Api 14 05

Klasikoen Gordailua

Euskal literaturaren lehen agerpenetik –Lingua Vasconum Primitiae (Bernard Etxepare,1545)- 1936ko gerrak ezartzen duen mugara arte ekoitzi diren euskarazko literatur testuak batzen ditu Klasikoen Gordailuak. Gordailua, testu horiek denak batu ditugun lekua delako. Ez gordeta edukitzeko, ordea. Irakurtzeko, erabiltzeko, ezagutzeko testuak dira, eta hala balia daitezen da gure asmoa.
        Klasikoen gordailuan bi ahaleginen batuketa dago: Patxi Salaberri Muñoa idazle eta irakasleak egin eta zuzendu zuen Euskal Testuen Gordailua eta Susa literatur argitaletxeak abian jarritako Armiarma literatur ataria. Bien batzetik sortu da Klasikoen Gordailua; gure argitaletxearen ekimenez eta Patxi Salaberriren zuzendaritzapean.
Euskal literaturako testu klasikoen gordailua apirilaren 14an (osteguna) 20:00etan aurkeztuko dugu Gasteizko Goiuri-Villasuso jauregian, gonbidatuta zaude.

Api 14 05

Joxe Mari Lopetegi jaio zela 130 urte

Irunen sortu zen 1875eko apirilaren 13an, duela 130 urte, Joxe Mari Lopetegi, Hego Euskal Herriko errepublikanoen bertsolaria. Amikuzeko Arruetan hil zen,  Behe Nafarroan 1942ko ekainaren 2an. Lopetegik bere garaiko prentsan, Irungo agerkarietan batez ere, argitara eman zituen bertso sailak.
Joxan Elosegik, berriki liburu batera bildu ditu bertso sail hauek eta argitara eman Joxe Mari Lopetegi Errepublikanoen bertsolaria izenburupean, Paper Hotsak argitaldariak plazaratuta.
Bere jaiotzaren 130. urteurren honetan, eta Errepublika aldarrikatu zuten egunarekin bat eginez, errepublika gaitzat idatzi eta kantatu zituen bertsoak hautatu ditugu, hemen paratzeko.

Api 07 05

Karol Wojtilaren poemak euskaraz

Loiolara egindako bisitaz gain, bestela ere iritsi zen Karol Wojtila euskararen eremura 1980ko hamarkadan. Ez baita telebista Wojtilak agertzeko hautatutako medio bakarra. Santi Onaindiak euskaratu zituen poloniarraren hainbat poema, eta Olerti aldizkarian argitara eman. Literatur Aldizkarien Gordailuan irakur ditzakezue, edo, nahi izanez gero, Euskal Bertso eta Olerkien Hemerotekan.

Mar 31 05

Volgako Batelariak literatur bloga

Idazleen blogak ezagutu ditugu: Xabier Mendiguren, Markos Zapiain, Julen Gabiria. Eta orain literatur aldizkari gisara antolatutako blog bat sortu da: Volgako Batelariak. Rikardo Arregi, Juanjo Olasagarre, Ibon Egaña, Anjel Erro eta Iban Zalduak bultzatutako ekimena da. Apirilaren 6an (asteazkena) 21:00etan aurkeztuko dute Gasteizko Gora tabernan.

Mar 24 05

Roland Barthesen Soud-Ouesta

1980ko martxoaren 25ean, orain 25 urte, zendu zen Roland Barthes idazle eta kritikaria. 1915ean Cherbourgen jaioa, Baionan hazi zen Barthes 1924an familia Parisera aldatu zen arte. Hizkuntzaren eta literaturaren pentsamenduan eta semiotikan aditua, bere teoriek eraginik izan zuten idazle askorengan. Fikzioan ere jarduna, saiogintzan egin zuen ekarririk handiena. Bere haurtzaroko Euskal Herria gogoetagai duen Roland Barthesen testu interesgarria euskaratu digu, Literatur Emailu honetarako, Koldo Izagirrek: Sud-Ouestaren argia. 1977an L’Humanitén atalka agertutakoa, ondoren Incidents liburuan bildu zen.
Euskaraz, bestalde, bere testurik esanguratsuenetako bat, Testuaren atsegina/Idazkuntzaren zero gradua, irakur daiteke, Juan Garzia Garmendiak euskaratua eta Pentsamenduaren Klasikoak bilduman 1991n argitaratua. Osorik irakur daiteke bildumaren Klasikoak.com gunean.

Mar 03 05

Lauaxetaren poemak

Aurten beteko da Estepan Urkiaga Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrena eta izango da ospakizun bat baino gehiago —Sabino Arana Elkargoak berriki aurkeztu du idazlearen liburutegiaren katalogoa—. Egokiera ona da, beraz, laukiztarraren literatur-lanak irakurtzeko (edo berrirakurtzeko). Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman bada, noski, Lauaxetaren poemen antologia.

Ots 17 05

Iñigo Aranbarriren poemak entzuteko

1998an kaleratu zuen Iñigo Aranbarrik Harrien lauhazka poema liburua, osorik 155. Literatur Emailuan eskaini genizuena. Poema liburu eder horretara gatoz berriro ere, irakurtzera ez ezik entzutera. Liburuko dozena bat poema grabatu ditu Aranbarrik, eta hemen eskaintzen dizkizugu poetaren ahotsean entzun ahal ditzazun.

Ots 10 05

Bitoriano Gandiagaren poemak

2001eko otsailaren 21ean hil zen Bitoriano Gandiaga. XX. mendeko euskal poesigintzan derrigorrezko erreferentzia, 2003an bere poemak bere ahotsean entzuteko moduan jarri genituen 59. zenbakiko Literatur Emailuan. Irakurtzeko jarriko dugu orain haren poemen antologia. Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman  jasotako Gandiagaren poemak irakurgai dauzkazu.

Urt 20 05

2004an 238 literatur kritika

2000. urteko abenduan hasi ginen prentsako literatur kritikak batzen. Euskal liburuen kritikak agertzen diren medio guztiak hustutzen ahalegintzen gara, eta dagoeneko 1000tik gora kritika batu ditugu azken urteotan. Iazko guztiak batuta daude jada, eta guztira 238 liburu kritika batu ditugu kritiken hemerotekara. Kritikok bilatzeko modua dago Susaren kritika hemerotekan; liburuaren arabera, egilearen arabera, argitaletxeka, kritiken egileka edota agertu den komunikabidea galdetuz. Bilatzaileak horrek datuok guztiok emango dizkizu.

Urt 13 05

Pudente lehen euskal opera Interneten osorik

Euskaraz.net-ek Serafin Barojaren Pudente, lehen euskal opoera, jarri du sarean. Egileak berak egin zuen lehen argitarapena 1878an eta J.A. Santestebanek, 1890 inguruan, musika idatzi  eta Pudente operaren libretoa argitaratu zuen. Euskaraz.net atariak bi bertsioak jarri ditu sarean, bakoitza dagokion musika eta partiturekin.

Abe 01 04

Telesforo Monzonen mendeurrena

1904ko abenduaren 1ean jaio zen Bergaran Telesforo Monzon Olaso. Euskal Herriaren XX. mendeko historiaren lekuko bainoago protagonista, ezaguna da politikan egindako bidea Espainiako II. Errepublikaren garaian hasi eta 1981ean hil zen arte. Politikari eta ekintzailez gain, ordea, idazle izan genuen Telesforo Monzon. Poema, antzezlan eta artikuluen egile, ezin baztertuzkoa da Monzonek literaturan egindako ekarpena. Haren lan gehientsuenak bildu ditugu: kaleratu zituen bi poema liburuak (Urrundik eta Gudarien Egiñak), liburutan sartu ez ziren olerki solteak (baita oraintsu aurkitutako zortzi inedito), bost antzezlan (aldizkarietan eta are liburu gisa argitaratuak) eta kantak. Bestalde, eta artikuluei dagokionez, Koldo Izagirrek apailatu eta Elkarrek kaleratu zuen antologia ekarri dugu: Langosta baten inguruan liburu eder askoa. Irakurgarri dituzu denak.

Aza 11 04

Telesforo Monzonen zortzi poema inedito

Parisko Avenue Marceau 11. zenbakian izan zuen erredakzioa Euzko Deya agerkariak 1937-1940 urteetan, eta hantxe baita ere Eusko Jaurlaritzak egoitza eta, beraz, bulegoa Telesforo Monzonek. Arteako Abertzaletasunaren Agiritegiko Iñaki Goioganak Koldo Izagirreri karpeta bat zabaldu dio: Euzko Deyako korrespondentzia. Gutunen artean mekanografiaturiko bederatzi poema azaldu dira, ez datarik ez sinadurarik, baina estiloak eta gaiek adierazten dute Telesforo Monzonenak zirela. Zortzi inedito dira. Ziur aski hauek izango dira idatzi zituen lehendabiziko poemak. Koldo Izagirrek zehaztapenak egingo ditu hitzaldi batean: Donostiako Doctor Camino Liburutegian azaroaren 17an (asteazkena) 20:00etan, Monzonen jaiotzaren mendeurreneko ekitaldien barnean.

Aza 04 04

Txillardegi omendua, Interneten ere

75 urte betetzearekin batera, omenaldiz omenaldi ibili da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, azken liburua kaleratu zuenean lehenbizi eta Koldo Mitxelena Kulturunean antolatutakoak ostean. Azken ekitaldi hauen karietara, webgune itzela paratu diote Interneten. Bere biografia, berari buruzko testuak, ohar bibliografikoak, bere lanen zati eta iruzkinak, idazle eta pentsalariari buruzko azterketak, elkarrizketak… denetarik batu dute bertan.

Urr 28 04

Bartolo Ayerbe Euskaraz.net liburutegi digitalean

Gero eta liburutegi digital osatuagoa dauka euskaraz.net guneak. Oraintsu Bartolo Ayerberen Gaintza jaioterriko eta gero bizileku izan zuen Altza-Loiola inguruko oroitzapenak biltzen dituzten bi lan osorik jarri ditu euskaraz.netek liburu digitalen atalean: Nere mundualdia eta Zaharrak berrituz. Atal berean irakur daiteke ere Joxe Ayerbe, Bartoloren semearen, Alako batean bertso bilduma.

Urr 21 04

Bertso eta Olerkien hemeroteka armiarma.eus atarian

Ametzagaiña taldeak eta Susa argitaletxeak Bertso eta Olerkien hemeroteka osatua jarri dute armiarma.eus atarian. Lan hau Julen Urkizak hasitakoaren jarraipena da eta euskaraz idatzitako eta idatziko diren bertso eta olerkiak bildu, sailkatu eta gizarteratzeko gunea da. Orain arte bildutako 46.000 erregistroetatik %20k badu erantsia, jada, bertsoa edo olerkia, 9181 orain arte.  
Lan honetan Susa argitaletxeak autoritateak finkatzeko ardura hartu du eta baita produktua ostatatzekoa ere, armiarma.eus atarian. Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du, eta hiru urtetako lana dago proiektuaren muinean. Oraindik osatzen eta gehitzen joango den proiektu honek, jendearen partehartzea bultzatu gura du.  

Agenda

Efemerideak

Kritikak