Urr
02
09
Ariel Dorfman-en Herioa eta Dontzeila antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo dute Ramon Agirrek, Itziar Ituñok eta Asier Sotak urriaren 2an (ostirala) 21:00etan Sarako Luberri aretoan. Testuaren euskaratzailea: Fito Rodriguez.
Urr
01
09
Literaturaren bideak etorkizunean mahai-inguruan parte hartuko dute Gorka Arrese, Xabier Mendiguren eta Inazio Mujika editoreek urriaren 1ean (osteguna) 19:00etan Donostiako Elkar aretoan (Fermin Calbeton kalea). Moderatzailea: Juan Luis Zabala. Antolatzailea: 111 Akademia.
Ira
30
09
Xabi Bordak Gulliverren lokarriak poema liburua aurkeztuko du irailaren 30ean (asteazkena) 11:00etan Donostiako Elkar aretoan.
Ira
28
09
Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian nobela izango dute mintzagai irailaren 28an (astelehena) 19:30ean Donostiako literatur solasaldietan, Udal Liburutegiko sotoan. Gidaria: Juan Luis Zabala.
Ira
28
09
Flannery O’Connor-en Ez da erraza gizon on bat aurkitzea narrazio liburua eta Machado de Assis-en On Casmurro nobela aurkeztuko dituzte irailaren 28an (astelehena) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Bilduma: Literatura Unibertsala.
Ira
28
09
“New Yorki buruz idatzi den liburu moderno onena da” Manhattan Transfer, esan zuen D.H. Lawrencek. 1925ean argitaratu zuen John Dos Passos kazetari eta idazleak nobela hau, non deskribatzen baitu elkarrekin gurutzatuko diren dozena bat pertsonaia baino gehiagoren bizimodua hiru hamarkadatan, collage moldez, etenik gabe errodatzen ari den kamera batekin bezala. XX. mende hasierako New Yorkeko gizarte osoa islatzea du xede Dos Passosek: zoriona eta miseria borrokan, arrakasta eta porrota desorekan. Marcelo eta Iñaxio Lopez de Aranak duela hamar urte egindako itzulpena eskaintzen dizugu osorik sarean.
Ira
27
09
Urriko bost ostegunetan mahai-inguru bana antolatu du 111 Akademiak Literaturaren bideak etorkizunean izenburupean. Lehendabizikoa Donostian izango da urriaren 1ean, eta hurrengoak 8an Bilbon, 15ean Gasteizen, 22an Iruñean eta 29an Baionan. Hiriburu horietako Elkar aretoetan egingo dira ekitaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan, eta bakoitzean hiruna idazlek parte hartuko dute, besteak beste: Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Inazio Mujika, Iban Zaldua, Gotzon Barandiaran, Irati Jimenez, Katixa Agirre.
Ira
23
09
Denboraren makina eleberriarekin ospe handikoa egin zen Herbert George Wells idazle ingelesa 1895ean, eta handik aurrera ehun obra baino gehiago argitaratu zituen. Gizon Ikusezina da ezagunena, Pearson’s Magazine aldizkarian zatika 1897an agertua, eta mende bete geroago Miren Arratibelek euskarara ekarria. Hogeita hamar urte inguruko Griffin du protagonista: “Griffin naiz, unibertsitate-eskolakoa. Nire burua ikusezin bihurtu dut. Gizon arrunta naiz: zuk ezagutu zenuen gizon berbera, (…) zu baino ikasle gazteagoa, albinoa ia, sei oin garaia, eta zabala, aurpegi zuri-arrosa eta begi gorrixkak zituena; kimikako saria irabazi zuena”. Zientzia fikzioaren aitzindaritzat jotzen da H.G. Wells, Munduen arteko gerra edo Lehen gizakiak ilargian nobelen egilea; literatura eta zinemarako mito bilakatu zuen Griffin gizagaixo hura. Bada hala ere beste Invisible Man bat, Ralph Ellisonek 1952an plazaratua, zientzia fikziozkoa ez dena eta Wellsena baino zatiaz hobea, baina oraindik euskaratu gabea.
