Cesare Paveseren jaiotzaren mendeurrena
Duela 100 urte jaio zen Santo Stefano Belbon Cesare Pavese, 1908ko irailaren 9an. XX. mendeko idazle handia, handia izan da bere literatur lanak izan duen eragina. Italian, eta mundu osoan. Italiako bere idazle garaikide hainbat bezala Alderdi Komunistari atxikia, bere ibilbide pertsonala ere esanguratsua da, 42 urte zituela Torinon 1950eko abuztuaren 27an bere buruaz beste egin zuen arte. Euskaraz bada aukera bere lanak irakurtzeko. Aldizkarietan 80ko hamarkadan argitaratutako bere poemen itzulpenez gain (eta liburu kolektiboetan plazaratutako bere lan batzuk), hiru liburu euskaratu eta argitaratu dira. Lehena Elkarrek plazaratu zuen, 1984an, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulitako Burkidea. Ondoren, eta Literatura Unibertsala bilduman, Koldo Bigurik Muinoko etxea (Ibaizabal, 1992) eta Maite Lopetegik Bizitza lanbide (Ibaizabal,1997) euskaratu dituzte.
Poema berritzaile samar batzuekin abiatu zen Cesare Pavese, Laborare stanca liburukoak, literatur munduan. Baina idazteaz bat itzulpen lanak ere oso aipagarriak egin zituen. San Stefano Belbon jaioa 1908ko irailaren 9an, unibertsitate ikasketak egiten ziharduela hasi zen literatur munduarekin harremanak izaten. Literatur ingeleseko maisu askoren itzultzailea, Elio Vittorini idazle eta argitaratzaileak beti azpimarratu izan du Pavesek itzultzaile moduan egindako ekarpen handia. Norberto Bobbio, Leone Ginzburg, Giulio Einaudi… garai hartako kideak ditu, Einaudi argitaletxe eta argitaletxe honetan plaraturiko aldizkarietan lanean hasi zen garaikoak.
Bere bizitzan barne borroka handia izan zuen beti, eta hori azaltzen da bere idatzietan. Einaudiko lanean eta mugimendu antifaxistetan parte hartzen zuela-eta espetxeratu zuten 1935ean eta konfinatu. II. Mundu Gerra heldu zelarik, Erresistentziarekin ez zen aritu eta gordeta bizi izan zituen gerra eta erresistentzia urteak. Bere kideak borrokan ikusteak —batzuk, Leone Ginzburg kasu, fusilatuak— barneak astindu zizkion, La casa in collina (Muinoko etxea) lanean kontatzen dituenak, hain zuzen ere.
Gerra amaituta Italiako Alderki Komunistako kide egin zen, eta lanean jarraitu zuen: idazten, itzultzen, literaturaz eta gizarteaz gogoeta egiten, editore gisa Einaudi argitaletxearentzat. L’Unitá egunkarian ere aritu zen hainbat hilabetez —han ezagutu zuen, adibidez, Italo Calvino—.
Poemak eta prosa lanak, bietarik landu zituen, eta bietan lan esanguratsuak idatzi: Il Compagno (Burkidea), Paese tuoi, Il diavolo sulle colline, La bella state…
Bere barneko munstro existentzialekin izan zuen betidaniko borrokak eta emakumezko birekin izandako harremanean jasotako atsekabeak —batez ere Constance Dowling aktorearekin hautsi izanak, Verrà la morte e avrà i tuoi occhi poemaren hartzailearekin— bultzatu zuten berak lehenago ere iragarria zuen keinu-ra. Ofizio de vivere (Bizitza lanbide) bere diario literario eta existentzialaren amaieran halaxe idatzi baitzuen, keinu bat. Turinen jazo zen keinua, 1950eko abuztuaren 27an, Cesare Pavesek bere buruaz beste egin zuenean.
Euskaraz badago Cesare Pavese irakurtzerik, hala poesia nola prosa. 1980ko hamarkadan bere poemak euskaratzen eta argitaratzen hasi ziren, literatur aldizkarietan. [Guk denak orri bakarrean bildu ditugu]. Txema Larreak lau poema Xaguxarra-n 1980an; 1981 eta 1982an beste lau Susa aldizkarian —bat Mikel Etxebestek itzulia—; Korrok 5.ean ere haren prosazko pasarte bat euskaratu zuten Il campo di granturco liburukoa, eta 1986an Itxaro Bordak sei poema eman zituen Maiatz aldizkarian.
Urte horietan bere beste bi poema ere argitaratu ziren: Juan Martin Elexpuruk bat Alkohola poemak liburu kolektiboan (1984) eta Joseba Sarrionandiak bestea Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak lanean (1985). Pamielak argitaratuak lan biak. Pamielarekin 2006an plazaraturiko Bertzerenak liburuan Luigi Anselmik ere euskaratu zuen poema bat.
(Dozenatik gora dira poemak argitaratuta, baina bitxikeria bat: gure hizkuntzara gehien itzuli den poema izango da akaso Verrà la morte e avrà i tuoi occhi; gutxienez lau bertsio argitaratu dira; eta ez da errepikatzen den bakarra).
Joseba Urteagak ere euskaratua du Cesare Pavese, Igela argitaletxearekin 2003an kaleratutako Lehen amodioa liburuan, Lehen amodioa izeneko narrazioa hain zuzen ere.
Baina liburuak ere itzuli eta argitaratu dira. Xabier Mendigurenek Burkidea euskarara ekarri eta plazaratu zuen 1984an, Elkar argitaletxearekin. 1992an Koldo Bigurik Muinoko etxea ekarri zuen euskarara eta 1997an Maite Lopetegik Bizitza lanbide egunerokoa, biak ere Ibaizabalek plazaratuak.
Lan guztiok, poemak, narrazioak eta liburuak, eskaintzen dizkizugu.
Interneten: