Literatur Emailuak
Susa literatura argitaletxea

 


Alex La Guma

 

1985eko urriaren 11n, duela 20 urte, hil zen Habanan Alex La Guma idazle hegoafrikarra. ANCren ordezkaria zen Kuban. 1924an jaioa, idazletza eta militantzia politikoak uztartu zituen 1950etako eta 60etako Hego Afrikan. Hainbat aldiz espetxeratua, 1966an Londresa erbesteratu zen, eta bi jarduerei lotu hil zen arte. Berari buruzko artikulu ederra egin zuen Joseba Sarrionandiak Marginalia (Elkar, 1988) liburuan. Interesgarria Gabriel Arestirekiko egiten duen erreferentzia.

Hurrengo urtean, Susak plazaratutako Bake zibila liburuan, idazleari buruzko datu batzuekin bere ipuin bat argitaratu zen, Kafea biderako, Eduardo Mataukok euskaratua. Apartheid gordina eguneroko bizimoduan txertatua maisuki jasotzen duena. Hemen dituzu biak.



 


 

Harrizko herria


Joseba Sarrionandia

Harrizko herria, The Stone Country nobela bat da. Autorea, Alex La Guma, 1925eko otsailean sortu zen Sudafrikan, Cape Town delakoan. Gizon honen bizitzari buruzko datoak ez dira aisa aurkitzen, bere liburuen azaletan ez bada: 1960 urtean Shapervilleko sarraskiak agitu ondorengo emerjentzia garaian gartzelatu omen zuten, hurrengo urteetan arresto domiziliarioa eta gartzela sofritu omen zuen berriro, 1961, 1962, 1963, 1966 urteetan hain zuzen, azken gartzelaldi honetatik herbestera alde egiteko, Londresera, 1978 urtean Kongreso Nazional Afrikanoak La Habanara ordezkari gisa igorri eta bertan, sorterritik hurrin, hil omen zen 1985eko urrian. Bost nobela argitaratu zituen eta Sudafrikan debekaturik daude guziak: A Walk in the Night, And a Treefold Cord, The Stone Country, In the Fog of the Season's End eta Time of the Butcherbird. Nobela baino ipuin askozaz gehiago izkiriatu zuen. Interesgarria litzateke jenero honek Sudafrikan lortu duen hedadura eta inportantzia ikertzea. Zuriak ez diren idazleek asumitu dute, batipat, eta irakurlego progresistaren artean zabaldu da gehien. Zergatik ipuingintzaren arrakasta? Bizimoduaren zihurtasun faltarekin eta errepresioarekin erlazionatu behar da seguru asko. Estatu poliziakoaren inkisiziopean eta setio egoera etengabean aisago sortu eta gehiago irauten du ipuinak nobelak baino eta, gainera, ipuingintza beste jenero literarioak baino independienteagoa, menturazaleagoa, libreagoa da.
    Atentzioa deitzen duen kointzidentzia bat: Alex La Gumaren Harrizko Herria 1964 aldean izkiriatu zela, Gabriel Arestiren Harri eta Herri argitaratu eta, berarekin, Euskal Herrian harriaren metafora fundatzen zen aldi berean. Harrizko Herria, Alex La Gumaren beste obrak bezala, Sudafrikan agitzen da, arrazismoaren eta errepresioaren giroan, gizon arrunt bat gizarte katearik gotorrenetan harrapatua geratzen delarik, infernu zabalagoen fruitu eta ispilu den mikrokosmos den gartzelan.
    Gartzela. Arkitektura biktorianoko gartzela, aurrekalde garbi eta dotorekoa, lorez hornitua. Europear irakurle moderatuari harrigarria eginen zaio konparazioetan autorearen tremendismoa: maskara festa batetarako hornitu den borreroa, klienteren bat erakartzeko ahalik eta apainduen jantzi den puta gaisoa. Tremendismoa, sinplifikazio eta definizio zehatzak, bortitzak, batere anbiguitaterik ez.
    Gustave Flaubertek behin eta berriz errepikatzen zuen nobelistak ez duela bere eritzia ezertaz eman behar. Behialako nobelan autoreak bitarteko papera egiten zuen pertsonaien eta irakurlearen artean, omnipresentea eta epailea, bitarte kritiko bat zen. Leon Tolstoi batek, adibidez, sarritan eten egiten du nobelaren haria sermoi moralak emateko. Narratiba modernoan, autorea, desagertu egiten da, autorea ez da dramatizazioaren antolatzailea besterik izaten, eta pertsonaiak beren kabuz bilakatzen dira. Fod Maddox Ford nobelista eta kritikoaren aburuz autorearen desagerpena da nobela kontenporaneoaren ezagugarririk inportanteena. Alex La Guma kriterio honen arauera, hari zaharreko idazlea da. Badu eritzi moldatu bat munduaz, militante beltza eta komunista da, eta kondatzen dituen gauzak ere baloratuaz kondatzen ditu, ezer ezkutatu gabe.
    Lantzean behin imajina politak lortzen ditu. Sargoriaz, esate baterako, Yusuf turkiarrak beroaren solidotasunaz dioena: posible dela besoa luzatuaz berotasun eskukada bat hartu eta hormara jaurtitzea, eta horman itsatsirik geratuko dela. Baina autorearen helburua ez da imajina politetara iristea, Sudafrikako estatu ustelaren testigantza ematea baizik. Eta testigantza emanaz bere sorterriko jendearen askatasun burruka laguntzea.
    Izan, Sudafrikaren historia zapalketa izugarri baten historia da, XVII. mendean merkatari holandarrek beren sortalderako bidaiak laguntzeko portu bat eraiki zutenez geroztik. XIX. mendearen hasieratan kostaldea inglesek okupatu zuten, eta holandar kalbinistak ifarralderantza joan behar izan ziren, gero Transvaal eta Natal deituko ziren lurraldeetara, non zuluen erresistentzia bentzutu ondoren finkatu eta errepublika independiente batzu fundatu bait zituzten. Gero, inglesak berriz ere lurraldeok okupatzera heldu ziren, ifarralderantza eta sortalderantza, holandar boers eta afrikar bantuen aurka. XIX. mendean zehar Orange ibaian diamantea eta Transvaal aldean urrea aurkitzen zen heinean burrukak ere ugaldu eta gogortu ziren, outlander inglesen eta boersen artean eta, gainera, zuri hauen eta indigena beltzen artean. Gloete Stuartek izkiriatu duenez, bi zaldun zeuden zaldi bakar baten gainean joateko: zaldi beltzaren gainean. 1902 urtean boersek onartu egin zuten soberania britanikoa, eta Batasun Sudafrikanoa sortu zen. 1961 urtean, berriz, Commonwealth delakotik espultsatua izan zelarik, Sudafrikako Errepublika fundatu zen, elite zuri eta arrazista bat buru zuelarik. 1960 urteko populazio zentsuak datu hauek emanak zituen: beltzak 10.807.809, zuriak 3.067.638, mestizoak 1.488.267, eta asiatikoak 477.414. Minoria zuriak halaere apartheid legeak ezarri zituen, aspaldiko afrikander-en Herren Volk edo Jaunen Herri ametsa gauzatzeko. Harrezkero, bereizketa arrazial eta sozialaren datuak ikaragarriak dira. Langileak ordaintzeko diruari buruz, adibidez, urre mehategietan 1964 urtean 380.000 langile beltzentzat 120.000.000 rand ordaintzen ziren, eta 45.000 langile zurirentzat 125.000.000 rand; soldada desberdintasuna batetik hamarrerakoa zen. Lan arazoetako beste datu bat: 1936 eta 1966 artean 19.000 gizon hil zen urre meategietan, lan istripuan, hau da, turno bakoitzeko hiru, eta horietarik % 93 beltzak ziren. Osasunari dagozkion datuak ere izugarriak dira, gaisotasun epidemikoen intzidentzia beltzengan zuriengan baino ehundaka aldiz handiagoa bait da, baina mediku eta biztanle erlazioa ere adierazgarria da: 1972 urteko datuen arauera: mediku bat 400 biztanle zurirentzat, mediku bat 900 asiatikorentzat, mediku bat 6.200 mestizorentzat, eta mediku bakar bat 44.000 biztanle beltzentzat. Heziketari buruz, finean, apartheidaren lege bitxienetako baten arauera, debekaturik dago irakurtzen eta izkiriatzen irakastea, beltzei, multa eta gartzela zigorpean. Zigorra, beltza izanez gero, 200 rand eta sei hilabeteko gartzelara luza daiteke. .
