Mar 29 19

Lau ipuin berri

Bere garaiko eta geroko iritziek bat egiten dute Errose Bustintzak ipuinak egiteko duen trebetasuna goratzen. 1930eko hamarkadan, batik bat, eman zituen argitara aldizkarietan, 90era arte liburuan bildu ez zirenak. Haren Gizona gizontxo (Euzkadi, 1935) da ipuina.eus atariak martxoan eskaintzen dituen ipuinetarik bat, emakumezkoaren ahotsa ageri duena erabat gizonezko mundu batean, ipuinaren moraleja halakoa izanagatik ere.  XIX. mendean hainbat lan eta egileren plataforma izan zen Euskal-Erria aldizkarian plazaratu zuen Karmelo Etxegaraik, 1888an, Malko bedeinkatuak, kostunbrismo beteko ipuina, estilo gozoan idatzia. El Bidasoa-n 1955ean argitara emana,  Arrats gorri narrazioan 36ko gerra eta zehazki Irungo borroken inguruko kronika  dagi idazten ez ezik margogintzan nabarmendutako Antonio Valverde Ayalde-k. 1972koa dugu azkena, urte hori izenburuan zeraman liburu kolektiboan argitaratua, Ibon Sarasolaren Oroitzapen desmemorituaren egunek II. Ipuingintza eta orokorrean gure literatura gaur egunera —gaietan, estiloan, pertsonaietan…—jauzia eman zuen garaikoa.

Mar 03 19

Astebetez,
emakumeen lanak soilik

Mugimendu feministak martxoaren 8rako deitutako grebak akuilaturik, Susa argitaletxearen webguneak, Literaturaren Zubitegiak eta Euskarari ekarriak-ek itxura aldatuko dute hilaren 4tik 10era. Emakumeen lanak egongo dira soilik ikusgai datorren astean: emakumeek idatzitako liburuak, emakume idazleei buruzko estekak, efemerideak, aipamenak, haien lanei egindako kritikak eta abar. Gure literaturaren ispiluetako bat izango da egunotan ikusiko duguna.

Ots 15 19

Lau ipuin gehiago

Lau ipuin gehitu dizkiogu ipuina.eus egitasmoari. Amaia Lasak idatzitako Rita da lehenengoa:  “Emakume beltz bat naiz, Rita dut izena”, deklarazio indartsuaz hasten da 1988an plazaratu zen narrazioak, Harlemen —baina nonahi dago Harlem—, kokatutako istorioan. Eta horrekin batera beste hiru, XX. mende osoa zeharkatzen dutenak. Nemesio Etxanizen Azkoititik Elgoibarrera Katuin zuloa, 1927koa, kronika estiloan ipuina barruan dakarrena.  Aintzina aldizkarian hiru X handiz sinatua datorren Presonieraren segeretua da bestea, Etienne Salaberrirena (1942koa).  XX. mundu gerran atxilotze-zentro batean, Stalag IVan, dauden bi presoen gertatuak dakartza kontakizunean, alemanen etxe batera lanera doazela: gerrako kontu latz bat, egileak berak ixtorio deitutakoa.  Ipuin betz bat azkenik, Xabier Gereñoren Estalki zuriaren misterioa, 1979an argitaratua.

Ots 07 19

Enseiucarrean aldizkaria sarean

1986ko udaberrian abiatu zen Enseiucarrean aldizkaria, Miguel Angel Elkoroberezibarren zuzendaritzapean, Deustuko Unibertsitatearen babesarekin, Euskal Kultura Mintegiaren itzalean. Lau zenbaki atera zituzten bi urtean, eta gero itzali egin zen. Baina 1990ean beste talde batek heldu, formatua aldatu eta segitu zuen aldizkariarekin, 1999ra arte (tartean talde eta formatu aldaketekin). 1990etik aurrera batez ere hizkuntzalaritza alorreko artikuluek osatua izan da, baina literatur aldizkari gisa jaio zen eta sormen-lana da nagusi (jatorrizko euskarazkoa eta itzulpena) lehenengo urteetako aleetan. Deustuko Unibertsitateak orain on-line jarri du Enseiucarrean.

Urt 27 19

Ipuinaren gunea

XIX. mendetik hasi eta XXI.era bitartean euskal literaturan ipuingintzak egin duen tokia eta bidea bilduko du ipuina.eus webguneak, Armiarma proiektuaren egitasmo berrienak.  Koldo Izagirrek batu eta aukeratu ditu ipuinak, liburuetan argitara emanak batzuk, aldizkarietan publikatuak beste asko, gure egile ezagunenak gehienak, eta baita halako oihartzunik ez dutenenak ere. Oso genero inportantea da ipuinarena, eta asmo honek euskal literaturan izan duen garrantzi eta bilakabidea erakutsi nahi du.  Oraingoz 21 ipuin daude irakurgai, eta hilero gehiago gehituko dira Literatur Emailuen bitartez horren berri emanez. Gure literaturaren atal oso eder eta garrantzitsu batez gozatzeko aukera paregabea, batetik; eta testuen bitartez gure literaturaren bestelako ikuspegi batzuk ezagutzeko parada, bestetik.

Abe 13 18

XX. mendeko poesia kaierak epub formatuan

XX. Mendeko Poesia Kaierak plazaratu zituen Susa argitaletxeak 2000 eta 2002 urteen bitartean. Koldo Izagirrek apailatuak, joan den mendeko euskal poesiaren bilduma aparta osatzen dute. Epub formatura ekarri ditugu kaierok eta Susa argitaletxearen webguneko dendan eskura daitezke orain. Lau emanalditan aurkeztuak, aurkezpen gisa Izagirrek emandako hitzaldiak XX. mendeko euskal poesiagintza ezagutu eta ulertzeko konpendio paregabea dira; horiek ere argitaletxearen webgunean irakur ditzakezu.

Abe 12 18

131 Markos Gimeno 131

Beste alor batzuk landu bazituen ere (musikaria, Puto Amoak Matematiketan taldeko kide), hitzen apasionatua zen Markos Gimeno Vesga, joan den abenduaren 7an hil zena. Hitzen ertz, aurki eta ifrentzuen esploratzailea, Twitterren #hitzokei hitz-jokoaren asmatzailea, palindromoa izan zen haren pasioetako bat. Webguneko lanaz gain, 131 (aza) lana eman zuen argitara, 131 palindromoz eta hauen inguruko glosa eta komentarioez osatua. Obra ausarta, brillantea tarteka, segidan eskaintzen dizkizuegu Markos Gimenok sortutako 131 palindromo. (gehiago…)

Urr 14 18

103 elkarrizketa idazleekin

Hamar urtetik gorako ibilbidea dauka Irakurrieran irratsaioak, Bizkaia Irratiak astero eskaini ohi duena Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez. Saio horiek batik bat sortzaileekin izandako elkarrizketetan oinarritu izan dira. Horietako asko eta asko Hitzen uberan webgunean daude eskuragarri eta, horietatik abiatuta, 103 elkarrizketa estekatu ditugu Literaturaren Zubitegian. Ehunetik gora zubi berri, literaturaz areago gozatzeko.
Horra zerrenda: (gehiago…)

Eka 25 18

Poetek Lauaxetari

Lauaxeta fusilatu eta bi urtera, Gorputz dago gudaria poema idatzi zuen Salbatore Mitxelenak. Hogeita hamar urte geroago, Gabriel Arestik ekarri zituen In Memoriam (1967) eta Ekainaren 26 egun (1970). Bernardo Atxagaren Lauaxeta gogoan 1976koa da, eta 1980an plazaratua Ibon Sarasolaren Lauaxeta paredoian. Xabier Montoiak 1983an idatzi zuen Orain dela, Saletxek Txori xotila txiunka, Omar Nabarrok 1986an Lied bat, Iñigo Aranbarrik 1987an Luma beltz-horidun tukana eta geroago Muxuka nazak. 1989an argitaratu ziren Eusebio Erkiagaren Ez zaitez Gernikara joan eta Gernikara noake. 1989koak dira baita ere Lauaxetaren betaurrekoak, Koldo Izagirrek konposatuak. Jose Luis Otamendiren Mendi-negarra eta Joseba Sarrionandiaren Olerkaria 1995ean irakurri genituen; 2003an Ignazio Aiestaranen Poesia Auschwitz eta Gernikan. Izango dira gehiago ere, hemen zerrendatzea guk ahantziak.
Esteban Urkiaga Lauaxeta
fusilatu zutela 81 urte betetzen diren honetan gogora ekarri gura izan ditugu.

maiatza 11 18

Izet Sarajlicen Sarajevo

XX. mendeko Bosniako poeta handienetako bat da Izet Sarajlic. Obra oso ugari baten egile —1949koa du lehen poemarioa, hogeitaka idatzi zituen, prosa…—, 1992-1995 epeko Sarajevoko gerrako bilduma liburuak egin zuen oso ezagun, Bosniako hiriburuko setioaren eta oro har gerraren poema bidezko kronika eta gogoeta itzela. Obra horretako zazpi poema ekarri ditu euskarara Iñigo Astizek, hemen eskaintzen dizkizuegunak. Lehenago ere, Hitzen Uberan gunean Sarajlici eskainitako artikuluan haren zenbait poema euskaratu ziren.

Api 24 18

7.000 liburu kritika

Susa argitaletxeak 2001ean sortutako Kritiken Hemerotekan 7.000 liburu kritika batu ditugu dagoeneko. Astero argitaratzen diren kritika berriak biltzeari ekin genionetik gure literaturaren ekosisteman -argitaletxeak, idazleak, irakurle taldeak…- funtsezkoa bilakatu den tresna da Kritiken hemeroteka.
2011. urteko maiatzean 5.000 batu
genituela kontatzen genuen orduko Literatur Emailuan, eta azken 7 urteotan beste 2.000 liburu kritika gehitu dizkiogu hemerotekari, horietarik 389 itzulpenei buruzkoak dira eta gainontzeko 1611 sortzezkoak.
Hedabideka sailkatuta; azken zazpi urteotan Berria egunkariko 440 liburu kritika jaso ditugu, Vocento taldeko egunkarietan 344, Argia aldizkarikoak 263, Garan 196 eta beste 160 liburu kritika Deia eta Noticias taldeko egunkarietan.

Ots 22 18

Teruelgo tiro tartean

Duela 80 urte, 1938ko otsailaren 22an, amaitu zen Espainiako gerrako batailarik latzenetako bat, Francoren Armadak Teruel hartu zuenean. Asteetako borroka gordina, hotz eta negu hiltzaile baten erdian, oso gogorrak dira han borrokatu zirenen oroitzapenak, George Orwellenak, besteak beste. Lubaki bietan jardun zuten euskal herritarrek, eta Auspoa sailean argitaratutako Tiro tartean bertsotan liburuan gerrako bere ibilerak kontatu zizkion Antonio Zabalari Patxi Lazkanok. Francoren Armadarekin borrokatutakoa, liburuak kapitulu bat Teruelgori eskainia da. Hemen irakur dezakezu.

Uzt 18 17

Euskal Literaturaren Apalategia

2.000.ean hasita, Juan Luis Zabalak urtero osatu du jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako liburuen zerrenda, eta paperezko euskarrian argitara eman. Horiek denak, XXI. mendeko jatorrizko euskarazko lanen bibliografia hau, orain, sarean da kontsultagai, EHUren Euskara Institutuaren eskutik. Liburu bakoitzari buruzko oinarrizko datuez gain, urtez urteko zerrendak kontsulta daitezke, eta, jakina, bilaketak egin. Urtero berrituko den Euskal Literaturaren Apalategia abian da, beraz, 6.094 erreferentziarekin une honetan.

Eka 25 17

Poetek Lauaxetari

Lauaxeta fusilatu eta bi urtera, Gorputz dago gudaria poema idatzi zuen Salbatore Mitxelenak. Hogeita hamar urte geroago, Gabriel Arestik ekarri zituen In Memoriam (1967) eta Ekainaren 26 egun (1970). Bernardo Atxagaren Lauaxeta gogoan 1976koa da, eta 1980an plazaratua Ibon Sarasolaren Lauaxeta paredoian. Xabier Montoiak 1983an idatzi zuen Orain dela, Saletxek Txori xotila txiunka, Omar Nabarrok 1986an Lied bat, Iñigo Aranbarrik 1987an Luma beltz-horidun tukana eta geroago Muxuka nazak. 1989an argitaratu ziren Eusebio Erkiagaren Ez zaitez Gernikara joan eta Gernikara noake. 1989koak dira baita ere Lauaxetaren betaurrekoak, Koldo Izagirrek konposatuak. Jose Luis Otamendiren Mendi-negarra eta Joseba Sarrionandiaren Olerkaria 1995ean irakurri genituen; 2003an Ignazio Aiestaranen Poesia Auschwitz eta Gernikan. Izango dira gehiago ere, hemen zerrendatzea guk ahantziak.
Esteban Urkiaga Lauaxeta
fusilatu zutela 80 urte betetzen diren honetan gogora ekarri gura ditugu.

Eka 14 17

Zergatik bi? Salaberri eta Dolhare ispilu aurrean

Idazlea ispiluaren aurrean jarrita, galdera batekin abiatu zuten haien ikuskizuna Bea Salaberrik eta Katixa Dolharek 2017ko Literaturia jaialdian: Zergatik bi? Hori eta galdera gehiago: “Zergatik ederra edo zorrotza? Zergatik errealitatea edo inpresioa? Posizionatua edo ez? Zergatik barneak hustu ala egiak gorde? Zergatik beti bi?”. Irakurri gabeko irakurketa batean, galdera hori eta gehiago, eta erantzunak ere,  eskaini zituzten bi idazleek testu eder eta oso indartsu batean. Hemen orain osorik irakur dezakezun testuan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak