Ots 19 15

Huy Can-en
konpromezuzko ahotsa

Duela hamar urte hil zen, 2005eko otsailaren 19an, Vietnamgo poeta handietarik bat, Huy Can. Poeta eta ekintzailea, idazle lanari bere konpromisoa lehenetsi eta bere herriaren askapen borrokari lotu zitzaion, eta 1945ean Independentzia Agiria sinatu zuenetariko bat izan zen. Vietnamgo Gobernuan hainbat postu izandakoa , nazioartean ordezkari ibilitakoa, ez zion idazteari utzi. 1998an, Maiatz aldizkariaren 30. zenbakian haren zortzi poema euskaratu zituen Luzien Etxezaharretak, hemen irakur ditzakezunak.

Ots 19 15

Gerla Handia: Geroa gure dugu

Garbi mintzo da Eskualduna, mundua zoraturik omen dago ikusiz alemanak bazter guzietan zenbat etsai dituen. Jean Saint-Pierreren aburuz lehenbailehen nahi du garaitu alemanak, baina debaldetan ari da, ezinbertzean ari da joka bazter guzietan, zezena barne zerratuan bezala. Alemanak urdeki jale handiak dira, baina gerrarekin urde guzien azken orena jina da Alemania guziko. Saint-Pierrek ez du dudarik, “alemanak fueratuko ditugu”, baina noiz? “Ager dadila primadera eta Anglesen laguntzarekin geroa gure dugu.” Ibarnegaray eta Guereçague, biak diputatu, biak soldadu aitzindari, bata Baigorrikoa, beste Donapaleukoa. Eskualduna-k agorrilan gerra hasi eta berehala Baionan “Fuera Ybarnegaray, Biba Frantzia!”oihu egin zuen gaztea gogora dakargu eta Frantzia bat dela nabarmendu.  Zuberoako kronikan ere batasuna da hizpide, frantsesak politika zaharra utzirik bat jarri baitira etsaiaren kontra, Gilen II.ak izanen ote du merezi duen gaztigua!

Ots 12 15

Gerla Handia:
Biba gure kanoia!

Eskualduna-k gogora dakargu gerra martxoan hasiko delaren aipua. Odol hotzekoak omen dira ingelesak, eta jada bai lehorretik bai itsasotik lagundu dute.Alemanian hornikuntza arazoak omen dituzte, jaki kontuetan bereziki. Su zelaietan jazotzen ari dena deskribatzean gisa honetakoak leitu ditzazkegu, “gure kanoiak nagusi, gure artilleriak etsairena isilarazi, zoraturik dagozila oro, errusiarrek turkiarrei xafraldi ona eman, …”. Kazetariaren aburuz, mundu guztia estonatua dago alemanen mehatxu eroaz, izan ere, itsasoan nazio oro mehatxatzen baitu Alemaniak. Gerra hasi zenetik sei hilabete igaro dira, Eskualduna-k tarte horren kronika egitean lotsa, beldurra eta izuaren aurrean frantses orok erakutsi kuraia nabarmentzen du. Kazetak salatu du inoiz desertoreen gaia, alta, aste honetan iheslariak bezain beste gazteak desertziora bultzatzen dituzten kuku nahasleak salatzen ditu, gerra ondorengo balizko amnistia bera ere zalantzan jartzen du Eskualduna-k. Jean Saint-Pierre gaztigatu digunez, uros dira soldadu muslariak, karta jokoak heldu omen zaizkie.

Ots 10 15

Boris Pasternaken poema bi

Otsailaren 10ean jaio zen Moskun, duela 125 urte, Boris Pasternak idazlea. Nobel saria 1957an jaso eta uko egindakoa —agintari sobietarren aginduz, diote—, Mendebaldean SESB zenarekiko bere harremanak eta Zhivago doktorea eleberriak eman diote oihartzuna. Poesiarekin lortua zuen, ordea, sona errusiarren artean, XX. mende hasierako abangoardiako mugimenduetan idazten hazi zen Pasternakek. 1986an idazle errusiarrei eskainiriko Maiatz aldizkariaren zenbakian, 12.ean, bi poema itzuli zituen Itxaro Bordak, hemen eskaintzen ditugunak. 40 urte lehenago Juan San Martinek euskaratuak zituen beste bi.

Ots 09 15

Assia Djebarren bost poema

Otsailaren 6an Parisen hil zen Assia Djebar idazle aljeriarra. Hamahiru nobelaz gain, poesian, antzerkian eta saiakeran ere jardun zuen, eta baita bi film luze zuzendu ere, denak frantsesez. Eragin handieneko emakume idazlea izatera iritsi zen Magreben. Bere bizitza eta obra aurreiritzi eta arau ugariren kontrako ibilbidea izan zen. Berak esana da: “Beste emakume idazle aljeriar askok bezala, urgentziazko sentimendu batekin idazten dut, atzerakadaren eta misoginiaren kontra”. Djebarren Bost poema irakur ditzakezu oraingoan euskaraz, Josu Landak itzuliak.

Ots 05 15

Gerla Handia:
gerla martxoan hasiko

Kitchener jeneral ingelesaren aburuz gerra martxoan hasiko da. Dirudienez aliatuak prest dira martxoan indar gaitza egiteko, eta gerra noiz finituko den baino alituek garaipena noiz erdietsiko galdetu behar da. Reims hirian alemanen oldarra nozitu du frantses armadak, baina etsaiak baino biziki gutiago gizon galdu omen du. Hona gogoeta alemanen gezurren aurrean: “Gezurrezko ehun bitoria baino guk nahiago egiazko bat, eta hura segura, ez izanik ere alemanen espantuak bezen handia”. Aste honetakoak Aizibitzen  Beñat galtza handi bertso-sorta dakargu. Zuberoako berriemaileak salatzen duenez, Basaburuan bada gizon eli bat gerlaz baliatzen ari dena beren opilari su emateko. Kazetariak alemanen gezurrak irensten duten horiek ere salatzen ditu. Soldaduen gutun gutxi Euskalduna-n, “ez dire gerla toki hauk, lumarekilako buru lanentzat eginak.” Mendiez haraindiko euskaldunak gogoan hartu ditu Eskualduna-k, eta esan denaren kontra Julio de Urquijo Frantziari atxikia dela baieztatu digu.

Ots 04 15

Sechu Senderen
Sorgin ehiztaria

2012an ezagutu genuen Sechu Sende idazle galiziarra euskaraz, Made in Galiza narrazio bildumaren bitartez. Orain, Txerra Rodriguezek euskaratuta, haren prosaz gozatzeko aukera berria dago Sorgin ehiztaria narrazio luzearen bitartez. Herri hustuak, emigrazioa eta jazarpen politikoa nahasten dira Kaliforniaraino eramango gaituen istorio hunkigarri honetan.

Urt 29 15

Gerla Handia: heretikoak katolikoen kontra

Eskualduna-ren aburuz frantsesen erlijioa omen da alemanen etsairik gehienetariko bat. Nonbait, Alemaniako katolikoek, katoliko baino prusiarrago dira. Aste honetan ere “aitzina” da kazetan gehien-gehien errepikatzen den hitza. Bestalde, negu beltz eta ustel honetan artilleriaren lan ederra nabarmentzen du  Gobernuak diru gutxiago bildu du zergen kontura, itxuren arabera gerra honek ez dezake iraun heldu den negu arte, hori dela eta harrigarria egiten zaigu Zerbitzarik aipatu hau “bake iraunkor batentzat, batere ez litzaukuke sobera, hemen bertze sei ilabetheren iragaitea.” Errumania eta Italiaren jokamoldeak aztertzen ditu, baina Aita Sainduaren hitzak epelak edota zuhurrak izan ote diren ez du ebazten kazetak. Erromakoak ez du Alemania aipatu ere egin. Jean Saint-Pierrek bildu duenez marokiarrak algeriarrak baino gerlari hobeak omen. Bi salaketa dakarzkigu Kirikiñok Euzkadi-n, bata alemanen txakurkerien kontrakoa eta bestea ustezko “itxaspe-ontziak” direla kausa doitxiarren alde ari diren bertako egunkarien jokamoldea agerian uzten duena.

