Api 15 09

Ez obeditu inori, Mikel Peruarenaren lehen nobela

Kubako gerratik maingu itzulitako Sotero Mujika bertsolaria Baroja inprimategira joan denean, hango enkargatuak tipografo berria aurkeztu dio: “Frantsesa da. Oraindik ez du bertsorik inprimatu, baina ikasi beharko du”. Halaxe ezagutu du Emile, eta ondoren Alberto estudiantea. Hiruren artean arrisku handiko asmo bat darabilte: dinamita lapurtu eta Maria Cristina erreginari eraso egitea. Mikel Peruarenaren lehen nobela duzu Ez obeditu inori, Susa argitaletxearen eskutik datorren apirilaren 21ean Donostiako Udal Liburutegian aurkeztuko duena.

Api 14 09

Literaldia-09 Bartzelonan

Kemen Lertxundiren Galdutako zubixkak olerki eta musika emanaldiarekin abiatuko da aurtengo Literaldia Bartzelonako Euskal Etxean (Placeta Montcada 1) apirilaren 17an (ostirala) 22:30ean. Castillo Suarezen Mugarri estaliak poema liburuan oinarritutako errezitaldia izango da apirilaren 24an (ostirala) 19:30ean. Eta Eider Rodriguezek hitzaldia egingo du apirilaren 30ean (osteguna), Universitat Autonomako letren fakultatean 13:00etan eta Euskal Etxean 20:00etan. Datorren hilabetean: maiatzaren 6an Eider Rodriguezen Haragia ipuin liburua izango dute mintzagai; maiatzaren 20an Edorta Jimenezen hitzaldia gerra eta literaturaz; maiatzaren 22an Castillo Suarez eta Leire Bilbaoren errezitaldia; eta bukatzeko, maiatzaren 23an, Hedoi Etxarteren Suzko lilia poema liburuan oinarritutako emanaldia.

Api 07 09

Arestiren Bizkaitarra argitaratu zela 50 urte

1959ko apirilean 32 ahapaldiko bertso sorta bat argitaratu zuen Gabriel Arestik Egan aldizkarian Bizkaitarra izenburuarekin. Bere nobia Meli Estebani eskainiak dira, 1958ko abenduan idatziak. Beste sorta bat 1959ko neguan argitaratu zen, Iñaki Irigoieni eskainiak (uztailean idatziak); oso ezaguna da ahapaldi hau: “Baña egun baten deitzen badeuste / Erria defendietan / Prest arkituko nabe ni beti / Euskerearen aldean / Armarik eztut artun egingo / Egundo nire eskuetan / Nire plumea nire izerdia / Eskeintzen deutsat benetan”. Geroago, 1960ko martxoan idatziko zuen hurrengo sorta (Justo Garateri), eta lehen lerroetan jakingo dugu hau bosgarren Bizkaitarra dela. Non dira orduan beste bi sorta gehiago? Karmelo Landak aurkitu zituen eta 1986an Susak argitaratu: bat Andoni Kaierori eskainia, bestea Juan Ormaetxeri.

Api 06 09

Hiriaren melankolia, Felipe Juaristiren bigarren poemarioa

Melankolia eta tristezia Hiriaren melankolia poemarioan aurki daitezkeen hitzak eta batez ere sentimenduak dira. Liburuari darion muinaren adierazle dira, adierazle nagusiak agian, baina ez bakarrak. Existentziaz eta denboraz gogoeta egiten du Juaristik bere bigarren poema liburu honetan, baina baita beste hainbat gaiz ere, idaztea, horien artean (Teletipoak eta beste poemak atalean). Idazleaz eta idaztearen ekintzaz gogoeta egiten du: “Teklen espazio ilargitar eta burnizkoekin urtuta / behatzak ez ote dira errealitatea deitzen den patura / zuzentzen nauten untzi nagiak?”. 1987an Baroja argitaletxearekin publikatua, hementxe duzue Hiriaren melankolia.

Api 04 09

Larzabalen Ibañeta Seguran

Piarres Larzabalen Ibañeta antzezlana jokatu du Oztibarreko taldeak apirilaren 4an (larunbata) 22:00etan Seguran.

Api 04 09

Ate hautsiak errezitaldia Oiartzunen

Oier Guillanen Ate hautsiak poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo da apirilaren 4an (larunbata) 20:30ean Oiartzungo Urkabe Baita etxe okupatuaren ganbaran.

Api 02 09

Ate hautsiak errezitaldia Gasteizen

Oier Guillanen Ate hautsiak poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo da apirilaren 2an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean. Hitzak:, Oskar Manso, Asier Sarasola eta Oier Guillan; musika: Alvaro Ledesma eta Oskar Manso; irudia: Allende Arnaiz; planteamendu eszenikoa: Idoia Beratarbide eta Maria de Bernardo.

Api 02 09

Habitat Bilbon

Katixa Agirreren Habitat ipuin liburua izango dute mintzagai apirilaren 2an (osteguna) 18:30ean Bilboko Foru Liburutegian. Gidaria: Goizalde Landabaso.

Api 01 09

Nikolai Gogolen Arima hilak

Duela 200 urte, 1809ko apirilaren lehenean Ukrainan jaio zen Nikolai Gogol, Puxkin eta Lermontovekin batera Errusiako literaturaren loraldiari hasiera eman zion idazlea. Hain zuzen ere, Puxkin adiskidea izan zen Gogoli Arima hilak nobela handiaren gaiak iradoki zizkiona. Hamazazpi urte eman zituen lan haren lehen tomoa ontzen, eta 1842an argitaratu zen Errusiako gizartearen kritika zorrotz, gordin eta mingarria, Pavel Ivanovitx Txitxikov protagonistaren negozio ustelak kontatzen dituena. Bigarren tomoa ezin menderaturik, erre egin zituen eskuizkribuak 1852an, eta bost kapitulu baino ez dira ezagutzen. Gogolek hiru tomo idazteko asmoa zeukan: lehen tomoan, Errusiako errealitatearen infernua erakutsi nahi zuen; bigarrenean, berriz, purgatorioa; eta hirugarrenean, azkenik, paradisua. Baina ez zuen bere helburua betetzea lortu. Jose Morales Beldaren itzulpenarekin 1998an argitaratu zen Arima hilak euskaraz.
(gehiago…)

Mar 31 09

Haragia Lazkaon

Eider Rodriguezen Haragia narrazio liburuaz solasean arituko dira martxoaren 31n (asteartea) 18:30ean Lazkaoko Gerriko Txokoan, Liluratura saioan.

Mar 30 09

Udaberri alua Donostian

Patrick Modianoren Udaberri alua nobela izango dute hizpide martxoaren 30ean (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan (Udal Liburutegiko sotoan).

Mar 27 09

Larzabalen Ibañeta Hendaian

Piarres Larzabalen Ibañeta antzezlana jokatu du Oztibarreko taldeak martxoaren 27an (ostirala) 21:00etan Hendaiako Beltzenia frontoian.

Mar 27 09

Leteren errezitaldia Zarautzen

Xabier Letek Egunsentiaren esku izoztuak poema liburuan oinarrituta errezitaldia egingo du martxoaren 27an (ostirala) 19:30ean Zarauzko Antoniano aretoan. Musika: Joxan Goikoetxea.

Mar 27 09

Mirandek orain 50 urte idatzi zuen Haur besoetakoa

Honela idatzi zion Jon Mirandek Txomin Peilleni 1959ko otsailean: “Aipatu nizun ipuina bukatuxerik dut –garbitan ipintzen ari naiz orain–, eta hamar bat egunen bururako eginik duket. Luze samarra da, eta gaia oso berezia: maitasun kondaira bat, 30 urteko gizon baten eta 11 urteko neska baten elkar maitatzea kontatzen duena; hots, euskarazko Lolita bat (nahiz ez dudan zoritxarrez Nabokoven lanegina irakurri ahal izan)”. Peilleni aurrena eta gero Mitxelenari (Eganen argitaratzeko) bidali zien, eta ondoren Andima Ibinagabeitiari martxoaren 16an, adieraziz: “Zuk beharbada Amerika horietan publikatzeko bide bat atzeman zenezake?”. Haur besoetakoa ez zen plazaratu, harik eta 1970ean Gabriel Arestiren sarrera batekin Kriselu-Lur argitaletxeak kaleratu zuen arte. Orotariko iruzkinak egin izan dira nobelari buruz; adibidez, Joseba Sarrionandiaren artikulu luze bat Maiatz aldizkarian 1983an; berriena Itxaro Bordak 2004an Hegats aldizkarian.

Mar 26 09

Bizian argitaratutakoak Gasteizen

Franz Kafkaren Bizian argitaratutakoak liburuaz jardungo dute martxoaren 26an (osteguna) 20:00etan Gasteizko irakurle klubean (Hikaateneoan).

Agenda

Efemerideak

Kritikak