Literatur Emailuak
Susa literatura argitaletxea

 


Cesare Pavese (1908-1950)

 

Duela 100 urte jaio zen Santo Stefano Belbon Cesare Pavese, 2008ko irailaren 9an. XX. mendeko idazle handia, handia izan da bere literatur lanak izan duen eragina. Italian, eta mundu osoan. Italiako bere idazle garaikide hainbat bezala Alderdi Komunistari atxikia, bere ibilbide pertsonala ere esanguratsua da, 42 urte zituela Torinon 1950eko abuztuaren 27an bere buruaz beste egin zuen arte.

Euskaraz badago Cesare Pavese irakurtzerik, hala poesia nola prosa. 1980ko hamarkadan bere poemak euskaratzen eta argitaratzen hasi ziren, literatur aldizkarietan. Txema Larreak lau poema Xaguxarra-n 1980an; 1981 eta 1982an beste lau Susa aldizkarian —bat Mikel Etxebestek itzulia—; Korrok 5.ean ere haren prosazko pasarte bat euskaratu zuten Il campo di granturco liburukoa, eta 1986an Itxaro Bordak sei poema eman zituen Maiatz aldizkarian. Urte horietan bere beste bi poema ere argitaratu ziren: Juan Martin Elexpuruk bat Alkohola poemak liburu kolektiboan (1984) eta Joseba Sarrionandiak bestea Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak lanean (1985). Pamielak argitaratuak lan biak. Pamielarekin 2006an plazaraturiko Bertzerenak liburuan Luigi Anselmik ere euskaratu zuen poema bat.

(Dozenatik gora dira poemak argitaratuta, baina bitxikeria bat: gure hizkuntzara gehien itzuli den poema izango da akaso Verrà la morte e avrà i tuoi occhi; gutxienez lau bertsio argitaratu dira; eta ez da errepikatzen den bakarra). [Segi irakurtzen]

 


Gente spaesata

(gizon sustraigabeak)

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Txema Larrea

 

 

Itsaso sobera. Jadanik aski ikusia

                                        itsasoa

Arratsez, hedatzen ari denean ura, koloregabe,

eta ezerezean zabal, lagunak begira ari

eta nik so adiskideari, eta artean ez du inork

                                                        hitzik

Gauaz, hostatu bateko zokoan azkenduz

ketan bakartuak, eta edaten dugu. Ene lagunak

                                                  ametsak ditu

(—aspergarri xamar itsas-zuzmur ondoko ametsak—)

non-eta ura muinoen miraila besterik ez da, uharte batetik bestera,

botana eta basalorez zipriztinduak

Hola da bere arnoa. Ontzian begiztatzen da,

muino ferdeak goratzen itsas-lauaren gainean.

Laket zaizkit muinoak; eta uzten dut itsasoaz

                                                  solasta dakidala

horren gardena baita horren urak ere

                              erakusten dituela

Muinoak xoilik ikusten ditut eta beren hegien lerro seguruaz

betetzen didate lur eta zerua, urrun edo hurbilak.

Solament eneak dira direla malkar, mahastien hozkadurez

lur kixkalia leher erazten. Adiskideak onartzen ditu

eta lote eta basa fruituez beztitu

                                    nahi ditu

Ez da behar:

                  ene amets latzei sobera zaie irribarrea

Bihar goizean abiatzen bagara

muino haietara, mahastietan kausi genezake

neskatxa beltxaran bat, iguzkiz belztua.

eta solasean hasita, bere mahats apur baten jatea.

 

                        (1933)

 

Xaguxarra, 1. zkia, 1980

 


 

Semplicita

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Txema Larrea

 

 

Gizon bakartiak —gartzelan egon dela—

ogi apur bat ausikitzen duen bakoitzean

                                        gartzelara egiten du itzulia.

Gartzelan, humuaz gain aldegiten duten

erbiez, egiten zuen amets. Neguko lanhoan

murru eta karriken artean bizi da gizona, ur hotza

edaten eta ogi apurra ausikiaz.

Hartaz gero, norberak uste du birjaio dela bizia,

bareaz arnasa, heldu dela negua,

eta sutea, beheitia eta afariak,

arno usainaz hostatu epelean. Batek sinesten du,

barruan badago, batek sinesten du. Bainan irten bada gau batez,

eta erbiak atxilotu badituzte, eta berotan jaten

besteek, alegera. Behatu behar zaie kristalen

                                                                  gibeletik.

 

Gizon bakartia benetan jelatzen denean

godaletkada bat edateko ausartu da sartzen

eta bere arnoari so dago:

kearen kolorea, zapore astuna.

Ogi apurra ausikitzen du, gartzelan erbi zaporea zuena,

bainan orain ez du zaporerik, ez ogiarena ez ja ere.

                                                          Eta arnoa baita

                                        lanho zapore besterik ez du.

Gizon bakartia soto haiez oroitzen da, kontent

goldatuak direlarik jakitun. Hutsik den aretoan,

gorki apal, saiatzen da kantatzeko. Ikusten du, berriro,

barraderaren luzeran, agorrilan ferde izan zen

                    lahar biluzien ile-xerloa. Ziztukatzen dio

                                                              zakurtsari.

Eta erbia agertzen da, eta ez dira hotz jadanik.

 

                        (1935)

 

Xaguxarra, 1. zkia, 1980

 


 

Ez dituzu muinoak ezagutzen

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Txema Larrea

 

 

Odola ixuri zen muinoak

ez dituzu ezagutzen

Orok egin genuen ihes

orok utzi genuen bertan

harma eta izen. Andere batek

behatzen gintuan ihesan

Gutariko bakar batek

geratu zen, ukabila hetxi,

zeru hutsari so egin,

burua makurtu eta hil,

murru azpian, isilean.

Orain ez da odol nota baizen

eta bere izena.

 

                        Roma. 1945/XI/9

 

Xaguxarra, 1. zkia, 1980

 

 


 

Verra la morte e avra i tuoi occhi

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Txema Larrea

 

 

Heriotzea jinen da eta zure begiak idukiko

damu zahar edo

akats absurdu bezala, logabe eta gor,

goizaldetik arrats artio

laguntzen gaituen heriotze hunek. Eta zure begiak

alfer hitza izanen, oihu isila, isilgune

Hola dituzu ikusten goizero

makurtzen zarenean, bakarrik,

miraila aintzinean. Oi esperantza maitea

bizitza eta ezereza zarela

jakinen dugu, ere, egun hartan.

Ororentzat du begirada heriotzeak

Heriotzea jinen da eta zure begiak idukiko

Akats bat uztea bezala izango,

mirailean ikustea

begitarte hilotza azaltzen,

ezpain hetxia aditzea bezala izango.

Muturik jaitsiko gara amildegira.

 

                        Torino. 1950/III/22

 

Xaguxarra, 1. zkia, 1980

 

 


 

Emegaldu baserritarra

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Mikel Etxebeste

 

 

Aurreko murailak itzalarazten du patioa

batzuetan du eguzki umearen errefleju bat

ikuilua gogoratzen duena. Eta logela nahasia,

eta goizean huts arazia gorputza esnatzen denean,

lehenbiziko perfume ez ikasiaren usaina usaintzen da.

Gorputza ere, maindirean korapilatua, bera da

lehenbiziko urteena, biluztean bihotza jauzitzen zen.

 

Hor esnatzen da erreklamu aurreratuan hutsik,

egunsentiarena, eta itzal lodituan gogoratzen da

beste esnatze baten ahazteaz: ikuilua,

haurtzarokoa, eta eguzkiaren geldiera lodia

ate dolutuezen gainetan oso beroa. Perfume batek

busti arazten zuen izerdi ohitua xamurki,

biloena, eta abereak usaintzen ziren. Gorputza

gozatzen ari zen igeslari eguzkiaren fereka

insinuantea eta lasaia, ikutze bat izanen balitzateke antza.

 

Ohatzearen abandonoak lelotzen ditu menbroak,

izanak gazteak eta mardulak, halaz ere oraindik umeak.

Neskatxa ez ikasiak usaintzen zuen odorea,

tabaccoarena, eta lastoarena, eta hotzikaratzen zen fedeka

igeslariarekin, gizonarena: jostatzea laket zitzaion.

Une batzuetan gizonarekin jostatzen zen zerraldo,

lasto artean, baina gizonak ez zituen usaintzen biloak,

menbru bilduak lastoan bilatzen zizkion

garaitzen zituen, kolpatuz hauek bere aita izanen balitz bezala

Herrien gainean lore zanpatuak ziren perfumea.

 

Une askotan itzuli da berresnatze geldian

lore urruneko zapore desegin hura,

eta ikuilukoa, eta eguzkiarena. Baina gizonik ez dago dakienik

oroitza mingots horren laztan mehea.

Ez dago gizonik gorputz zerraldoa asmatu dezakeena besterik

igarotako haurtzaro horren antsia ez ikasian.

 

Susa, 3. zkia, 1981

 

 


 

Etorriko da heriotza eta
zure begiak izanen ditu

 

Cesare Pavese

 

 

Etorriko da heriotza eta zure begiak izanen ditu

egunsentitik gaueraino

gurekin batera datorren heriotza honek,

insomne, gor, aspaldiko alhadura edo

bizio absurdo baten gisan. Hitz hutsala

izanen dira zure begiak,

oihu isila, isiltasuna.

Horrela ikusten dituzu goizero

bakarrik ispilu aurrean

makurtzen zarenean. O, esperantza maitea,

egun hartan jakinen dugu guk ere,

bizitza zarela eta deuseza zarela.

 

Guztiontzat dauka heriotzak begirada bat.

Etorriko da heriotza eta zure begiak izanen ditu.

Bizio bati uztea bezalakoa izanen da,

ispiluan aurpegi hil bat

agertzen ikustea bezalakoa,

ezpain hertsi bat entzutea bezalakoa.

Amildegira jaitsiko gara muturik.

 

Susa, 6. zkia, 1982

 


 

Jende deserrotua

 

Cesare Pavese

 

 

Itsaso larregi. Aski ikusi dugu itsasoa.

Arratsean, ura kolorge eta ezabaturik deusezean

hedatzen denean, lagunak (hura) behatzen du

eta nik laguna behatzen dut eta ez du inork hitz egiten.

Gaualdera, taberna zokoan sartuta amaitzen dugu,

ketan isolaturik, eta edaten dugu. Nire lagunak

bere ametsak ditu (monotono samarrak dira ametsak

itsasoaren murmurio ondoan) non ura, irla bat eta

bestearen artean, basalorez eta urjauziz

zipriztindutako muinoen ispilua baizik ez den.

Horrelakoa da haren ardoa. Bere burua kontenplatzen du

basoan, muino berdeak jasoz itsasoaren

lautada gainean. Laket ditut muinoak;

eta itsasoaz mintza dakidan uzten diot, zeren

hain ur garbia da, non harriak ere agirian uzten dituen.

 

Muinoak ikusten ditut soilik eta zeru lurrak

betetzen dizkidate beren soslai seguruen lerroz, urrun zein hurbil.

Nireak bakarrik dira latzak, eta mahasti nekatuz

hildotuak lur kiskalian. Nire lagunak haintzat

hartzen ditu eta lorez eta basafruituz beztitu nahi,

Ez da beharrezko: nire amets latzenei ere ez zaie

irribarre bat falta. Bihar goizean goiz muino haietarako bidean

jartzen bagara, ahal izango dugu aurkitu mahastietan

neska beltzaranen bat, eguzkiak beltzitua, eta,

hizketan hasirik, hari mahats apur bat jan.

 

Susa, 6. zkia, 1982

 


 

Alargunaren semea

 

Cesare Pavese

 

 

Edozer gerta daiteke ostatu ilunean,

gerta daiteke kanpoan zeru izarreztatua egotea,

udazkeneko laino eta mostoaz gaindi.

Gerta daiteke kanta erlatsak

muinoetatik kantatzea larrain desertuetan

eta ustegabean itzultzea orduko zerupean

emakumetxoa egunaren zain.

 

Emakumearen ingurura itzuliko lirateke

hitz ligorretako baserritarrak, eguzkiaren

eta haren keinu zurbilaren zain,

ukalondoraino erremangatuak, lurrari begira.

Kirkilaren bozari bat egingo litzaioke

zorroztarriaren zalaparta burdinean, eta hasperen erlatsago bat.

Isilduko lirateke haizea eta gauaren murmurioak.

Emakumetxo eseriak haserrez hitz egingo luke.

 

Baserritarrak lanean urrunean makurturik,

emakumetxoa larrainean geratu da eta

begiradaz jarraitzen die, zutarrian apoiaturik,

sabel handi helduagatik nekatuta.

Aurpegi iraungian irribarre artega mingotsa dauka,

eta baserritarrengana iristen ez den bozak asaldatzen du haren eztarria

Jotzen du eguzkiak larrainean eta begi gorritu kliskatuetan.

Purpurazko laino batek estaltzen du galtzua,

azao horiz ereina. Emakumea zalantzaka,

eskua altzoan, sartzen da etxera.

 

Emakumeak hara hona dabiltza egonezinez gela hutsetan

ohe gainetik, bakarrik, jarraitzen dieten keinu eta begiren agindupean

Bere barnean muinoak eta ilarak eta zeru zabala dituen leiho handiak

durundio makal bat bidaltzen du, guztien lana dena.

Aurpegi zurbileko emakumetxoak ezpainak estutu ditu

sabelaren ziztadengatik, eta aditzera etzaten da

esperolarrian. Emakumeek, fin zerbitzatzen dute.

 

Susa, 6. zkia, 1982

 


 

Antzinako diziplina

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Juan Martin Elexpuru

 

 

Mozkortiek ez dakite emakumeekin mintzatzen

eta orain sakabanatu dira; inork ez ditu maite.

Kaleetan zehar astiro doaz; kalea eta farolak

amaigabeak dira. Batzuk are urrutirago erratuz doaz:

baina ez kezkatu: bihar beren etxeetara itzuliko dira.

 

Urruntzen den hordiak emakumeekin dagoela uste du

—farolak beti dira berberak; emakumeak, gauez,

beti dira berberak—: haietarik batek ere ez dio entzuten.

Mozkortiak berba egiten die, baina ez du atsegin.

Barrez dauden horiek dira bere bakarrizketaren gaia:

Zergatik barre egiten dute hainbeste emakumeek, edo garrasika hasten negar egitean?

 

Mozkortiak emakume mozkor bat izan nahi zukeen

menki entzun ziezaion. Baina horiek gortzen dute.

"Seme bat izateko gugandik pasa behar".

 

Mozkortiak, beraiengandik jaiotzeke, gaur bere semea den

mozkorkide bati heltzen dio.

Mola eman liezaioke oihu eta negar egiten duen

andereño batek seme-lagun hura? Besteak, horditurik badago,

ezin dun emakumeez pentsatu ere, ez erortzeko erne,

eta bakean abiatzen dira biok. Axola den semetxoa

ez zen emakumeengandik sortua —bestela bera ere

emakumea baitzatekeen—. Aitarekin dabil bera, solasean:

farolek goizaldera arte iraungo diete.

 

Alkohola poemak, Pamiela, 1984

 


 

Helduren dun heriotza eta
heure begiak ukanen dizkin

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia

 

 

Helduren dun heriotza eta heure begiak ukanen dizkin,

Egunsentitik gauera arte,

Lo egin gabe, gor, damu zahar edo

Bizio absurdu baten gisan laguntzen gaituen

Heriotz honek. Hire begiak

Hitz hutsal bat izanen ditun,

Oihu isil bat, isiltasun bat.

Horrela ikusten ditun goizero,

Heu bakarrik ispilu aurrean

Makurtzen haizenean. Oi, esperantza maitea,

Egun haretan jakinen dinagu guk ere

Bizitza haizela eta ezereza haizela.

Guztiontzat din heriotzak begirada bat, bakoitzarentzat bat.

Helduren dun heriotza eta heure begiak ukanen dizkin.

Bizio bat uztea bezalako izanen dun,

Ispiluan aurpegi hil bat

agertzen ikustea bezalako,

Ezpain hertsi bati entzutea bezalakoa.

Amildegira jetsiren gaitun mututurik.

 

Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak, Pamiela, 1985

 

 


 

Gaueko atseginak

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Itxaro Borda

 

 

Haizea biluziena den momentuan gu ere

gaua hatsartzeko gelditzen gara: karrikak

haizez hoztuak dira, usainak eroriak;

dilindan dauden argiei altxatzen dira sudurrak.

 

Gure itzultzearen beha dagoken etxe bat daukagu

denek; lotan ilunean emakume batek itxoiten gaitu

gelako usainak astunak dira. Lotan eta hatsartzen

ari den emazteak ez du haizea ezagutzen; haren gorpuaren

berotasuna, gutan murmurioka dabilan odolaren beroa da.

 

Gauari irekiak diren karrika sakonetik datorren

haize horrek garbitzen gaitu; dilindan dauden argiak eta

gure sudur gogortuak borrokan ari dira larrutsik. Usain

bakoitza orroitzapen bat da. Ilunean, urrunetik jeiki da

hiria lehertzen duen haizea, mendixketan zehar jautsiz,

eta pentzeetan, eguzkipean bero den belardian barna, eta

omorez beltza dagoen lurrean barna. Guretzat orroitzapena

usain kiretsa da, bere leizeen hatsa neguan azaltzen duen

lur zaurituaren gozotasunik gabeko usaina. Usainak beltzean

itzali dira, eta hirian, xoilik, haizea dator gugana.

 

Gaur, lotan dagoen emaztearen ondora joango gara, eta gure

behatz hormatuek haren gorputza xerkatuko dute, berotasunak

odola inarrosiko digu, omorez beltza den lurraren berotasunak

hats biziak.

Hura ere eguzkiz hantua

 

Hura ere eguzkiz hantua da, eta bere biluztasunean, orain,

egunaz desagertzen eta lur gostua duen bizitzarik

gozoena erakusten du.

 

Maiatz, 11. zkia, 1986

 


 

Heriotza etorriko da eta
zure begiak ukanen ditu

 

Cesar Pavese

euskaratzailea: Itxaro Borda

 

 

Heriotza etorriko da eta zure begiak ukanen ditu

—goizetik arrats gure laguna den heriotz hori,

pausarik gabe, elkor, damu zaharrak edo bizio traketsak

bezala. Zure begiak debaldezko hitzak izanen dira,

oihu errerimituak, isiltasuna.

Mirailan begiratzen zarenean, halatan ikusten

dituzu, goizean, bakarrik. O esperantz kuttuna,

egun hartan, bizitza eta hutsa zarela jakingo dugu

guk ere.

 

Heriotzak sohako bat badu guzientzat.

Heriotza etorriko da eta zure begiak ukanen ditu.

Bizio baten uztea bezala gertatuko da,

mirailan arpegi hila mirestea bezala,

ezpain hertsiak entzutea bezala.

 

Maiatz, 11. zkia, 1986

 


 

Lan egiteak nekatzen du

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Itxaro Borda

 

 

Bakarrik haurrak du karrika trebeskatzen

bere etxetik ihes joateko, baina egun osoan

karrikan herrestan dabilan gizon hori ez da

haurra, eta ez du bere etxetik ihes egiten.

