Loramendi hil zen
duela 75 urte
Lizardi zendu eta doi 12 egunera, 1933ko martxoaren 23an, Juan Arana Loramendi hil zen. 26 urte zituen Aretxabaletako Bedoña auzoan jaiotako idazleak, eta ordurako bazen nor euskal letren plazan. Hainbat olerki argitaratua garaiko aldizkarietan, sariketa irabazitakoa Barruntza-leioan poemarekin, 1960an kaleratu zuen Itxaropena argitaletxeak Olerkiak, bere poemen bilduma, gerora 1995ean Loramendi Elkarteak berriro plazaratua. Klasikoen Gordailuan irakur daiteke bere obra, eta gaur hona dakartzagu haren heriotzean, 2 urtera egindako omenaldian eta hainbat urtetara idatzitako hainbat artikulu, gehienak Euskal Prentsaren Lanak webgunean, Kritiken Hemerotekan eta Literatur Aldizkarien Gordailuan topa ditzakezunak. Euskera aldizkariari dagozkionak Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegiaren webgunean.
1933ko martxoaren 23an hil zen Juan Arana Loramendi, apendizitisak jota. 1931n Tolosako Olerki Egunean ezagututako Arrantzalien arrats otoitza poemak lortu zuen sonarik, baina dudarik gabe 1932ko Hernaniko Olerki Egunean saria eman zion Barruntza-leioan poema da Loramendiren gorena. Ez zituen askoz gehiago idatzi, hurrengo urtean zendu baitzen.
Onintzak sinatutako Loramendi igartubari poema, 1933ko martxoaren 29an El Día berripaperean argitaratua, izan zen Juan Aranari eskainitako lehen omenalditxoa. Handik gutxira, udan, Yakintza aldizkarian Aitzolek poetaren azterketa sakon bat agertu zuen, El poeta Juan de Arana, gaztelaniaz. Abuztuan bertan, 17an, Iban de Miots-en sinadura zeraman artikulua kaleratu zen, nagusiki Loramendiren Barruntza-leioan olerkiaren azterketa egiten duena.
Hurrengo urtean, 1934 apirilean, heriotzaren urteurrena gogoratuz, Inazio Otamendik Euzkadi-n artikulua argitaratu zuen Bedoñakoa gogoratu eta haren herrian egin zitekeen omenaldia (Lizardirekin egin bezalaxe) eskatuz. Eta halaxe, 1935eko udaberrian, Bedoñan egin zen Euskal Olerkiaren Eguna, Aitzolek sustatzen zuen Euskaltzaleak elkarteak antolatua. Egun haren kronika, saritutako olerkien berri eta beste Aitzolek berak eman zigun Euzkadi egunkarian plazaratu zuen El VI Día dela poesía vasca artikuluan.
25 urte gerora arte ez zen berriro ere Loramendiren berri izan ia desagerturik izan ziren euskal letretan. 1950ean Izurtzak (Iokin Zaitegi) Loramendi artikulua plazaratu zuen Euzko Gogoa aldizkarian (Barruntza-leioan poema osorik emanez), baina idazlearen ezagutza osoa 1959an iritsi zen, Euskaltzaindiak omenaldia egin baitzion Bedoñan, oroitarri bat jarriz, eta bere izena zeraman literatur sariketa antolatu. Egun horretan, hain zuzen ere, sarien berri eman zen: irabazlea Bilboko poeta gazte bat zen –Loramendik hil zenean zeukan adinekoa, 26 urtekoa–, Gabriel Aresti izenekoa, Maldan behera poema aurkeztu zuena. Bigarren saria Bitoriano Gandiagak jaso zuen. Hitz lauzko atalean, berriz, Loramendiri berari eskainitako lanarekin saria jaso zuen Luis Jauregi Jautarkol-ek. Antzerki sailean saria Eusebio Erkiagak erdietsi zuen. Lan guztiok, hala nola omenaldiaren egunean Antonio Arruek egindako hitzaldia, Euskera aldizkarian plazaratu zituen Euskaltzaindiak, 1960an.
Omenaldi-egun horren berri, hala ere, 1959ko abuztu-iraileko Olertiren zenbakian eman zuen Igotz-ek (Santi Onaindia). Aldizkari berean, 1961ean, Zerura betiko poema eskaini zion Satarkak.
Eta Olerti-n ere plazaratu zuen Julian Yurrek Loramendiri buruzko lana. Loramendiren poema guztiak bildu eta liburua prestatzeaz arduratu zen (liburuaren hitzaurrea da lan hau), eta liburua hain zuzen ere 1960an kaleratu zuen Itxaropena argitaletxeak. Bi literatur-kritika bederen eskaini zikioten liburuari, bata Koldo Mitxelenak Egan aldikarian eta bestea Kaierok Jakin aldizkarian. Jose Luis Otamendik ere eskaini zion kritikarik Loramendi-ren Olerkiak poemarioari, 1995ean Loramendi Elkarteak egindako argitalpenari, Euskaldunon Egunkaria-n.
Hainbat liburutan daudean lanez gain, Enseiucarrean aldizkarian Paloma Rodriguezek Loramendi, euskaldun mistikoa izeneko azterlana plazaratu zuen, eta Igone Etxebarriak ere azterlana argitaratua du 1983ko Euskeraren iker atalak bilduman.