen Angel Zelaietak Gabriel Aresti (biografia), Susa argitaletxearekin. Arestiren laguna, Angel Zelaietak 1976 eta 1977an argitaratua zuen, bi liburukitan, Gabriel Aresti (Haranburu editorea). Baina 2000.ean ez zuen lehen egindako lana berrargitaratu, Arestiren biografia berriro osatu baizik, lehengo materialak eta berriak, eta distantziak emandako esperientzia baliatuz. 1933ko urriaren 14an jaiotako Gabriel Arestiren biografia daukazu osorik.
Urr
13
05
1985eko urriaren 11n, duela 20 urte, hil zen Habanan Alex La Guma idazle hegoafrikarra. ANCren ordezkaria zen Kuban. 1924an jaioa, idazletza eta militantzia politikoak uztartu zituen 1950etako eta 60etako Hego Afrikan. Hainbat aldiz espetxeratua, 1966an Londresa erbesteratu zen, eta bi jarduerei lotu hil zen arte. Berari buruzko artikulu ederra egin zuen Joseba Sarrionandiak Marginalia (Elkar, 1988) liburuan. Interesgarria Gabriel Arestirekiko egiten duen erreferentzia. Hurrengo urtean, Susak plazaratutako Bake zibila liburuan, idazleari buruzko datu batzuekin bere ipuin bat argitaratu zen, Kafea biderako, Eduardo Mataukok euskaratua. Apartheid gordina eguneroko bizimoduan txertatua maisuki jasotzen duena. Biak eskaintzen dizkigu.
Urr
11
05
Urriaren 14an 25 urte beteko dira Louis Guilloux hil zela. Frantziako idazle ezezagunenetakoa da, eta I. eta II. Mundu Gerretako testuinguru soziala eta herritarren bizimodua jasotzen da bere liburuetan. Nonbait jaio behar eta Saint-Brieucen jaio zen, urtarrilaren 15ean, XIX. mendea amaitzear zela, 1899an. Izena, aitarena: Louis Guilloux. Aita zapatari artisaua zen. Amak etxean egiten zuen lan. Balzac, Gorki, Tolstoi, Ibsen irakurtzen hasi zen gazterik. Autodidakta zen Guilloux. Bere bidea egiten ari zen, bere kabuz, eskolako morrontzetatik aske. Gizartearen aurka altxatutako idazleak sentitzen zituen hurbilen: Whitman, Thoreau, Jules Valles…
Urr
11
05
Philippe Besson idazlearen (Barbezieux, Frantzia, 1967) hirugarren nobela izan zen L’arriére-saison, Edward Hopperren Nighthawks margolan ezaguneko pertsonaiei istorio bat asmatuz osatutako fikziozko lana. RTL-Lire saria eskuratu zuen. 2001ean kaleratu zuen bere lehen lana, En l’absence des hommes, Emmanuel-Robles saria eskuratuko zuena. Bere bigarren lana, Son Frere, zinemara eraman zuen Patrice Chereau zuzendariak.
Urr
06
05
1992koa da Mariaren mendea narrazio liburua, baina ordurako bide luzea egina zuen Pablo Sastrek euskal literaturan. Mugarria kaleratu zuenetik (Elkar, 1982), narrazio eta eleberrien eremuan jarduna da, bere tokia egina, ordurako beste zortzi liburu plazaratua. Eta segitu du, idazle dela erakutsiz. Bi narraziok osatua, ofizioa ikasitako baten emaitza dugu Mariaren mendea (Susa, 1992), bi istorio indartsuz eta ongi idatzitakoz osatua. Osorik irakur dezakezu.
Urr
04
05
Anton Txekhovek idazleei eta irakurleei egindako 99 gomendio bildu ditu Piero Brunellok. Ia ehun gomendio idazle handienetako baten eskutik. Aholkuak zertaz: idazteaz eta literaturaz, idazteaz eta bizitzaz, literatura ere bizitza baita. Aholkuak norenak, Anton Txekhovenak (Taganrog, 1860-Badenweiller, 1904). Aholku hauek Sin trama y sin final. 99 consejos para escritores (Alba argitaletxea, Bartzelona) liburuan bildu ditu Piero Brunellok. Txekhovek lagun, idazle eta editoreei idatzitako gutunen txatalekin dago osatuta bilduma labur hau.
Urr
04
05
Vladimir Holan (Praga, 1905-1980). Mende bat jaio zela. Mende laurden hil zela. Kanpako uhartean eman zituen bere bizitzako azken hiru hamarkadak Vladimir Holanek. Laudatua eta debekatua izan zen. Hitzen zentzuaren bila jardun zuen errealitatea giza neurrietara ekartzeko. Hitzen alkimista. Historiaren kontraesanek atxiki zuten, eta isolatu. Baina kontraesana aukera ere izan daiteke. 60ko hamarkadan idatzitako antologiak errebelazio bat izan ziren Txekiako belaunaldi berrientzat.