 

Udan, badira arratsaldeak plazak hutsak baitira,

apaltzen ari den eguzkiari eskainiak, eta arbol

debaldez hornitu abenida hortarik datorren gizona

baratzen da. Bakarrik egoteak balio ote du, gero eta

bakartiago senditzeko? Herrestan gabiltzake, plazak

eta karrikak hutsak dira. Emazte bat geldi arazi behar

litzateke, harekin mintzatu, elkarrekin bizitzeaz

konbentzitu. Bestela, bakarrik mintzo gara, horregatik

batzutan,

gautiar mozkortiak etortzen dira eta bizi osoko

proiektuak aipatzen dizkigute.

 

Dudarik gabe, ez da, plazaren mortuan idurikatzean norbait

kurutzatzen, baina karriketan herrestan noiztenka gelditzen

gara. Biga balira bederen, xoilik karriketan ibiltzeko, etxea

emakumea legokeen tokian litzateke eta berdin balio luke.

 

Gauez plaza berriz husten da.

Eta pasatzen den gizon horrek ez ditu etxeak ikusten,

argi inutilen erdian, begiak ez ditu altxatzen,

bakarrik, bereak bezalako esku babatsu eta gogorrak

dituzten gizonek ezarri kaleko harriak senditzen ditu.

Ez da komeni plaza hustu honetan egotea.

Baliteke, emazte bat karrikan otoizten balitz,

etxe bat eskain lezakeela.

 

Maiatz, 11. zkia, 1986

 


 

Last blues, to be read some day

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Itxaro Borda

 

 

Ongi bazenekien

joko bat baizik ez zela

duela hain aspaldi

norbait zauritua izan zen.

Denbora pasatu da baina

deusik ez da aldatu -

egun batez etorri zara

egun batez hilen zara.

Eta norbait hil da

duela aspaldi -

nahiko zuen norbait

baina harek ez zekien.

 

Maiatz, 11. zkia, 1986

 


 

Teilatuen paradisuan

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Itxaro Borda

 

 

Eguna lasaia izango da, sortzen edo hiltzen

ari den eguzkia bezala, hozki argitsua,

eta zerutik kanpoko berinak aire ustela

begiratuko du.

 

Goiz batez, behin betikoz, jeikitzen gara

azken loak dakarren berotasuna gozoan; itzala

berotasun gozo horren parekoa dateke.

Berina handitik, zeru handiagoak beteko du

gela. Behin betikoz igan eskalerretarik ez dira

gehiago abots eta arpegi joanak etorriko.

 

Debalde dateke ohetik altxatzea.

Alba baizik ez da sartuko gela hutsean.

Berina nahiko izanen da, gauzak oro argitasun

lasaiaz janzteko, kasik argi bat.

Etzana den arpegian itzal desinkarnatua

pausatuko da. Tximinean dauden itx itxindu zaharrak

bezalako itzal koropiloak iduri geratuko dira

orroitzapenak. Atzo oraindik, begirada hila

horzkatzen zuen garra bezala geldituko da

orroitzapena.

 

Maiatz, 11. zkia, 1986

 


 

Klar eta hutsik

 

Cesare Pavese

euskaratzailea: Luigi Anselmi

 

 

Klar eta hutsik

iragaiten ditun goizak. Hala

zabaltzen zitunan behiala

hire begiak. Luze zihoanan

goiza, higiezinezko

argi-zirimola bailitzan. Isilik.

Isilik heu ere, bizirik. Gauzak

hire begien azpian bizi zitunan

(penarik ez, sukarrik ez, itzalik ez)

nola itsaso garbi bat goiz alba sortu berrian.

 

Hi haizen tokian, ene argi hori, goiza dun.

Heu haiz bizitza eta gauzak.

Hire baitan hartzen genuen hats atzarririk

oraino gure baitan dirauen zeruaren azpian.

Penarik ez, sukarrik ez orduan,

ez eta egun jendetsu eta ezberdinaren itzal pisu hau ere.

Oi argi, urrutiko klartasun horrek,

hats-hanturan, helaraz iezazkigun

hire begi klar higiezinak.

Ilun eta goibela hire begietako

argi gaberik iragaiten den goiza.

 

Bertzerenak, Pamiela, 2006

 

 

 

www.susa-literatura.eus