Ira 26 08

T.S. Eliot jaio zela 120 urte

1888ko irailaren 26an jaio zen AEBetako St. Louis-en Thomas Stearns Eliot, XX. mendeko literatura ingeleseko idazle garrantzitsuetarik bat. Poeta, antzerki autorea eta saiakeragilea, bere poesiak eta literaturaren gaineko ikerketek eragin handia izan zuten bere garaikide eta ondorengoengan. Bere poesia lanik ezagunenak eta, adituen esanetara, onenak, Four Quartets eta The Waste Land, euskaraz irakur daitezke, Gabriel Arestik eta Joseba Sarrionandiak egindako itzulpenetan. Jon Juaristik bildu zituen bi lanok eta berak euskaratutako Gizon hutsak eta T.S. Eliot euskaraz liburuan, Hordago etxearekin 1983an argitaratua. Hementxe duzue.

Etxe aberatseko semea izan zen Thomas Stearns Eliot, duela 120 urte, 1888ko irailaren 26an, AEBetako Missouriko St. Louis herrian jaioa. Harvarden, Oxforden eta Sorbonan ikasketak egin zituen, filosofia eta klasikoak, hizkuntzak barne. Europaranzko joera izan zuen gaztetandik eta Ingalaterran jarri zen bizitzen eta 1927an ingeles herritartasuna ere hartu zuen.

Poeta inportantea, literatur teoriko bezala ere lan asko eta eragin handikoa egina da. Erdi Aroko antzerkigile ingelesak aztertu zituen, poeta metafisiko ingelesak, eta oro har ekarpen garrantzitsuak egin zizkion literatur kritikari (Baso sakratua liburuan bilduak asko). Klasizismo zalea literaturan, anglikanoa zen eta erlijioa presente dago bere literatur lanetan.

Poesiaren eremuan gogoratuko da gehien, The Waste Land (Lur eremua) eta Four Quartets (Lau quartetto) lanengatik batez ere. Bertso luze eta errimarik gabekoen zalea, egungo gizartearen hutsaltasuna nabarmendu zuen Lur eremua poema luze eruditoan. Existentzia eta denborari buruzko gogoeta aparta da, berriz, Lau quartetto poema. Bi lan hauen artean (lehena 1922koa, 1943koa bigarrena), erlijioak bustiriko poesia lanak ere kaleratu zituen, Hausterre Asteazkena eta Hilketa Katedralean, adibidez.

Poesiaz gain, antzerkia ere landu zuen, eta hainbat obra plazaratu: Koktela, Idazkari Partikularra eta Famili bilkura, besteak beste. Sortzaile ez ezik, langile eta bultzagilea ere izan zen, eta lan garrantzitsua egin zuen The Criterion aldizkariaren zuzendari gisa (1922-1939), non sorkuntzazko lan asko plazaratu ziren. Editore ere jardun zuen: hainbat poetak publikatu zuen Eliotek hainbat urtez zuzendutako Faber and Faber argitaletxean.

Euskaraz irakur daiteke T.S. Eliot. Izenburu horixe du gaur eskaintzen dizuegun liburuak, T.S.. Eliot euskaraz. 1983an publikatu zuen Hordagok, Jon Juaristik apailatua. Berak hitzaurrean argitzen duenez, abiapuntua Gabriel Arestiren itzulpen bat da. Lau Quartetto (Four Quartets) euskaratu zuen Arestik eta lana berreskuratu zuen Juaristik. Eta horri gehitu Joseba Sarrionandiak Puerto de Santa Mariako kartzelan euskaratutako Lur eremua (The Waste Land), eta Jon Juaristik berak itzulitako Gizon hutsak. Liburuak, lan nagusi horietaz gain, baditu baita ere Arestiren itzulpenaren eskuizkribuaren faksimilea, itzulpenean baliatu zuen ortografiari buruzko Arestiren beraren lantxo bat (Leizarragaren idazkeratik abiatutako ortografiaz), eta T.S. Elioti eskainitako bi poema amaieran, bat Adrian Henrirena eta bestea Jon Juaristi berarena (ortografiari buruzko Arestiren lana ez besteak eskaintzen dizkizugu).

(Gabriel Arestiren lana idazle bilbotarrak orduan erabiltzen zuen ortografia leizarragatarrean emana da)

1979an, dena den, Pott aldizkariak ere eskaini zizkion T.S. Eliot-i orrialde batzuk Pott bandaren braga zenbakian, eta hain zuzen ere han kaleratu ziren lehen aldiz Juaristiren itzulpena (Gizon hutsak), Arestiren itzulpenaren zati bat (Burnt Norton) eta Juaristiren eta Henriren poemak eta Elioti buruzko beste artikulutxo batzuk. 1981ean eta 1982an, berriz, Oh Euzkadi aldizkarian kaleratu ziren Joseba Sarrionandiaren (eta, bertan ageri denez, Joxemari Iturralderen) itzulpenaren (Lur eremua) bi atal.

Bere zenbait iritzi politiko dela-eta hainbat eztabaidaren erdian egona (monarkiazalea, antisemitismoa egotzi zitzaion), sari eta merezimendu hainbat jaso zituen T.S. Eliotek, besteak beste Nobel saria, 1948an. 1965eko otsailaren 4an hil zen Eliot, Londresen.

Interneten hainbat gune aurki daitezke T.S. Elioten lanekin, bere biografia eta bibliografiarekin, berari eta bere lanari buruzko artikulu eta are bideoekin. Batzuk aipatzekotan, Wikipedia-koaz gain, non hainbat lotura dauden, azpimarratzekoak dira Modern American Poetry gune interesgarrian dagoena eta Gutenberg Project-koa, non bere hainbat lan osorik irakurri, eta errezitatuta ere entzun daitekeen The Waste Land. Bartleby.com gunean ere bere zenbait lan irakur daiteke.

Agenda

Efemerideak

Kritikak