Zergatik bi?
Bea Salaberri / Katixa Dolhare

2017ko maiatzaren 26a
Literaturia - Zarautz

 

 

Agertokian, bada ispilu bat eszenaren erditsutan, trebeska ezarririk. Bi aulki ispiluaren alde bakoitzean nonbait ezarririk. Beste zenbait gauza inguruan apaingarri. Hasiera, argitzean, mirailaren alde bakoitzean eta honi bizkarrez, kontra kontra, badira bi pertsonaia, bata ilunez bezti, bestea argiago, pertsona beraren isla. Solasa piztuko da bien artean, tonoa eta erritmoa karrusarena izanen dira nolabait, arin eta kritikoak, eta solasari tartekatuko zaizkio literatura zitazioak, liburuki bederatan irakurriko dituztenak.

 

“Galdetu nion neure buruari nor nintzen ni, nor nintzen ni”

Josean Larrañaga-Urko

“Ispilu aurrean zalantzak sortzen dira maiz
Konpaini txakurra, hiena asekaitz zer naiz?”

Andoni Egaña

 

Biak hasiko mintzatzen txandaka.

 

BATA: (ispilutik beretik) Zer naizen? Emaztea naiz, langilea, politikoki han edo hemengoa, ama, irakaslea Ispiluaren islan nahiz gizarteak zuzentzen didan horretan etengabeko borrokan.

BESTEA: (ispilutik beretik) Ene begirada gurutzatzen eta kutsatzen da beste milakarekin. Ene burua nahi nuke aske, baina beti bada larderia tente temati bat.

“Ispiluak jendez lepo. Ikusezinek gaituzte ikusten. Ahantziek oroitzen. Gure burua ikustean, haiek ditugu ikusten. Gu joatean, badoaz?”

Eduardo Galeano

BATA: (ispilutik ateratuz, satisfos) Zintzoa naiz, xuxen jokatzen dut. Nekeak poza ematen dit. Ez naiz deusen menpe. Egunero egun berria hazten dela baliatuz, ene burua eta besteena desiratzen dut harago. Eragin dut, sortu dut, bideratu dut. Ahal zen neurrian. Mundua jada hobea da bakoitzarentzat.

BESTEA: (ispilutik ateratuz, ilun) Otzana naiz, nagusiari amore emanik,lanaren kontzeptu antzeztralari fidela. Lan egiten dut, bizitzeko, hil arte. Lan egiten dut, lanak egiten nau. (kultipakteurra). Eta gaineratekoan usu naiz isiltzen, patua onartzen. Bakoitzak bereari. Eta bitartean, bizitza badoa...

BATA: Deus galdu gabe, zerbait irabaztera saiatzen den belaunaldikoa naiz. Ezin baitut gibelera egin eta aitzinatzea kostatzen baita. Urrats tipika aitzinatzen entsatzen naiz.

BESTEA: (bataruntz, pedagogikoa) Urrats tipien, lorpen ñimiñoen arabera aitzinatzeak denbora ene kontra bihurtu du. Menderatua eta asimilatua izan arte. Irakatsi dizkidatenak nire egin ditut. Ene baitatik letorkeena gaitzetsi. Eta idaztean? Zer?

BATA: Idazten dudanean, berdin: libre eta autonomoa naiz. Nehork agindu gabe, gogoan dudana isurtzen dut orrietara. Zer da idaztea? Ene buruaren bestelakatzea, kondiziotik ateratzea. Ihes luzearen antzekoa, inork atzeman edo arrazoitu ez nazakeen lekua.

BESTEA: Ez. Itxurak eta hitzak zaintzen ditut, etxean, karrikan. Eta zutabeetan! Zutabeetan ere, kalkulatu eta programatzen dut, marren artetik ibiltzen ohitua naiz, nehor mindu gabe. Idazle uztarriduna naiz.

BATA:

“Eleberria, bide bazterrean gaindi eramaten dugun ispilua da”

Stendhal

Nik horrela ikusten dut ene burua, ahoan bilorik gabe egia idazten duen idazlea, errealitatea den bezala erakusten duena, bere on eta gaitz guztiak argiratuz.

BESTEA: Errealitatea den bezala ez dut ikusten ahal. Itsutu beharko nuke ene lumak egia isla dezan. Ene baitako segurtasun eta sinesmenez biluzi behar dut errealitatearen muina ikusteko.

“Ene buruaren ezabatzea izan dadin gauzak argitaratzeko hautatu dudan modua”

Philippe Jaccottet

BATA: (trufan, probokatzen du) Hori sinbolismoa da. Ez dezaket ene burua ukatu ene luma errealitatea islatzera utziz, hori espekulazio hutsa da.

