Joxe Azurmendiren Hitz berdeak. Liburu mardula, bost partetan zatitua, Azurmendiren garai eta estilo desberdinetako poemak biltzen ditu, Bitoriano Gandiagaren aurkezpenak argitzen duenez; 60ko hamarkadako ibilbide poetiko oso bat jasotzen du obrak. 1971n argitaratu zuen Arantzazuko argitaletxeak, eta Gandiagarenaz gain Juan San Martinen hitzaurrea ere badakar. XX. mendeko ahots oso inportantea ezaguzteko aukera paregabea.
Gabriel Arestiidazlearen heriotzaren 50. urteurrena den honetan, Ean idatzitako poemak gogora ekarriko dituzte ekainaren 27an (ostirala) 19:30ean Eako Eskolondon.
XX. mendeko Ingalaterrako literaturako libururik gorenetarik bat dela deritzogu, halako oihartzunik izan ez badu ere, eta euskaraz irakur daiteke: gaurko egunez hildako Ford Madox Ford idazlearen Historiarik goibelena. Igela argitaletxeak kaleratu zuen, Xabier Olarrak euskaratua. Bikote biren harremanaren disekzio kirurgikoa, Markos Zapiainek dioenez, “Izenda liteke giza patuaren zitala, izenda liteke apalkiago tentelkeria: kontua da sarritan eman egiten zaigula gura duguna, eskura dugula asebeteko gintuzkeena, baina ihes egiten uzten dugula, bizitza latz bihurtuz.”
Ekainaren 25 batez hil zen, 1990ean, frankistek Lauaxeta fusilatu eta 53 urtera, Manuel de Pedrolo idazle katalana. Militante anarkista, 36ko gerran zenbait frontetan borrokatutakoa, frankismo garaian ekin zion idazketari, eta lan asko eman argitara, eleberriak eta antzerkiak batez ere, ez zentsurarekin arazorik izan gabe. Zientzia-fikzioaren alorreko obra aitzindaritzat jotzen da Bigarren jatorriko mekanoizkribua (Elkar, 1989), Jokin Lasak euskarari ekarri ziona. Lehenagotik irakur zitekeen, baina, euskaraz: 1969ko Egan aldizkarian Gizonak eta Ni antzezlana itzuli baitzuen Xalbador Garmendiak. Obra biak dauzkagu irakurgai.
Andorratik dakar bere poesia Teresa Colomek. Lehen obratik ahots berezia erakutsi zuen idazlea, dozena erdi poema-liburu eta narratibako hiru onduak ditu, haietako batzuk zenbait hizkuntzatara itzuliak. Eta euskaraz ere irakurri ahal ditugu bost poema, Aintzane Galardik euskaratuak.
Xabier Montoiaeta Maddi Sarasua idazleen arteko solasaldia, Poesia mailu bat da literatura jaialdiaren baitan ekainaren 14an (larunbata) 18:30ean Gasteizko gaztetxean. Azpimarra irakurle taldea.
BTZ irakur kluba hilabetero biltzen da Miarritzeko mediatekan. Parte hartzaile bakoitzak hilabetean zehar euskaraz irakurri duena aurkez dezake, modu librean; ekainaren 14an (larunbata) 14:30ean bilduko dira Miarritzeko mediatekan. Gidaria: Nora Arbelbide.
Gabriel Aresti eta Mundakaren arteko harremanaz arituko dira, Aresti Mundakan oinezko ibilbidean, ekainaren 14an (larunbata) goizeko 11etatik aurrera Edorta Jimenez idazlea gidari moduan doala, Mundakako Turismo bulegotik abiatuta.
Mirande-Aresti: arriskurik ez, segurtasunik ez hitzaldia eskainiko du Mikel Sotok ekainaren 13an (ostirala) 18:00etan Mundakako Jose Manuel Etxeita liburutegian.