Api 06 06

Graham Greene hil zela 15 urte

1991ko apirilaren 3an hil zen, Suitzako Veveyn, Graham Greene idazlea, 1904an Ingalaterran jaioa zena. “Badirudi Graham Greeneren pertsonaiek orrialde inprimatuetatik jauzi egiten dutela, teologoei, soziologoei eta haren idazlanak irakurri dituen edonori arazoak, kezkak eta zalantzak planteatzen dizkietela” idatzi zuen haren aurkezpenean Iñaxio Lopez de Aranak. Irakurria, bederen, izan da. Eleberri askoren egilea, espiritu-gatazkaren alorrean kokatu behar dira Greeneren lan gehienak, jeneroz eskuarki espiotza-literaturan sailkatu behar badira ere —berak ere lanbide izan zuen, kazetaritza utzita—. Alor horretako lanez gain (Habanako gure gizona, Amerikar barea, Giza faktorea, Hirugarren gizona), besterik ere badu (Agintea eta Aintza, Auziaren muina). Euskarara bi eleberri ditu ekarriak: Iñaki Ibañezek Hirugarren gizona euskaratu zuen 1988an, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu; eta Iñaxio Lopez de Aranak Giza faktorea euskaratu zuen Literatura Unibertsala bildumarako, Ibaizabalek plazaratua 1997an. Biak eskaintzen dizkizugu osorik.

Api 04 06

Izan poeta irakiarra, izan poeta Iraken

Hiru urte dira AEBak, indar aliatuen laguntzarekin, Irak inbaditzen hasi zirela. Petrolioagatik, bonben eztandek oihartzun egiten dutelako ezagutzen ditugun irakiarrek badute literaturarik? Badute ahotsik entzun ditzagun? Zein dira hango idazle garrantzitsuenak? Non argitaratzen dituzte euren lanak? Nolakoak dira idatzi zituzten, idazten dituzten, idatziko dituzten poema eta testuak? Inbasioa hasi zela hiru urte bete direnean, Irakeko literatura aztertzen saiatuko gara.

Mar 30 06

Stanislaw Lem-em heriotza eta Izarretako bitakora

1921ean Lvoven (gaur egun Ukraina) jaioa, 2006ko martxoaren 27an hil da Stanislaw Lem, XX. mendeko idazle poloniar garrantzitsua eta zientzia fikzioaren alorrean mundu mailako maisuetako bat. Generoaren baitan literarioenetakoa kontsideratua, bere lanetan osagai zientifikoaz haratagoko arazo, kezka eta gogoetak izan zituen idazgai, filosofiaz blaituz bere narrazioak. Solaris da bere lanik ezagunena, baina beste hainbat eleberri eta ipuin idatzi zituen: Fiasko, Ziberiada, Transfigurazioaren ospitalea, Garaitezina, Futurologia kongresua…. Euskaraz ere irakur daiteke haren lanik. 1998. urtean Maskarada taldeak Izarretako Bitakora bakarrizketa taularatu zuen, Stanislaw Lem-en testua oinarri duen antzezlana. Teatro testuak batzen dituen gunean irakur dezakezu.

Mar 30 06

Edu Zelaietaren Mugaldekoak

Muga geografikoa elementu fisikoa da, baina baita elementu fisikoa baino askoz gehiago. Areago mugaldekoak: mugaldeko jendea, istorioak, harremanak… Eremu horretan txertatu zuen Edu Zelaietak bere poema liburua, Susa argitaletxearekin 2004. urtean kaleratua. Lehendik Arabako Foru Aldundiarekin Jendakiak urruneko familiatan poemarioa argitaratua zuen. Osorik eskaintzen dizugu Mugaldekoak.

Mar 30 06

Olerki ehunduak

Lau idazleren poemak irakurtzeko gonbita luzatu nahi du gaurkoan Klasikoen Gordailuak. Gabirel Manterola zeaniztarraren Goi-izpiak izeneko poema-bilduma da lehendabizikoa, 1921ean argitaratua. Garai bertsuko Paulo Zamarriparen Gora begira (1927) eta Alejandro Bilbao Maruri’tar Erramun fraide txotinodunaren Lili-txingar (1928) eta Txindor-egadak (1964) izeneko liburuak datoz ondoren. Eskaintza osatzeko, Joseba Zubimendi, Agirre lehendakariaren adiskide abeslaria datorkigu azkenik Zumalakarregi (1935) poema sortarekin.

Mar 30 06

Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra

Baladak, koplak, sehaska kantak, bluesak… Koldo Izagirreren kantuak eta kantugaiak biltzen ditu Teilatuko lizarra liburuak, hogeita hamar urtetik hona diskoetan eta poema liburuetan argitaratutakoak eta gordean zeuzkan beste hainbat berri. Teilatuko lizarra honetara ekarri ditugunetatik erdiak Imanolek, Natxo de Felipek, Peio Serbiellek, Joseba Tapiak… musikatuak izan dira. Liburua aurkezteko, Koldo Izagirrek errezitala egingo du apirilaren 4an (asteartea) 19:30etan Donostiako Tabako Fabrikan (Egia auzunean).

Mar 28 06

Miguel Torga: sustraiak han dituenak

Lurreko oihua. Poema, ipuin, eleberri, antzerki, egunerokoak idatzi zituen Miguel Torgak. XX. mendeko Portugalgo erreferentzietako bat da. Lurraren ahotsetik mintzo zen, lurreko jendearen ahotik, paperera biltzeko. Haren obra zabala berrargitaratzen hasi berri da Espainiako Alfaguara argitaletxea. Frantsesez haren ipuin eta nobela anitz topa daitezke. Bego Montoriok itzulita irakur daiteke euskaraz (Piztiak, Alberdania, 1997).

Mar 23 06

Teatroaren Nazioarteko Eguna

Datorren martxoaren 27an (astelehena) Teatroaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan. Ekitaldiotan, mundu osoan komunikatu edo agiri bat irakurri ohi da, beti teatro munduko pertsona ezagunen batek idatzia. Aurtengoa Victor Hugo Rascon mexikarrak idatzi du Itxaropen zirrikitu bat izenburupean. Gurean, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek euskaratu dute nazioartekoa den testu hori.

Mar 23 06

Bake zibila

Bake zibila eta beste zazpi gerra ipuin liburu honetan hiru kontinente, Asia, Afrika eta Amerikako zortzi ipuin bildu ditugu. Lehenbizikotik ipuin bi, eta biak Vietnamekoak. Azkenekotik hiru, eta hirurak ertamerikarrak, Panama, Nikaragua eta El Salvadorrekoak. Afrikakoak berriz, Hegoafrika, Kenia eta Nigeriako dira.
Zerk batzen ditu ipuinok hemen? Ezezagun ohi zaizkigun errealitate batzuen ingurukoak izateak. Kolonialismoaren ondorioak bereziki nozitutako, erasoa eta borroka jasandako herrialdetakoak. Gerra ipuin dira: zapalkuntza eta errebeliozkoak. 1989an Susa argitaletxeak kaleratu zuen liburuaren aurkezpen testuak aurreratzen du gaurkotasunik galdu ez duen irakurgaia dela Bake Zibila, Irakeko inbasioa hasi zela martxoaren 20an hiru urte bete diren honetan. Zortzi dira idazleak, orain osorik eskaintzen dizuegun liburu honetan: Arturo Ambrogi, Pedro Rivera, Sergio Ramirez, Ngugi wa Thiong’o,  Chinua Achebe, Alex La Guma, Bui Hien eta Nguyen Sang.

Mar 21 06

Jon McGregor: auzune bat, munduaren ispilu

Liburu bakarreko idazlea da Jon McGregor. 1976an Bermudan jaioa. Norwichen hazi zen, Bradford-go Unibertsitatean ikasi zuen. 2002an Booker sarirako hautagai gazteena izan zen, If Nobody Speaks of Remarkable Things-rekin. Somerset Maugham eta Betty Trask sariak jaso zituen. Granta aldizkarian kaleratu zituen bere lehen ipuinak. Times aldizkariak urteko idazle gazte onena izendatu zuen. Bigarren nobela ari da idazten orain.

Mar 21 06

Charles Baxter: izozmendiaren zortzirena

Hamar liburu kaleratu ditu. Kantitatez ez da obra handia, baina ez horregatik garrantzirik gabea. Paul Auster, JM Coetzee eta Alice Munro idazleek biziki estimatzen dituzte haren lanak. Harmony of the World, Believers, A Relative Stranger eta Saul & Patsy dira haren lanik ezagunenak. The feast of love liburuari esker ezagutu zuten Europan. First light da haren ibilbideko azkena. Euskarara ez dago itzulia, ezta frantsesera ere. Gaztelaniaz, berriz, Primera luz izenburuarekin argitaratu dute.

Mar 16 06

Nork irakurriko?

Antonio Arrutiren Olerki galduak (1913-1919) bertso-bildumarekin eta Tolosako Euskal Jaietan lehen saria jaso zuen haren Lukainka (1913) izeneko ipuinarekin irekitzen du Klasikoen Gordailuak gaurko irakurtze-gonbita. Era berean, Pierre Lhande zuberotarrak gipuzkeraz idatzitako Yolanda (1921) eleberri klasikoa izango du sarezaleak dastagai. Literatur eskaintza biribiltzeko, Jean Barbierren Piarres I (1926) dator azkenik lehenagotik Gordailuan zegoen bigarren zatia (Piarres II) osatzera.

Mar 16 06

Jose Artetxeren mendeurrena

1906ko martxoaren 12an, duela 100 urte, jaio zen Azpeitian Jose Artetxe. 1936an Francoren lubakian gelditu eta frankismo garaian hala jarduna, idazle eta kazetari zen aldetik, berari buruzko polemikaren iturri da. Gehienbat gaztelaniaz idatzitakoa, euskarari ere emana dio lanik, prentsan beti ere. 1932tik 1935era bitartean, artean EAJko kide zela, El Día eta Argia agerkarietan 70etik gora artikulu sinatuak ditu Joseba Artetxek euskaraz. Euskal Prentsaren Lanak webgunean irakur daitezke. Egan aldizkarian ere idatzi zuen lanik, gaztelaniaz, baina agertu ziren, 1950 eta 52an, ataltxo batzuk, Bidez bide izenaz, Jon Etxaidek euskaratuak, Artetxeren Caminando lanaren zati batzuen itzulpena. Liburu osoaren itzulpena, Bidez bide, Jon Etxaidek euskaratua, Erein argitaletxeak plazaratu zuen 1994an. Osorik eskaintzen dizuegu.

Mar 16 06

Leire Bilbaoren Ezkatak

“Soiltasunaren indarra dute Leireren poemek” adierazi zuen Iñigo Aranbarrik joan den astean Leire Bilbaoren Ezkatak liburuaren aurkezpen ekitaldian: “soiltasuna, ez errazkeria; zintzotasuna, ez inozokeria”. Konposizio laburrez ondurik dator Leire Bilbaoren lehen argitalpena. Hamabi poema dituzu irakurgai Susa literatura webgunean.

Mar 14 06

Odysseus Elytis: hitzez hitz argia

Hamar urte bete dira Odysseus Elytis hil zela; Grezia modernoaren arimetako bat izan zen. Margolari amateurra zen. Poeta gisa ezagunago. Baina poemak, margotzen ariko balitz bezala idazten zituen: marraz baino kezkatuago argiaz, koloreak oihal gainean uzten zuen orbanaz edo islaz, adierazi nahi zuenaz baino. Haren lehen poemak oso bisualak ziren. Naturari begiratu eta bere begiek ikusten zutena erakutsi nahi zuen.

Agenda

Efemerideak

Kritikak