Eka
23
05
1905eko ekainaren 21ean jaio zen Jean Paul Sartre, duela 100 urte. Pentsalaria, idazlea, aktibista… XX. mendea ulertzeko pertsonaia klabeetako bat dugu. Euskal Herriarekin izan zuen harremanik eta eraginik, eta Literatur Emailu honetara ekarri nahi izan dugu. Markos Zapiainek artikulu bat idatzi du, M’ongoloon malura, eta horretaz gain Gisele Halimiren Burgosko Auzia liburuari Jean Paul Sartrek egindako hitzaurrea euskaratu du. Jarri dugu, baita ere, hitzaurre horixe, Txillardegik 1971n euskaratua, ETAren Zutik aldizkarian kaleratu zena. Eta horiez gain bere literatur lanak: Paretaren kontra narrazioa, Mikel Lasak euskaratua eta Nekrassov antzezlana, Xabier Olarrak itzulia. Eta beste zenbait kontu ere, guztiak Jean Paul Sartreri buruzko gune berezian.
Eka
21
05
Eta jada 29 urte hil zutela. Ekainaren 17 batean, duela ia hiru hamarkada. Oraindik gogoan dute argentinarrek. Argentinar batzuek. Walshekin eskuz esku aritutakoa, Gelmanekin, Federico Luppirekin. Hitz justuaren bila ibili zena, eta hitz justua bilatzeko gizartea irauli nahi zuena. Larrabetzuko Literatur Eskolan aztertu zuten Urondoren bizitza eta obra iragan kurtsoan. Poesian lortu zuen gailurra, baina ipuinak, antzerkia, kazetaritza, testigantzak eta gidoiak ere idatzi zituen.
Eka
16
05
2004ko udazkenean kaleratu zuen Gotzon Barandiaranek bere lehen poema liburua, Arrakalak. Liburua itxi zuen, baina arrakalek izan zuten segida. Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak errezitaldia aurkeztu eta egin du hainbat tokitan, eta egiten dihardu. Hurrengoa ekainaren 25ean, Lesakan. Liburuko poemak errezitatzeaz gain, musika ere egiten dute eta poemen gainean egindako animazioak ikus daitezke. Arrakala libruua osorik eskaintzen dizuegu.
Eka
16
05
2005eko ekainaren 13an hil da Oporton Eugenio de Andrade, XX. mendeko Portugalgo literaturako ahots inportanteenetako bat. Poeta, poesia itzultzaile eta literatur eragilea, bere poesigintza erreferentzia ezinbestekoa da Portugalen. Uraren bezpera poemarioa euskaratu zuen Maite Gonzalez Esnalek 1990ean, eta Pamielarekin kaleratu. Lehenagotik, bestalde, Joseba Sarrionandiak hiru poema euskaratu zituen eta Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan plazaratu 1985ean. Hementxe dauzkazu.
Eka
14
05
Suediak ere badu morriña edo saudadea. Eta poesia ere bai. Längtan edota trängtan esaten zaio Suediako berezko saudadeari: Malenkonia, herrimina, galduarekiko lotura; nahi bezala. Baina ia poesia guztia aritu da gai beraren inguruan, ezta? Bai, baina ez. Baditu berezko bereizgarriak suediar längtan-ak: paisaiaren deskribapena, hotza, izotza. Eta beste hainbat ezaugarri gehiago, Suediakoak, eta mundukoak.
Eka
09
05
Euskaraz.netek Frantzisko Lopez Alen, Donostiako idazlearen, eta Udal Liburutegiko nahiz Euskal Erria aldizkariko zuzendari izandakoaren Josetxo olerki liburua jarri du Liburutegi Digitalak atalean. Lopez Alenek bat batean galdutako semearen oroimen samina agertzen digu olerki hauetan. Ramon Illarramendi antzerki gilearen – Iztundek 1924an antzestu zuen “Bateko Urrea”ren egilea – zenbait antzezlan ere jarri ditu euskaraz.net-ek sarean: Bateko urrea, Tomax Iñaxio Donostian, Josepe albaiteroa, Artzain Pillipe eta Testimonio faltsua.
Eka
09
05
Idazle handi eta literatur eragile handiagoa da, seguruenik, Nikolas Ormaetxea Orixe. Idatzi zituenenegatik ez ezik bere garaiko idazle eta kultur eragileengan izan zuen itzalagatik. Pizkunde garaiko protagonista, Euskal Olerkiak eta Barne muinetan 30eko hamarkadan argitara emana, poesiaren alorrean Euskaldunak lan eskerga ere plazaratu zuen. Itzultzaile, kronikagile, saiogile eta nobelista ere izan zen. XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman Susa argitaletxeak bere poemen antologia bildu zuen.
Eka
07
05
Batya Gur hil da, Israelgo idazle handienetakoa. Hango Agatha Christie zela zioten, beste inorekin parekatu ez zutelako. Hedabideetan lekurik ez duen herria erakusten dute haren liburuek. Tel Aviven jaio zen. Hebraieraz sabra esaten zaie 1948an sortu Israelgo Estatuan jaioetakoei. Israel sortu baino bi urte lehenago iritsi ziren Palestinara Batya Gurren gurasoak. Holokaustotik bizirik irten ziren judu poloniarrak ziren.