Urt 28 15

Xabier Kintanaren astinduak

Behin batean (Kriselu, 1972) ipuin bildumak liburu gutxik bezala harrotu zuen gure intelligentsia zuhurraren arima minbera. Kritika gogorrak jaso zituen Xabier Kintanak, irainak ere bai, zintzotasun historikoa errespetatzen ez zuelako. Tituluak berak ordea, “Behin batean”, aski garbi gaztigatzen zuen barnekoa fikzioa zela oroz lehen. Bost ipuin leku eta kultura urrunetan kokatuak dira, bi Euskal Herrian. Biotako bat, Ukronia, egun EAE dukegun lurralde hipotetiko baten deskribapena da, EAJ izeneko alderdia eta euskara sabindarra nagusi, botere autoritarioaren jabe. Ez zioten barkatu Kintanari ez umorea, ez ausardia, ez fabulatzeko ahalmena. EAJz trufatzen zen! Traizioa! Euskaltzaindiaz ere bai! Eskandalua! Xabier Kintanaren ipuinok, besteak beste, munduaren eta gizakion hipokrisia dute jomuga, espantuzko kritikak, zeharbidez eta nahi gabe, agerian utzi zuen gisan. Haizeberritu ederra gure literatura txepelari.

Urt 22 15

Gerla Handia:
Irabazteaz eztugu dudarik

Lehengo lepotik burua Eskualduna-n, aro gaizto honek gerrako lana gibelatzen du. Jean Etxaparek barneko ospitaleetan jazotakoa berritzen digu. Honen aburuz euskaldunek euskara dute sendagai, “zer atsegina euskaraz hasten balin bazeie…galdegiozu hurbiletik ikusi dituen edozoin frantsesi, nor diren gudukari hoberenak etsaiarekin buruz buru, zaude ez dautzula ihardetsiko baizik: «Ce sont les Basques.» Jean Saint-Pierrek gerra molde honetan zulatzaileek duten garrantzia azpimarratu eta afrikar soldadoen kuraia nabarmentzen du. Donaixtik lau herritar galdu ditu gerran. Mercier Malinasko gotzainaren afera dakarte bai Eskualduna-k bai Euzkadi-k, Aita Sainduak goraki gaitzetsi du alemanek Mercier preso hartzea, abertzale honek ez du burua makurtu alemanen aurrean. Kirikiñok irakasbide gisara Durango-Iurreta eta Bilbon karlista eta liberalen artean jazo ez diren bi gertakari kontatzen ditu Alemanak gerran egiten ari direna erakutsi nahian, badu txungurretik kontakizunak.

Urt 17 15

Ayalderen mendeurrenez,
Ibar ixillean

Antonio Valverde Ayalde duela ehun urte jaio zen, 1915eko urtarrilaren 17an. Errenterian sortua erroak Irunen zeuzkan inprimatzaile familia batean, etxeko langintzari jarraitu zion Donostian, hainbat lan eder argitaratuz eta grafikagintzako artistak formatuz. Ayalde rara avis dugu Euskal Herrian: lantegiburua eta artista, burgesa eta kultua, margolaria eta idazlea. Herrimaitalea izaki, baitezpadakoa gertatu zitzaion euskara: ikasi, landu, idatzi… eta nortasun handiko obra moderno bat osatu zuen gure hizkuntzan, hala poesian nola artikulugintzan eta ipuingintzan, hil zen urtean bertan (1970) antolatu zuen Ibar ixillean bilduman dasta genezakeena. Prosalari-poeta eta margo-marrazkilari honen obraren omenaldi txiki gisa, bilduman apaingarri txertatu zituen irudiak ere ematen dizkizuegu.

