Ots 19 09
Gandiagaren poemen errezitaldia
Bitoriano Gandiagaren poemak errezitatuko dituzte Jose Luis Padron eta Martin Etxeberriak otsailaren 19an (osteguna) 19:00etan Zarauzko Antoniano kultur aretoan.
Ots 19 09
Bitoriano Gandiagaren poemak errezitatuko dituzte Jose Luis Padron eta Martin Etxeberriak otsailaren 19an (osteguna) 19:00etan Zarauzko Antoniano kultur aretoan.
Ots 19 09
Andre Gide Parisen jaio zen 1869an eta hiri berean hil zen 1951ko otsailaren 19an. Hogeita hamabi urte zituela argitaratu zuen Inmoralista kontakizuna, 1902an, Michel pertsonaiak bere lagunei Aljeriatik egindako aitorkizun eta solas luzea. Liburua ez zen itxuraz ongi konprenitua izan, eta esan ohi da literatura bertan behera uztekotan egon zela gerora Nobel saria (1947) izango zen idazlea. Imanol Unzurrunzagaren itzulpenarekin argitaratu zen Inmoralista euskaraz 1992an (Literatura Unibertsala / Ibaizabal).
Ots 17 09
1933ko azkenetan egin zen Lehenengo Antzerki batzaldi eta sariketa, eta Jazinto Karraskedoren Etxe-aldaketa obrak jaso zuen lehen saria, bigarrena Andres Amonarrizen Iturrian obrak. Hurrengo urtean, orain 75 urte, argitaratu zituen Antzerti bildumak: 1934ko urtarrilean Etxe-aldaketa eta otsailean Iturrian. Ez hori bakarrik, urte hartan bertan Lehenengo Euskal Antzerti Eguna ere antolatu zuten, eta lehiaketa izan zen ea nork hobeto antzeztu Etxe-aldaketa bere herrian. Hamalau taldek parte hartu zuten: Alegi, Andoain, Bergara (bi taldek), Errenteria, Deba, Donostia (bi taldek), Ondarroa, Pasai San Pedro, Soraluze, Tolosa, Urnieta eta Zumaiakoak. 500 pezetako saria Andoaingo Euzko-Gaztediarentzat izan zen.
Ots 10 09
Amaia Lasak poesia errezitaldia eskainiko du otsailaren 10ean (asteartea) 19:30ean Donostiako KM kulturunean. Pianoa: Esther Barandiaran.
Ots 10 09
Gaurkoa bezalako egun batez baina 1837an, tiroz zauritua izan ondoren hil zen poeta errusiarrik handiena: Aleksandr Puxkin. Gaztetan Kaukasora erbesteratu zuen Alexandro tsarrak, bertso satirikoez agintariak kritikatzearren; eta Odesan zegoela ere, hango agintariak kexu zirenez bere idatziengatik, bakartu egin zuten. Hala eta guztiz, Alexandro hil eta Nikolas tsar berriaren aurka ofizial iraultzaileak matxinatu zirenean, Puxkinen poema berriak aurkitu zituzten iraultzaileen eskuetan. Azkenean tsarrak barkatu zuen, bere idatzi guztiak zentsuratuak izan ahal izateko baldintzapean ordea. Horrelako kontuak eta gehiago azaltzen ditu Jose Morales itzultzaileak Puxkinen Kapitainaren alaba nobelaren hitzaurrean. Pugatxov-en matxinadaren garaian Griniov gazteari soldadutzan gertatutakoak kontatu zituen Puxkinek 1836an idatzitako nobela bikainean, orain osorik sarean emana duzun honetan.
Ots 05 09
Xabier Letek Egunsentiaren esku izoztuak liburuko poemen errezitaldia egingo du otsailaren 5ean (osteguna) 19:30ean Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Musika: Joxan Goikoetxea.
Ots 05 09
Castillo Suarezek Mugarri estaliak errezitaldia egingo du otsailaren 5ean (osteguna) 19:30ean Irungo Kabigorri Ateneoan (Peña kalea 1). Musika: Juan Migel Arzelus; irudiak: Koldo Arnantz.
Ots 04 09
Amaia Lasak poesia errezitaldia eskainiko du otsailaren 4an (asteazkena) 19:30ean Irungo Kabigorri Ateneoan (Peña kalea 1). Pianoa: Esther Barandiaran.
Ots 04 09
Hamlet (1952an Buenos Airesen) eta Platero eta biok (1953an Montevideon) itzuli zituelako da ezaguna gure letretan Bingen Ametzaga, baina Pizkundeko poeten artean ere txoko txiki bat egina zuen lehenago, Euzko Deya eta Euzkadi agerkarietan poemak argitaratuta eta Olerti Egunetan parte hartuta. Ondoren, gerratik ihesi, Ameriketako erbestealdian, batez ere itzulpenari eskaini zion arreta osoa (ikus bibliografia). Ametzaga Algortan jaio zen 1901ean eta gaurko egunez 1969ko otsailaren 4an hil zen Caracasen. Xabier Irujok atondu eta Susa argitaletxeak 2006an plazaratutako Itsaso aurrean poesia antologia osorik emana duzu orain sarean: 46 sortzezko poema eta 22 poesia itzulpen (garrantzitsuena, Oscar Wilderen Reading Bahitegiko Leloa, 1954an Euzko-Gogoan agertu zena).
Urt 30 09
François Koënigstein Ravachol anarkista gillotinan hil zutenean Jean Hiriart Urruti xuriak idatzi zuen: “Hil dute Ravachol. Hil da beraz azkenean Ravachol, gizon-hiltzale izigarri hura”. Eta Jules Ferry politikaria bihotzekoak jota hil zenean idatzi zuen: “Bat gutiago”. Jean Hiriart Urruti jaio zela 150 urte dira gaur. Artikulugile oparoa izan zen apeza, Eskualduna astekaria sortu zenetik (1887) bertan buruzagi, hil arteraino (1915). Le Réveil Basque aldizkaria 1886an Baionan agertu eta berehala, hurrengo urtean abiatu zuten Eskualduna giristinoek, gorrien aurka. Kazetaririk irakurriena izan zen Hirart Urruti sasoi hartan, eta hurrengo idazle askorentzat eredu, Lafitterentzat adibidez. Klasikoen Gordailuan duzu Hiriart Urrutiren artikulu sorta handi bat.
Urt 29 09
Antonio Tabucchiren Oker ttiki garrantzigabeak liburuaz jardungo dute urtarrilaren 29an (osteguna) 20:00etan Gasteizko irakurle klubean (Hikaateneoan).
Urt 28 09
50 urte dira Kuban iraultzaileek Fulgencio Batistaren gobernu militarra eraitsi zutela. Gaurko egunez, baina 1959ko urtarrilaren 28an, Ernesto Guevarak hitzaldia egin zuen Nuestro Tiempo elkartean, Jose Marti gogoan hartuta. Gure literaturak Kubako bizitzaren erretratuak eskaini izan dizkigu, eta horietako biren gomendioa egiten dizugu: Koldo Izagirreren Ez duk erraza, konpai! kronika (1995) eta orain osorik sarean eskaintzen dizugun Chevrolet tropikala nobela, Rafa Egigurenek 2007an argitaratua. Izan ere, nobela honetako protagonista Migel Salaberria Iruñetik Kubara joan da 1992an, Che-ren heriotzaren 25. urteurrenean, eta espero ez zituen enkarguak egin beharko ditu.
Urt 27 09
Esan ohi dugu Domingo Agirreren Kresala dela gure literaturako benetako lehen nobela, 1901tik aurrera Euskalerria aldizkarian zatika agertua (liburu moldean 1906an); Garoa bigarrena, RIEV aldizkarian 1907an zatika ematen hasia (liburuan 1912an). Jose Manuel Etxeitak 1908an bukatu zuen Josetxo nobela eta 1909an argitaratu Durangoko Florentino Elosu etxean. Mundakatik Bermeorako bidean baserri batean senar-emazteak bizi ziren seme-alaba barik. Behinola ijito batzuk joan zitzaizkien mutil bat zekartela: Josetxo. Honek behingoan oratu zion seme gabeko amari, esanez: “Ama! Ama!”. Erosi egin zuten umea, hamar ogerleko eta hamar oilotan. Hazi zelarik itsasoratu egin zen Josetxo; pilotu eta buru izatera helduta, herrialde asko ibili zituen. Nobelaren amaieran jakingo duzu, Josetxo nafarra zela sortzez, Etxaurikoa… baina ez dezagun amaiera osoa hementxe kontatu.
Urt 22 09
Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao liburuaren inguruan berbetan jardungo dute urtarrilaren 22an (osteguna) 20:00etan Larrabetzuko Anguleri kultur etxean.
Urt 19 09
Edgar Allan Poe Bostonen jaio zen 1809ko urtarrilaren 19an, orain dela 200 urte. Koro Navarroren itzulpenez Kontakizunak liburua (2000, Ibaizabal) osorik eskaintzen dizugu sarean, zortzi ipuinez osatua. Horietako bat, Amontillado upela, Jon Mirandek (1952an) eta Oskillasok (1963an) euskaratua zuten, biak Egan aldizkarian argitaratuak. Izan ere, Mirandek gogoko zuen idazleetarik zen Allan Poe, eta Euzko Gogoa aldizkarian emanak zituen lehenago Belea poema (1950ean) eta Ixiltze ipuina (1951n), azken hau urte batzuk geroago Ixiltasun izenburuarekin Santi Urrutiak ere itzulia (1984, Ttu-ttua).
(gehiago…)