Ira
10
21
Poesia ez zela bakarrik sentimendu bat, tripako mina ere bazela, borroka baten elea, defendatu zuen Manex Erdozaintzi-Etxartek, eta haren obran islatzen da, baina era berean bide liriko bat ere jorratu zuen, irakutzearen plazerak gidatuta. Bide horretan, arnas handiko poema luzea ondu zuen, Herri honen erraietan (Maiatz, 1985). Estiloz diskurtsiboa, gizarte libre baten nahia sumatzen du herriaren erraietan, eta poeta da erdi-minetan den populuaren emagina, Koldo Izagirrek haren antologiari egindako sarreran azaldu bezala. Osorik eskaintzen dizuegu.
Abu
28
21
2012ko ekainean sortu zen, lagun talde baten ekimenez, Edo! argitaletxea. Eta bost urtean 16 lan eman zituen argitara harpidedun eta lankideen borondatezko lanean oinarritutako argitaletxe honek, artea eta ilustrazioari lotutako hainbat lan tartean. Eta Karmele? izan zen argitara eman zutenetako lehenetakoa, Samara Veltek idatzitako antzezlana, eta Edotafioa azkena, 2017ko azaroan haien ibilbideari amaiera eman zion despedidako testua. Biak eskaintzen dizkizuegu.
Abu
11
21
Abuztuaren 29a bitarte, Kepa Akixo Zigor eskultore eta argazkilariak “Egu iturria” izeneko erakusketa du Miarritzeko Bellevue jauregian. Hatsaren Poesia ekinaldiko ohiko kolaboratzailea, Miarritzeko erakusketan ere poema laburrak ez dira eskas. Baina obra moduan orain arte kaleratu duen behinekoena Zoro garaia izan zen, 1992an Maiatz argitaletxeak emana, orain osorik irakurtzeko moduan paratu dizueguna. Eskultorearen gisan ari zaigu poemotan ere Akixo, eleak zizelkatuz bezala.
Uzt
16
21
Antzerkiaren harra barruan darama Gaizka Sarasolak, eta ez lo. Mairu antzerki tailerra eta urteotan egin duen lana da horren erakusgarri. Berriki Susa argitaletxearekin Ganbila bilduman Zerrakuretan liburua publikatua, 2016an hiru testu bildu zituen Erleak, satorrak, beleak liburuan, edo! argitaletxearekin argitara emandakoa. Osorik eskaintzen dizkizuegun hiru teatro-testuotan —Urak ttiki dire, Lur azpikoak eta Talaka—, inguruan duen errealitatea gordin hartu zuen egileak, eta bufoiaren arimari fidel, itsusia edertu, antzerki bilakatuz. Gozatu.
Eka
10
21
Amaia Ezpeldoi detektibe ruralaren abentura berri bat, zazpigarrena, plazaratu du Itxaro Bordak: Euri zitalari esker. Bere lan jardunetik erretreta hartzear da Ezpeldoi. Azken kasu bat du argitzeko, alta: gauetik goizera Landetara ezkondu zen eta aspaldian arrastorik utzi ez duen Maddiren desagertzea. Sexua, dirua, telesailak, ikasle garaiko bulkadak eta sarearen ezkutalekuak. Bere pertsonaia sonatuaren ibilietara itzuli da Itxaro Borda kontakizun berrian, sarean ere osorik irakur dezakezuena.

maiatza
20
21
Sei urteren ondoren, bueltan da Xabier Montoiaren inpuingintza. Hamar narraziok osatzen dute Taxiak ez dira inoiz gelditzen bilduma, eta bi emakumeren bizipenek eta ahotsek txirikordatzen dituzte eszenario eta garai desberdinetako istoriook. Egileak usadio duen legez, bizitzaren alde ez-agerikoetan kokatzen dira pertsonaien ibilerak, sentimenduak eta ustekabe gatazkatsuak, egokitzen zaizkien amildegi ugarietako ertzetan artega eta dardaraka ari den ekilibristaren pare. Maitatzeko ezgauza ote diren, galtzen ere traketsak ez ote diren, inoiz gelditzen ez diren taxi horietako bat geldituko balitz ere onerako izango ote litzatekeen zalantza. Montoiaren mundu miresgarria, beste behin, sarean ere osorik irakur dezakezuen liburu honetan.

maiatza
08
21
50 urte dira Herri Gogoa argitaletxeak Lasa Alegria neba-arreben Poema bilduma argitaratu zuela. Liburu horretan, Amaia Lasak “a e i o u berri bat” esatea proposatu zuen, eta Mikel Lasak bidenabar omenaldia egin zien Baudelaireri, Faulknerri edota Poeri. Proposamenez eta omenaldiez harago, bi ahots poetiko berri sortu ziren euskal letretan, gerora ere luzaro iraun dutenak. Orduko hartan kaleratutakoa bere horretan irakur dezakezu orain, baita faksimile formatuan ere.

Api
26
21
Oihana Aranak Lazunak azkazaletan poema liburua aurkeztu du gaur. Fikzioaren apologia batekin abiatzen da liburua, gogorarazten diguna ez dugula idazlearen bizitzarik irakurriko orrialdeotan, orpoetako arrakaletan zer ezkutatzen duen jakin nahi duenak jai daukala. Jakin-minetik ari zaigun ahots bat irakurriko dugu hemen, eta erreparatuko die gizarteari, zeruko elementuei, harreman sozialei, habitatzen gaituzten espazioei, gorputzari. Poemetako batean bezala, lepoa alanbre artean sartzen du ahotsak beste aldean zer dagoen ikusteko. Hain zuzen ere, jolasa behin baino gehiagotan ageri da liburuan, eta poemek berek asko dute jolasetik, bereziki ironia bidezko jolasetik. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.

Api
22
21
Lehen aldiz, gogoetari eta saiakerari leihoa zabaldu dio Ganbila bildumak 12. alearekin batera, euskal antzerkiak inoiz izan duen begirale, kritikari eta kronista oparoena den Agus Perezen eskutik: hausnarketa eta memoria ariketa da Aititaren betaurrekoak, arte eszenikoak mintzagai hartuta, eta kritikari ofizioaren kontraesanez, zalantzez eta gazi-gozoez diharduena. Liburuaren zati batean, azken hamarkadeten idatzi izan dituen kritiken antologia ere irakur daiteke, garai luze baten erradiografia legez har daitekeena.

Api
21
21
Gaizka Sarasolaren bi antzerki obra biltzen dira Zerrakuretan liburuan, Txoriak eta zauriak eta Iluntzen, Mairu Antzerki Taillerrarekin batera idazle lesakarraren ibilbideko azken bi geltokiak. 2016ko Erleak, satorrak, beleak liburu gogoangarri hartan bezala, oraingoan ere egilea partaidea den komunitatea topatuko du irakurleak: gaurko jendartearen galderak, gogoetak eta zalantzak, gozamenerako eta hausnarketarako, surrealismoz eta absurdoz jantziak.

Api
20
21
Jon Gerediaga aski ezaguna izango du poesia maite duen irakurleak, obra luze baten egile, eta ahots poetiko propio baten jabe baita. Teatroaren alorrean ere, ibilbide emankor bateko protagonista da aspalditik, ia beti Antzerkiola Imaginarioaren baitan. Oraingoan, Ganbila bildumaren 10. alean, Dama lana proposatzen digu Gerediagak: Edith Södergran poeta istorioaren motor bilakatuta, poesiari loturiko kezkarik sakonenak teatroak ezinbestekoak dituen ezaugarriekin uztartuta eskaintzen dizkigu, dramaturgiagintza sakontasunez ezagutzen duenaren arteaz: umorea, absurdoa, parodia, bufoitasuna, edertasuna eta egiarik ilunenaren bilaketa amaigabea.

Api
19
21
XX. mendeko ingelesezko poesia lirikoan maisu-maistren artean Edna St. Vincent Millay estatubatuarrakk leku berezia du dudarik gabe. Poesia lirikoari jarraiki, ni poetikoaren sentimendu barnekoak agertzen dira bere poesian, edertasunez adieraziak beti ere. Haren esku eta teknika poetiko paregabearen bidez ontzen ditu poesiaren historiako gai klasikoak, hala nola, amodioa, heriotza, haurtzaroa. Begirada feminista ere berezkoa du, baina aldarrikapen argi moduan bainoago hainbat gairen tratamenduan eta begiradan dago bere feminismoa. Bere garaiko beste zenbait poetaren aldean, forma klasikoagoak erabili zituen, nagusiki forma neurtu eta errimatuak baliatuz, eta eskema metrikoak eta errimak errespetatu ditu itzulpenean Ana Moralesek trebetasun miragarriz. Millayren poesia formaz klasikotzat eta edukiz moderno eta apurtzailetzat jo izan da, eta kontraste hori da haren poesiaren ezaugarri behinenetako bat. Goi mailako poesia, orain arte euskaratuak zeuden zenbait ale solteri segida ematen dien kaier honetan irakur dezakezuna.

Api
18
21
Bere poemak kolore eta formen eztanda modukoak dira, narratibitatetik bainoago une jakinen marraztetik abiatzen direnak. Hor agertzen da ni poetikoaren inguru aberatsa; landaredia (izpilikua, irokoa, sandaloa…) eta animaliak (lehoiak, elefanteak, arranoak…), baina baita gizakiak ere, inguruko lagun eta senitartekoak. Poema aski modernista eta konplexuak dira asko, eta collage teknika erruz darabil. Irakurleak irudi festa baten erdian topatuko du bere burua maiz Christopher Okigboren poesia irakurtzean. XX. mendeko poeta afrikar handienetakotzat jotzen da nigeriarra, 1967an Biafrako gerran soldadu zela hila. Okigborekin, Afrikako idazle bat ekarri dugu, lehen aldiz, Munduko Poesia Kaieren bildumara, hemen irakur dezakezuna, Karmen Irizar Segurolaren itzulpenean.

Api
09
21
Duela 200 urte, 1821eko apirilaren 9an jaio zen Charles Baudelaire. Lirika modernoaren abiatzaileetako bat, hala bizitza nola obra erreferente ezinbestekoak dira literatura unibertsalean eta euskarara ere hainbat aldiz ekarri izan da, liburu osoak eta poema solteak, eta Literatur Emailuotan ere agertu izan da. Oraindik orain Gaitzaren loreak, haren lan nagusia, Patxi Apalategik euskaratu du eta Balea Zuriak argitara eman, 2020an. Urteurrenaren harira, liburu enblematiko honetako sei poema dakartzagu, eta baita Jean-Baptiste Orpustanek itzuli zuen Poema xipiak laxoan ere, osorik.
Mar
24
21
Arkanbele kantak deitzen da Mikel Tabernaren poema liburu berria, zeinak erretolika esan nahi baitu. Nork berea du, arkanbele kanta. Eta erraz antzemango dio irakurleak poemotan Tabernaren eskuari. Izan ere, geografia fisiko eta bital batean barnako bidaian sartuko gaitu liburuak, Bidasoaldera bezala Iruñeko atzerrira eramango gaituena, haurtzarora eta 36ko gerrara, solastatzeko eta isiltzeko modu batera, gaztaroko lagunartera eta aurreneko sexu-jolasetara, gure baitako izaera gordera, bizitza gozatzeko modu batera… Desagertzeko arriskuan omen dago arkanbelea, baina zaila da sinestea, bizitza zelan zukutzen duen ikusita, haren kantak adituta. Osorik eskaintzen dizkizugu arkanbele kantak sarean.