         Azken finean, nik ditut hitzak aukeratzen, eta hitz horien bidez, errealitatea nirera bihurtzen, makurtzen, okertzen. Ene menpeko ezartzen, hots. Eta bide beretik, islatzen dudanarekin batera, irakurlea. Niri botere hori zait gustatzen, irakurlea neure izatea irakurketa denbora osoan, harengan miresmena ala disgustua eraginez neure unibertsora plegatzea.

“Liburuak izan dira enetako txori eta habiak, ene abere domestikatuak. Ikuilu eta kanpoak ene liburutegia. Ispilu batean harrapatu mundua zen, harena zuen sakontasuna, aniztasuna, aurreikusezintasuna.”

Jean-Paul Sartre

BESTEA: (jarria lehenagotik) Uau, Sartre! Espantuak hartu nau. Edurne zuriren ispiluari beha nago... Errealitatea eta irakurlea menderaezinak dira. (super pedago, fermu) Ene ahalegina izan behar da xuxena izatea. Goxo bada goxo. Gordin bada gordin.

BATA: (trufa, probokatzen du) Hitz xuxenik ez dago, bestela denak aspaldian erranak izanen ziren, idaztea xuxentasunaren atzetik etengabe ibiltzea da. Literatura osoa perifrasia luzea baizik ez da.

“Zentzurantz itxaropen lausoz asintota gisako tentsio infinitua baizik ez.”

Eric Benoit

         Eta irakurlea ez ote da libre ene epaitzeko, zorrozki eta urrikirik gabe ? Ene idatziari atea zabalduz ala hetsiz ?

BESTEA: (Altxatzen eta ispilura) Baiki. Irakurleak eta ezagutzen nauen orok epaitzen nau, etengabe. Errealitatea, sentitua edo gustuko duena eginik edo ez.

         (Post it-ak ateratzen eta mirailari kolatzen): iparraldekoa, interesgarria, oso ausarta, frantsestua,...

         Han nago sailkaturik. Behin betiko. Eta prismo horretatik naiz ikusia.

BATA: Horretaz libra daiteke, deus ez da betiko. (post it ak kenduz eta gaiaz aldatuz)

Idazten dut eder, jaso eta idazten dut garai eta moden arabera ongi etorria. Ideologia bezain inportantea baita estetika. Estetika ideologia baten zerbitzuko artifizioa besterik ez da.

“Idaztea, bokalak eta kontsonanteak lerrokatzea da, edertasun zarean osa dezaten”

Maurice Pons

BESTEA: Nitaz espero dena da agian. Guztiaren edertzea, jasangarriagoa bihurtzea. Alta, … (liburua hartzera doa)

“Gizon askea: itsasoa beti maiteko duk! Itsaso zabala, hire ispilua duk zeinetan hire arima kontenplatzen dukan uhainen gora beheran eta hau itsasoa bezain osin garratza duk.”

Charles Baudelaire

         Horrela idatzi beharko nuke: garratz, zatar eta krudel. Irakurleari eman bazkan sortu duen miseria. Idatzi nola dena zikintzen eta perbertitzen dugun, humanitatea galtzen. Idatzi behar nuke aitaren erhi konkorrak trikitixan gaindi lasterka, zeru zohardiak, (haluzinatzen, Maurizia entzuten) aberri galdua, gure zauria eta herentzia, hondatu dugun guztia. Behar bada zerbaitetarako balioko luke!

“Liburu hori, Miserableak, zuen ispilua da gurea bezainbat. Zenbait gizon, zenbait talde, sumintzen dira liburu honen kontra. Ulertzen dut. Ispiluak, egia kontalariak diren heinean, hastiatuak dira. Horrek ez du kentzen baliosak direla.”

Daelli editoreari gutuna Victor Hugo

         Hori! Zatar eta krudel, ausarki azaldu beharko nuke gobernatzen gaituen esku beltza. Nola ibaiak eta arbolak ere hezi ditugun. Gure esklabutza. Nola apokalipsiaren zigilua guztiak zapartarazi ditugun. Nola milaka zizare likatsuk barnak jaten dizkiguten eta haien hazi karroindua gugan usteltzen.

Agian entzunen lukete eta zerbaitetara mugituko lirateke. (zolara, ez behatzen nehori)

BATA: Aldaketa eragin asmoz idatzi behar ote da? Eraldaketa ez da literaturaren funtzioa, eraldaketaren lekukoa izatea baizik. Dena den ezin nuke hain ilun idatzi, deformatzea litzateke. Ondoko belaunaldiei itxaropen oro itoko nieke. Haiengatik ez alai, ez ilun, objektibo baina baikor egon behar dut. Ondokoei ene baloreak helarazteko, nik lortu ez dudana haiek egin dezaten.

BESTEA: (Kexu) Ezin diot ondokoari utzi nihaurrek egin dezakedana. Gainera, hori litzateke denen kontentatzea, onargarria den zerbait egitea. Hori egiteko bada, orduan hobe ez idatzirik, hori guztia inutila eta jadanik egina baita!

BATA: (pedago baina fermu) Ez gara inoiz idaztetik gelditzen ahalko : dena ez da inoiz errana izanen, harremanetan beti jarraituko dugu, bai errealitate iheskorrarekin, bai irakurlearekin. Baina hori ez da etsigarria, baizik eta bizirauteko xantza ikaragarria. Nahi ala ez, liburu bat agertzerakoan, esperantza ematen diozu irakurleari egiaren zati berri bat eskainiko diozula, liburu bakoitza errealitatearen errepresentazio berritua balitz bezala. Eta esperantza hori elikatzen balin badakizu, idazle ospetsua bihur zaitezke.

BESTEA: (hurbilduko zaio idor) Irudi hori nahi dudana baldin bada,irudi eder eta leuna, kritikek goraipatua, egoerak eta sistemak baldintzaturik, best-sellerra, faltsua da.

“Ispilua handikeria alanbikea da eta aldi berean urguilu esterilizagailua. Gauza bakar batek ez du honek bezainbat ergela berotzen.”

Natsume Sôseki

BATA: Baina ez al zara goretsia soilik dakizulako unean uneko jende eta sistema beharrei erantzuten? irakurle eta egoera garaikideari egokitzen ederki dakizulako ? Literaturazaleen gosea testuinguru berezi batean asetzen dakizulako ? Zuk aipatzen dituzun best-sellerrak behar-beharrezkoak dira, berehalako tirriei erantzun behar zaiela badakit.

BESTEA: Baina libre? Libre ote zira idazteko zinez pentsatzen duzuna, zure ezina? Ala baimentzen dena bakarrik? ez duena uhainik sortzen, ez duena kolpatzen, ez zalantzarik edo egonezinik eragiten? Hots plazera eragiten duena! (ziniko) Kasu horretan hobe pornografia idaztea, horrela bai plazera, salmenta eta saria!

BATA: Baina nik ez dut plazer pornografiko hori eskaintzeko gutiziarik, ez dut garaikideentzat idazteko gogorik, happy few haientzat baizik ez. Horrela, zinez libreago sentitzen dut ene burua, irakurlegoari pentsatu gabe idazten dut.

"Idazten dut adiskide ezezagunentzat, ene idurikoak diren hautatu bakar batzuentzat : happy few-entzat”

Stendhal

BESTEA: Baina nolaz ez zenuke hainbeste sufritu duenaz eta gaurko egoeraz jendearentzat izkiriatzeko elikagairik aski? Horretarako gaude, posizionatzeko, gizartearen oinaze kolektibo eta indibidualak ekartzeko. Idazle gisa, ene eginbeharra da isilekoa azaleratzea.

BATA: Egiak oro, ez dira erraiteko on. (Pausa. Hasperena. Biek badakite ez dela gehitzekorik izanen)

         Idazle gisa funtsean, gure gizarteak dituen alde on eta gaitzak dira gure baitan islatzen. Emazte gisa, langile gisa, militante gisa pairatzen ditugun bikoiztasun berberak.

“Ispilu onak ez dira merke saltzen. Zure ondoan banago suntsituko nauzu
baina ikusten baduzu ispilua gezurretan ari dela kristala txikituko duzu”

Audre Lorde

BESTEA: (Hasperena, liburua berriz har eta bila)

“Besteak miretsi ta gu geu ez gara maite, ispiluak istilu bilakatu dira, politagoak ginen urari begira.”

Odei Barroso

         Baina zergatik bi? Beti bi?

BATA: Zergatik ederra edo zorrotza? Zergatik errealitatea edo inpresioa? Posizionatua edo ez?

BESTEA: ...zergatik barneak hustu ala egiak gorde? ona edo gaiztoa? Zergatik beti bi?

BATA:

“Egia errateko bi izan behar garelako. Hizlari bakarrak, hitz bakarrak ezin duelako nahi den guztia azaldu. Egia beti besteak erraten duelako”

Maurice Blanchot

BESTEA: Egia, beti besteak erraten duelako.

 

Berriz itzuli ispiluaren alde banatara, berriz bat egitera. Iluna.

 

 

 

 

Zergatik bi?
Bea Salaberri / Katixa Dolhare

2017ko maiatzaren 26a
Literaturia - Zarautz