HITZAURREA
Mikhail Afanasievitx Bulgakov 1891n jaio zen, Kiev hirian, eta 1940an hil zen, Moskun, gaitz larri batek jota. Medikuntza ikasi zuen Kieveko Unibertsitatean. Ikasketak amaitutakoan, Kieveko eta zenbait herri txikitako ospitaleetan lan egin zuen, lau urtez. Bitarte horretan, antzerki-lanak eta egunkarietarako kontakizun laburrak idazten hasi zen. 1921ean, medikuntza utzi, Moskun kokatu, eta idaztetik bizitzea erabaki zuen. Ez zitzaion erraza gertatuko, ordea.
Izan ere, Bulgakov ez zegoen ados erregimen sobietarrarekin, eta zorrotz salatzen zituen iraultza osteko gizartean atzematen zituen akats guztiak. Gogolek bere garaiko Errusiaren alderdi txarrak kritikatzeko erabili zuen literatur tresna bera aukeratu zuen Bulgakovek sobietarren okerrak salatzeko: satira. Hasieran, Leninek bultzaturiko Politika Ekonomiko Berriaren garaian, zentsura ez zen oso gogorra, eta sistemarekin bat ez zetozen idazleek eta, oro har, artistek eragozpen handirik gabe azaltzen ahal zituzten beren iritziak. Giro nolabait lasai eta aske hartan, Bulgakoven antzerki-lanek sekulako arrakasta izan zuten. Baina horrek ez zuen luze iraun: 1924an, Lenin hildakoan, Stalinek hartu zuen agintea, eta gupidarik gabe jo zuen erregimen sobietarrera otzan-otzan makurtzen ez ziren guztien aurka. Orduz geroztik, polizia politikoak estu zelatatu zuen Bulgakov, etxea arakatu zioten, bere egunkaria eta eskuizkribuak kendu zizkioten, haren obrak antzeztea debekatu zuten, literaturaren zein antzerkigintzaren arloko ezein lanpostutan jardutea eragotzi zioten. Hitz batean, bakartu, baztertu eta gogor jazarri zuten. Bulgakoven liburu asko bera hil eta hogeita bost urte geroago argitaratu ziren lehen aldiz.
Bulgakovi zeharo etsigarria eta amorragarria zitzaion zentsuraren jazarpena, eta Sobiet Batasunetik alde egitea beste ametsik ez zuen. Hala ere, bere egoeraren latzak ez zuen kikildu eta, hil arte, gogotik saiatu zen nahi zuen bezala idazten eta pentsatzen zituen gauzak esaten. Idazle gisa estimu handitan zeukaten hainbat intelektualek behin eta berriro eskatu zioten «obra komunista» bat idazteko eta gobernuari gutun bat bidaltzeko, damu zela esanez, ordu arte bere idazlanetan agerturiko iritzi guztiei uko eginez eta aurrerantzean ereduzko idazle komunista izango zela eta Sobiet Batasunaren aldeko intelektual zintzo gisa jardungo zuela adieraziz. Jazarpenetik, miseriatik eta, azken batean, heriotzatik salbatuko zukeen horrek. Halatan, 1928ko martxoaren 28an gutun bat idatzi zion SESBeko gobernuari. Lagunen aholkuen berri eman zuen gutun hartan, baina esan zuen ez ziela jaramonik egingo, jokabide hori, sinesgaitza izateaz gain, zurikeria litzatekeelako eta, gainera, bera ez zelako gai liburu komunista bat idazteko. Besteak beste, hau zioen gutun ospetsu horretan: «Prentsako artikuluak azterturik, idazten eman ditudan azken hamar urteotan, nire obren 301 aipamen aurkitu ditut. Haietatik, 3 aldekoak izan dira, eta 298 kontrakoak eta iraingarriak. (...) Horrek erakusten duenez, nire idazle-bizitza osoan, SESBeko prentsa guztiak eta nire obra kontrolatzeaz arduratzen diren erakunde guztiek aho batez eta ohi ez bezalako amorruz adierazi dute Bulgakoven obrek ez dutela lekurik SESBen. Eta nik diot SESBeko prentsak arrazoi osoa duela. Gutun honen abiapuntu gisa, Uharte urrekara nire panfletoa aipatu nahi dut. Salbuespenik gabe, kritikari guztiek esan dute obra hori 'kaskarra, erdipurdikoa, txarra, erabateko ezdeuskeria eta iraultzaren kontrako libelo hutsa' dela. (...) Alemaniako prentsak, aldiz, Uharte urrekara 'SESBen adierazpen-askatasunaren alde egin den lehen aldarrikapena' dela dio, eta zuzen dago. Aitortzen dut. Idazlea naizen aldetik, nire eginbeharra da prentsa-askatasuna aldeztea eta zentsuraren aurka borrokatzea, zentsura bera zein zentsura erabiltzen duen agintea edozein delarik ere. Askatasun horren miresle sutsua naiz, eta, nire ustez, idazleren bat saiatuko balitz frogatzen haren beharrik ez duela, urik behar ez duela aldarrikatzen duen arrainaren antzekoa litzateke idazle hori». Azkenik, bere herrian iraultzaren kontrako idazle kaltegarritzat zeukatenez, lehenbailehen SESBetik alde egiteko agin ziezaion eskatu zion gobernuari gutun horretan, edo, bestela, lanposturen bat eman ziezaioten antzerkiaren munduan, zuzendari gisa, aktore gisa, figurante gisa edo, gutxienez, tramoiari gisa.
1930eko apirilaren 14an Maiakovskik bere buruaz beste egin zuen. Maiakovski lurperatu eta biharamunean, Stalinek telefonoz deitu zion Bulgakovi. Elkarrizketa labur batean, Bulgakovek, atzerrira bidaltzeko eskabidea bertan behera uztearen truke, lanpostu bat lortu zuen Moskun: Antzoki Artistikoaren zuzendari-laguntzailea.
Hauek dira Mikhail Bulgakovek idatzi dituen antzerki-lan nagusiak:
Turbindarren egunak drama (1926). Iraultza boltxebikearen ondoren Ukrainan piztu zen gerra zibil izugarrian giroturik, tsarraren armadan ofizial izaniko noble batzuek eta haien ahaideek iraultza sobietarra ulertzeko eta gizarte berrira egokitzeko dituzten arazoak dira dramaren mamia.
Zoikaren etxebizitza komedia satirikoa (1926), funtzionarioen kontrakoa eta Politika Ekonomiko Berriaren garaiko bizitza klandestinoari buruzkoa.
Uharte urrekara komedia, zentsurari buruzko satira zorrotza, askoren ustez haren antzerki-lanik onena eta landuena (1928).
Estreinatu ziren egunaz geroztik, hiru obra horiek etengabe eta berebiziko arrakastaz antzeztu zituzten Moskuko antzoki nagusietan, harik eta 1929ean Stalinek hirurak debekatu zituen arte.
Ihesa drama (1928), iraultzan galtzaile atera ziren eta atzerrira ihes egin behar izan zutenen patu tragikoari buruzkoa. 1957 urtea arte ezin izan zen antzeztu Sobiet Batasunean.
Molière (1931), artearen eta agintearen arteko harremanei buruzko komedia. 1936an estreinatu zen, arrakasta handiz, baina zentsurak berehala kendu zuen antzokietatik.
Antzerki-lanez gain, Bulgakovek eleberriak ere idatzi zituen. Zalantzarik gabe, Maisua eta Margarita du obra nagusia. Askoren ustez, XX. mendean errusieraz idatzi den libururik onena da. 1928 urtetik hil zen arte, Bulgakovek buru-belarri jardun zuen eleberri hori ontzen, baina 1965 urtea arte debekaturik egon zen Sobiet Batasunean. Horrez gain, hauek dira Bulgakoven narratiba-lan nagusiak: Diavoliada ipuin-bilduma (1924); Guardia zuria eleberria (1924); Sendagile gazte baten oroitzapenak eleberri autobiografikoa (1925) eta Antzerti-eleberria antzerkiaren munduari buruzko satira (1930-1936) (1965ean argitaratu zuten lehen aldiz Sobiet Batasunean).
Txakur-bihotza eleberri laburra 1925ean idatzi zuen Bulgakovek. Preobrajenski endokrinologoak Sharik izeneko kale-txakur dohakabe bat jasotzen du eta bere etxera eramaten du, berarekin zenbait esperimentu egiteko asmoz. Esperimentuok, ordea, ustekabeko ondorioak ekarriko dituzte eta buruhauste ugari sortuko dizkiete Preobrajenski profesoreari eta haren laguntzaile leial Bormental doktoreari. Hori guztia 1924ko abenduan eta 1925eko urtarrilean gertatzen da, Politika Ekonomiko Berriaren garaia amaitzear dagoela. Eleberria Urriko Iraultza Sozialistak Errusiako gizartean eragin zuen aldaketa bortitzari buruzko satira zorrotza da. 1926an, Stalinen polizia politikoak Bulgakoven etxea arakatu zuen eta, besteak beste, Txakur-bihotzaren eskuizkribua eraman zuen. Eleberria 1969an argitaratu zen lehen aldiz errusieraz, baina ez Moskun, Parisen baizik.
Jose Morales Belda
© Jose Morales