    Alex La Gumaren nobelako protagonista herri horretan bizi da, herri horretako gartzela batetan hain zuzen. Honela deskribatzen da:
    «Funtzionarioak zein presoak, beste herri, beste mundu batetako biztanle bortxatuak dira. Edertasunik gabeko mundu bat, harriaren, altzairuaren eta ate hertsien hilargi antzutasunarekin. Mundu honetan ez da zuhaitzik hazten: itzal bakarra harresietako harriak ematen du, perfume bakarra alkantarilatik eta komun gisa erabiltzen diren galdaretatik dator. Udan irakin, neguan izoztu, eta arauek zilegi uzten duten musika bakarra oin biluzien eta bota gogorren hotsa da, agindu eta oihuekin, ate hots eta giltz astunen tintinarekin kontrapunduan. Gainerako edozerk errebeldia usaina du.»
    Eta hor dago gizona. Errekuento berezi batetara deitzen dutenean, dutxatik funtzionarioen dei urdurietara sikatu gabe joan behar denean, oin bustiak zapatetan sartu eta kordak lotu gabe doalarik, gizon horrek maradikatzen ditu funtzionarioak, maradikatzen du gartzela, eta herri guzia maradikatzen du, bere herria gartzela bat besterik ez delako.
    Presoak, gartzelara sartu zirenean, arrazaren arauera berezi zituzten:
    — Ez gara elkarrekin egongo, ez? —galdetu dio lagun batek besteari.
    — Ez —erantzun du—, lastima. Gartzela hau herri guziaz egin nahi dutenaren muestra tipi bat duk. Dena berezirik: zuriak, afrikarrak, mulatoak. Dena zehatz arauturik, eta ugazaba zuri bat bere pistolarekin eta here makilarekin.
    Mundu arrazaren arauera berezi eta tratatuak. Goizean goizik, gosaria desberdina dute. Sukaldariek, orduak lehenago jeikiak, gosarirako azpil handiak ateratzen lan gehiago dute zurien galeriarako. Zuri ez direnentzat arto irina besterik ez dago, preso zurientzat arto irinaz gainera esne, azukre eta ogi zati bana kargatu behar dute.
    Bitxia bada ere, heriotzera kondenaturiko beltzen janaria zurienaren modukoa da.
    Gartzela guzietan bezala funtzionarioen joan etorri eta presentzia etengabea, oin hotsak pasiloetan, eskaileretan, burdinezko ateetan, ate ireki eta zarratuetan.
    «Ireki eta zarratu —pentsatzen du George Adamsek, eta Joseba Asensiok, Kirrulik, behin batean ia hitzez hitz komentario berbera egin zidala oroitzen dut— tipo hauek egiten duten bakarra irekitzea eta zarratzea duk, ariketa intelektual gogorra.»
    Gartzelaren alboan ia parentesi bat irekiaz, interesgarria da kulturari, bortxari eta krimenari buruz gogoeta egitea. Zer da kultura? Gizartea osatuaz doan heinean bere lengoaia eta portaerak instituzionalizatuz doaz, halako haroan eta halako lekuan bizi den gizarteko ohitura, leku komun, automatismo kontzeptual eta eritziak dira bere kultura. Zer den bortxa? Espazio bereberean pertsona edo talde biren artean gatazka bat sor daiteke zerbait norena den erabakitzeko, pertsonarik edo talderik indartsuena jabetuko da, eta bere eritzia inposatuko dio besteari, honek haren dominazioa onartuez gero bakeak iraunen du, baina dominazio hierarkia zalantzan jartzen den heinean jabea bortxaz nagusituko da berriz ere. Eta krimena zer da? Zein da pertsona edo talde batzu preso atxekitzeko arrazoia? Kriminalak legeak transgreditzen ditu, hau da, gizartean ezarritako kultura eta dominazio hierarkiak ez ditu haintzat hartzen, sistemaren atalak arriskuan jarriaz. Horixe da krimena, delinkuentzia, subersioa. Estatua, egitura abstraktoa, ukaezina, gizarteko kultura eta dominazio hierarkikoen instituzionalizazioa da. Klase nagusiek estatuari ahalmenak oro eman dizkiote, biolentziaren monopolioa esate baterako, kultura eta dominazio hori iraunerazteko.
    Gartzela, estatuaren barruan, estatu bortitzago bat da. Baina mundu tipi horretan subkultura eta dominazio subhierarkia berezi batzu sortzen dira, estatu nagusiaren egituretatik aparte. Eta bitxia da munduko gartzela desberdinetan antzerako poetaerak agertzea. Esate baterako, hilketa baten lekukoa izan zarenean:
    — Hik ez duk ezer ikusi... —esanen dizute, eta zeure pausoak segituko dituzu, deusere ikusi ez bazenu bezala.
    Yusuf turkiarrak argi esanen dio George Adamsi honetaz:
    — Hi, laguna, hau gartzela duk. Badakik? Lantzean behin horrelako gauzak suertatzen dituk. Haiek ezarria duk, beraiek konpon dezatela. Arazoa hau duk, hemen barruko jendeak here artean soluzionatzen dizkik prolemak eta zuriekin ez dik apenas erlaziorik. Ez pentsa hemen han kanpoan bezala bizitzen denik...
    Semimundu horretan lege eta justizia propio batzu daude. Ezer ez salatzearen legea, adibidez, edo bengantzaren justizia. Bengantza —egonarri infinitoarekin, hari misteriotsuekin— zeldarik zelda, galeriaz galeria, gartzelarik gartzela luzatzen da, preso traidorea ez da inon ez egundo seguru egonen, ez zeldarik zarratuenean ez askatasunean, badaki ez dela luzaroan gainbiziko edo, behintzat, ez duela gainbiziko duelako lasaitasuna bularrean sekula ukanen.
    Preso arrunten eta preso politikoen artean kontradikzioak daude horretan eta beste zenbait gauzatan. Preso komunak ez du etorkizunaren ardurarik. Heldu behar dena helduko da, dio, fatuan sinesten du. Egunen batetan akabatu behar dela badaki. Bakoitzak bere data du, joateko. Ezin da deus aldatu.
    — Ezin bada deus aldatu —galdetu dio preso politikoak komunari— zergatik entseiatzen gara gauzak aldatzen?
    — Egia duk entseiatzen garela, baina gauzak ezin dituk aldatu.
    — Baina, hi, jendea aldaketaren alde ari duk.
    — Ja —dio preso komunak afrikaneraz—, eta zer lortzen dute? Ezer ere ez.
    Eta solasean jarraituko dute, gizarte egoera aldatzea posible den ala ez.
    — Hobe gaia uztea —esanen du finean mutikoak—. Hi gizon argia haiz, badituk garaunak, badakik mintzatzen, eta ondo, baina hobe gaia uztea, eh? Ni urkatu egin behar niautek, eta zer?
    Heriotzera kondenaturiko preso komun bat da horrela mintzo dena.
    Polizia urdin batzuek eraman dute epaile aurpegi zuri eta solemneen aurrera. Han zeuden fiskal eta abokatuak, beren paper piloekin, paper berberak epaiketara sartzean eta epaiketatik irtetzean. Aurpegi zuriak, ia zurbilak, alkondara zuriak, traxe garbiak. Bera ez da mundu horretakoa. Bera behekaldekoa da, han azpiko pasilo ilun eta burdinezko ateetan dago bere herrialdea.
    — Jauna, esaidak —galdetu dio heriotzaren zain dagoen mutikoak—, gure jendea gobernuko partaidea izateak guri, gartzelan gaudenoi, lagunduko digu?
    Eta preso politikoak, mutiko hiltzaileari esanen dio:
    «— Dudarik gabe baietz, konprensio handiagoa edukiko da.
    — Inoiz iritsiko dela uste duk?
    — Ikusiko duk —erantzun zuen preso politikoak tristura sendituaz.»


 


 


 

 

Kafea biderako

Alex La Guma
euskaratzailea: Eduardo Matauko
Jatorrizko izenburua: Coffe for the Road

 

1925ean jaio zen Alex La Guma narradore hegoafrikarra. Bere herrian zenbait aldiz atxilotua izan ondoren (1956an, Mandelarekin batera...), 1966an ihes egin zuen handik. African National Congress-eko ordezkaria zen, La Habanan, 1985ean hil zen unean.
    «Zazpi urte nituelarik, amak zirkora eraman ninduen; pailazoek bizkar zergatik ematen ziguten, galdetu nion. Zurientzako bakarrik aritzen zirela, erantzun zidan. Inzidente hark nolabaiteko kontzientzia sorterazi zuen nire baitan». Horrela mintzatzen zitzaion La Guma Richard Samin jurnalistari, Tanzaniako Dar es-Salaam-go unibertsitatean egin entrebista batean. 
   Hegoafrikako idazle beltz gehientsuek (James Matthews, Ezekiel Mphahlele, Can Temba, Webster Makaza-k) bezala, ingelesa erabili zuen La Gumak bere izkribuetan. Zuri askok ere bai, jakina, Nadime Gordimer artean; beste zuri batzuek afrikanerraren 'hautua' egin dute: Hennie Aucamp, onenetarikoa. Azken aldian beren bertako hizkuntzez egiten duten beltzak ugaritu dira; Mazizi Kunene poeta zulua, esate batera, zeinaren obra batzuk, ingelesez, Heinemann-ek publikatu dituen.

    A Walk in the Night izan zen La Gumaren lehenbiziko nobela. Bere emaztearen laguntzaz idatzi omen zuen, kartzelan. Ordurako debekatuta zegoen erabat Hegoafrikan eta Nigerian argitaratu zuen.
   Gero And a Threefold Cord, The Stone Country, The Time of the Butcherbird, In the Fog of the Season's End idatzi zituen.
    «Jendearen duintasuna azaldu nahi dut —zioen entrebista berean—, gizakiaren izpirituaren funtsa ahalik eta modurik sentzilloenean. Propaganda eta slogana ekidin behar dira. Nire idazkietan, nire aktibitate politikoan bezala, gizakiaren duintasuna defenditzen dut, baina bereziak dira bi aktibitate horiek».
    Optimistatzat, menturazaletzat zeukan bere burua. «Ez nago umore faltan, ez dut uste hain xuxen Hegoafrikako egoera betirako denik» bukatzen zuen Saminekiko solas hur

 Artasoroak igaroak zituzten eta alde guztietara laugune eta zokogune marroi gorrisketan hedatzen zen behe-lurralde zabal eta erdimortuan zehar arrodatzen zuten. Hegoalderantz joatean, lurrak, zuhaixka hebain eta sasitzez pikardatuta, itzelezko tapiz ezeskobatu bat zirudien.

Urruti eskuinaldera, goizeko brisara ahulean eoliko baten pala metalikoek ozta-ozta biratzen zuten, lanean hasteko esnatu berria bailitzen eta ez bailuen bihozkontra baino mortu zeken hartatiko ura ponpatuko. Kotxeak bidea irentsi eta neumatikoek kirrinka egiten zuten gainalde beltzean.
 "Beste otarteko bat nahi dut", esan zuen Zaidak. Atzekaldean manta baten gainean biribilkatuta zegoen, maleten artean apailaturiko lekune batean. Zazpi urte izanik, ibilbide luzearen nekea nozitzen zuen. Paisaiarekiko interesa kamustu egin zitzaion. Orain, jota, xoko kuxineztatuan nasai zegoen, sakana elkorrei eta haizea bezala iragaten ziren zuhaitz eihartuei kasu egin gabe.
    "Latorrizko ontzian daukazu. Zeuk hartu, bai?", esan zuen bolantean zihoan andreak, bidea begietatik aldentzeke. "Eta zuk, Ray, zeuk ere jan nahi duzu ezer?"
    "Orain ez naiz gose" erantzun zion aldamenean eseri mutilak. Leihatilatik, etengabeko segidan azaltzen zen burdin-harizko hesiari begira zihoan.
    "Ama, zenbat falta da Cap-eraino?", galdetu zuen Zaidak otartekoa mastekatu artean.
    "Bihar eguerdian egongo gara", erantzun zuen andreak.
    "Aita gure zain egongo al da?" "Horixe baietz."
    "Ikusi ardiak," esan zuen Rayk.
    Barreiatu bordak iragan zituzten, dominoen tankerako egitura beisak, pendiz lurkara baten luzetara. Amak gau osoa gidatzen emana zuen eta unatuta zegoen, begiak gorrizkatuak, hondarrak betseinak erretzen zizkioneko sentsazioaz. Bart bide bazterrean larrain batean gelditu ziren, hirixka bateko irteeran. Ezin izan ziren inora jaitsi gauean: hotelek zuriei beste inori ez zioten aterperik ematen. Hartara, hiriotan zuriak bizi ziren soilik, gainontzeko guztiak, etxeetan enplegatu zeudenak ezik, buztinezko barraka ezfinkoetan lojatzen ziren, etxe-multzoetatik harantzago, bertakoentzako lekuneetan. Gainera, ez zuten inor ezagutzen eskualde hartan. Egunsentiarekin batera ageri izan ziren depresioa, malenkonia, umore txarra, nahiz-eta ama haurren aurrean kontrolatzen saiatu. Gauerdia pasa arte larrain hartan geratu eta gero, berrabiatu eta gau osoan gidatu zuen, haurrak lokartuta zeudela.
     Orain buruko min bizia nozitzen zuen, eta Zaidak "Ama, okela-bolatxo bat jan dezaket?" esan zuenean, lehor eta garratz erantzun zion: "Putza! Hor dituzu, eskueran, hartu ta kito!" Paisaia abiada bizian desfilatzen zen, atzekoz aurrera pasatutako filme bat bezala, gorri marroi, hori gorri, arrosa gorri, dena abarrartez eta ertz askotako harrizko blokez zipristindua. Sortaldera, lur idorretik zakarki harkaitz-soilune bat nabarmendu zen, hostopil purpura eta labandaren zati titaniko bat bezala, uharritzar txokolatekarek gaineztatua. Tramu txintxarreztatu batetik pasa zen kotxea eta bere atzean hauts gorrixka zurrunbildu zen lama baten ke-pantaila gisa. Xori batek, isats luzea bere atzean zinta bat bezala herrestan, bide ondoko sastrakak laztantzen zituen, kotxea bezain bizkor hegaka.
     "Ama, begira txori polit horri," oihuka esan zuen Rayk, eta kristal hautseztatuaren kontra jarri zuen aurpegia. Amak ezentzutearena egin zuen; bolanteari helduta, lasai hartzen saiatzen zen, oinek abileziaz eta ia inkonszienteki pedalak zerabiltzatela. Pentsatzen zuen hobe izango zitzaiola bidaia trenez egitea, baina Billyk idatzi zuen kotxea beharko zuela kontaktu asko egin beharra zeukan eta. Espero zuen Capen lana hobea izango zela. Buruko minak jota, automata batek bezala gidatzen zuen. Bidaia hau ahalik eta bizkorren bukatzeko erabakia hartuta zeukan.
    "Kafea nahi dut," esan zuen Rayk, eta termoa atzeman zuen mando-taularen azpitik. Ray laguntzarik gabe balia zitekeen. Ez zuen bere ordez beste inoren beharrik gauza haietaz arduratzearren.
    "Emaidak niri ere," eskatu zuen Zaidak, maleten artean habia egina zuela.
    "Ez izan tripontzi", esan zion Rayk. "Jan eta jan, besterik ez dun buruan."
     "Ni ez nauk tripontzi, kafe tragu bat nahi diat."
     "Goizean edan dun kafea."
    "Eta orain gehiago nahi diat."
     "Haurrak, mesedez, amaitu eztabaida hori," esan zuen amak tonu nekosoz.
    "Bera hasi da lehenengoa," esan zuen Zaidak.
     "Nahikoa! Nahikoa!", esan zion amak.
    Ray termoaren estalkia deskiribilatzen ari zen. Behin altxatuz gero, tapoia kendu eta burrualdera begiratu zuen. "Arraioa, ez dago gehiago! Ez dago kafe gehiago!"
     "Ederki, ba, gabe pasa beharko," esan zuen amak.
     "Edatekoa nahi dut, oihukatu zuen Zaidak, egarriak nago, kafea nahi dut."
    Amak hasperenka: "Ongi, ados, baina itxaron beharko dugu. Bidean non edo non aurkituko dugu. Pazientzia pixkat, aditu?"
    Zeru urdin aldaezinean eguzkiak zetaka gorribeztu bat marrazten zuen, eta kanpoalde idorrak, hori eta marroi ogi txingartuzko xerra itzel bat bezalakoa, dardar eta dantza egiten zuen beroaren gandupean. Andre gazteak gidatzen segitzen zuen, ahituta, bere kaskezur osoa intxaur zartatu lez pindarkaturik zuela. Eguzkitako betaurrekoen atzean, bere begi inguruak gorrituak zeuden eta bere indiar aurpegi ederrak leher eginda ematen zuen. Nerbioak azaleratzen zitzaizkion harpa baten sokak bezain tinkoak, baina hainbesteraino estutuak non nahikoa baitzatekeen haietariko baten zimikadura hura hautsi zedin.
    Miliek burrunba, zurrumurru, durundio egiten zuten: landa lau eta hegi hauskarak, buztinezko sakanak eta muinogailur apalak. Artzai etxola bat, anima bakarti bat bezain bakar, bizkargune lautu baten eskistozko aldearen kontra kukubilkatua. Noiz edo noiz, kotxeren bat gurutzatzen zitzaien kontrako norabidean, iparralderantz, eta bere lorratzak airea ebakitzen zuen kexu garratzez. Bazirudien zeru kiskalian eguzkia ikaratu egiten zela.
     "Kafea nahi dut," errepikatzen zuen Zaidak narritaz. "Guk ez dugu kaferik hartu."
     "Erosi egingo dugu," esan zion amak. "Bidean erosiko dugu behin topatuz gero. Orain egon. Jan ezazu beste otarteko bat."
     "Ez dut nahi otartekorik. Kafea nahi dut."
     Zokogune batean, lur jota zeuden etxola multzo bat iragan zuten. Kubo pitzatuen antzekoak ziren, sakabanatuak, eta haur beltxaran andana bat, biluzik eta hautsez beterik, artegi batetik irten eta bide bazterrera arin hurbildu ziren, uluka eta kotxeari keinu handiak egiten. Rayk irribarre egin eta zeinu batez haien diosalari erantzun zien; gero desagertu ziren. Eoliko baten piloi metalikoa, haizeak narriaturik altxa eta atzera ezkutatu zen. Hiru gizon beltz ibilera neketsuz zihoazen lerroan bide bazterrean, beren aurrean etorkizun ezezagun bati begira, manta zarpail eta hautsutan bilduta, buruak itxuragabeko feldrozko kapeletan estalita, beroa berdin zitzaiela. Ez zioten inolako kasurik egin ondotik zurrunbiloka igaro zitzaien kotxeari, eta beren jomugarako bidea jarraitu zuten.
      Kotxeak martxa gutxitu zuen esegiriko zubi metaliko batera hurbiltzerakoan eta tranbalaka zeharkatu zuten malkorrez ereindako erreka lehor baten ubidea. Ardi bakan batzuek, larrua hautsagatik beztuta, uharriak usnatzen zituzten xorimalo piura zeukan gizon baten zaingopean. Urrutixeago, mestizuentzako lekunea, gero afrikarrentzakoa igaro zuten. Buztinez eta oholez egindako txabolak ziren, kubo margotuak, han-hemenka, malda lurkara baten luzetara, gizakume ñimiñoak eta inurrien lodierako txakurrak inguruka higitzen zirelarik. Beste malda baten gainean hiriaren izena inskribaturik zegoen zuriz pintaturiko uharriez.
    Kotxeak burdinbide itsu bateko hangareak igaro zituen. Ardiak hesietan itzul-inguruka bihurtzen ziren. Gero, binbilika, bide-gurutzea zeharkatu eta bidera errebotatu zuen. Gizon beltz bat txirrindu gainean gurutzatu zitzaien eta haiek mantso gidatu zuten deskribaezina zen geltokiko hoteleko aitzinalde marroiaren eta denda lerrokatuen ondotik. Palaxu sikatu batetik harantzago, haizeak grabatu aurpegi gorrixkekiko gizon zuri talde batek mahaitan eserita edaten zuten beste hotel baten aurrean non aitzinaldeak estilo koloniar holandarra imitatzen baitzuen. Hartxintxarrez ereindako kale hautseztatuan ibilgailuak geratuta zeuden: kotxe hondarrez beteak, okasioko kamioiak, erabat maztailduta, janari-denda baten aurrean furgoneta bat. Mestizu zehar batek espaloia eskobatzen zuen boutique baten aurrean, bere txilarrezko erratzarrak ziztu egiten zuen zipristinka itzurtzen den gasaren moduan.
     Aurpegi arrosa eta ile horiekiko bi gizon gaztek, galtzamotz eta alkandora kakiz jantzita, kotxeari adi so egin zioten eta beren begiak, andre beltzaran batek bideko hauts-geruzapean hutsik gabe nikeleztaturiko kotxe berri bat gidatzen zuela ikusi zutenean, etsaikor bihurtu ziren. Kotxe atzean hodeitxo bat karakolatzen zen, txintxar gorrizko kalean behera zihoala.
     "Nola deitzen da leku hau?", galdetu zuen Rayk.
    "Ez dakit," erantzun zion amak, nekaturik baina gelditu ahal izateagatik pozik. "Leku bat besterik ez da, Karroo-ko beste edozein bezalakoa."
     "Zer egiten du gizon horrek?", galdegin zuen Zaidak leihatilatik begikolpe bat boteaz.
    "Non hori?", gaidetu zuen Rayk, alde guztietara begira. "Zer gizon?"
     "Hara, aldegin dik," esan zuen neskatxak. "Ez duk azkar aski begiratu." Eta gero, "Orain kaferik izango da?"
    "Baietz uste dut," esan zuen amak. "Zintzoak bazarete, kafea izango duzue. Eta edari freskurik ez duzue nahiago?"
     "Ez, esan zuen mutilak, gero egarri zara berriro."
    "Nik nahi dut kale asko azukre askorekin," esan zuen Zaidak.
     "Konforme, esan zuen amak, baina akabo txilioak behingoz."
    Pixkat gorago, eremu baten buruan, kafetxe bat zegoen. Burdinazko tutu-erako aulkiak eta espaloian ezarritako mahaiak, pertsianez osaturiko leihoen aurrean. Kafetxeko aitzinaldea Coca-cola kartel zaharrez eta pintaturiko menuez dekoratuta zegoen. Toldo marradun batek estaltzen zituen mahaiak. Espazio hutsaren aurrez aurreko murruan bazegoen leihatila tipi bat non zerbitzatzen baitzitzaien ez-zuriei; bertan zeuden zutik mestizu eta afrikar zarpailez osaturiko talde bat, barrualdea arakatzen saiatuz, buruz-buru, pazientzia bortxatu batez itxaroten.
    Kotxea maldan gora joan eta kafetxe aurrean gelditu zen. Barruan irratia entzuten zen eta pertsiana veneziarren horrixkak leiho aurrean xukun zeuden.
    "Emaidazu termoa," esan zuen amak, eta mutilaren eskuetatik hartu. Atearen morroiloa ireki zuen. "Lasai egon, haurrak. Ez da luze izango."
    Atea zabaldu, lekora labaindu eta une batez geratu zen galtzadan, laxatzen ari zitzaizkion giharren arindura dastatuz. Nagiak atera zituen, bere gorputz berzutituaren atsegin ia sentsuala gozatzen. Baina buruko mina zeukan oraindik eta honek sentitzen ari zen ongitasun momentua hondatu zion. Sentipen atsegina banitu zitzaion eta bere gogoa abailduta aurkitu zuen berriz, gorputza erresorte bat bailitzen atzera uzkurtzen zitzaion artean. Jantzita zeraman soineko beis dotorearen zimurrak lisatu zituen, askaturik utziz baina jakaren botoiak. Gero, termoa eskuan zuela, espaloia iragan zuen, plastikozko eta burdinazko aulki eta mahaien artean pasabide bat eginez, eta kafetxera sartu zen.
    Barruan, hozgiro zen. Han ageri ziren edalontzi lerroak, kaxatan sarturiko edariak eta era ezberdinetako produktuak, museo futurista baten osagai. Kafetxeko atzealdetik bazetorren frijitzen ari ziren pataten usain eta txirtxira. Apal baten gainean haizagailu elektriko batek burrunba egiten zuen eta bi iturri ispiluduni, bata tearena, bestea kafearena, fondoko hormaren kontra kea zerien.
    Bezero bakarra zen iztupazko ilea, sagar ia heldua bezalako aurpegia eta sudur katarratua zeuzkan mutiko bat. Kolore galdutako motiboekiko alkandora eta galtzamotz kakiak zeramatzan eta bere oinak, hutsik eta hautsez beterik, zuri-horiak ziren, maskurtu eta arrailduta. Bere aho arrosa eta lingirdatsuaz makilgoxo bati zurrupaka ari zitzaion, bitartean eta arinki altzairu-harizko errebistategi batean jarrita eta hilabete zenbaitez atzeratuta zeuden aldizkari-ilada baten azalak begrztatzen zituela.
    Kristalezko erakusmahai atzealdean, non hiru soda-iturri nabarmentzen ziren, mantal berdedun emakume handi eta pisu batek kontu-mordoxka bat miatu egiten zuen, alboko murruan irekitako zulogune karratuaren kontra pilatzen zen aurpegi beltzekiko taldeari kasu egiteke. Gorputz betea zeukan, bizkarralde okertua eta aurpegi anal gorriluna, hondar-txorro baten eraginpean lez txingorreztatua: masail gogor beteak, masailalbo trinkoak, eta bi itsaso gris ilun erdibitzen zituen hezurrezko sudur-ertza. Ahoa koska mingots bat zen, musker batena bezain hotz eta maltzur, arrosantzeko osin arraildu, horzkatu bat.
    Begiak altxa eta zerbait esaten hasi zen, gero beste emakumearen kolorea ikusi eta, une batez, bere begietako itsaso grisek gaineztatzeaz mehatxatu zuten, andrea ahozabal geratzen zelarik. Mutiko arrosa eta argala har baten moduan bihurtzen zen, andreak bere hitzak bilatzen zituen artean.
     "Mesedez, termo hau kafez bete dezakezu?" galdetu zuen amak.
    Osina zabaldu eta orroe bat kanporatu zen, harri kontra igurtziriko metalaren zaratotsa bezain karrankaria. "Kaferik? Ene Jesus!" deiadar egin zuen ahotsak. "Culi zikin bat hemen!" Begiak ikaraz finkatu ziren indiarraren aurpegi beltzaran, nekatu eta fierrean, zeinak eguzkitako betaurreko politak eta kaletar ebakerako jazki beisa zeraman. "Culiak, kafreak eta hotentoteak utikan!" oihu egin zuen. "Ez jakitea ere! Eta gainera, ingelesez, ezta?"
    Txundituta, amak arretaz behatu zion, zirgit egin eta gero bere barnean zerbaitek libratu, kirrika egin zuen bat-batean zarata zorrotzez lasatzen den erresorte konprimatua bailitzen, eta nahigabezko garrasia egin zuen, bere besoa altxa eta termoa bolido bat bezala emakume zuriarengana jaurtikia irteten zen artean.
     "Zuri zirpil nazkagarria!" oihu egin zuen. "Culi heu!" Termoa hegaldatu zen airean eta, erakusmahai atzekaldeko emakumeak kolpea gerarazi ahal izan baino lehen, kopetan jo zuen, betondo gainean, eta atzera errebotatu ontzi barruko kristal pusken tintinotsarekin batera. Erakusmahai atzekaldeko emakumeak garrasi sarkorra bota eta zauri odoleztatuaren aldera egin zuen eskuaz, begi gainean, ukurka. Mutikoak intziri batez makilgoxoa utzi eta bizkor kanpora bidea hartu zuen. Karratuguneko aurpegi ilunak hatsa etenda zeuden. Indiarrak orpoak bihurtu eta urrats handika irten zen kafetxetik.
     Espaloia zeharkatu eta suminak tinkaturiko aurpegi iluna zuela keinu haserretuz kotxeko atea ireki zuen. Ez-zurien taldeak edifizioko murruan irekitako zulogunea utzi zuen eremu aldera hurbiltzearren. Denek adi-adi behatu zioten nola atea danba jo eta motorea martxan jarri zuen.
    Era basatian, leku hartatik urrundu zen, eskuez bolanteari fermuki oraka, hain estuki non artikulazioak zuritzen baitzitzaizkion azal beltzaranaren azpian. Gero bere senera itzuli eta ez nekerik gabe lasaitzera heldu zen; martxa gutxitu zuen; berriro sentitzen zuen nekadura suminaz nahasten zitzaion. Hiritik irtetearren bere denbora hartu zuen, haurrek artean soegiten zioten zerbait ondo ez zihoaneko susmoaz.
      Orduan Rayk galdetu zuen: "Amatxo, ez dago kaferik? Eta termoa non dago?"
    "Ez, ez dago kaferik, erantzun zuen amak, pasa egin beharko, bildur naiz."
    "Nik kafea nahi nuen," zinkurika Zaida txikiak.
    "Txintxo izan," esan zuen amak. "Amatxo oso nekaturik dago. Akabo berriketa, arren."
    "Termoa galdu duzu?" galdetu zuen Rayk.
     "Jatorra izan. Isil zaitez une batean," esan zion amak, eta isiltasunean itzaldu ziren.
     Hiriko bazterraldea ibili zuten, zentinelak bezalako ponpa gorriekiko gasolindegi baten ondotik pasatuz. Gero sua egiteko abar-sorta handi bat buru gainean zeraman gizon bat gurutzatu eta azkenez etxe-multzoko azken edifizioen parean arrodatu zuten: kareztaturiko etxola-anabasa, hesituriko oiloak aztaborka, ardien ile mozketarako hangar zahar bat non artilezko bala zikinak pilatzen ziren; bertatik gizon batek, langa baten gainean eserita, pasatzen behatzen zien. Berriz ere, bideak lantza batek bezala erdizkatu zuen kanpoalde hori, gorri, marroia, eta azken zuhaitz berdeak aienatu ziren. Eguzkiak dantza eta binbiliketa egiten zuen eguerdiko mamu baten gisa lur sorgorraren gainean, eta autoaren neumatikoek kurrinka egiten zuten asfalto beltzean. Beren aurrean zirkulazioa zegoen, baina andrea ez zen molestatu aurre hartzen saioka.
     Mutilak isilunea eten zuen esanez: "Aitak aterako al gaitu kotxean bueltak ematera?"
    "Horixe aterako gaituela, nik bazekiat," esan zuen Zaidak. "Nahiago diat kotxe hau osaba Ikerena baino."
    "Bai baina, berak sarri asko eraman gaitzin kotxez," osteratu zuen Rayk. "Begira, horra beste txori bat bitxi horietakoa."
    "Ama, laster kaferik izango dugu?" galdegin zuen Zaidak.
    "Beharbada, laztana. Ikusiko dugu."
    Paisaia lehor eta hautseztatu bera desfilatzen zen lehen bezala leihatilen ondotik kotxearen bi aldetara. Bidean aurrerago zirkulazio urria mantsotu egiten zen eta amak azeleragailutik oina altxatu zuen.
    "Begira muino horri, esan zuen Rayk, aurpegi bat ematen din."
    "Egiazko aurpegia al da?" galdetu zuen Zaidak, kanpora begira.
    "Ez egin leloarena," erantzun zuen Rayk. "Nola izango da ba egiazko aurpegi bat? Antza badin, besterik ez."
    Amak martxa gutxitu eta atetik atera zuen burua. Beren aurrean zihoan kotxeaz harantzago errepidetako barrera hauteman zuen.
    Bidean zeharka jarrita zeuden kamioneta anti-silitu bat, Land Rover bat kristal eta faroak burdin-harizko maila hertsiek gerizatua, eta hautsez bete automobil bat aurrez aurre geratuta zegoena, barrera bat eratuz, aldi bakoitzean ibilgailu bakar bati bide eman zekion. Alkandora, galtzak eta katxutx kakia janzten zuen polizia bat automobilaren hegalaren kontra jarrita zegoen eta aldean-alde izterretan Sten bat zeukan. Automobilaren bolantean kakiz beste gizon bat zegoen eta hirugarren polizia batek estune ondoan hartua zuen parada gidarien kontrola eta gero zirkulazioa bere agintepean zuelarik.
    Aurreko kotxeak martxa gutxitu zuen segadaren parean, gidaria gelditu zen eta poliziak arretaz behatu eta gero, atzera joaz, pasatzeko zeinua egin zion. Autoa itzuri zen, motorea burrunbarazi eta urrundu.
    Esku bat altxata, polizia hurrengo kotxerantz itzuli zen eta bapatean bolantean zihoan amak bihotzaren taupadak sentitu zituen. Frenoa jarri eta zain egon zen, begiak pauso laxoz hurreratzen zitzaion silueta kakiarengan tinkatuta. Katxutxaren larru txarolezko biseraren azpian, gizonak gazte itxura zeukan, herri honetan ohizkoa den gorri burilatuaren tinteaz. Irribarre mehe batek tiratzen zizkion ezpainak, bere begiek granitozko printzen tinkotasuna zuten ordea. Tailan lotuta pistola bat zeraman here zorroan. Hurreratuz zihoala, besteengana itzulita bota zien: "Hauxe dela iruditzen zaidak."
    Gizon Stenduna zutundu zen, bere postua utzi gabe. Automobilean, bere lagunak ez zuen andreari begiratzeaz gain beste ezer egin.
    "Baia-baia, zure zain geunden," esan zuen bidean zegoen poliziak, bere irribarre sotila erakutsiz beti. "Ez zenuen pentsatu ohartaraziko zigutenik, ezta?" Haurrek, kotxean geldi, eszena atxikitzen zuten beren begi lausoez.
    "Zer dago bada?" galdetu zuen amak leihatilan.
    "Ez da zure kontu zer dagoen," esan zuen poliziak. "Ongi asko dakizu zer dagoen." Arretaz behatu eta burua astindu zuen. "Bai, jazki beis eta eguzkitako betaurrekoekiko beltxarana. Atxilotuta zaude."
    "Baina zer gertatzen da?" bergaldetu zuen andreak erne. Bere ahotsean ez zen urduritasunik, seme-alabengatik kezkaturik izanda ere.
    "Ez arduratu horrekin. Jakingo duzu," esan zion poliziak hozki. "Bazter nahasle bat, hemen liskarretan aritzen diren horietako bat. Ederki ba —sukarria bezalako bere begi gogorrak tinkatu zituen andrearengan—, atzera joko duzu kotxea, baina gurekin azerikeriarik ez, ezta saiatu ere, aditu? Gure kotxea aurretik eta kamioneta atzetik joango dira, hortan, hobe duzu kontu egitea." Bere ahotsa glaziar eta mehatxatzailea zen.
     "Nora garamatzazue? Seme-alabak Cap aldera eraman behar ditut."
     "Hori berdin zait," esan zuen. "Bazterrak nahasten ibili zara hemendik, ordainduko duzu." Polizi-autora itzuli eta eskuaz seinale bat egin zuen. Txoferra arrankatu, atzera martxa egin eta bidean berkokatu zen.
    "Kotxe horri jarraitu," esan zuen poliziak. "Beste aldera goaz."
    Andrea hitzik gabe geratu zen, alabaina motorea piztu eta polizi-autoaren atzean kokatzeko maniobra egin zuen.
    "Ondo. Orain ziririk ez," esan zuen berriro poliziak. Andreak so egin zion. Gizonaren begiratua izotzezkoa zen. Atzera kamionetara bildu eta barrura igo zen. Andrearen aurreko autoak abiada hartu zuen eta berak gertutik jarraitu.
    "Nora goaz, ama?" galdetu zuen Zaidak.
    "Lasai egon, eta eutsi egoerari," esan zuen amak polizi-autoari jarraitzen ziolarik.
    Kanpoaldea, gorri eta marroi, hautsez beteta iragaten zen. Lehenago zeharkatu zituzten paisaiak berragertzen ziren beste direkzioan. Zeruko zabalera urdin eta laua dantzan eta kordoka ari zen, ingurura hedatzen zen dekoratu idor eta sastrakatsutik goialdera, ekiaren liluramendu horian.
    "Nik kafea edan nahi nuke," esan zuen Zaida txikiak.



Bake zibila, Susa, 1989.



 

 

 


 

 

 


 


www.susa-literatura.eus