Ira
20
09
Udako arratsalde sargoria hartua dauka Rokek, jauntxo aberats baten alaba eta honen senargaia arrantzara eraman behar dituelako txalupan. Zorigaiztoko eguna zarzuela orain dela 100 urte, 1909ko irailaren 20an, estreinatu zuten Hernaniko euskal jaietan 23 eta 26 urteko bi gaztek: Abelino Barriolak (testua) eta Jose Olaizolak (musika). Donostiako kaian dute tokia komedia honetako gertakariek. Itsasora orduko zorabiatu dira neska-mutilak, eta balantza eginda buruz behera joan da galaia: “Uretara erori naiz, soineko ta guzi / orain hemen naukate denen barregarri”.
Ira
19
09
Ariel Dorfman-en Herioa eta Dontzeila antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo dute Ramon Agirrek, Itziar Ituñok eta Asier Sotak irailaren 19an (larunbata) 20:30ean Berriozarko Musika Eskolan. Testuaren euskaratzailea: Fito Rodriguez.
Ira
18
09
Zarautzen jaio edo bertakotu diren euskal idazleen webgunea atondu du Dijitalidadea elkarteak Zarauzko Udalarentzat. Xabier Lizardi edo Salbatore Mitxelena, Anjel Lertxundi edo Joxean Agirre, Andoni Egaña edo Martin Etxeberria, lehengo eta gaurko idazleen lanen bilduma osoa agertzen du, 28 egile eta 200 literatur liburutik gorako zerrendarekin, literatur pasarteak irakurtzeko aukera emanik. Argazkiak Lander Garrok eginak dira.
Ira
17
09
Fermin Etxegoienek Autokarabana nobela aurkeztuko du irailaren 17an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria. Pamiela.
Ira
16
09
Joxe Azurmendik Azken egunak Gandiagarekin liburua aurkeztuko du irailaren 16an (asteazkena) 11:00etan Donostiako Elkar aretoan.
Ira
13
09
Loramendiren gorazarrez Euskaltzaindiak antolatutako literatur lehiaketa ebatzi zuten 1959ko irailaren 13an Donostian Antonio Arrue, Aingeru Irigarai, Jose Maria Lojendio eta Luis Mitxelenak. Lehen saria Maldan behera 21 poemaz osatutako konposizio luzearentzat izan zen, non bidaia egiten den eremu latz batetik abiaturik paradisura, Danteren Komedian bezalatsu (Arestik hitz lauz euskaratua zuen Infernuko lehen kantua Euzko-Gogoarako). Bedoñako sari ematea honela gogoratzen zuen Gabriel Arestik: “Bi mila pezetak ederki etorri zitzaizkidan, eta egun polita iragan genuen Mondragoen, Loramendiri opetsitako gorazarrean. Arrosa guztiek beren arantzak eduki behar, eta egun zoragarri hartan ere nire arantzatxoa geratu zitzaidan bihotzean josita, bada Bordari jauna nirekin haserretu zen biziro, ez dakit oraindik segurutik zergatik. Aita Zaitegi eta Aita Igorrekoa presente egon ziren, eta Zaitegik esan zidan munduko bekaizkeria guztiak gora-behera, aurrera segitu behar dudala nire lanarekin”. Gabriel Arestiren Maldan behera 1960an argitaratu zen Euskera aldizkarian, “Miren eta Joaneren historiaren bukaera” azpitituluarekin eta eskaintza bi hauekin: Jon Miranderi eta Gabino Arestiri.
Ira
12
09
Euskal Idazleen Elkarteari dagokio aurtengo Galeusca antolatzea. Literatura txikiak, erronka handiak izenburua edukiko duten jardunaldiak urriaren 9, 10 11 eta 12an egingo dira Arantzazun. Egituraketa, egiletza, sozializazio eta zabalkundea gaiak landuko dituzte, lau adituren abiapuntuarekin. Galeusca 2009 blogean idazle katalan, galego eta euskaldunen ahalik eta ekarpen kopuru handiena bildu nahi dute.