Urt 16 15

Ilbeltza Baztanen

Baztango idazleekin solasean ekimenekoek Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatu dute ilbeltzaren 21etik 25era bitartean. Liburu aurkezpenak, Mariano Izetaren Dirua galgarri nobelaren berrargitalpena, Baztango kontu beltzak istorio kontaketa, mahaingurua, liburu erakusketa, susmagarrien gaua Iruritan, kronika beltz baten ibilaldia, bertso trama, … betea dator ilbeltza Baztan aldean.

Urt 15 15

Gerla Handia: Ez dugu bertze minik herrikoa baizik

Errusiak alemanak garaitu ditu Kaukason, turkiarrak larri omen dabiltza, Belgikan ere metroak irabazten, Reims aldean “guk galtze guti; etsaiak hilak trumilka”, iIa oro da bihotz-altxagarri, “gure baionetak ez dire alfer egon” leitzen dugu aste honetako Eskualduna-n. Kazetariak ohartarazten digunez, “iraunen dutenek ukanen dute sarrixago zer konda”. Jean Etxeparek barneko ospitaletan gertatzen ari direnak aletzen dizkigu, txerto eskasia, zirujauen garrantzia, mendikuntzaren aitzinamendua, X izpiak kasurako. Jean Saint-Pierre besteak beste negu ustelaz mintzo da, “Oldar handiagokoaren egiteko, aroa dugu gehienik eskas”. Bestalde tiratzaile on baten balentria berritzen digu eta ondarrean erregu bat, musean aritzeko karta joko bat galdatzen du, kartak piltzartu baitzazkie. Gutun bat ere argitaratzen du aste honetako Eskualduna-k, frontean diren euskaldunen gogoeta gisa. Kirikiñok Euzkadi-n dioskunez euskaldun soldado zaurituak Pariseko Orly jauregian elkartu dituzte. Tolosako batzokian bildu behar omen dituzte haiendako gutunak, eta Tolosatik Baionara igorri.

Urt 14 15

Domingo Agirreren Ni eta ni

Euskal-Esnalea aldizkariak esklusiba gisa argitaratu zituelako dauzkagu eskura gaur Domingo Agirre “ohiturazko” nobelagile politikoaren Ni eta ni amaitubako nobelaren aurreneko bi kapituluak. Santi Onaindiaren arabera, hil aurretxoan erre zuen egileak berak burutua zeukan nobela hau. Ez dakigu zergatik. Bi atalok aditzera ematen dutenez, ezinezko edo galdutako maitasuna dateke gertakarien haria, gure Erdi Aro gatazkatsu hartan kokatua. Agirrerik Agirreena irakur genezake honakoan, anaforaz, pleonasmoz eta sinonimiaz beteriko deskripzioetan, pertsonaia nagusi eta azpikoen arteko kontrastean eta egilearen beraren fikzioaren erdiko presentzian irakurleon laguntzaile. Tamala da erre izana, gaur egun hain aparrean dabilen nobela historikoaren aurrekari zatekeen. Eta eredu, zenbaitentzat.

Urt 07 15

Gerla Handia: Bihotza eta zentzua iskiluak baino

Bi bakeak galdegin ditu Eskualduna-k, kanpokoa zein barnekoa, Alemaniarekikoa zein frantsesen artekoa eta bizkitartean “oraino bethi aitzinatuz goazi” diosku kazetak, baina era berean gaztigatu, “gezurrez neke baita luzara triparen bethetzea”. Bada beste galderarik aste honetakoan, Zertako? Aleman eta frantses soldaduek eguberri garaian zenbait tokitan menia moduko bat adostu dute eta elkarrekin aritu dira solasean eta kantuan, janaria ere elkarri eman diote, adiskidantza hau ez du begi onez ikusten Eskualduna-k. Aspaldi ez genuen Kirikiñoren berri, aste honetakoan, Batxik Glasgow hiritik berritu dizkionak pausatu eta xalo-xalo Batekotown-go The Gizurting Herald izparringiko berri bat itzuli digu, nonbait, Alemanek Konstantinopoliko atsoen eta txakurren arkakuxo azkarrak erabili omen dituzte errusiar soldaduen kontra.

Agenda

Efemerideak

Kritikak