maiatza 09 09

Iratzederri omenaldia Donibane Lohizunen

Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak omenaldia egingo dio Xabier Iratzederri maiatzaren 9an (larunbata) Dukonteniako egoitzan. Arratsaldeko 18:00etan Iratzederren antzerki kaierak liburua aurkeztuko dute, eta ondoren poemen irakurraldia izango da, Joseba Aurkenerena eta Ixabel Etxeberriarekin. Musika: Iñaki Maritxalar.

maiatza 09 09

William Shakespeareren sonetoak euskaraz

Duela 400 urte (1609an) argitaratu ziren William Shakespeareren Sonetoak, 154 poemako bilduman. Bingen Ametzagak eta Gabriel Arestik bana euskaraturik, Euzko-Gogoa aldizkariak plazaratu zituen 1954an. Santi Onaindiak sei soneto gehiago itzuli zituen 1959an eta Juan San Martinek beste hiru 1964an Olerti aldizkarian. Baina itzulpen lan handiena Juan Garziak egindakoa da: Soneto hautatuak liburua argitaratu zuen Alberdaniarekin 1995ean.

maiatza 08 09

Literaturia, aurkezpena

Literatura Eskolak ekainaren 5, 6 eta 7an Literaturia izeneko asteburua antolatuko du Larrabetzun. Egitaraua maiatzaren 8an (ostirala) 12:00etan aurkeztuko dute Bilboko Kafe Antzokian.

maiatza 08 09

Postkronikak, Alberto Barandiaran

Alberto Barandiaranek Postkronikak liburua aurkeztuko du maiatzaren 8an (ostirala) 11:00etan Donostiako Elkar aretoan (Fermin Calbeton).

maiatza 07 09

Iñaki Segurolari elkarrizketa Donostian

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo eta Nere gorringotik liburuen harira, Iñaki Segurola elkarrizketatuko du Xabier Gantzarainek maiatzaren 7an (osteguna) 19:30ean Donostiako Udal Liburutegian (San Jeronimo kalea).

maiatza 07 09

Uretan lez Bilbon

Yolanda Arrietaren Uretan lez liburua izango dute mintzagai maiatzaren 7an (osteguna) 18:30ean Bilboko Foru Liburutegian. Gidaria: Goizalde Landabaso.

maiatza 07 09

Maiatz literatur topaketa Baionan

Maiatz elkarteak antolatuta, maiatzaren 13 eta 14an literatur topaketa egingo da Baionako Euskal Erakustokian. Asteazkenean, arratsaldeko 18:30ean Odon Nobliak eta Mixel Tikoipek beren liburu berriak aurkeztuko dituzte, eta jarraian Eñaut Etxamendiren obraren garrantziaz mintzatuko dira. Ostegunean, Xabaltxek eta Peio Jorajuriak aurkeztuko dituzte beren liburuak, eta ondoren Antton Lukuren Euskal kultura? saiakera berriaz jardungo dute.

maiatza 06 09

Honore de Balzacen lanak

Idazle etengabearen sinboloa bada Honore de Balzac, baina baita eleberri errealistaren ikur, eta XIX. mendeko Frantziako literaturaren zutabeetako bat. La Comédie humaine, hainbat eleberrik eta narraziok osatzen duten obra erraldoia du ezagun, eta geroko idazle askorentzat iturri. Baroja argitaletxeak Balzacen hiru erlatu eman zituen argitara 1987an, Anjel Valdesek euskaratuak, Gauezko Españarik gauekoena titulupean. 1996an, berriz, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, eta Pedro Diez de Ultzurrunek euskaratuta, Goriot Zaharra kaleratu zuen Ibaizabal argitaletxeak. Hona hemen biak. (gehiago…)

maiatza 06 09

Haragia Bartzelonan

Eider Rodriguezen Haragia ipuin liburuaz jardungo dute maiatzaren 6an (asteazkena) 19:30ean Bartzelonako Euskal Etxeko irakurle taldean.

maiatza 06 09

Rebel Mayo Colorao Durangon

Paddy Rekalderen Rebel Mayo Colorao nobelaz ariko dira maiatzaren 6an (asteazkena) 19:30ean Durangoko irakurle klubean (Udal Liburutegian).

maiatza 06 09

Zinea eta literatura Oreretan

Harkaitz Canok Zinea eta literatura liburua aurkeztuko du maiatzaren 6an (asteazkena) 16:00etan Oreretako Udal Euskaltegian.

maiatza 06 09

Apokalipsia guztioi eskainia, Joseba Gabilondo

Joseba Gabilondok Apokalipsia guztioi eskainia eta Xabier Altubek Ihes-lerroak liburuak aurkeztuko dituzte maiatzaren 6an (asteazkena) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Erein.

maiatza 06 09

Gaurko eleberria, Lertxundi Gasteizen

Gaurko eleberria zikloan, Nobela eta generoa hitzaldia egingo du Anjel Lertxundik maiatzaren 6an (asteazkena) 10:30ean Gasteizko EHUko Letren Fakultatean.

maiatza 04 09

Mikelazuloko 9. Poesia Astea

Datorren astean egingo da Oreretako Mikelazuloko 9. Poesia Astea, maiatzaren 12tik 17ra bitartean. Aurtengo edizioan BatBada proiektua abiaraziko dute: sortzaile berrien lanei bidea egiten laguntzeko ale bakarreko argitalpenak. Asier Sarasolaren Poems everybody, poems! (Idoia Beratarbide pintoreak atondua) eta Ion Olanoren Ebaki dira lehendabizikoak. Liburu horien ale bakarra Mikelazuloko liburutegian irakurri ahal izango duzue, edo interneten emana bestela. Poesia Asteko egitarauan izango dira: maiatzaren 12an Itxaro Bordaren errezitaldia; maiatzaren 14an Mahmud Darwishen poemen irakurketa; maiatzaren 16an BatBada proiektuaren aurkezpena; maiatzaren 17an Hedoi Etxarteren Suzko lilia errezitaldia.

maiatza 01 09

On Camillo, Guareschi antikomunistaren apaiza

Giovannino Guareschi idazle italiarra 1908ko maiatzaren 1ean jaio zen. Bigarren Mundu Gerran, Italia gobernu faxistaren menpe zegoela erabaki behar izan zuen noren alde jarri: faxisten, erregearen edo partisanoen alde. Erregea aukeratu zuen, erdibidearen eta tradizioaren ordezkaria zelakoan, eta lerro nazi-faxistetan borrokatzeari uko egin zionez, Poloniako kontzentrazio-esparru batera bidali zuten. Gerra amaitutakoan, demokristauen aldera jo zuen. Propaganda antikomunista egitearren idatzi zituen Guareschik On Camilloren istorioak. Peppone alkate komunistaren eta On Camillo apaizaren arteko tirabirak irakurriko dituzue Koldo Bigurik 2001ean itzulitako liburu honetan.
(gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak