Urr
08
08
Bart gauean hil zen Gotzon Garate abade eta idazlea Deustuan, 74 urte zituela. Elgoibarko jostun baten hamaika seme-alabaren artean gazteena zen, 1934ko irailaren lehenean sortua. Esku leunak (1977) izan zen argitaratu zuen aurreneko nobela, eta Bilbon girotutako Izurri berria (1981) irakurriena. “Bost polizia eleberri idatzi ditut; kontuan hartuta hogeita hamar liburu baino gehiago idatzi ditudala, ez dira asko ere” adierazi zion Hasier Etxeberriari Jakin aldizkarirako elkarrizketa luze batean 2005ean. Saiakerak, ipuinak, nobelak idatzi zituen, baita kronika ederrak ere, New York, New York (1988) gogoangarria bezalakoak. Gotzon Garateren gomutan, bere hiru nobela eta bi ipuin liburu eskaintzen dizkizugu osorik:
Urr
02
08
Gasteizko irakurle klubak mahai-ingurua antolatu du, Rikardo Arregi eta Angel Erro hizlariekin, Mikel Ayerbe moderatzaile dutela. “Armairutik liburuetara (eta atzera armairura): euskal literatura eta homosexualitatea” dute gaia. Urriaren 2an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Hikaateneoan.
Urr
02
08
Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak urriaren 2an (osteguna) 20:00etan Ortuellako Gorbea aretoan.
Urr
02
08
Hedoi Etxartek Suzko lilia poema liburu berria aurkeztuko du urriaren 2an (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Susa.
Urr
01
08
Xabier Montoiaren Golgota nobela berria aurkeztuko du Elkar argitaletxeak urriaren 1ean (asteazkena) 11:00etan Donostiako Elkar dendan.
Ira
30
08
Presentzia eta Ausentzia , bi atal horiez atondua dago Suzko lilia, Hedoi Etxarteren (1986, Iruñea) lehen poema bilduma. Inguruan ez egonda ere buruak bertaratzen digunaz eta ondoan edukita ere hutsa zaigunari buruz dihardu liburuak. Harkaitz Canoren hitzaurrearekin dator: “Ez dago errazkeriarik, ez dago preziosismorik poemotan –eta baldin badago, egilea bera arduratu da irakurlearen aurretik hura saboteatzeaz–. Bila dabilenaren bulkadak eta aldizkako tximistek argitutako neurtitzak dira (…) Ez dira hauek poema politikoak. Ez dira amodiozko poemak. Ez dira poema urbanoak. Baina badira”. Suzko lilia liburuko zazpi poema eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa, urriaren 2an (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztu baino lehen.
Ira
30
08
Josu Waliñok Bederatzi ateak liburua aurkeztuko du irailaren 30ean (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Txalaparta.
Ira
29
08
Pello Lizarralderen Iraigaitzaz nobelaz jardungo dute irailaren 29an (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan (Udal Liburutegiko Sotoan). Gidatzailea: Xabier Gantzarain.
Ira
26
08
1888ko irailaren 26an jaio zen AEBetako St. Louis-en Thomas Stearns Eliot, XX. mendeko literatura ingeleseko idazle garrantzitsuetarik bat. Poeta, antzerki autorea eta saiakeragilea, bere poesiak eta literaturaren gaineko ikerketek eragin handia izan zuten bere garaikide eta ondorengoengan. Bere poesia lanik ezagunenak eta, adituen esanetara, onenak, Four Quartets eta The Waste Land, euskaraz irakur daitezke, Gabriel Arestik eta Joseba Sarrionandiak egindako itzulpenetan. Jon Juaristik bildu zituen bi lanok eta berak euskaratutako Gizon hutsak eta T.S. Eliot euskaraz liburuan, Hordago etxearekin 1983an argitaratua. Hementxe duzue. (gehiago…)
Ira
25
08
Katamalo poesia eta musika emanaldia egingo du bihotz bakartien klubak irailaren 25ean (osteguna) 21:30ean Bilboko Kafe Antzokian.
Ira
23
08
Maisua eta Margarita eleberriaren egiletzat ezaguna, sobietar garaiko narratzaile eta antzerki-autore garrantzitsua dugu Mikhail Bulgakov. Kieven 1891ko maiatzaren 13an jaioa, medikuntza ikasketak egin zituen eta mediku jardun 1920ra bitartean. Fronteko eta eskualde-ospitaleetako bere mediku esperientzia hainbat narraziotan jaso zuen. 1921ean Moskura jo zuen, idazle eta kazetari jardutera. Antzerki lanak idatzi zituen batik bat, ipuin eta eleberriekin batera, eta antzoki zuzendari gisa jardun. Erregimen sobietarrarekiko kritiko, hainbat lan ez ziren bera hil eta askoz geroagora arte argitaratu, baina Sobietar Batasunean bizi eta lan egin zuen, 1940ko martxoaren 10ean Moskun hil zen arte. Maisua eta Margarita, bere maisulana, bera hil eta 30 urtera argitaratu zuen bere emazteak. Euskaraz irakur daiteke Bulgakov. Begoña Lasak euskaratu eta Barojak argitaratu zuen Mediku baten oroitzapenak liburua, hiru narrazio bilduz, 1988an. Gerora, 2001ean, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, Txakur-bihotza euskaratu zuen Jose Moralesek, eta Ibaizabalek argitaratu. Moralesek berak Mikhail Bulgakov-i eta bere lanari buruzko argibideak eman zizkigun liburuaren sarreran. Hementxe eskaintzen dizkizuegu liburu biak.
Ira
19
08
Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan nobelako lekuetan barna irakurraldiak egingo dituzte Iruñean irailaren 19an (ostirala), ordu eta erdi iraungo duen ibilbidean. Comedias kaleko Roch ostatuan 18:15ean abiatuko da ekitaldia eta 20:00etan amaituko da Zaldiko-Maldiko elkartean, jarraian idazlearekin nobelari buruzko solasaldia egiteko. Ibilbidean Aingeru Epaltza, Itxaro Borda eta Jon Alonsoren nobeletako pasarteak ere irakurriko dituzte. Antolatzailea: “Liburuak leituz dibertitzen gara” irakurle kluba.
Ira
18
08
Egunero euskaraz idatziz informatzea ofizio arduratsua baina aldi berean ederra eta liluragarria duzu. Kazetarien ohiturak eta akatsak, asmazioak eta hiztripuak agerian geratzen dira langintza horretan, eta irakurleentzat sarritan nahasgarriak edo gaizki ulertzekoak izaten dira. Iñigo Aranbarrik irakurleen defendatzaile lana egiteko mandatua jaso zuen Berria egunkarian 2004-2006 urteetan. Aranbarrik idatzitako artikuluen antologia argitaratu zuen Susak duela bi urte, Hizlandia izenburupean. Orain osorik daukazu sarean, gaurko euskal kazetaritzaren erradiografia moduko hau.
Ira
16
08
Hanif Kureishiren Intimitatea nobela euskaratu du Harkaitz Canok. Irailaren 16an (asteartea) 12:00etan Donostiako Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Txalaparta argitaletxeak.
Ira
10
08
Euskal Idazleen Elkarteak Atera dena poesia emanaldia antolatu du irailaren 10ean (asteazkena) 20:00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Idazleak: Leire Bilbao, Igor Estankona, Oier Guillan, Asel Luzarraga, Fernando Morillo, Asier Serrano eta Castillo Suarez. Musika: Asier Serrano, Borja Estankona eta Antxon Sarasua.