Ira
29
05
Euskal Literatura Klasikoaren corpusa osatzeko xede aratzaz ez hain aspaldi ekindakoari segida ematera dator gaurkoan Klasikoen Gordailua, izan ere, gure letretan argi propioz nabarmendu diren bost autoreren idazlan berriak eskaintzen baititu dagoeneko amaraunean.
XVIII. eta XIX. mendeetako euskal letren suspertzaile izan zen Manuel (Garagorri) Larramendiren luma zorrotz-ironikoak sortutako Euskal testuak (1729-1766) aurkituko ditu sare-itsasturiak lehendabizi. Andoaindarraren kemenaren itzalpean zaletu zen Sebastian Mendibururen Jesusen bihotzaren debozioa (1747) (baita bigarren edizioan harekin batera argitaraturako Kongregazioko Reglak ere) eta Igande eta festegunetarako irakurraldiak (ca. 1775) ere eskura izango ditu gero liburutegi birtualeko saguak, prosa garai eta distiratsuan burutuak. Egungo prosatik hurbilago, Agirre Asteasukoaren Erakusaldiak izeneko obra mardularen 2. eta 3. liburukiak (1803-1823 bitartean idatziak) gorde-zabaltzen ditu halaber Gordailuak bere baitan.
Intsentsu-usaina zertxobait idargetzeko, Joanes Etxeberri “Sarakoa”ren 1718ko Lau-Urduri gomendiozko karta, edo guthuna duzu irakurgai, eta Joan Bautista Gamiz jesuita lego arabarraren (1696-1773) amodiozko “dabilcenchoac” (= “seguidillas”) eta bertsoak, Euskal Olerkiak estekaren atzean.
Ira
29
05
Anemometroa kaleratu zuenean (Susa, 1998) ahots berezi bat erakutsi zuen Igor Estankonak, mundu ikuskera propioa. Poesian jarraitu du lanean, bere burua egiten eta hori ezagun du Tundran, Jaka bekari esker 2002an kaleratutako liburuan. 2004an ere kaleratu du poema-libururik, Kutxa Fundazioarekin argitaratutako Ehiza eta nekea. Tundra liburua eskaintzen dizugu osorik.
Ira
29
05
“Liburu garrantzizko baten aurkezpena egitea egokitu zaidala kontziente naiz” esan zuen atzo Jon Alonso idazleak Harkaitz Canoren ipuin liburu berriaz jardutean. “Neguko zirkua erreferentziazkoa izango den liburua da, orain 22 urte Sarrionandiaren Narrazioak izan zen bezainbeste, literaturtasunaren eta euskal prosa literarioaren bilakabidea markatzen duelako”. Neguko zirkua 19 kontakizunez osatua dago, eta hemen eskaintzen dizkizugu horietatik sei.
Ira
22
05
Orain ehun urte, 1905eko irailaren 23an jaio zen, Deban, Felix Markiegi idazlea: Markiegi’tar Peli. Ez dira asko 1946an Bahia Blancan (Argentina) zendutako autoreari ezagutzen zaizkion lanak. Dozena erdi poema aipatzen ditu Santi Onaindiak, moralistak lau eta bi Lizardiren heriotzan idazlearen omenez idatzitakoak; hemen aurkezten dizkizuegu denak. Eta bi antzerki lan. Eukaristiaren martiri lana Euzkadi egunkarian kaleratu zuen, 5 ataletan, 1935eko maiatzaren 1etik 7ra bitartean. 1936an, berriz, Lopez Mendizabalenean kaleratu zuen Seme hondatzailea izeneko antzerki-lana, irakaspen moralekoa berau ere, hitz neurtuz emana. Hau osorik irakur dezakezue.
Ira
22
05
Euskal literaturako testu klasikoen gordailuan liburu berriak gehituko ditugu hemendik eta urte amaiera bitarte. Guztira ia 60 liburu gehiago izango dira urte amaieran. Hamabostean behin; gaika, garaika edo autoreka lotutako liburuak gehituko dira Klasikoen Gordailua gure atarian.
Datorren astean, XVIII. eta XIX. mendeetako idazle Manuel Larramendiren liburuak, Sebastian Mendibururen obrak eta Agirre Asteasukoaren bi liburuki ere eskainiko ditugu. Azkenik Joan Bautista Gamizen Euskal Olerkiak ere sarean izango dira.
Ira
22
05
Xabier Izagak 1998an plazaratu zuen Bart irakurtzeko gaur izkiriatuak poema-liburua. Espetxealdian egindako liburua, pareta eta burdina arteko oihua, poesia bizia da berea. Lehen liburua izanagatik, ez zen, hala ere, idazle ezezaguna. Literatur aldizkarietan irakurriak genizkion poemak, eta 1995ean Sun Tzu-ren Gerraren antzea euskaratu zuen, eta Txalaparta argitaletxearekin kaleratu. Hemen dituzu bart irakurtzeko gaur izkiriaturiko bere poemak.