Eka
07
05
Datorren astean beteko dira 98 urte jaio zela. 1988an hil zen. Berriki, Provenzako egilearen oinarrizko antologia kaleratu du Jorge Riechmannek, Galaxia Gutenberg argitaletxearekin. Halere, Gallimard argitaletxean Bibliothèque de la Pléiade sailean kaleratu lan osoen bilduma da antologiaren erreferentzia. Aurelia Arkotxak euskaratu zituen bere poema batzuk Maiatz aldizkarian, 1988ko apirilean. Frantziako poeta handienetakoa izan zen, erresistentziakoa, mendea ulertzeko ezinbestekoa.
Eka
02
05
Poeta eta kantugile bikaina, erbestearen ahotsa da, Pedro Mari Otañorenarekin batera, Jose Mendiage hazpandarrarena. Bere lanen biltzaile Piarres Xarritonek ikertu duenez, orain 160 urte, 1845eko apirilaren 27an jaio zen, Aldudeko herrian. 1863an Montevideora joana, Ameriketako aldizkarietan eta kultur mugimenduetan parte hartu zuen. Aldizkarietan plazaratutako bertso eta poemak, hala-nola Zazpiak bat Eskualdun kantuak liburu kolektiboan argitaratutakoak bildu zituen Piarres Xarritonek Jose Mendiague (1845-1937). Haren bizi eta haren kantuak liburuan, eta plazaratu 1992an. Mendiageren lanez gain, eta haren gaineko hitzaurre eta oharrekin, berari bidali eta berataz idatzitako beste zenbait bertso eta kantu ere jaso zituen Xarritonek. Osorik eskaintzen dizugu orain liburua.
Eka
02
05
Gabriel Arestik Don Kixote Mantxakoa eleberriko lehen zortzi kapituluak euskaratu zituen 1969an, eta lehen aldiz 1986an argitaratu zituen Susak Arestiren lan guztien bilduman, Natxo de Felipe eta Begoña Prietori esker. Jatorrizkoan lehen bi kapituluak makinaz jota daude, eta hurrengo seiak eskuz idatziak. Gabriel Arestik —ekainaren 5ean 30 urte hil zela— zazpigarren kapituluan data eta ordua paratu zituen: 1969ko apirilaren 14an, 23:30etan. Gaur egungo grafiara aldaturik ekarri ditugu orain zortzi kapitulu horiek.
Eka
02
05
Hainbat eremu eta lan-arlotan jardundakoa izan dugu Juan San Martin, 2005eko maiatzaren 30ean hil dena. Idazle anitza, literatur aldizkarietan hasi eta hantxe eman zituen argitara hainbat lan, batez ere Euzko Gogoa, Olerti eta Egan-en. Hantxe plazaratu zituen 100etik gora poema eta hainbat itzulpen-lan, gehienak Interneten irakurgarri daudenak. Literatur aldizkarietan egin zuen lanaren aurkezpentxo bat egin nahi izan dugu eibartarraren omenez.
maiatza
31
05
Ginea Bissauko kantari eta poeta. Bolaman jaio zen, eta ikasketak amaitu zituenean, aukera baten bila ibili zen Afrikan lehenik. Esperientzia ondo atera ez, eta Gineara itzuli zen. Futbolak Europara egiteko modua eman eta Portugalera egin zuen. Bi futbol taldetan ibili zen. Madrilera joan zen gero, Bilbora azkenik. Fidjus di Africa taldeko abeslaria da gaur.
maiatza
31
05
Jorge Ibarguengoitia. Ezezaguna ia. 1983an hil zen hegazkin istripuan, bere literatur ibilbidearen gailurrerantz hurbiltzen ari zela. Geroztik ahaztua eta baztertua. Mexikoko literatura solemnitatetik askatu zuen, ironia eta umore garratzaren bidez. Abizenak salatzen du sustraiak nongoak dituen. Bartzelonako Seix-Barral argitaletxeak Jorge Ibarguengoitiaren lanak berrargitaratuko ditu aurrerantzean. Estas ruinas que ves 1975eko nobela izan da kaleratu duen lehen lana.
maiatza
26
05
Itzultzaile eta literatur eragile bizkorra —Euzko Gogoa aldizkaria Iokin Zaitegiren auspoaz atera zen, Andima Ibinagabeitiaren laguntzarekin—, bi poema liburu plazaratu zituen Iokin Zaitegik: Goldaketan (1946) eta Berriz ere goldaketan (1962). Bi liburuotan eta literatur aldizkarietan plazaratutako lanetan erbesteko poeta ageri da. Forma eta arnasaren aldetik landuegia ez bada ere bere poemagintza, deserriratzea sufrimendu izan zenen ahotsa da berea, 36ko gerra ondorengo urte horietan ezinbesteko erreferentzia. XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman eman zuen argitara Susa argitaletxeak Iokin Zaitegiren poemen antologia, osorik eskaintzen dizuguna.