Honore de Balzacen lanak
Idazle etengabearen sinboloa bada Honore de Balzac, baina baita eleberri errealistaren ikur, eta XIX. mendeko Frantziako literaturaren zutabeetako bat. La Comédie humaine, hainbat eleberrik eta narraziok osatzen duten obra erraldoia du ezagun, eta geroko idazle askorentzat iturri. Baroja argitaletxeak Balzacen hiru erlatu eman zituen argitara 1987an, Anjel Valdesek euskaratuak, Gauezko Españarik gauekoena titulupean. 1996an, berriz, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, eta Pedro Diez de Ultzurrunek euskaratuta, Goriot Zaharra kaleratu zuen Ibaizabal argitaletxeak. Hona hemen biak.
1799ko maiatzaren 20an Toursen jaioa, Parisera aldatu zen familia aitaren lanbidea medio —funtzionario bilakaturiko nekazaria—. Zuzenbide ikasketak egin eta, bestelako kezkak bazituen ere, gurasoen bultzadaz abokatu baten laguntzaile jardun zuen lehen urteetan. Bere lehen maitale ezaguna ere izan zuen, idaztera animatu zuena berau. Lehen negozioa ere egin zuen —porrot egin zuen inprimategi bat—. Batzuek zein besteek, bere bizitzako pasadizo gehienek, bere obretan izan dute isla, bizi izan dituen giro eta munduak erakusten baitizkigu, bikain, bere eleberrietan. Dirurik gabeko urteak, inprimategiaren porrotak bizitza osorako diru-zama ekarri zion.
Estreinako lanen ondoren, 1829an lortu zituen lehen ezagutzak, Physiologie du mariage eta batik bat Les Chouanns argitaratu eta gero.
Bere jatorri eta bizimoduak errepublikanismora lerratu bazezakeen ere, inguru hurbilak legitimisten eta monarkikoen lerrorantz eraman zuten Balzac, politikaren eremuan. Garai honetan, 1830-1835, eleberri mordoa idatzi zuen, horien artean gerora literatura unibertsaleko klasiko bihurtuak diren bi: Eugénie Grandet eta Le Père Goriot.
Azken honetatik aurrera, eta pertsonaia ezagunak istorio desberdinetan agertzen direla, bere mendearen ispilu izango den obra handi baten ideia dakarkio —ordura arte idatzitakoak ere barne hartuz—. Handik aurrera sortu zen La Comédie humaine, sorreran Études sociales izena izan zuen asmoa. Obra erraldoi horren atalak idazten jardun zuen —150 obrakoa zen asmoa, 95 idatzi zituen—, eta liburuak erregulartasunez publikatzen.
Idazle eta kazetari, kritikari ere bada eta eragile ere bai: Société des gens de lettres idazleen defentsarako elkartea sortu zuen 1838an Victor Hugo, Georges Sand eta Alexandre Dumasekin batera. Politikoki ere berriro errepublikanismorantz jo zuen, 1848ko Iraultzaren garaian erreboltarien alde egin zuela.
Fisikoki ahul zen, baina, ordurako. Ukrainara joan zen Hanska kondesaren etxera urte horretan. Bi urtera ezkondu ziren, 1850ean, eta, Parisen berriro ere, handik oso gutxira, abuztuaren 18an, hil zen.
Bere mendearen erretratua, eleberri modernoaren oinarria —nahiz maiz prentsan atalka argitaratu, foiletoia gainditu zuten haren lanek—, obra eskerga, literaturari ekarpen oso garrantzitsua egin zion Honore de Balzacek.
Euskaraz, esan bezala, Baroja argitaletxean argitaratutako Gauezko Españarik gauezkoena obra izan zen irakur zitekeen lehena. Hiru narraziok osatua —Breteche Handikia, Esku moztua eta Borreroa—, beltza deitu izan zaion Espainia hori erakusten dute —Goyaren margoetako mundua—. Anjel Valdesek euskaratua, 1987an argitaratu zen. 1996an, berriz, Goriot Zaharra, Pedro Diez de Ultzurrunek itzulia, Ibaizabalek kaleratua Literatura Unibertsala bildumaren baitan. Biak eskaintzen dizkizuegu.
Informazio asko dago Honore de Balzacez sarean. Wikipedian artikulu luze eta aberats bat, bere bizitzaz, bere obraz, bere etxeez, bidaiez, berari buruzko bibliografiaz… bibliografia eta lotura askorekin. Athena-n bere obra ia osoa topa daiteke. La Comédie humaine lanaren inguruko guneak ere, obra osoa sarean jarrita eta loturak egiteko aukeraz, interesgarriak dira.