Urr 02 14

Gerla Handia:
Zenbat apaiz hil!

Elizaren defentsa sutsua egiten du Eskualduna-k eta bide horretan Frantzian frantses izeneko Alemaniako alemanak baino alemanagoak diren anitz badirela salatu. Euskal apaizen eginak azpimarratzen ditu kazetak, kronikaren erdia baino gehiago gai horri eskaintzen baitio. Bestalde, Ingalaterraren itsas blokeoaren eraginez Alemaniak pairatzen duen jaki eskasia aztertzen du, moltsa laburrari bizitzea mehe. Hil eta kolpatuen berri ematean hona Eskualduna-ren adierazpena: egiazko kuraia ez da soraiokeria; egiazko kuraia zangopean ezarriz aitzina kurritzea da.  Era berean, Baionako Gurutze Gorriak egin eskaera eta Txilen ziren zortzi euskaldun etxetik pasa gabe su zelaietara zuzen joan direla notizia biltzen ditu Baionako kazetak. Gerrari buruzko informazio gutxi aste honetako Euzkadi-n. Kirikiño alemanen atzera-egiteaz mintzo da, triskantza doixtarrentzat, bigarrena omen.

Urr 01 14

Anjel Lertxundirekin Zarautzen

Anjel Lertxundirekin literatur solasaldia izango dute urriaren 1ean (asteazkena) 19:30ean Zarauzko Garoa liburu-dendan.

Urr 01 14

Urari ostutako poemak Donostian

Urari ostutako poemak liburuan oinarritutako errezitaldia egingo du Pako Aristik urriaren 1ean (asteazkena) 19:00etan Donostiako Garoa liburu-dendan.

Ira 30 14

Urari ostutako poemak, Pako Aristi

Pako Aristik Urari ostutako poemak liburu berria aurkeztuko du irailaren 30ean (asteartea) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaletxea: Susa.

Ira 29 14

Joseba Zubimendiren begirada

1939ko irailaren 29an hil zen, Kanbon, Joseba Zubimendi. Kazetaria, idazlea, grina eta jardun handiko euskaltzalea eta kultur eragilea izan zen donostiarra. Gaztetandik euskal kultur mugimenduari atxikia, errealitateari erreparatzeko begi zolia zeukana, Zubimendiren kronikek  1920ko eta bereziki 30etako euskal gizartea erakusten digute. Eta bere kronikek ez ezik, bere jardunek kazetaritzan, irratigintzan, antzerkian, kantagintzan… gizarte hori saretzen lagundu zuten. El Día, Argia, El Pueblo Vasco, Euzko Deya, Euzkadi eta beste hainbat mediotan jardun zuen, eta gerra eta erbestea ere kontatu zizkigun, gaur 75 urte Kanbon zendu zen arte. Gernika erraustean, lekuko nintzen artikulua, adibidez. 1897an Donostian jaioa, hainbat lan argitaratu zituen: bi poema liburu, Aberri Oyuak eta Zumalakarregi, biak ere Armiarmako Klasikoen Gordailuan irakurgai daudenak. Yakintza aldizkarian kaleratutako bertsolari txapelketen kronikak ere eman zituen argitara, Bertsolari Guduak 1935-1936 liburuan bilduta, eta  Gipuzkoako Aurrezki Kutxak ateratako bakarrizketa labur bat ere bai, Zalaparta. Guztiak jarri ditugu on-line. 2002an, berriz, Koldo Izagirrek bildu eta Alberdania argitaletxeak eta Donostiako Udalak plazaratu Bertso minez kronika liburu ederra dugu.

Ira 25 14

Autokarabana Iruñean

Fermin Etxegoienen Autokarabana nobela aztertuko dute irailaren 25ean (osteguna) 19:15ean Iruñean, Sanduzelaiko liburutegian.

Ira 25 14

Gerra txikia Getarian

Lander Garrorekin Gerra txikia nobelaz ariko dira irailaren 25ean (osteguna) 18:30ean Getariako Saiaz hotelean.

Ira 24 14

“Gabrielen lekua” Bilbon

“Gabrielen lekua” sentikaria azkenezkoz egingo dute irailaren 24n (asteazkena) 19:30ean Bilboko Kafe Antzokian.

Ira 24 14

Azukrea belazeetan Zarautzen

Inazio Mujikaren Azukrea belazeetan ipuin liburuaz jardungo dute irailaren 24an (asteazkena) 18:30ean Zarauzko liburutegian.

Ira 24 14

Pako Aristik
Urari ostutako poemak

“Bosteraino kontatzen jakitea aski zait bizitza ulertzeko. Bost: nire bakardadeak dira bost. Lau: nire lagunak dira lau. Hiru: nire ilusioak dira hiru. Bi: nire amodioak dira bi. Bat: heriotza da bat eta bakarra”. Pako Aristik irailaren 30ean Urari ostutako poemak liburu berria jendaurrean aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu osorik. Gogoetak barreiatuz eta istorioak kontatuz, bidaia samur bat eskaintzen digu Pako Aristik, anekdota xumeetatik abiatu eta unibertsoaren neurrira eginak gaudela deskubritu arte. Poetak egina dauka hautua: ezer gabe jaio zena ezer gabe joango den promesa. Urriaren 1ean lehendabiziko errezitaldia egingo du, Donostiako Garoa liburu-dendan.

Ira 23 14

Apirila Azkoitian

Apirila: nobela baten zainak” hitzaldia egingo du Iñigo Aranbarrik irailaren 23an (asteartea) 19:30ean Azkoitiko liburutegian.

Ira 19 14

Ez zen diruagatik Ean

Ana Jakaren Ez zen diruagatik nobela aztertuko dute irailaren 19an (ostirala) 19:30ean Eako Eskolondo herri etxean.

Ira 19 14

Patri Urkizuren Sekulorun sekulotan, historian bizi gineneko froga

Sekulorun Sekulotan (Kriselu, 1975) amaitua zeukan Patri Urkizuk 1972rako. Saizarbitoriak eman behar izan zion bultzada argitalpenari. Zaila zen orduan atzematea “bataz besteko irakurlearen” azpitik —borondate onekoa, euskaltzalea, ez bereziki literaturari emana, euskaldunberria maiz— bazetorrela Lur belaunaldia esan genezakeena baino gazteagoko bat, sudurpean hartzen zuen guztia irakurtzen zuena batere konplexu pedagogikorik gabe. Nolako poza egilearekin batera murgiltzea hizkuntzaren magma gardenzikin lodimehe gazibihurri gozoan; nolako betetasuna irakurri ahal izatea guri ere burura zetozkigun obsesioak, sexua eta langileria, gure kantu zaharrak eta vietnamdarren borroka, zanpaketa eta zurruta eta kantu berriak… Oroimena jauzika egun-atzo, kontzientzia ibaika han-hemen, adimena esaka ni-gu. Errealitate konplexu bat, historian bizi gineneko froga. Disfrutatzeko testu bat.

Ira 18 14

Apirila Larrabetzun

Iñigo Aranbarrirekin Apirila nobelari buruz berba egingo dute irailaren 18an (osteguna) 19:00etan Larrabetzuko Anguleri kultur etxean.

Ira 18 14

Orpoz orpo, Ernesto Prat

Ernesto Pratek Orpoz orpo nobela aurkeztuko du irailaren 18an (osteguna) 11:30ean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaletxea: Txalaparta.

Agenda

Efemerideak

Kritikak